36. ALDIZKARIA - 2020ko otsailaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

10/2020 FORU DEKRETUA, otsailaren 12koa, Nafarroan Natura 2000 Sarearen barruan dauden kontserbazio bereziko eremuen kudeaketa planen indarraldia luzatzen duena.

ZIOEN AZALPENA

Kontseiluak, 1992ko maiatzaren 21ean, Natur Habitatak eta Basa Fauna eta Flora Kontserbatzeari buruz emandako 92/43/EEE Zuzentarauan ezarritakoarekin bat, Nafarroan kontserbazio bereziko 42 eremu izendatu dira eta haiei dagozkien kudeaketa planak onetsi dira, kasuan kasuko foru dekretuen bidez.

Kudeaketa plan horien indarraldia foru dekretu horietako azken xedapenetako lehenean ezarrita dago, “Bertizko Jaurerria” lekuaren kasukoan izan ezik, non arlo hori lekua erabili eta kudeatzeko plan zuzentzailean arautzen baita.

Onetsitako kudeaketa planetan epe luzeko plangintza ezartzen da, elementu hauekin: gako-elementuak (ardatz nagusiak, espazioaren babes aktiboaren oinarri direnak), azken helburuak, araudia eta kudeaketarako jarraibide edo orientabideak. Epe laburreko plangintza ere bada, planen indarraldian egin beharreko jarduketak (neurriak) dituena.

Epe luzerako plangintza mugagabea dela ezarrita dago. Dena dela, bai helburu operatiboek, bai jarduketek, iraungitze data bat dute.

Leku horien kudeaketan pilatutako esperientziak erakutsi du komenigarria dela, oro har, planetan aurreikusitako jarduketak berrikusi eta eguneratzeko aukera ematea, egikaritzen diren neurrien ordez beste batzuk ezartzeko, egikaritzeko zailak diren jarduketak berriz formulatzeko eta, finean, neurriak kudeaketa plan bakoitzaren garapen eta bilakaerara moldatzeko. Neurri horiek foru aginduen bidez eguneratzea, eta ez foru dekretuen bidez, lagungarria izan daiteke planak eraginkorragoak izan daitezen. Bestalde, komenigarria da planetan egikaritu gabe gelditzen diren neurri edo jarduketek indarrean segitzea harik eta haiek ordezteko beste neurri batzuk ezartzen diren arte.

Horrenbestez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2020ko otsailaren 12an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua.

Eranskinean azaltzen diren foru dekretuen azken xedapenetako lehenaren testua aldatzen da, honela geldituko baita:

“Azken xedapenetan lehena.–Kudeaketa planaren indarraldia.

1. Hauxe da foru dekretu honen bidez onesten den kudeaketa planaren indarraldia:

a) Mugagabea, gako-elementuei, azken helburuei, arauei eta jarraibideei dagokienez.

b) 12 urtekoa, espero diren emaitzei eta jarduketei (neurriak) dagokienez. Epe hori bukatutakoan, neurriak berrikusiko dira, baina haien aplikazioa luzatuko da harik eta ordezko beste batzuk onesten diren arte.

2. Hala ere, ingurumenaren arloan eskumena duen departamentuak uste badu planean aurreikusirik ez zegoen funtsezko alderdiren bat nabarmen aldatu dela eta horrek eragina izan dezakeela gunearen balioen zainketan, plana berrikusten edo aldatzen ahalko da.

3. Kudeaketa planaren gako-elementuetan, azken helburuetan, araudian edo jarraibideetan eragina izan dezaketen aldaketak edo berrikuspenak foru dekretu bidez eginen dira. Espero diren emaitzen (helburu operatiboen) berrikuspenak eta aldaketak, baita jarduketak ere (neurriak), ingurumenaren arloan eskumena duen departamentuko titularraren foru aginduaren bidez onetsiko dira”.

2. artikulua.

Ekainaren 17ko 68/2008 Foru Dekretuari dagokionez, zeinaren bidez Bertizko Jaurerria kontserbazio bereziko eremu deklaratu baitzen eta hura erabiltzeko eta kudeatzeko III. plan zuzentzailea onetsi baitzen, aldatu egiten dira 3. atalaren (Aplikazio eremua eta indarraldia) hirugarren eta laugarren paragrafoak, honela idatzita geldituko baitira:

“Hauxe da erabili eta kudeatzeko plan zuzentzaile honen indarraldia:

a) Mugagabea, gako-elementuei, azken helburuei, arauei eta jarraibideei dagokienez.

b) 12 urtekoa, espero diren emaitzei eta jarduketei (neurriak) dagokienez. Epe hori bukatutakoan, neurriak berrikusiko dira, baina haien aplikazioa luzatuko da harik eta ordezko beste batzuk onesten diren arte.

Hala ere, ingurumenaren arloan eskumena duen departamentuak uste badu planean aurreikusirik ez zegoen funtsezko alderdiren bat nabarmen aldatu dela eta horrek eragina izan dezakeela gunearen balioen zainketan, plana berrikusten edo aldatzen ahalko da.

Kudeaketa planaren gako-elementuetan, azken helburuetan, araudian edo jarraibideetan eragina izan dezaketen aldaketak edo berrikuspenak foru dekretu bidez eginen dira. Espero diren emaitzen (helburu operatiboen) berrikuspenak eta aldaketak, baita jarduketak ere (neurriak), ingurumenaren arloan eskumena duen departamentuko titularraren foru aginduaren bidez onetsiko dira”.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehena.–Garatzeko gaikuntza.

Ahalmena ematen zaio ingurumen gaietako eskumenak dituen departamentuko titularrari foru dekretu hau garatzeko eta betetzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2020ko otsailaren 12an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Itziar Gómez López.

ERANSKINA

KONTSERBAZIO BEREZIKO EREMUA

EREMUA ONESTEKO FORU DEKRETUA

Orreaga-Iratiko oihana

9/2011 FD, otsailaren 7koa

Arrigorrietako mendilerroa eta Ezkaurre

242/2011 FD, abenduaren 14koa

Larrondo-Kartxela

243/2011 FD, abenduaren 14koa

Larra-Aztaparreta

244/2011 FD, abenduaren 14koa

Aritzakun-Urritzate-Gorramendi

47/2014 FD, ekainaren 11koa

Orabideko erreka eta Arxuriko zohikaiztegia

48/2014 FD, ekainaren 11koa

Baztan ibaia eta Artesiagako erreka

49/2014 FD, ekainaren 11koa

Irati, Urrobi eta Erro ibaien ibai-sistema

54/2014 FD, uztailaren 2koa

Zaraitzu ibaia

55/2014 FD, uztailaren 2koa

Ezka eta Binies ibaiak

56/2014 FD, uztailaren 2koa

Bidasoa ibaia

51/2014 FD, uztailaren 2koa

San Migel mendilerroa

53/2014 FD, uztailaren 2koa

Illongo mendilerroa eta Burgiko arroila

52/2014 FD, uztailaren 2koa

Belate

105/2014 FD, azaroaren 5ekoa

Aralar

117/2014 FD, abenduaren 29koa

Artikutza

264/2015 FD, abenduaren 2koa

Areta ibaia

265/2015 FD, abenduaren 2koa

Las Cañas urtegia

36/2016 FD, ekainaren 1ekoa

Juncaleko aintzira

50/2016 FD, uztailaren 20koa

Dos Reinosko aintzira

37/2016 FD, ekainaren 1ekoa

Aragoi ibaiaren erdiko tartea

53/2016 FD, abuztuaren 31koa

Pitillasko aintzira

109/2016 FD, azaroaren 23koa

Pulguerreko idoia

108/2016 FD, azaroaren 23koa

Escuderako putzua

107/2016 FD, azaroaren 23koa

Lokizko mendilerroa

8/2017 FD, otsailaren 15ekoa

Aragoi eta Arga ibaien beheko tarteak

14/2017 FD, martxoaren 8koa

Ebro ibaia

15/2017 FD, martxoaren 8koa

Ega-Urederra ibaiak

16/2017 FD, martxoaren 8koa

Ugarrako mendilerroa

22/2017 FD, apirilaren 5ekoa

Leireko mendilerroa eta Arbaiungo arroila

43/2017 FD, maiatzaren 24koa

Arabarko

44/2017 FD, maiatzaren 24koa

Artxuga eta Zarikietako mendilerroak eta Aretako mendiak

45/2017 FD, maiatzaren 24koa

Kodesko mendilerroa

46/2017 FD, maiatzaren 24koa

Itzaga

68/2017 FD, uztailaren 5ekoa

Estellerriko Erriberako igeltsuak

76/2017 FD, abuztuaren 30ekoa

Errege Bardea

120/2017 FD, abenduaren 27koa

Iragarkiaren kodea: F2002220