36. ALDIZKARIA - 2020ko otsailaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

FITERO

Ordenantza, Elkarteen Udal Erregistroa arautzen duena. Behin betiko onespena

Fiteroko Udalak, 2019ko azaroaren 26an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Fiteroko Elkarteen Udal Erregistroa arautzen duen ordenantza.

Iragarkia 2019ko 249. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 20an, eta jendaurreko epean alegaziorik aurkeztu ez denez, behin betiko onetsi da ordenantza, eta argitaratu egin behar da:

ORDENANTZA, FITEROKO ELKARTEEN UDAL ERREGISTROA ARAUTZEN DUENA

Zioen azalpena

Fiteroko Udalak, ordenantza honen bidez, arautu asmo ditu Elkarteen Udal Erregistroaren sorrera eta funtzionamendua. Xedea da jakitea udalerrian zenbat elkarte dauden eta zer helburu eta ordezkagarritasun dituzten, udal politika egoki bat bultzatze aldera elkarteen udal sustapenerako eta herritarren parte-hartzerako.

Borondate politiko hori gauzatzeko, Elkarteen Udal Erregistroa sortzen da orain, Fiteroko lurraldean diharduten irabazi asmorik gabeko entitate guztiak biltzeko helburua duen bitarteko bat. Jakin nahi da dauden elkarteen egiazko egoera zein den, bai eta beharbada sortzeko daudenena ere, gogoeta egiteko eta elkarte-ehun antolatu bat sendotzea bultzatuko duten ildoak zehazteko. Ehun horrek herritarren parte-hartzerako bide berriak bilatu beharko ditu, herritarren interesei egokituz.

1. artikulua. Erregistroaren sorrera eta izaera.

Fiteroko Udalak Elkarteen Udal Erregistroa sortzen du, izaera administratibokoa. Honako hauetan jasoriko arauak aplikatzeari eta garatzeari loturik dago erregistroa: Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 72. artikuluan eta azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuaren 236. artikuluan (errege dekretu horren bidez onetsi zen Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua). Elkarteen Udal Erregistroa jarraikiko zaie ordenantza honetan jasotzen diren arauei, eta bertan xedatzen ez direnetan, toki araubidearen gaineko arauei.

2. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Elkarteen Udal Erregistroaren xedea da Udalari bide ematea jakiteko udalerrian zenbat entitate dauden eta zer helburu, ordezkagarritasun eta eragin dituzten, udal politika egoki bat egitea posible izan dadin, haren bidez udalerriko elkarte-ehuna eta herritarren parte-hartzea sendotzen laguntzeko.

3. artikulua. Erregistroaren zuzendaritza.

Fiteroko Udaleko Idazkaritza Nagusiak kudeatuko du erregistroa, eta herritarren parte-hartzeari buruzko gaiez arduratzen den administrazio unitateak izanen ditu bere gain kudeaketa eta mantentze-lanak, Idazkaritza Nagusiak ezarritako jarraibideen arabera.

4. artikulua. Datu publikoak.

Erregistro horretako datuak publikoak izanen dira.

5. artikulua. Inskripzioaren borondatezkotasuna.

Elkarteen Udal Erregistroan inskribatzea borondatezkoa izanen da.

6. artikulua. Inskribatzen ahal diren elkarteak.

Elkarteen Udal Erregistroan inskribatzen ahalko dira irabazi asmorik gabeko elkarteak, aldez aurretik inskribaturik badaude indarreko legediaren arabera nahitaez inskribatu beharreko Estatuko edo autonomia erkidegoko erregistroetan.

Orobat, xedetzat izan beharko dute udalerriko bizilagunen interes orokorrak edo sektorialak babestu, sustatu eta hobetzea. Bereziki aipatzekoak dira auzo elkarteak, ikasleen guraso elkarteak, kultura, kirol, aisia eta gazteria arloetako elkarteak, sindikatuenak, enpresenak, profesionalenak, erlijiosoak, eta oro har funtzionamendu demokratikoa duten eta egoitza soziala Fiteron daukaten elkarteak.

7. artikulua. Inskripzio eskabidea.

Inskripzio eskabidea Fiteroko Udal Erregistroan aurkeztu beharko da, edo indarreko legedian onartutako edozein bide erabiliz.

Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Elkartearen estatutuak.

b) Bazkide kopuruaren ziurtagiria.

c) Estatuko edo autonomia erkidegoko erregistroetan inskribatu izanaren frogagiria, nahitaezkoa zaien kasuetan.

d) Zuzendaritza karguak betetzen dituzten pertsonak edo entitatearen zuzendaritza eta administrazio organoak osatzen dituztenak.

e) Egoitza soziala.

f) Abian den ekitaldiko aurrekontua edo, halakorik ez bada, onetsi den azken aurrekontua.

g) Abian den ekitaldiko jarduera programa edo, halakorik ez bada, onetsi den azkena.

Aurreko a), d) eta e) apartatuetan aipatzen diren datuak aldatzen badira, bi hilabeteko epean jakinarazi beharko zaio Udalari izan den aldaketa hori, idatziz.

Aurreko f) eta g) apartatuetan aipatzen den urteroko dokumentazioa onetsi eta bi hilabeteko epean igorri beharko zaio Udalari.

Urte bakoitzeko urtarrilean, Udalari jakinarazi beharko zaizkio aurreko urteari dagozkion bazkideen altak eta bajak.

8. artikulua. Inskripzioa.

Fiteroko Udalak idatziz jakinaraziko du, inskripzio eskabidea aurkeztu eta hilabeteko epean gehienez, hura gauzatu dela, salbu eta errekerimendurik egin behar badu inskribatzeko beharrezkoa den dokumentazioa ongi osatzeko.

Inskripzioa ukatu ahalko zaie elkarteei, haien araubide juridikoa indarreko ordenamenduaren aurkakoa bada, funtzionamendu demokratikorik ez badute, edo helburuak erdiesteko indarkeria erabiltzearen aldekoak badira eta/edo intolerantzia bultzatzen badute.

9. artikulua. Inskripzioaren ondorioak.

Elkarteak udal erregistroan inskribatzeak ondorio hauek izanen ditu:

1.–Udaleko baliabide publikoak erabiltzeko eskubidea, bereziki lokalak eta komunikabideak, behar diren mugekin, zenbait elkartek edo beste eskatzaile batzuek, edo Udalak berak, aldi berean erabili nahi izanez gero. Halako udal baliabideak erabiltzeko, aldez aurretik eskabidea egin beharko da, Udalak oro har ezarritako moduan.

2.–Udal jarduketen inguruko informazioa jasotzeko eskubidea, gaia dela-eta elkartearen interesekoa denean.

3.–Elkartearen egoitzan Udalaren argitalpenak jasotzeko eskubidea, elkartearen interesekoak izanez gero, beraren helburu sozialaren arabera.

4.–Fiteroko Udalak berariazko lankidetza-hitzarmenak sinatzen ahalko ditu inskribaturik dauden elkarteekin.

5.–Inskribaturiko elkarteek Fiteroko Udalaren laguntza ekonomikoak jasotzeko eskubidea izanen dute, lankidetza-hitzarmenetan nahiz urtero onetsitako laguntza-deialdietan ezartzen den moduan, eta horretarako dirurik erabilgarri baldin badago Udalaren aurrekontuan. Elkarteen Udal Erregistroan inskribatu diren elkarteei soilik emanen zaizkie laguntza ekonomikoak.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita; eta administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, jurisdikzio bereko organo judizial eskudunari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Ordenantza honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta hamabost egunen buruan, Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legearen 65.2 eta 70.2 artikuluekin bat, eta indarrean iraunen du harik eta espresuki aldatzen edo indargabetzen den arte.

Fiteron, 2020ko otsailaren 10ean.–Alkatea, Miguel Aguirre Yanguas.

Iragarkiaren kodea: L2002079