38. ALDIZKARIA - 2020ko otsailaren 25a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BURGI

Garbigunea erabiltzeko Erregelamendua. Behin betiko onespena

Burgiko Udalak, 2019ko urriaren 22an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Burgiko Garbigunea erabiltzeko Erregelamendua (2019ko 245. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 16an).

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, erregelamendu hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Burgin, 2020ko otsailaren 3an.–Alkatea, Elena Calvo Petroch.

BURGIKO GARBIGUNEA ERABILTZEKO ERREGELAMENDUA

I. titulua

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.

1. Erregelamendu honen xedea da Burgiko udalerriko Garbigunearen funtzionamenduarekin zerikusia duten jarduerak arautzea, instalazio horretan hondakinak erabiltzeko eta onartzeko baldintzei dagokienez.

2. Garbigunearen titulartasuna eta eskumena udalarena da, eta gaiari buruz dauden xedapen orokorren eta erregelamenduzkoen arabera arautuko da.

2. artikulua. Definizioak.

Ordenantza honi dagokionez, honako esanahi hau izanen dute ondokoek:

–Garbigunea: instalazioak dira, non hondakin mota batzuk aldi baterako jaso, bildu, sailkatu eta metatzen diren. Beraz, Garbiguneak gaikako bilketa sistema bat dira.

–Hondakin birziklagarriak: lehengai gisa berrerabil edo birzikla daitezkeen materialak, prozesu baten bidez jatorrizkoa bezalako produktu bat lortzeko, edo jatorrizkoa ez bezalakoa.

–Hornitzailea: Garbigunera hondakin birziklagarriak eramaten dituen pertsona natural edo juridikoa.

3. artikulua. Helburuak.

Honako hauek dira Garbigunearen helburu nagusiak:

–Zuzenean birziklatu daitezkeen hondakinetako materialak aprobetxatzea, energia eta lehengaiak aurreztuz eta ezabatu beharreko hondakinen bolumena murriztuz.

–Herritarrak Etxeko eremuan sortutako hondakin arriskutsuak gaika biltzeko borondatezko biltegi izatea herritarrentzat.

–Burgiko udalerriko natura- eta hiri-ingurunean hondakinik botatzea galaraztea.

–Beren ezaugarriengatik bilketa-sistema tradizionalen bidez kudeatu ezin diren edo kudeatu behar ez diren hondakinak botatzeko modu erraz bat eskaintzea.

–Hondakin mota bakoitzerako irtenbiderik hoberena bilatzea, materialen balorazio gorena eta kudeaketa globalean kosturik txikiena lortzeko.

4. artikulua. Kokapena.

Garbigunea NA-137 errepidean dago, Erronkaribarreko Industrialdean, 2.e lurzatian (Burgiko udalerria).

5. artikulua. Erantzukizuna.

Burgiko Udala da hondakinen titularra enpresa kudeatzaileei eman arte, tratatu, baloratu, birziklatu eta/edo ezabatzeko.

6. artikulua. Zerbitzua ematea.

Zerbitzua emateko, kontuan hartu beharko da partikularrek sortutako etxeko hondakin arriskutsuak baino ez direla onartzen.

Debekatua dago jatorri industrialeko hondakinak uztea. Industria jarduerek beren hondakin propioak kudeatu beharko dituzte, Nafarroako Foru Komunitateak baimendutako kudeatzaileen bidez.

II. titulua

Hondakinen identifikazioa eta kudeaketa

7. artikulua. Informazio orokorra.

Garbiguneen funtzionamendu egokiak eskatzen du erabiltzaileek aldez aurretik hautatutako eta egokitutako hondakinak ekartzea, onarpen-irizpideetan ezarritakoaren arabera.

Hautaketa-irizpideetan edo Erregelamendu honetan ezarri ez denari dagokionez, Burgiko Udalak edo Burgiko Garbigunea kudeatzeaz arduratzen diren langileek kasu bakoitzean zehazten dutena beteko da.

8. artikulua. Hondakin motak.

Garbigunearen instalazioetan, etxe partikularretan edo antzekoetan, hala nola saltoki txikiak, bulegoak eta zerbitzuak, sortutako hiri-hondakinak baino ez dira onartuko, honako mota eta ezaugarri hauekin:

–Hondakin arriskutsuak.

  • Pintura, berniz eta disolbatzaileak.
  • Pestizidak (Fitosanitarioak).
  • Hodi fluoreszenteak eta merkurioa duten bestelako hondakinak.
  • Klorofluorokarbonoak dituzten aerosolak eta etxeko beste ekipo batzuk edo antzekoak.
  • Olio eta koipe mineralak.
  • Tonerrak eta inprimagailuetako tintazko kartutxoak.
  • Autoen bateriak.
  • Pilak (botoi-pilak, alkalinoak, gatzezkoak).
  • Olio eta koipe jangarriak.
  • Aparatu elektriko eta elektroniko txikiak.
  • Jantziak, ehunak eta erabilitako oinetakoak.
  • Hormigoiaren, adreiluen, teilen eta material zeramikoen nahasketak.
  • Olio iragazkiak.
  • Poliklorobifeniloak dituzten edo horiek kutsatuta dauden ekipoak.
  • Tamaina handiko tresnak eta altzariak.
  • Beste hondakin batzuk, aldez aurretik baimenduak.

–Onartzen ez diren hondakinak.

  • Hiri-ondakin organikoak.
  • Animalia hilak.
  • Botikak.
  • Papera eta kartoia.
  • Beira.
  • Zura (gai arriskutsurik gabeak).
  • Metalak.
  • Plastikoak.
  • Lorezaintza eta kimatze txikien hondakinak.
  • Ontzi arinak (plastikoa, latak, bricka, etab.).
  • Nekazaritzako edo abeltzaintzako hondakinak.
  • Edozein motatako eta ezaugarritako ibilgailuak.
  • Bide-garbiketaren ondoriozko hondakinak.
  • Egoera txarrean dauden ontzietan entregatzen diren hondakin arriskutsuak.
  • Material erradioaktiboak.
  • Material leherkorrak edo sukoiak.
  • Hondakin infekziosoak.
  • Material toxiko edo arriskutsuak eduki dituzten ontzi handiak.
  • Bereizi gabeko hondakinak.
  • Identifikatu gabeko hondakinak.
  • Hondakin toxiko eta arriskutsuak, aurreko zerrendetan berariaz adierazi ez direnak, eta ingurumeneko agintariek haietara gehitutako beste edozein.

Onartutako eta baztertutako hondakinen zerrenda hori alda daiteke, indarreko araudiaren, udal ordenantzen edo Garbigunearen gainean sortzen diren erregelamenduen arabera.

9. artikulua. Hondakinak uzteko moduak.

Arestian aipatutako hondakinak biltzeko, Garbigunean entregatuko dira uzteko arau batzuen arabera. Arau horiek honako hauek dira:

–Beira, fluoreszenteak eta zenbait kristal: kristalen hondakinak egokitu beharko dira halako moduz non ez diren hautsiko eta haiek manipulatzen dituzten pertsonei ez dieten segurtasun arriskurik sortuko.

–Pilak: pila motak bereizi egin beharko dira (botoi-pilak, gatzezkoak edo alkalinoak).

–Autoen bateriek itxita eraman beharko dituzte azidoak daramatzaten deposituak, isur ez daitezen eta hondakin horiek manipulatzen dituzten langileek erredurak izateko arriskua saihesteko.

–Disolbatzaileak, pinturak eta bernizak: debekatua dago substantziak nahastea. Isurtzea saihestuko da, batez ere ontzi batetik bestera pasatzean.

10. artikulua. Hondakinen gehieneko kantitate onargarriak.

Burgiko Udalak beretzat gordetzen du hondakin jakin batzuetarako erabiltzaile eta egun bakoitzeko gehienezko kantitateak ezartzeko eskumena.

11. artikulua. Instalazioen deskribapena.

Garbiguneko instalazioak eremu itxi eta hesitu batean daude, eta hondakin mota bakoitzarentzat edukiontziak dituzte.

Eremu horretako gune batean hondakinak jasotzen dira, eta beste batean metatzen. Jasotzeko gunea instalazioen bukaeran dago eta bertan etxola bat, erabiltzaileak kontrolatzeko eta haiei informazioa emateko.

Metatzeko guneak badu leku aski hondakinak deskargatzeko, eta bertan behar bezala maniobratu dezakete bai ibilgailu partikularrek bai hondakinak biltzen dituzten ibilgailuek.

Edukiontziek badute edukiera aski eta barrenean utz daitekeen materialaren izena adierazten duen kartel ikusgarri bana.

III. titulua

Funtzionamendu arauak

12. artikulua. Erabiltzaileak.

Garbigunearen erabiltzailetzat hartuko dira:

1. Burgiko udal-mugartean bizi diren herritarrak, baita Ezka-Zaraitzuko Mankomunitateko beste edozein udalerritan bizi direnak ere. Nortasun Agiri Nazionala aurkeztu beharko dute sarreran, Garbiguneko arduradunek hala eskatzen badiete.

2. Burgiko udalerrian edo Ezka-Zaraitzuko Mankomunitateko edozein udalerritan dauden saltokiak, bulegoak, lantegiak eta industria txikiak. Horiek instalazioaren egiaztagiria aurkeztu beharko dute (jarduera lizentziak, ur eta argi ordainagiriak).

Erabiltzaile horiek instalazioetara sar daitezke, bai oinez bai beren ibilgailuan. Nolanahi ere, ibilgailu hori erabiltzearen eta haren jardunak eragin ditzakeen kalte-galeren erantzule izanen dira.

13. artikulua. Funtzionamendua eta kudeaketa.

Garbigunea kontrolatzeaz arduratzen diren langileak Udalaren mende egonen dira, eta Udalaren ardura zuzena izanen da araudi soziolaborala eta laneko arriskuen prebentzioa betetzea.

Udalak Garbiguneko arduradunei eskatuko die gune hori arau hauen arabera erabil dezatela:

–Erabiltzailea Garbigunera iristen denean, arduradunak egiaztatu beharko du aurkeztutako materialak instalazioan onargarriak diren.

–Erabiltzaileak datu pertsonalak eta ibilgailuaren datuak emanen ditu, baita hondakin motari dagozkionak ere, hondakinen sarrera-fitxa betetzeko.

–Onartutako materialak badira, arduradunak erabiltzailearen datuak erregistratu beharko ditu Garbigunera sartzeko fitxa batean. Bestela, materialak ez onartzeko arrazoiaren berri eman beharko dio erabiltzaileari, haien izaera, pisua edo bolumena direla-eta ezin badira onartu.

–Arduradunak, hala eskatzen duen erabiltzaileak eskatuta, instalazioetan onartutako hondakinak jaso izanaren egiaztagiria emanen du.

–Obra lizentzia egiaztatzen duen agiria eta dagokion tarifaren autolikidazio agiria aurkeztu beharko dira, Udalak emandakoak, uzten den materiala obra-hondakinak eta lurrak direnean.

Era berean, beharrezkoa izanen da funtzionamendu lizentzia aurkeztea hondakinak jarduera ekonomikoetatik heldu direnean. Nolanahi ere, datu guztiak datu pertsonalak babesteko arau orokorren mende gelditzen dira, eta ezin dira erabili zerbitzuaren berezko helburuetarako ez bada.

–Hala badagokio, arduradunak ezarritako tarifak kobratu beharko dizkio erabiltzaileari.

–Arduradunak non eta nola utzi behar dituen jakinarazi beharko dio erabiltzaileari.

–Arduradunak ez ditu onartuko ezarritako prozedura errespetatzen ez duen erabiltzailearen hondakinak.

–Arduradunak edukiontzien okupazio-egoera egiaztatu beharko du aldian-aldian, eta dagozkien garraiolariei eta/edo kudeatzaileei abisatu beharko die materialak erretiratzeko, material horiek onartzean Garbiguneak duen gaitasuna arriskuan jarri aurretik.

–Edukiontziak gainezka badaude, ezin izanen da hondakinik bildu edukiontziak hustu arte.

–Kudeatzaileei materialak ematerakoan, balorizazioaren bidea lehenetsi beharko da, ahal den guztietan.

–Kudeatzaile bati materiala entregatzen zaion bakoitzean, Garbigunearen arduradunak beharrezko datuak erregistratu beharko ditu Garbigunearen materialen irteera-fitxa batean.

14. artikulua. Edukiontziak hustea.

Edukiontziak hondakinez beteta egon baino lehen, Garbigunearen arduradunek hondakinak birziklatze instalazioetatik edo ezabatze zentroetatik ateratzeko eta horietara eramateko ardura duten kudeatzaile edo garraiolariei jakinaraziko diete, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legea eta Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legea betez.

15. artikulua. Ordutegiak.

Udalak banaka zehaztuko du Garbigunea irekitzeko ordutegia, eta astelehenetan hasiko da, 10:00etatik 13:00etara.

Irekitzeko ordutegia behar bezala argitaratuko da eta gunearen sarreran adieraziko da. Ordutegiaren erregulazioa alda daiteke, Udalak egoki baderitzo, eta herritarrei ordutegi berriaren berri emanen zaie herrian ohikoak diren hedabideak erabiliz eta behar den aurrerapenarekin.

16. artikulua. Garbiguneko dokumentazioa.

Burgiko udal-mugarteko Garbigunean erregelamendu honen kopia bat egonen da eskuragarri, hala eskatzen duen edozein erabiltzailek kontsultatu ahal izateko.

Garbiguneak gorabeheren eta barne-informazioaren erregistro bat izanen du, zerbitzuan hobetzen joatea ahalbidetuko duen gorabeheren erregistro bat eratzeko.

Gorabeheren eta informazioaren erregistroak horrelako datu batzuk edo guztiak jasoko ditu:

a) Hondakinak entregatzen dituen edukitzailearen edo sortzailearen datuak. Baldintza hori ezinbestekoa izanen da beti erabiltzailearentzat, edozein anomalia atzemanez gero.

b) Gunera sartzen den pertsonaren edo ibilgailuaren datuak.

c) Sartzen den eguna eta ordua.

d) Bisita bakoitzeko ekarritako hondakin mota.

e) Hondakin mota bakoitzaren kantitatea.

f) Gorabeherak.

g) Zer kudeatzaile baimenduri entregatzen zaion hondakin bakoitza, eta horren kantitatea (irteeretan).

IV. titulua

Betebeharrak eta debekuak

17. artikulua. Hondakinak uzten dituztenen betebeharrak.

Garbigunea zaintzeko ardura dutenak, erabiltzaileek honako betebehar hauek betetzeaz arduratuko dira:

–Edukiontzi bakoitza zer biltzeko zehaztu den, hantxe utziko da hondakin bakoitza (zura, plastikoak...), gunea beti garbi egon dadin.

–Gunearen barrenean abiadurak 16 km/orduko muga du.

Garbigunearen kudeatzaileak, erabiltzaileei eta haiek emandako hondakinei buruzko datuak biltzeaz gain, egokitzat jotzen duen dokumentazioa eska dezake, baldin eta hondakinen jatorriari dagokionez irregulartasunen bat hautematen badu, ingurumenari buruzko legerian eta erregelamendu honetan ezarritakoarekin bat ez datorrena. Hori gertatzen bada, kudeatzaileak hondakin horiek ez onartzeko aukera izanen du.

18. artikulua. Hondakinak uzten dituztenen debekuak.

Udalak honako ekintza hauek debekatu beharko ditu Garbigunearen arduradunen bitartez:

–Etxe partikularretatik ez datozen hondakinak entregatzea.

–Araudi honetan ezarrita ez dagoen etxeko beste edozein hondakin mota uztea.

–Hondakin desberdinak nahastuta biltzea.

–Hondakinak berariazko edukiontzitik kanpo uztea.

–Erregelamendu honek onartzen duen baino hondakin gehiago uztea.

–Hondakin arriskutsuak poltsen edo zakuen barrenean ezkutatzea.

–Instalazioetako atean edozein motatako hondakinak uztea Garbigunearen funtzionamendu ordutegitik kanpo.

–Hondakinen Udal Ordenantzak ezartzen dituen gainerako debekuak eta ondorengo arau-garapenetan ezartzen direnak.

V. titulua

Arau-hausteak eta zehapenak

19. artikulua. Zehapenen araubidea.

Zehapenen araubidea Burgiko Puntu Garbia Kudeatzeko Udal Ordenantzetan jasotakoa da, eta horietan xedatzen ez denari dagokionez, beteko da Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean, Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legean eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean ezarritakoa.

Iragarkiaren kodea: L2001633