40. ALDIZKARIA - 2020ko otsailaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

7E/2020 EBAZPENA, otsailaren 10ekoa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Rafael hegoaldea sektorean ikerketa zundaketak kokatu eta sarbideak egiteko proiekturako, Esteribarko udal-mugartean (Eugi). Sustatzailea Magnesitas Navarra SA da.

2019ko uztailaren 8an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaerari sarrera eman zitzaion Ingurumen Zuzendaritza Nagusian, ingurumen ukipenen azterlana eta leheneratze plana barne. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko D epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta haren ondorioak izanen dira uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritakoak.

Deskribatutako lanak Eugin eginen dira (Esteribar), egun ustiatzen den meategitik ipar-ekialdera, Rafaeles izeneko alderdian. Proiektuaren helburua da osatzea egungo meategiaren inguruan dauden magnesita baliabideei buruzko ezagutza, Corta N-130 proiektuaren ustiapen eremu osagarri bat ezartzeko, eta, horrela, ustiategiaren iraupena luzatzeko.

Proiektatu diren lanak Natura 2000 Saretik guztiz kanpo daude, eta, zehazki, “Aldude Mendia” Kontserbazio Bereziko Eremutik kanpo. Bi hilabetez gauzatu gogo da plana obren hasieratik, leheneratze-lana barne. Epe hori luza liteke meteorologia egokia ez bada lanen garapenerako.

Proposatzen da 8 zundaketa egitea guztira, etengabeko lagina errekuperatuz. Haien sakonera aldakorra izanen da, 50 metrotik 140 metrora bitartekoa (860 metro lineal, orotara). Honako hauek dira kokalekuen koordenatuak (UTM ETRS89) eta izenak:

ID

UTM X

UTM Y

B1-1

621.997

4,763.321

B1-2

622.043

4,763.292

B1-3

622.154

4,763.228

B2-1

622.139

4,763.308

B2-2

622.186

4,763.280

B3-1

622.163

4,763.366

B3-2

622.209

4,763.339

B4-1

622.216

4,763.380

Zundaketa guztiak pagadi batean eta malda handiko lurretan daude. Zundaketetara iristeko pista berriak ireki beharko dira bertako lurretan. Sarbideak egun dauden bideetatik abiatuko direnez, bide horiek egokitu beharko dira zenbait puntutan; pistak zundaketaren kokagunean bukatuko dira. Sarbideen zabalera 3 metro ingurukoa izanen da, 6 metro inguruko ukipenarekin, ezpondak ere kontuan hartuta.

2 sarbide independente daude:

–Iparraldeko sarbidea: “El Quinto” ustiategiaren perimetroko iparraldetik ekialderantz ateratzen den egungo pista batetik abiatuko da. B1-1, B1-2, B2-1, B2-2, B3-1, B3-2 eta B3-3 zundaketetarako sarbidea izanen da, eta 765 metroko luzera izanen du. Zundaketa horietarako sarbidea eta irteera pista horretatik bertatik eginen dira.

–Hegoaldeko sarbidea: Hegoaldeko mugan dagoen pistatik abiatuko da, eta B1-3 zundaketarako sarbidea izanen da, kota altuagoetan dagoenez ez dagoelako bertara iristerik iparraldeko sarbidetik. 102 metroko luzera izanen du.

Basoak Kudeatzeko Atalak 2019ko abenduaren 9an emandako txostenean bi alternatiba proposatu ditu zundaketa puntuetarako sarbideetarako, pistek lur horietan duten inpaktua apaltzeko.

–1. alternatiba hartuz gero, zundaketa puntu guztietarako sarbide nagusia hegoaldeko sarbidetik eginen da B1-3tik, salbu eta B1-1, sarbidea iparraldeko pistatik izanen bailuke. Alternatiba horretan sartuta dago pista tarte berri bat irekitzea B1-3 eta B2-2 artean, oso malda handiko eremu batean, eta, horregatik, 2. alternatiba egokiagoa da hor.

–2. alternatiba eta hasierako diseinua bereizten dituena da B1-1 eta B3-1 zundaketak lotzen dituen pista tartea aldatzen dela eremu malkartsu bat saihestearren.

Kokapen bakoitzean 50 m² inguruko plataforma bat eginen da, zunda, zulatzeko materiala eta dekantazio putzuak hartzeko modukoa. Zundaketaren diametroa 63,5 mm-koa izanen da ia eremu osoan. Lurra zein den, zundaketa batzuetan 85 mm-ko diametroarekin has liteke, eta 47,6 mm-ko diametroarekin bukatu. Zundaketa guztiak bertikalak izanen dira.

Kokalekuan bi idoi txiki paratuko dira, bata ura biltzeko tarteko fase batean, eta bestea hagaxka-koroa sistema hozteko zirkuituko uretako lohien dekantazioa egiteko. Hornidura grabitatez eginen da, meategian dagoen ur biltegi bat erabiliz, polietilenozko hazbete eta erdiko lerro batetik. Kateen gaineko zundarekin eginen dira lanak. Plataforma mugigarri batean eramanen da zunda kokalekuetaraino, eta kateen bitartez mugituko da zulatzeko puntu batetik bestera.

Atzerakako hondeamakinaz eginen dira pistak eta plataformak, landare estalkiko belar-sastrakak aldez aurretik garbituta. Landare-lurra trazaduraren inguruan pilatuko da, leheneratze morfologikoa egin ondoren berriz bere lekura itzultzeko.

Ukitutako landareei eta habitatei buruzko azterketa berariazko bat aurkeztu da, zeinaren ondorioa baita zundaketen eta sarbideen lanek zuzenean ukitzen dituen eremua pagadi basofilo eta onbrofilo bat dela, fitosoziologia aldetik Carici sylvaticae-Fagetum sylvaticae asoziazioan sartua dagoena, baina Saxifrago hirsutae-Fagetum sylvaticae pagadi azidofiloaren introgresioekin. Pagadia baso heldua bihurtzeko bidean dago, hala adierazten duten zenbait deskriptore baititu, hala nola, basoaren egitura bera (adin desberdinetako zuhaitzekin eta estratuekin), zur hila egotea eta okilen presentzia, zur hilaren gaineko jardueraren arrastoek frogatua.

Espezie nagusia Fagus sylvatica da, diametro desberdinak dituzten zuhaitzekin, batzuk 50 cm-tik gorakoak. Espezie lagunen artean Daphne laureola, Deschampsia flexuosa, Brachypodium sylvaticum, Euphorbia amygdaloides eta Pteridium aquilinum aipatzen dira. Ez da atzeman katalogatutako ezein flora espezie mehatxaturen presentziarik.

Okilen populazioen jarraipen lanak egin ditu MAGNAk Azkarateko meategia handitzeko eta Corta N130 berriz sakontzeko egungo proiektuaren ingurumen ondorioen adierazpena betez (Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren maiatzaren 13ko 199E/2014 Ebazpena); lan horietan atzeman da okil gibelnabarra (Dendrocopos leucotos lilfordi) dagoela eremu batean, Abixabal-Errekabeltz izenekoan, zundaketen proiektu honen ukipen eremuaren inguruan. Espezie hau galzoriko espezie gisa ageri da katalogoan, eta haren umatze-tokiak baso helduko eremuetan daude, zur hila ugari dagoen tokian, hori ezinbestekoa baitu habia egiteko eta elikatzeko.

Proiektuaren inpaktu nagusia baso eremuaren gaineko ukipena da, okil gibelnabarraren umatze-lurren inguruetan; lur horiek ezaugarri egokiak dituzte espezie hori elikatzeko eta habia egiteko, zur hila eta zuhaitz helduak egotea alegia. Ukipen hori zuzendu daiteke pisten zuinketa egokia eginez lur eremuan, zuhaitz helduak bota gabe, bertan dagoen zur hila errespetatuz eta, batez ere, lan mota guztiak espeziearen ugaltze alditik kanpo eginez.

Proiektuko leheneratze plana jasota dago dokumentazioan. Honako hauetan eginen dira leheneratze lanak: ireki beharreko pistetan eta egokitze lanak izanen dituzten bideetan, eta zundaketa plataformetan eta dekantazio idoietan. Lan horietan, lurraren morfologia leheneratu eta landare lurra berreskuratuko da.

Ukitutako lurrak landareztatzeko, Fagus sylvatica (pagoa) aukeratu da zuhaitzen kasuan, eta belar espezie hauek, ereiteko: Poa sp, Lollium sp eta Festuca gr rubra. 1-2 litroko baso albeolotan landatuko dira zuhaitzak. 50-100 cm-ko tamainako landareekin. 1,3 metroko sare batez babestuko dira eta akaziaren zurkaitzak paratuko dira (1,5 metro garaierakoak). Zundaketen kanpaina bukatu ondoko 10 eguneko epean eginen dira leheneratze lanak lurretan.

Espedientean Esteribarko Udalaren txostena jasotzen da. Lurraldearen Antolamenduaren Atalak jakinarazi du txosten batean ezen, Lurraldearen Antolamenduko eta Hirigintzako Foru Legearen testu bateginaren 110. artikuluarekin bat, baimenduta daudela lurrei eusteko lanak, lur-mugimenduak eta mendiko pistak edo bideak irekitzea, baldin eta ez badaude lotuta eraikuntzako jarduera edo erabilerak ezartzeari, erauzketa-lanei edo hondakindegiak ezartzeari. Kasu honetan ez da ulertu behar lur-mugimenduek eta pista eta bideak irekitzeak zuzeneko lotura dutenik erauzketa lanak ezartzearekin, besterik gabe zundaketak egiteak ez duelako esan nahi ondoren nahitaez ezarriko dela erauzketa jarduera bat, zeinak, hala balitz, bere baimen propioa beharko bailuke. Horrenbestez, jarduketetarako ez da behar lurzoru urbanizaezineko jardueren baimenik.

Ingurumen Eraginaren Atalak aldeko txostena eman du natur ingurunearen eta paisaiaren gaineko ukipenei dagokienez, baldin eta hartzen badira ebazpen honetan jasotzen diren prebentzio neurriak eta inpaktuak zuzentzekoak.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Rafael hegoaldea sektorean ikerketa zundaketak kokatu eta sarbideak egiteko proiekturako, Esteribarko udal-mugartean (Eugi). Sustatzailea Magnesitas Navarra SA da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Zundaketak ebazpen honetan adierazitako koordenatuetan kokatuko dira, eta lanen zuinketan gerta daitezkeen zentzuzko desbideratzeak onartuko dira. Muntazko arrazoiren bat bada sustatzaileak zundaketaren bat hasieran aurreikusitakotik hurbil beste toki batean kokatzeko, Biodibertsitatearen Zerbitzuari adieraziko zaio hura gauzatu aurretik, txostena egiteko eta espedientean sartzeko.

–Pisten trazadurarako alternatibei dagokienez, Basoak Kudeatzeko Atalaren 2019ko abenduaren 9ko txostenean jasotzen zen 2. alternatiba eginen da, hau da, B1-1 eta B3-1 zundaketa tokiak lotzen dituen pista tartea aldatuko da.

–Abixabal-Errekabeltz inguruan okil gibelnabarrak (Dendrocopos leucotos lilfordi) duen umatze-lurren gaineko ukipenak ekiditeko neurri hauek hartuko dira:

  • Martxotik ekainera bitarteko aldian ez da inolako lanik eginen.
  • Lurraren gaineko pisten eta plataformen zuinketa basozainak bertan direla eginen da, eta ez da botako zuhaitz heldurik ez eta tamaina handikorik ere.
  • Zur hil guztia bertan utzi beharko da. Pista eta plataformak irekitzeko lanak oztopatzen duen zur hila baztertzen ahalko da, baina ez da bertatik eramanen, ez eta makineriarekin kaltetuko ere.

–Obrak hasi baino lehen, abisu eman beharko zaie Aezkoa-Kintoko basozainei, lanen zuinketa eta zuhaitzak markatzeko lanak gainbegiratzeko. Irekitzean bota beharreko zuhaitzak sarbideen zuinketan identifikatuko dira. Diametroak jasoko dira kubikatzeko. Merkatuko prezioaren arabera baloratuko dira eta haien balioa ordainduko zaio Eugiko Kontzejuari.

–Neurri orokor gisa, zuhaitzak errespetatuko dira lehentasunez, eta adarrak kimatzea hobetsiko da, zuhaitzak botatzearen aurretik. Tresna egokiaz egin beharko dira kimaketak, ebakiak garbiak izan daitezen eta urraketarik izan ez dadin zuhaitzetan. Zuhaitzen mozketa, beharrezkoa bada, motozerra erabiliz eginen da, inola ere ez makineria astunarekin.

–Basozainek erabakiko dute komeni den edo ez botatako zura ateratzea bertatik, faunarentzat interesgarria izan daitekeela kontuan hartuta.

–Edozein lur mugimendu hasi baino lehen, ukitzen den eremuko landare-lurra altxatu eta pilatuko da, oso-osorik erabil dadin lehengoratze-lanean.

–Zuinketa bidez, argi seinalizatu beharko da pisten okupazioaren zabalerak eta egin beharreko sasi-garbiketena, zuhaiztian beharrik gabeko ukipenik izan ez dadin.

–Pista berrien trazadura lurraren topografiari egokitua eginen da, malda handieneko toki malkartsuenak saihestuz, lurren mugimenduak (ezpondak eta lubetak) ahalik eta txikienak izan daitezen.

–B1-1 punturako sarbidearen zuinketa Aezkoa-Kintoko basozainekin batera eginen da, zuhaitz handienak eta faunarentzat interesa duten zuhaitzak ukitu gabe.

–Ahal den neurrian, motzondoak dauden tokian utzi eta errespetatuko dira. Horrek mugatzen badu obrako makinen zirkulazioa, basozainek esandako eremu seguru batera eramaten ahalko dira, arrisku egoerak saihesteko (iraultzea, ibarbidea butxatzea, etab.).

–Zundaketa lanak bukatu ondoren, eremu horretan epe motzean basogintzako lanik egitea aurreikusirik ez dagoenez, zundaketetako plataformak eta sarbideak leheneratu beharko dira. Horretarako, hondeatutako lurrak jatorrian zeuden bezala utzi beharko dira.

–Vianako Printzea Erakundearen aldeko txostena izan behar du proiektuak, historia eta kultura ondarea ukitzea baztertzeko.

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 30.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu horiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Naturaguneen eta Espezie Babestuen Atalera, Basoen eta Ehizaren Zerbitzura, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura, Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalera, Esteribarko Udalera, Aezkoa-Kintoko basozainei eta sustatzaileari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko otsailaren 10ean.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2002055