36. ALDIZKARIA - 2020ko otsailaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

UHARTE

Ordenantza, apustu-etxe eta joko-aretoak arautzeari eta ludopatiaren prebentziorako neurriei buruzkoa. Behin betiko onespena

Uharteko Udalak, 2019ko azaroaren 28an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Apustu-lokalei eta ausazko jokoei buruzko ordenantza (1361/2019 espedientea).

2019ko 253. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 27an, bai eta Udalaren iragarki-taulan ere, eta legezko epea iraganik inork erreklamaziorik aurkeztu gabe, testu aldatua argitara ematen da jarraian, indarra har dezan Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean berean.

Uharten, 2020ko otsailaren 6an.–Alkatea, Alfredo Javier Arruiz Sotes.

“APUSTU-ETXE ETA JOKO-ARETOAK ARAUTZEARI ETA LUDOPATIAREN PREBENTZIORAKO NEURRIEI BURUZKO ORDENANTZA

ZIOEN AZALPENA

Azken urte hauetan ikusi dugu nola ugaritu diren ausazko jokoekin eta apustuekin lotutako establezimenduak. Apustu etxe horiek publizitatea txertatzen dute kirol ikuskizunetan, batez ere kirol emanaldietan, eta zenbait kasutan, futbol izarrez baliatzen dira ikusleak animatzeko apustuak egitera. Joko sistema hori adiktiboagoa da, etenik gabekoa; sarrerako “doako” abonuak ematen ditu eta egundoko inbertsioa egiten du publizitatean. Horrek eta gure gizarteko errealitate eta ohitura berriek ekarri dute kezkatzeko moduko gorakada izatea substantziarik gabeko adikzioek. Ondorioz, gizartea oro har, instituzioak barne, jabetuz joan gara egoeraren larriaz eta hasi gara ludopatia hartzen osasun publikoko arazotzat.

Joko patologikoa nahasmendu bat da, portaera motako adikzioen artean jasotzen dena sailkapen mediko eta psikologikoetan. Halakoetan, kontrola galtzen da jokoari lotutako portaeran, eta horrek ondorio larriak ekartzen ditu, hala nola arazoak ikasketetan edo lanean, edo arazo ekonomikoak, sozialak eta/edo legalak. Uharten ere badugu arazo hori, zoritxarrez.

Gazteria ukitzen du bereziki, sektore bakarra ez bada ere, itxaropen falta eta etorkizun ezegonkorra baldintza ezin hobeak direlako adrenalina dosi bizkor batzuk izateko dirua esfortzurik gabe lortuz.

Ezin da onartu apustu etxeek egunez egun mozkinak handitzea eta familien eta gizartearen esku uztea mendekotasuna dutenen tratamendu osoa pagatu beharra. Justiziakoa da, beraz, enpresa horien mozkinetatik gizarte osorako egin beharreko ekarpena handitzea, jokoarekiko adikzioa dutenak eraginkortasunez tratatzeko eta halako mekanismoak aztertu eta etorkizuneko adikzioak saihesteko.

Gauza bera dago aurrez aurreko edo Internet bidezko apustu bakoitzaren atzean: sinestaraztea ez dela lanik egin behar aberastasuna sortzeko, aukera dagoela dirua inbertitzeko eta, ongi eginez gero, ugaritzeko. Kopla horrek ahazten du baten mozkina beste batek dirua galtzetik datorrela eta, halaber, egun batean irabazi arren, biharamunean gehiago gal daitekeela. Ez da suertea, ezpada matematika, apustu-etxearen jabea izatea irabazten duen bakarra.

Gainera, jokoan ibiltzeko erraztasuna guztiz kezkagarria da populazio bereziki kalteberari eragiten diolako; zentzu horretan, honako hau dio Drogei eta Adikzioei buruzko III. Prebentzio Planak (2018-2023): “Haurrak eta nerabeak lehentasunezko populazioak dira osasunaren prebentziorako eta sustapenerako; horregatik, babes-esparruak sortu behar dituzte agintariek.” Beraz, ditugun eskumen guztiak erabili behar ditugu gazteak eta talde kaltebera guztiak kaltetzen dituzten jarduerak galarazteko, haien nortasuna garatzen eta finkatzen ari diren garaian.

Jokoari buruzko Nafarroako 2017ko memoriaren arabera, Foru Komunitatean apustuetara doan gastua nabarmen igo da 2012tik: 44,41 milioi handitu da urte horretatik, 2017an apustuetarako gastua 74 milioi eurokoa eta 2018an 86,44 milioi eurokoa izateraino; hori gertatu da, besteak beste, gero eta errazagoa delako joko mota horietan aritzea bai ingurune pribatuan, on-line jokoaren bidez, bai espazio publikoan, aisialdiko establezimenduetan makinak ugaritu, eta joko eta apustuetarako berariazko aretoak ireki baitira.

Bada garaia instituziook araudia egoki dezagun joko jardueraren errealitate sozial, ekonomiko eta teknologikora, bueltarik ez duen izurri bihurtu baino lehen.

Autonomia erkidegoetako legeriak berariazko baimen sistema bat ezartzen du helburu horietarako lokalak ireki eta ustiatzeko. Horretarako, bada, Foru Komunitateko organo eskudunak emaniko administrazio baimena eskuratu behar da, aldez aurretik eta nahitaez. Komunitateak, orobat, Nafarroako Joko eta Apustuen Erregistroa sortu du kontrolak paratzeko, aldez aurretikoak zein zehatzaileak, sektore hau arautua izan dadin. Alabaina, toki entitateek ere badituzte eskumenak parametro mugatzaileak jartzeko kasuan kasuko udalerrietan aipatu establezimenduak ezartzeko orduan.

Hori esanik, ikusten dugu, batetik, udalerriek badutela eskumena hirigintzaren eta hiri-ingurumenaren arloetan, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen arabera, eta, bestetik, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko Foru Legeak ezartzen duela joko aretoekin lotutako jarduerek jarduera sailkaturako udal lizentzia beharko dutela. Lizentzia hori ukatu dakieke hirigintzako planeamenduan edo udal ordenantzetan oinarritutako arrazoiengatik.

Horregatik uste dugu Uharteko Udala gaitua dagoela osasun publikoa eta interes orokorra babestuko dituzten mugak jartzeko, haurrak eta gazteak eta talde kaltebera guztiak zaintzeko irizpideetan oinarriturik. Muga horiek arautuko dute ausazko joko edo apustuetarako areto edo lokalak non ireki haurrak, gazteak eta gainerako talde kalteberak maiz ibiltzen diren toki sentikorretatik hurbil (ikastetxeak, osasun zentroak eta kirol eremuak).

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da baldintza batzuk finkatzea jokoarekin lotutako lokalak jartzeko. Baldintza horien helburua da gutxieneko distantzia batzuk ezartzea lokal horietatik hezkuntza, kultura, gazte, gizarte zerbitzu, osasun eta kirolaren arloetako zentroetara eta, batez ere, adingabeek erabiltzen dituzten eremu libreetara. Orobat, beste alderdi batzuk ere arautzen ditu, arlo horretako publizitate, prebentzio edo prestakuntzari buruzkoak, betiere, udal eskumenen esparruaren barnean.

2. artikulua. Eraginpeko establezimenduak.

1. Jokorako diren areto guztiak ordenantza honen eraginpean gelditzen dira, baldin trukean, zuzenean nahiz zeharka, sari bat lortzea ahalbidetzen badute makinetan dirua jokatuz.

2. Parametro horiek aplikatuko dira jarduera lizentziak eskatzen direnean joko areto, kasino, bingo eta apustuetarako aretoak ezartzeko, eta, oro har, Nafarroako Gobernuan organo eskudunaren baimena behar duten establezimenduak ezartzeko, gaiari buruz indarra duen legerian babesturik.

3. artikulua. Gutxieneko distantziak.

1. Jokorik gabeko eremu deklaratzen dira, populazio kaltebera babesteko, hezkuntza, kultura, gazte, gizarte zerbitzu, osasun, kirol edo jostetaren arloetako eta haur parkeen instalazioen sarrerako fatxadatik 400 metroko erradioan diren kale guztiak.

2. Halako establezimenduen arteko gutxieneko tartea 400 metrokoa izanen da.

4. artikulua. Distantziak neurtzea.

Aurreko artikuluan aurreikusitako urruntze distantziak neurtzeko, 1/1000 eskalako plano egokien gainean erradio bat edo batzuk marraztuko dira lehenago finkatutako gutxieneko azalerarekin. Erreferentziatzat hartuko dira dauden establezimendu publikoen arteko eta/edo ezarri gogo direnen arteko muga hurbilenak.

5. artikulua. Ordenantza honetan ezarritako distantziak betetzen direla justifikatzea.

Ordenantza honen eraginpeko jarduera-lizentzien eskaeretan nahiz horrelako jardueraren bat jartzeko kontsultetan, 1/1000 eskalako plano bat erantsiko da. Bertan adierazi beharko da, zehazki, lizentzia zer lokaletarako eskatzen den, lokala non dagoen kokaturik eta zer distantzia dagoen zabalik dauden beste lokaletara, eta, halaber, jaso beharko da ordenantza honetan ezarritako gutxieneko distantziak betetzen direla.

6. artikulua. Publizitatea egiteko debekua.

Uharteko Udalak arautuko du nola kendu, udal-mugarte osoan, halako establezimenduen kartelak hiriko altzarietatik edo non dauden adierazten duten seinaleak eremu publikotik. Iragartze bakarra, soilik, lokaleko kartelak izan daitezke, non izena agertuko baita, baina ez inolako publizitaterik.

7. artikulua. Laguntza jaso ezin dezaketen jarduerak.

Udalak ezin izanen die diruz lagundu talde, elkarte edo klubei, halako establezimenduek, lokal fisikoak edo on-line jokatzekoak izan, edozein motatako babesa ematen badiete jarduerak edo ekitaldiak egiteko, edo babesletza ematen badiete, guztiz edo zati batean.

Legearekin bat ez datorren ezer ez egiteko, indarrari eutsiko diote, indarraldiak irauten duen bitartean, ordenantza hau onestean indarra duten hitzarmenek.

8. artikulua. Adikzioen prebentzioa.

1. Zein sarreran zein barnean, ongi ikusteko moduko tokian, lokal horiek informazio kartela beharko dute adikzioen arriskuari buruz eta, adikzioa izanez gero, hura tratatzeko lekuei buruz.

2. Era berean, lokaletan ustiatzen diren joko eta apustu makinak identifikatu beharko dira.

9. artikulua. Prestakuntza.

1. Informazio jarduerak ugalduko dira ikastetxeetan eta haurrek eta familiek parte hartzen duten jarduera guztietan, kirol, gazte edo kultura arlokoak izan, baita guraso eta gazteentzako prestakuntza lantegiak ere, hobeki jakiteko nola jokatzen duen jendeak on-line eta nola egiten dituen apustuak eta zer problema ekar dezakeen horrek.

2. Aldi berean, udaltzainen prestakuntza hobetuko da, gertuagotik ezagut ditzaten apustu eta jokoarekin lotuta dauden arau-hauste ohikoenak, batez ere adingabeek, legez ezgaituta daudenek eta legez jokorako sarbidea murrizturik dutenek duten sarbideari buruzkoak.

Honako hauek hertsiki debekaturik dute halako establezimenduetan sartzea: adingabeak; ludopatia izategatik hala eskatu dutenak; erabaki judizialaren bidez hala ezarrita dutenak edo ezgaituak, zarrastelak edo errudunak deklaratuta daudenak lehiaketa-prozeduretan, birgaitzea lortzen ez duten bitartean; horditasun, droga-intoxikazio edo erotasun sintomak dituen edozein; edo armak edo arma gisa erabiltzen ahal direnak sartu nahi duen edozein. Sartuz gero, zehapena ezarriko da.

3. Udalaren zerbitzuak eta osasun agintariak lanean arituko dira jokoari lotutako arazoak atzeman eta esku hartzeko, eta arreta berezia emanen diete gazteei eta haien inguruneari, baita gainerako talde kalteberei ere.

4. Udalak informazio kanpainak egin edo erraztuko ditu halako jarduketek sortzen duten adikzioari aurre egiteko lanean ari diren elkarteekin.

10. artikulua. Ordenantza fiskala.

Ordenantza honek indarra hartu ondoan, ordenantza fiskal bat prestatuko da, luxuzko gastuen gaineko zerga arautzeko, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 179.a artikuluan eta hurrengoetan apustuei buruzkoa den apartatuarekin bat. % 20koa izanen da aplikatu beharreko zerga-tasa.

11. artikulua. Ordutegiak.

Zehapena ekarriko du ikuskizun publikoak edo josteta jarduerak hasteko edo bukatzeko ordutegiak ez betetzeak, edo jendearentzat irekita dauden establezimenduak irekitzeko edo ixteko ordutegiak.

12. artikulua. Zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Nafarroako Gobernuaren araudia betez, arinak, astunak eta oso astunak izanen dira.

13. artikulua. Diru-bilketa.

Jokoak eta apustuek sortzen duten adikzioa prebenitzeko erabiliko da udal zehapen eta zergekin bildutakoaren zati bat.

Xedapen gehigarria.–Ordenantza honetan berariaz arautzen ez den orotan, Nafarroako Gobernuaren araudia edo sektoreko araudia beteko da, baita, ordenantza hau onetsi ondokoa izanik, aplikatu beharreko araubide juridiko hau aldatu edo indarrik gabe uzten duena ere.

Azken xedapena.–Udalak 2019ko azaroaren 28ko osoko bilkuran onetsi du ordenantza hau, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.”

Iragarkiaren kodea: L2001847