36. ALDIZKARIA - 2020ko otsailaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2020ko otsailaren 12an hartua, Nafarroako Foru Komunitateko II. eremuan lurreko telebista digitala (LTD) hedatzea eta eremu horretan LTDaren sarearen ustiapen zerbitzua interes ekonomiko orokorreko zerbitzutzat (IEOZ) hartzea deklaratzen duena.

Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorraren 40. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, ikus-entzunezko komunikazio zerbitzu publikoa interes ekonomiko orokorreko funtsezko zerbitzua da, eta honako helburu hauek ditu: printzipio eta balio konstituzionalak sustatzen dituzten edukiak zabaltzea, iritzi publiko askotarikoa eratzen laguntzea, Espainiako kultura eta hizkuntza aniztasuna ezagutaraztea, eta ezagutza eta arteak zabaltzea, ikus-entzunezko kulturaren sustapenean arreta berezia jarrita. Halaber, Telekomunikazioei buruzko maiatzaren 9ko 9/2014 Lege Orokorraren 2. artikuluarekin bat etorriz, telekomunikazio zerbitzuak interes orokorreko zerbitzuak dira.

Nafarroako Foru Komunitatean geografikoki ahulak diren eremuetan telebista digitalaren zerbitzuak hedatzea (II. eremua deritzona) lehen mailako helburua da Nafarroako Gobernuarentzat, lurralde-kohesioaren printzipioaren mesedetan.

Botere publikoen esku-hartzerik gabe, telebistaren estalduraren irismena irratidifusoreek, publiko nahiz pribatuek, beren emisio eremuan duten legezko betebeharrera mugatuko litzateke. Horren ondorioz, Nafarroako biztanleriaren zati handi batek eta lurraldearen zati handi batek ez lukete eremu guztietako telebista programetarako sarbiderik izanen. Hori dela eta, arlo honetan esku-hartze publikoaren erabakia interes orokorrekoa dela jo da, bestela, gizarte moderno batean, informazio eta ezagutza arrakala onartezina irekiko bailitzateke. Eta hori bereziki azpimarragarria da Nafarroan dagoen telebista autonomiko bakarraren estalduraren hedapenari dagokionez; izan ere, gaur egun lizentziaren titularra den irratidifusoreak (pribatua da eta bi kanalen bidez emititzen ditu) Nafarroako biztanleriaren ehuneko 60ri baino ez die ematen nahitaezko estaldura, eta, beraz, ikuspegi guztietatik begiratuta, interes orokorreko zerbitzua da administrazio publikoak hedapen horretarako behar diren baliabideak ematea.

Lurraldeko eremu urrun eta ez hain urbanizatuetan estaldurak huts egiteak justifikatzen du eremu horretan esku-hartze publikoa egitea, informaziorako eta aniztasunerako sarbide unibertsala bermatuz, eta lurralde egituraketari lagunduz, kokapen geografikoa edozein dela ere, Lurreko Telebista Digitalaren Plan Tekniko Nazionala onartzen duen eta bigarren dibidendu digitala askatzeko zenbait gorabehera arautzen duen ekainaren 21eko 391/2019 Errege Dekretuak aurreikusten duen bezala. Hala, errege dekretu horren seigarren xedapen gehigarrian berariaz ezartzen da administrazio publikoetako organo eskudunek eta haien mendeko erakundeek ekimenak egiten ahalko dituztela herritarrei telebista digitalaren zerbitzua zabaltzeko lurreko telebista digitalaren zerbitzuaren estaldurarik ez dagoen eremuetan.

Horren guztiaren ondorioz, indarrean dagoen telebista eskaintza unean-unean indarrean dagoen araudiaren arabera unibertsalizatzera bideratutako neurriak, azken batean, interes ekonomiko orokorreko zerbitzutzat (IEOZ) hartuko dira, horrela kalifikatzeko elementuak badaude-eta, 2011ko abenduaren 20ko Europako Batzordearen Erabakian zehaztutako moduan eta irismenarekin (erabaki hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 106. artikuluko 2. apartatuko xedapenak interes ekonomiko orokorreko zerbitzuen kudeaketaz arduratzen diren enpresa batzuei zerbitzu publiko bidezko konpentsazio gisa emandako estatu laguntzei aplikatzeari buruzkoa da).

Eta, gainera, estatu kideek IEOZ bat definitzerakoan duten iritzi-tarte zabalaren barruan, hau da, IEOZak emateko, enkargatzeko, finantzatzeko eta antolatzeko duten diskrezionalitatearen barruan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatu horren 14. artikuluak ezartzen duen bezala, Nafarroako Gobernuak zerbitzu hau eraginkorki emateko dauden aukerak aztertu eta haztatu ditu. Horretarako, aurretik txosten argi eta sendo bat izan du, erakunde independente batek egina, non Nafarroako Foru Komunitateko II. eremuan telebista digitala hedatzeko eskuragarri dauden teknologien kostuak eta abantailak konparatu diren.

“Telebista digitalaren kostuen azterketa konparatua” izenburua duen txosten hori “Aggaros Serveis Avancats de Telecomunicacions SL” enpresak egin zuen, 2017ko otsailaren 1ean, eta erabaki honi dagokion espedientean sartu da. Azterketa horren xedea da Nafarroako Foru Komunitatean telebista digitalaren estaldura hedatzeko irtenbide teknologiko posibleak planteatzea, ezarpen kostuak kalkulatzea inbertsioari (Capex) eta kostu operatiboei (Opex) dagokienez, eta analisi konparatibo bat egitea bideragarritzat jotzen diren aukeren artean, hots, lurreko irratidifusioko teknologia eta satelite bidezko irratidifusioa. Azterketak II. eremuko estalduraren hedadura hartzen du aintzat; eremu hori zenbait estaldura tartetan mugatuta geratzen da, emisio kanal bakoitzaren eremu geografikoaren eta irratidifusioko erakunde eskudunak ezarritako estaldura eskakizunen arabera. Horretarako, kontuan hartzen da hedapenak eragindako kanalak itzalaldi analogikoaren, dibidendu digitalaren eta 2015eko amaierako lizentzia nazional pribatuen lehiaketaren ebazpenaren ondoren eskuragarri daudenak izanen direla. Azterketak, teknologia posible guztiak aztertu ondoren, uste du lurreko soluzioak (LTD) eta satelitekoak (DVB-S) bakarrik direla bideragarriak Nafarroan.

Azterketan, kostuak honela banatu dira:

–Garraio eta hedapen sareak ezartzearen kostuak.

–Garraio eta hedapen sarea mantentzearen eta eragitearen kostuak.

–Erabiltzailearen sarea ezartzearen kostuak.

–Erabiltzailearen sarea mantentzearen eta eragitearen kostuak.

Halaber, kostuak honako tarte hauetan banakatu dira:

–% 60-96: kanal autonomikoa jasotzen ez duen baina gainerako kanal nazionalak jasotzen dituen jendea.

–% 96-98: RGE1 kanala bakarrik jasotzen duen jendea.

–% 98-99: LTDtik kanal bat bera ere jasotzen ez duen jendea.

–% 99-99,95: LTDtik kanal bat bera ere jasotzen ez duen jendea, baina telebanaketa edo LTD zentro baten zerbitzu eremuan dagoena.

Aukerarik onena zein den zehazteko, azterketak alderdi ekonomikoa aztertzen du, 10 urteko denbora tarte batean. Lurreko soluzioan, LTD estaldura bermatzeko behar diren zentro berriei dagokiena soilik hartzen da inbertsioaren zenbatekotzat, eta ez dira inbertsiotzat hartzen telebista analogikorako edo bestelako zerbitzuetarako dauden azpiegituretan jada egindako inbertsioak. Gainera, bigarren dibidendu digitalaren eragina zenbatesten da.

Inbertsioen eta kostuen azterketa xehatu bat egin ondoren, LTD bidezko hedapen bat eta erabateko satelite bidezko soluzio bat alderatuz, azterketak modu zorrotzean ondorioztatzen du irtenbide teknikorik merkeena LTDa (lurreko telebista digitala) erabiltzea dela, hedaduraren tarte guztietarako.

Balorazio ekonomikoa ez ezik, azterketak beste alderdi batzuk ere aztertzen ditu: ezartzeko zenbat denbora behar den, tokiko telebistaren gaineko eragina eta zerbitzuaren jarraitutasuna, eta aukera bakoitzerako balorazio funtsean kualitatiboa egiten du.

Azterketa hori sendoa eta independentea da, eta, horren ondorioz, argi eta garbi ondorioztatzen da Nafarroako Foru Komunitateko II. eremuan telebista digitala hedatzeko biderik onena dela, osotasunean harturik, lurreko telebista digitalak (LTD) eskaintzen duena. Gainera, zerbitzua denboraz eta ekonomikoki egoki hornitu dezakeen bakarra da, eta, beraz, justifikatuta dago eragindako IEOZaren definizioak barne hartzea telebista digitalaren zerbitzua zabaltzea LTD teknologiaren zabalkundearen bidez kaltetuta geratzen diren Nafarroako Foru Komunitateko eremuetan.

Bestalde, eta administrazio publiko honek IEOZa nahi erara antolatzeko dituen ahalmenen barruan, komeni da NASERTIC (Navarra de Servicios y Tecnologías SA) enpresa publikoak egitea sistemen eta ekipoen ondorengo hedapen, egokitzapen eta mantentze-lanen exekuzio materiala, bai eta sarearen kudeaketa eta ustiapena ere. NASERTIC Nafarroako Gobernuaren ente instrumental bat da telekomunikazioen arloan, hau da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio Publikoaren berezko bitarteko bat da, behar diren giza baliabide, baliabide tekniko eta ezagutza teknikoak dituena, eta, era berean, berariaz atxikiak dituena hedapenaren azken helburuak lortzeko behar diren Nafarroako Gobernuaren azpiegitura fisikoak.

Horrela, bada, Europako Batzordearen 2011ko abenduaren 20ko Erabaki horrekin bat etorriz (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 106. artikuluko 2. ataleko xedapenak aplikatzeari buruzkoa da erabaki hori), Nafarroako Gobernuaren erabaki honen bidez, Nafarroako Foru Komunitateko II. eremuan lurreko telebista digitalaren zerbitzuaren estaldura hedatzeko beharrezkoak diren jarduketa guztiak egiteko NASERTIC sozietate publikoari agindu zaio. Batzordearen erabakiaren 4. artikuluak ezartzen duenarekin bat etorriz, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren berezko baliabidea den aldetik, NASERTIC sozietateari agindutako betebehar publikoen edukia hauxe da: interes orokorreko zerbitzu publikoa ematea, hau da, sistemak eta ekipoak hedatzea eta egokitzea, eta lurreko telebista digitalaren seinalea garraiatzea eta irrati-zabaltzea Nafarroako Foru Komunitateko eremu urrunenetan eta biztanle gutxien dituztenetan (II. eremua). Zeregin materialak NASERTIC enpresari esleitzeko, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak dagokion enkargua egin behar du (Eraldaketa Digitaleko Zuzendaritza Nagusiaren bidez, departamentu horri atxikita baitago). Enkargu hori Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariaren abenduaren 11ko 19E/2019 Foru Aginduan ezarritako baldintzetara egokitu beharko da. Agindu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek “Navarra de Servicios y Tecnologías SA” erakunde instrumentalarekin 2020ko ekitaldian formalizatzen dituzten enkarguetarako baldintza ekonomikoen agiria onartzen da.

Gehienez 10 urterako eskatuko zaio NASERTIC sozietateari deskribaturiko zerbitzu publikoa egiteko. NASERTIC sozietateari agindutako zerbitzu publikoko betebeharrek eragindako lurraldea Nafarroako Foru Komunitateko urruneko eta biztanle gutxien dituzten eremuek osatzen dute (II. eremua), eta irratidifusoreek zerbitzurik ematen ez duten eremu geografikoak sartzen dira hor.

Hemen deskribatutako interes ekonomiko orokorreko zerbitzuak emateagatik NASERTIC sozietateari eman beharreko konpentsazioa dagozkion ekarpenen bidez gauzatuko da, aipatutako enkargua finantzatzeko. Nafarroako Gobernuko Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak egingo du konpentsazioa, aurrekontu ekitaldi bakoitzeko Nafarroako aurrekontu orokorren kontura.

NASERTIC sozietateari ordaindu beharreko konpentsazio hori, agindu zaizkion interes ekonomiko orokorreko zerbitzuak ematetik datorrena, dagokion enkarguan zehaztuko da, sistema eta ekipo bakoitza egokitzeko eta mantentzeko aldez aurretik ezarritako unitateko kostuaren arabera, eta seinalea ukitutako eremura garraiatzeko bai eta zabaltzeko ordaindu behar den kostuaren arabera ere. Estaldura hedatzeko konpentsazioaren zenbatekoa kalkulatzeko, haren kostu garbien kuantifikazio zehatza egin beharko da. Honako hauek sartuko dira kostu garbien barruan:

–NASERTIC enpresak enkargutik eratorritako betebeharrak betetzean sortutako kostu errealak.

–NASERTIC sozietateak gainerako jardueretarako egiten dituen kostu komunen esleipen bat, arrazoizkoa eta enkargua emateko erabilitako bitartekoekin proportzionala.

Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak (Eraldaketa Digitaleko Zuzendaritza Nagusiaren bidez) behar bezala egiaztatu beharko du NASERTIC sozietateak aurkeztutako kostu garbien kuantifikazio zehatza, kostuak antzeko izaera eta zeregina duten eta kudeaketan eraginkortasun nabarmena duten beste operadore batzuekin alderatuz, ekarpen publikoa behar bezala justifikatzeko eta enkarguaren benetako kostura mugatzeko, egindako kostuen konpentsazio zorrotza izan dadin, ondo kudeatutako eta behar bezala hornitutako enpresa ertain baten parametro berberekin, kasu honetan dauden interes orokorreko betebeharrak betetzeko. Halaber, NASERTIC sozietatearen kontabilitateak argi bereiztu behar ditu enkargua gauzatzeko egindako inbertsioak eta gastuak, baita nola finantzatu diren ere. Agintzen zaizkion zerbitzu publikoko betebeharrak betetzeagatik NASERTIC sozietateari ematen zaion konpentsazioaren zenbatekoa zerbitzu hori ematean sortutako kostu garbiak estaltzera mugatuko da. Horretarako, egokitzat jotzen da kostu horrek ez gainditzea bere garaian Nafarroako Gobernuak Nafarroan telebista digitala hedatzeko, 2015-2020 aldirako urruneko eta urbanizazio txikiagoko eremuetarako, deitu zuen lizitaziora aurkeztu ziren eskaintza guztietatik merkeenaren zenbateko eguneratua (lizitazio hori Informatika eta Telekomunikazio zuzendari nagusiaren azaroaren 10eko 306/2014 Ebazpenaren bidez onetsi zen, 2014ko azaroaren 13ko Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean argitaratua, 2014/S 219-387445 zenbakiarekin, eta Nafarroako Kontratazioaren Atarian 2014ko azaroaren 11n argitaratua).

Hori horrela da bai aitortuta dituen helburu eta funtzioengatik, bai eta bere helburuak betetzeko dituen giza baliabide, baliabide tekniko eta materialengatik ere.

Nolanahi ere, Batzordearen 2011ko abenduaren 20ko Erabaki horren 2. artikuluan xedatutakoaren arabera, deskribatutako interes orokorreko zerbitzua emateagatik NASERIC sozietateari ordaindutako konpentsazioa ez da urtean 15 milioi eurotik gorakoa izanen.

NASERTIC sozietatearen konpentsazioa zerbitzu publikoaren betebeharrean egindako benetako kostura mugatzen dela kontrolatze aldera, enkarguaren xede den estalduraren hedapena gauzatu ondoren, NASERTIC sozietateak laburpen bat aurkeztuko du ordaindutako kostuak zehazteko, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuan, hark berrikus dezan. Era berean, gehiegizko konpentsazioak berreskuratzen direla ziurtatzeko, NASERTIC sozietateak bidegabe jasotako edozein kopuru itzuli beharko du, baita berandutze-interesak ere, ordainketa egiten den unetik hasita.

Beraz, eta esandakoaren ondorioz, erabaki honetako zerbitzuaren interes ekonomiko orokorra ezertan ukatu gabe, Nafarroako Gobernuak, adjudikatzailea denez eta zerbitzu publikoen ematea kudeatzeko modurik egokiena aukeratzeko askatasuna baliatuz (emakida-kontratuen adjudikazioari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/23/EB Zuzentarauaren 2. artikuluak aitortua), uste du, kalitate, segurtasun eta irisgarritasun ekonomiko handia, tratu-berdintasuna eta sarbide unibertsalaren eta erabiltzaileen eskubideen sustapena bermatu ahal izateko, erabaki honen xede diren zerbitzuak ematea NASERTIC sozietate publikoari agindu behar zaiola, Nafarroako Gobernuaren berezko baliabide den aldetik.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Nafarroako Foru Komunitateko II. eremuan lurreko telebista digitalaren hedapena eta eremu horretan LTD sarea ustiatzeko zerbitzua, lehen deskribatutako baldintzetan, interes ekonomiko orokorreko zerbitzu gisa deklaratzea (IEOZ), Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 14. artikuluan eta Europako Batzordearen 2011ko abenduaren 20ko Erabakian aurreikusitako ondorioetarako (erabaki hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 106. artikuluko 2. apartatuko xedapenak interes ekonomiko orokorreko zerbitzuen kudeaketaz arduratzen diren enpresa batzuei zerbitzu publiko bidezko konpentsazio gisa emandako estatu laguntzei aplikatzeari buruzkoa da).

2. Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak, Eraldaketa Digitaleko Zuzendaritza Nagusiaren bidez, aurreko paragrafoan deskribatutako zerbitzua gauzatzeko egin behar diren jarduketa guztiak egiteko agindua emanen dio Navarra de Servicios y Tecnologías SA sozietate publikoari (NASERTIC), dagokion enkarguaren bidez, sozietate hori Nafarroako Gobernuaren ente instrumental eta bitarteko propio egokia delako, bere ezagutza, esperientzia eta baliabide tekniko eta giza baliabide egokiak kontuan hartuz. Mandatu hori sozietate publiko bati zerbitzu publikoko betebehar bat emateko egintza bat da, erabaki honen 1. atalean deskribatutako IEOZa betearaztea ezartzen diona sozietate horri. Egintza hau Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 106. artikuluko 2. ataleko xedapenak aplikatzeari buruzko Europako Batzordearen 2011ko abenduaren 20ko Erabakiaren 4. artikuluan ezarritakoaren arabera egiten da.

3. Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak, Eraldaketa Digitaleko Zuzendaritza Nagusiaren bidez, ziurtatu behar du agindutako jarduketen kostua egindako benetako kostuak konpentsatzera mugatzen dela, kostu horiek zehatz-mehatz eta zorrotz definituta. Konpentsazio mekanismoak eta konpentsazioa kalkulatzeko, kontrolatzeko eta berrikusteko aplikatutako parametroak, eta gehiegizko konpentsazioak saihesteko eta berreskuratzeko modalitateak, zehazki, dagokion enkarguan zehaztuko dira, erabaki honen azalpen zatian ezarritakoaren arabera.

4. Erabaki hau Eraldaketa Digitaleko Zuzendaritza Nagusira igortzea, eta Navarra de Servicios y Tecnologías SA sozietateari jakinaraztea, behar diren ondorioak sor ditzan.

5. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2020ko otsailaren 12an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2002223