35. ALDIZKARIA - 2020ko otsailaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

5E/2020 EBAZPENA, urtarrilaren 17koa, Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak emana, laguntza deialdia onesten duena 2020-2022 aldian I+G proiektu estrategikoak egiteko. DDBN identifikazioa: 496403.

I+G proiektu estrategikoak egiteko laguntzen bidez sustatu nahi da inpaktu handiko proiektuak egin daitezela, Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategian (RIS3) identifikatutako sektoreetakoak (automozioa eta mekatronika, elikakatea, energia berriztagarriak eta baliabideak, osasuna, turismo integrala eta sorkuntza industriak eta industria digitalak). Horiek gauzatzeko, hainbat motatako enpresen partzuergo bat eratu behar da, eta partaidetza portzentaje gutxieneko bat ezartzen da Nafarroako ikerketako eta ezagutzen zabalkundeko erakundeentzat. Ekimen honen helburua da sektore estrategikoetako enpresak mugiaraztea, erreferentziakoak edo traktore diren enpresen bitartez, hots, honelako proiektuen buru izateko gauza direnen bitartez.

Laguntzen deialdi hau zazpi erronkatan zentratzen da, aipatutako RIS3-ko sektoreei dagokienez gako baitira. Honako hauek dira:

–1. erronka: VOLTA IV. 0 isurketako ibilgailuak, irismen luzekoak eta teknologia aurreratukoak.

–2. erronka: AERO IV. Energia berriztagarrien biltegiratzea, erabilera optimizatzeko.

–3. erronka: GEMA IV. Genomika eta medikuntza aurreratua.

–4. erronka: ALPES III. Elikadura pertsonalizatua eta jasangarria.

–5. erronka: IRIS II. Adimen artifiziala eta robotika industriarako eta gizarterako.

–6. erronka: IDEA II. Goraka ari diren ideia disruptibo aplikatuak.

–7. erronka: SIBERIA II. Bioteknologiako konponbide berritzaileak energiarako, osasun arloko erronketarako, industriarako eta nekazaritzako elikagaien industriarako.

Nafarroako Gobernuak 2019ko azaroaren 6an hartutako Erabakiaren bidez baimendu zuen deialdi honetarako behar diren urte anitzeko gastu konpromisoak hartzea, baita aurretiazko tramitazioa ere.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Laguntza deialdia onestea, 2020-2022 aldian I+G proiektu estrategikoak egiteko.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira, betiere krediturik bada:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

820005 82100 7701 467305, I+G proiektu estrategikoetarako dirulaguntzak Nafarroako RIS3

2020

2.000.000

820005 82100 7701 467305, I+G proiektu estrategikoetarako dirulaguntzak Nafarroako RIS3

2021

6.000.000

820005 82100 7701 467305, I+G proiektu estrategikoetarako dirulaguntzak Nafarroako RIS3

2022

6.000.000

4. Deialdi honen xede diren zazpi erronkei dagozkien proiektuei diruz laguntzeko, baimendutako gastuaren banaketa honako hau izanen da:

–1. erronka (VOLTA IV): 2.000.000 euro.

–2. erronka (AERO IV): 2.000.000 euro.

–3. erronka (GEMA IV): 2.000.000 euro.

–4. erronka (ALPES III): 2.000.000 euro.

–5. erronka (IRIS II): 2.000.000 euro.

–6. erronka (IDEA II): 2.000.000 euro.

–7. erronka (SIBERIA II): 2.000.000 euro.

5. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2020ko urtarrilaren 17an.–Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia, Yolanda Blanco Rodríguez.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Laguntza hauen helburua da Nafarroarentzat estrategikoak diren industriako eta garapen esperimentaleko ikerketa proiektuak egin daitezela sustatzea, Europako Horizon 2020 ikerketa eta berrikuntza estrategiarekin lerrokaturik daudenak, konponbide berritzaileak ekartzen dituztenak gizarteak dituen erronken aurrean. Teknologia berriak sustatu nahi dira, eta horien produktu eta zerbitzu berriak sor daitezela.

Halaber, ezagutzaren transferentzia bultzatu nahi da Nafarroan enpresen eta ikerketa eta ezagutzaren zabalkundeko erakundeen artean, hau da, zentro teknologiko, unibertsitate eta ikerketako erakundeen artean I+G proiektuak elkarrekin eginez.

Deialdi honetan honako erronka hauek aukeratu dira, gako baitira Nafarroako espezializazio adimentsuaren estrategiako (RIS3) sektoreei dagokienez:

–1. erronka: VOLTA IV.–0 isurketako ibilgailuak, irismen luzekoak eta teknologia aurreratukoak.

Automozioa da Nafarroako ekonomia mugitzen duten sektoreetako bat. Gaur egun, 150 enpresa eta 10.000 langile baino gehiagok dihardute sektore horretan gure eskualdean. Sektorea aldaketa teknologiko handiko garai batean dago. Klima-aldaketak eta karbono isuriak gutxitu eta gizarte eredu jasangarriago baterantz aurrera egiteko beharrak ekarri dute 0 isurketako garraiobideen ikerketa sustatzea, nahiz eta orain arte ibilgailuentzat lortu diren autonomiak mugatuak diren. Nafarroak, oraindik ere, erregai fosilekiko mendekotasun handia dauka, garraioagatik nagusiki. Lurralde garatuek, eta Nafarroak zehazki, jakin badakite beharrezkoa dela gaur egungo eredu energetikoa aldatzea, erregai fosilekiko mendekotasuna gutxituz eta mugikortasuna sistema jasangarriagoetarantz aldatuz. Zentzu horretan, 0 isurketako ibilgailuak funtsezkoak dira aldaketa horretarako. Baina garraiobidearen arloko teknologian gertatzen ari diren aldaketen helburua ez da soilik eredu jasangarriagoak eskuratzea; izan ere, teknologia zorabiozko abiaduran mugitzen ari da halako sistema autonomo batzuetarantz, zeinek ekarriko baitute garraiobideen segurtasuna handitzea eta giza akatsek eragindako istripuak gutxitzea. Nafarroak, sektore horrek ekonomian duen garrantzia dela eta, parte-hartzaile aktiboa izan behar du teknologia horren bilakaeran, eta horregatik, funtsezkotzat jo da I+G+b proiektuak bultzatzea erronka horri aurre egiteko, hots, gizarteari 0 isurketako ibilgailuak ematea, ibilgailu horiek irismen luzekoak eta teknologia aurreratukoak izanik.

–2. erronka: AERO IV.–Energia berriztagarrien biltegiratzea, erabilera optimizatzeko.

Nafarroak energia berriztagarrien alde egin du bere eredu energetikoan. Energia berriztagarriek ingurumena errespetatzen dute, karbono isurketak murrizten baitituzte energia sortzean. Nolanahi ere, energia berriztagarriek badute zailtasun bat beste energia iturri batzuekin alderatuta: haizearen aldakortasuna eta jasotako eguzki-erradiazioa. Horren ondorioz, batzuetan haize-energia asko ekoizten da eskaera txikia denean, eta haize-parkeak deskonektatu behar izaten dira saretik, eta energia hori galdu; beste batzuetan, aldiz, eskaera elektriko handia dago, baina ez dago haizerik edo eguzki-erradiazio nahikorik, eta horrek energiaren prezioa handitzea eragiten du. Bestalde, energia garraiatzeko sareetan energia galerak gertatzen direnez, gomendagarriena da elektrizitatea kontsumo guneetatik hurbil ekoiztea. Gaur egun energia berriztagarrien arloan dauden teknologien erabilerak aukera ematen du ekoitzitako energia zuzenean industriara edo etxebizitzetara eramateko, esaterako autokontsumo fotovoltaikoari edo eolikoari esker. Kasu honetan ere, sistema horiek energia iturriaren aldakortasunak eragindako muga daukate, izan eguzki energia nahiz eolikoa.

Horrek guztiak eramaten gaitu ekonomikoki bideragarriak diren energia berriztagarriak bilatzeko erronka planteatzera, Nafarroa % 100ean berriztagarria izan dadin.

–3. erronka: GEMA IV.–Genomika eta medikuntza aurreratua.

Medikuntzak gure DNAren analisian oinarritutako medikuntza pertsonalizatua du etorkizuneko joera. Medikuntza pertsonalizatuari esker, aukera izanen da jakiteko pertsona batek, jaiotzen den unetik beretik, zer-nolako arriskua izan dezakeen mutazio genetikoei lotutako gaixotasun hereditarioak izateko; horrek aukera emanen du pertsona horri laguntzeko dieta eta ohitura egokiagoak har ditzan, proba medikoen egutegia diseinatzeko, eta pertsona bakoitzarentzat egokienak diren tratamendu eta botikak agintzeko, pertsona horren organismoaren erantzuna hobetuz, bigarren mailako ondorioak gutxiagotuz eta, azken finean, pertsonaren osasuna hobetuz.

Medikuntza pertsonalizatuak aldaketa handiak ekarriko dizkio gizarteari; izan ere tratamenduak hobetuko ditu, aukera emanen du gaur egun tratamendurik ez duten gaixotasunak sendatzeko, aurreztu eginen da osasun sistemetan; era berean, aldaketa sakonak ekarriko dizkio farmazia-sektoreari, teknologia berriak sartuko dira medikuntzan (esaterako, informatika, datuen tratamendua, big data eta adimen artifiziala osasungintzan), eta enpresa eta sektore berriak garatuko dira.

Osasuna Nafarroako arlo estrategikoen artean dagoen aldetik, Nafarroak punta-puntakoa izan behar du osasun arloko teknologia berriei dagokienez. Horregatik guztiagatik planteatu da gizarte erronka hau, hain zuzen ere, I+G proiektu estrategikoak egiteko Nafarroako medikuntza pertsonalizatuaren arloan, komunitateko osasun sistemari konektatuta.

–4. erronka: ALPES III.–Elikadura pertsonalizatua eta jasangarria.

Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, bihotz-atakeen, iktusen eta diabetes goiztiarreko kasuen % 80 eta minbizien % 40 saihets litezke dieta egokiago batekin. Elikadura pertsonalizatuak, egokitzen zaionean egoera fisikoari eta psikologikoari (genotipoa, fenotipoa eta mikrobioma), bizimoduari, beharrei, lehentasunei, aurrekontuari eta alderdi soziokulturalei, ebidentzia zientifikoetan oinarriturik, lagun dezake patologia goiztiar horien intzidentzia gutxitzen.

Dieta osasungarrienek eskatzen dute elikagaiak freskoak izan daitezela eta nutrizio balioa izan dezatela. Horrenbestez, elikagaien ekoizpenak eta prozesatzeak eboluzionatzen jarraitu behar du, elikagai horien kontserbazioa eta nutrizio-propietateak eta zaporea hobetzen jarraitzeko. Elikagaien nutrizio kalitatean eragin berezia daukate landareak eta animaliak ekoizteko ekosistemak hobetzera bideratutako jarduerak, bai eta lurraren emankortasuna eta produktibitatea ere.

Klima aldaketak, populazioaren hazkundeak eta baliabideen gabeziak, gainera, zaildu egiten dute dietetan proteinak izatea. Hori horrela izanik, ikertu beharra dago gaur egun existitzen diren produktu eta prozesuetan proteinen iturri berriak edo alternatibak sartzea, urekoak nahiz lurrekoak izan.

Elikakatea denez Nafarroako arlo estrategikoetako bat, beharrezkoa da I+Gko proiektu estrategikoak planteatzea elikadura pertsonalizatu, osasungarri eta jasangarri baterako erronka hauei aurre egiteko.

–5. erronka: IRIS II.–Adimen artifiziala eta robotika industriarako eta gizarterako.

“Adimen artifiziala” (AA) aplikatzen zaie portaera inteligentea adierazten duten sistemei, gai baitira beren ingurunea aztertzeko eta ekintzari ekiteko –nolabaiteko autonomiarekin–, helburu zehatzak lortze aldera.

Adimen artifizialean oinarritutako sistemak, besterik gabe, programa informatikoak izan daitezke (adibidez, ahots laguntzaileak, irudiak analizatzeko programak, bilatzaileak, ezagutze-sistemak), edo hardware gailuetan sartuta daudenak (adibidez, robot aurreratuak, auto autonomoak, droneak edo Gauzen Interneteko aplikazioak).

Adimen artifizialak lagun dezake gure gizarteak gainditu beharreko erronka nagusietako batzuk konpontzen: hasi gaixotasun kronikoen tratamendutik edo trafiko-istripuetako heriotza-tasa jaistetik, eta buka klima aldaketaren aurkako borrokarekin edo zibersegurtasunari egindako mehatxuen aurreikuspenarekin. Era berean, robotikak lan asko errazten ditu, bai industrian bai medikuntzan edo etxebizitzetan. Japoniakoa bezalako gizarte aurreratuetan, robotek eginkizun sozialagoa bereganatu dute, esaterako hezkuntzan edo konpainia-lanetan.

Europako industria digitalizatzeko estrategiak eta adimen artifizialaren estrategiak agerian utzi dute beharrezkoa dela adimen artifiziala eta robotika aurreratua industrian sartzea, lehiakortasunari eusteko. Industria Nafarroako barne produktu gordinaren % 31 da, eta estrategia hori bera Nafarroako Industria Planean eta Zientzia eta Teknologia Planean sartu zen, eta robotika eta adimen artifiziala teknologia gako gisa identifikatu ziren industria eraldatu eta 4.0 Industria bihurtzeko.

Hainbeste dira medikuntza pertsonalizatuaren bidez sortutako datuak, non adimen artifiziala beharrezkoa baita datuak aztertzeko.

Horrenbestez, Nafarroak parte-hartze aktiboa izan behar duenez teknologia horren bilakaeran, Nafarroako Gobernuarentzat funtsezkoa da I+G+b-ko proiektuak sustatzea, erantzun eginen baitiote gizarteak bai industrian bai gizartean adimen artifizialeko eta robotikako konponbideak izateko duen erronkari.

Ikerketarako eta Berrikuntzarako Europako Horizon 2020 esparruak informazioaren eta komunikazioen teknologien eta manufaktura aurreratuko proiektuetara bideratzen du gizartearen erronkei erantzuna emateko 5. lan programa. Zehazki, industria digitalizatzeko deialdietan jasotzen dira erronka honen helburuak. Europar Batasunak deialdi horietan planteatutako erronkei erantzuten dieten proposamenak dira, hain zuzen ere, deialdi honetan parte hartzera gonbidatuak daudenak.

Erronkan adimen artifizialeko edo mota guztietako robotikako proiektuen proposamenak sartzen dira, helburua izanik gerora industrian edo gizartean erabili ahal izatea.

–6. erronka: IDEA II.–Goraka ari diren ideia disruptibo aplikatuak.

Erronkaren xedea da Nafarroako Foru Komunitatean sortu eta goraka ari diren ideia disruptibo eta berritzaileetan oinarritutako ikerketa eta garapen proiektuak finantzatzea, gai baldin badira gizartea edo ekonomia eraldatzeko. Bereziki baloratuko dira gizartearen eta erakundeen aintzatespenak emandako berme objektiboa duten horiek, baldin eta espezializazio adimentsuaren estrategiaren arloren batean sartuak badaude.

Bilatzen diren ideiek xedetzat izan behar dute gizarteak gaur egun dituen arazoak eta erronka handiak lantzea eta horientzako konponbideak bilatzea, arlo hauetan: energia eta haren biltegiratzea, osasuna eta gaur egun sendabiderik ez duten gaixotasunek planteatzen dituzten erronkak, populazioaren zahartzea eta hazkundea, gure planetaren babesa, elikagaiak, garraio jasangarria, ekitatea eta bizi-baldintzak hobetzea, eta beste batzuk.

Halaber, asmoa da Nafarroako Sistemako I+G+b-an diharduten agenteen arteko lankidetzatik sortutako ideia horiek ere sustatzea, baldin eta ekonomia eta gizartea eraldatzeko gaitasuna badute. Proposamenak Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategian jasotako sektoreen barnean garatu beharko dira.

Gaur egungo konponbideak apurtuko dituzten ideiak bilatzen dira; konponbide erabat berriak planteatzen dituzten ideiak nahi dira, gure gizartea, ekonomia eta bizi-kalitatea hobetuko dutenak.

Nafarroak lider bihurtu nahi du I+G+b arloan, eta horregatik, Nafarroako Gobernuak uste du funtsezkoa dela I+G+b proiektuak sustatzea gizarteak eskura izan ditzan gure gizartea eta gure ekonomia eralda dezaketen Ideia Disruptibo Aplikatuak.

Ikerketarako eta Berrikuntzarako Europako Horizon 2020 esparruak goraka ari diren etorkizuneko teknologietara bideratzen du 2 ii) lan programa. Zehazki, aipatu programan sartutako deialdiek jasotzen dituzte erronka honen helburuak. Europar Batasunak deialdi horietan planteatutako erronkei erantzuten dieten proposamenak dira, hain zuzen ere, deialdi honetan parte hartzera gonbidatuak daudenak.

–7. erronka: SIBERIA II.–Bioteknologiako konponbide berritzaileak energiarako, osasun arloko erronketarako, industriarako eta nekazaritzako elikagaien industriarako.

Bioteknologiatzat jotzen da ezagutza-arlo bat zeinean, diziplina anitzetatik, organismoek edo horien zatiek erabiltzen dituzten teknikak eta teknologiak erabiltzen diren, bai eta horiekin bat egin dezaketen bestelako teknologiak eta diziplinak ere (Informatika, Ingeniaritza, Robotika, Nanozientziak, Materialen teknologiak eta abar), aukera emanez produktuak, prozesuak edo aplikazio berritzaileak hobetzeko edo garatzeko hainbat arlo sozialetan eta jarduera ekonomikoko sektoretan.

Bioteknologia gorria: osasun prozesuetan aplikatzen da, alor hauetan: antibiotikoak, botiken garapena, birsorkuntza-terapiak edo genetika medikoa.

Bioteknologia zuria: industria prozesuetan aplikatzen da, adibidez kimikoak edo inhibitzaile entzimatikoak sortzeko, ehungintzan, eta material berrien sorreran (esaterako plastiko biodegradagarriak edo bioerregaiak).

Bioteknologia berdea: nekazaritzako prozesuei aplikatzen zaie, aplikazio hauekin: landareen dibertsitatea eta propietateak handitzea, hondakinen balorizazioa edo espezieen hautaketa.

Bioteknologia urdina: itsas eta ur inguruneetan egiten diren aplikazioak dira; barnean sartzen dira akuikultura, kosmetika edo animalien osasuna bezalako esparruak.

Erronka honetan sartzen dira teknika molekularrak sortu, garatu eta erabiltzera bideratutako proiektuak, xedetzat dutenak organismoak edo beren produktuak eskuratzea orientazio aplikatuarekin, industria arloko ikerketa eta ustiapenerako konponbideak garatzea sustatuz. Lau arlo handi hauetako proiektuak hartzen dira aintzat:

1. Birusen ingeniaritza genetikoa, mikroorganismoena, landareena, animaliena, ehunena edo zelulen kultiboena, molekula erabilgarriak sortzeko.

2. Gaur egun existitzen diren zirkuitu genetikoen aldaketa edo zirkuitu berriak ezartzea organismo bizidunetan, hobetutako propietateak emanez.

3. Translazio-ikerketa organismo bizidunengandik eskuratutako molekulak erabiliz (adibidez, proteinak, azido nukleikoak eta abar), industria prozesuetan edo diagnostiko molekularren prozesuetan aplikatuz; eta,

4. Tresnak sortzea datu masiboak lortu eta aztertzeko (“tresna omikoak”).

Horrela, lau arlo horien barnean, mota hauetako proiektuak sartzen dira:

–Bioprozesamenduko, biokatalisiko eta hartzidurako teknologiak erabiltzea eta garatzea.

–Konposatu biologikoak identifikatzea eta garatzea biomaterialak eta bioplastikoak ekoizteko.

–Zirkuitu genetiko gakoak aztertzea eta aldatzea nekazaritzaren, osasunaren eta elikaduraren arloan eta industria-ekoizpenean aplikatzeko.

–Zirkuitu genetiko berriak sortzea Biologia Sintetikoaren bidez.

–Prozesu metabolikoen ingeniaritza genetikoa.

–Informazio “omikoa” sortzea eta erabiltzea, arlo hauetako proiektuetan erabili ahal izateko: nekazaritza hobetzea, elikagaien trazabilitatea, biodibertsitatea aztertzea, agente detoxifikatzaile berriak bilatzea, hobetutako entzimen eskuragarritasuna, gaixotasunen detekzio goiztiarra, botikak ematea eta terapia genikorako bektoreak ekoizteko estrategia berriak.

–Tresna bioinformatikoak sortzea informazio “omikoak” prozesu biologikoekin lotzeko, prozesu horien azpian dauden sare erregulatzaileak identifikatu eta deskribatze aldera.

–Entzimak identifikatzea, ezaugarritzea eta hobetzea, industria prozesuetarako, diagnostikoko prozesuetarako edo maila handiko baheketetarako.

–Biomolekulei eta makromolekulei buruzko informazioa sortzera edo dagoeneko existitzen dena aplikatzera bideratutako proiektuak, gaitasun eta sentsibilitate analitikoa hobetuko duten sentsoreak garatzeko.

Nafarroarentzat bioteknologia teknologia gakoa da Zientzia eta Teknologia Planean jasotako espezializazio adimentsuaren lau alorretarako, horietan duen aplikagarritasunagatik eta interesagatik. Bere ekonomian duen garrantzia dela-eta, Nafarroak parte hartze aktiboa izan behar du teknologia horren bilakaeran, eta horregatik, Nafarroako Gobernuarentzat funtsezkoa da I+G+b proiektuak bultzatzea, gizarteak eskura izan ditzan Bioteknologiako Konponbide Berritzaileak energiarako, osasun arloko erronketarako, industriarako eta nekazaritzako elikagaien industriarako.

Ikerketarako eta Berrikuntzarako Europako Horizon 2020 esparruak nanoteknologiako, material aurreratuetako, bioteknologiako eta manufaktura aurreratuko proiektuetara bideratzen du gizartearen erronkei erantzuna emateko 5 ii) lan programa. Zehazki, bioteknologiako deialdietan jasotzen dira erronka honen helburuak. Europar Batasunak deialdi horietan planteatutako erronkei erantzuten dieten proposamenak dira, hain zuzen ere, deialdi honetan parte hartzera gonbidatuak daudenak.

2. oinarria.–Entitate onuradunak.

1. Ikerketa eta ezagutzaren zabalkundeko enpresak eta erakundeak izan daitezke onuradun, baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Lantokia Nafarroan izatea eta bertan egitea diruz laguntzen diren jarduerak.

b) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekurik ez urratzea.

Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela frogatzeko, dirulaguntza eskatzeak berekin dakar departamentu honi baimena ematea inguruabar hori ziurtatzen duten datuak kontsultatzeko, dirulaguntza ebazten duen proposamena egiten den unean.

c) Inolako administrazio-zehapen irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen ez egotea sexu- edo genero-diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

d) Enpresen kasuan: Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egon beharko dute, hala behar denean, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluarekin bat. Foru agindu haren bidez, Nafarroako Industria Erregistroa sortu zen.

e) Ikerketa eta ezagutzaren zabalkundeko erakundeen kasuan: erakunde horiek jarduera ekonomikoak eta ez-ekonomikoak egiten badituzte, bi jarduera motak eta haien kostuak eta finantzaketa argi bereizteko modua ematen duen kontabilitatea izan beharko dute.

Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 83) apartatuan ezarrita dago “ikerketa eta ezagutzaren zabalkundeko erakundearen” definizioa; erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria bateragarritzat jo ziren barne merkatuarekin, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz (hemendik aurrera, 651/2014 (EB) Erregelamendua).

2. 4. erronkan ere onuradun gisa parte hartzen ahalko dute Lehentasunezko Elkarteek, ekainaren 27ko 550/2014 Errege Dekretuan definitu bezala. Foru dekretu horren bidez, Lehentasunezko Elkarteak aitortzeko baldintzak eta prozedura garatu ziren, bai eta horiek Lehentasunezko Elkarteen Erregistro Nazionalean inskribatu eta erregistrotik baja ematekoak ere –abuztuaren 2ko 13/2013 Legean, nekazaritzako elikagaien arloko kooperatiben eta beste elkarte batzuen integrazioa sustatzekoan, sortutako erregistroa, hain zuzen–. (2014ko 173. Estatuko Aldizkari Ofiziala, uztailaren 17koa).

3. Laguntzen eskabide telematikoan dagoen erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztuko da baldintza guztiak betetzen direla frogatzeko, eta hari eutsi beharko zaio proiektua justifikatzeko aldiaren amaierako eguna arte.

3. oinarria.–Proiektu estrategikoen ezaugarriak.

1. “Industria ikerketako” eta “garapen esperimentaleko” proiektuak izanen dira laguntza hauen xede, 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 85) eta 86) apartatuetako definizioaren arabera.

Proiektu horiek Nafarroarako estrategikoak direla ulertuko da, erantzuten dietelako Nafarroako espezializazio adimentsuaren estrategiako (S3) sektoreei dagokienez gako diren erronkei.

2. Zenbait enpresaren artean egindakoak izanen dira proiektu estrategikoak, eta, gutxienez ere, Nafarroako ikerketa eta ezagutzaren zabalkundeko erakunde batek parte hartu beharko du. Nafarroatik kanpoko ikerketako erakunde batek parte hartzen badu, zerbitzuen kontratazioaren bidez eginen da hori.

Gainera, proiektu estrategikoek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Proiektuaren gutxieneko aurrekontua 1.000.000 eurokoa izanen da.

b) Alderdien arteko benetako elkarlana ekarriko du proiektuak, 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 90) apartatuko definizioaren arabera.

c) Ikerketako erakundeek beren gain hartuko dute diruz laguntzen ahal diren kostuen % 20 gutxienez, eta beren ikerketaren emaitzak argitaratzeko eskubidea izanen dute.

d) Jarduera ez-ekonomikoak izanen dira ikerketako erakundeek egiten dituzten jarduerak, ikerketa, garapen eta berrikuntzarako Estatuko laguntzei buruzko esparruaren (2014/C 198/01) 2.1.1 atalean ezarritako moduan.

3. Partzuergoan gutxienez 3 enpresak hartuko dute parte, erronka hauetan aurkeztutako proiektuen kasuan: 1. erronka (VOLTA, 0 isurketako ibilgailuak, irismen luzekoak eta teknologia aurreratukoak), 4. erronka (ALPES, Elikadura pertsonalizatua eta jasangarria), 5. erronka (IRIS, Adimen artifiziala eta robotika industriarako eta gizarterako) eta 7. erronka (SIBERIA, Bioteknologiako konponbide berritzaileak energiarako, osasun arloko erronketarako, industriarako eta nekazaritzako elikagaien industriarako). Gainera, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Enpresen parte-hartzeen portzentajeak gehituta proiektuaren guztirako aurrekontuaren % 60 baino handiagoa izanen da.

b) Parte hartzen duen enpresetako batek eramanen ditu proiektuaren koordinazioa eta lidergoa.

4. 3. erronkan (GEMA, Genomika eta medikuntza aurreratua) aurkeztutako proiektuen kasuan, partzuergoan gutxienez Nafarroako enpresa batek eta ospitale edo klinika batek hartuko dute parte.

5. 6. erronkan (IDEA, Goraka ari diren ideia disruptibo aplikatuak) eta 2. erronkan (AERO, Energia berriztagarrien biltegiratzea, erabilera optimizatzeko) aurkeztutako proiektuen kasuan, enpresa batek gutxienez hartuko du parte.

6. Laguntza eskaera bakoitzak 1. oinarriko erronka bakar bati eginen dio aipamena.

4. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.

1. Zein diren laguntzen entitate onuradunak, honako gastuek jasotzen ahalko dute dirulaguntza:

1.1. Hurrengo 1.2 atalean sartzen ez diren ikerketa eta ezagutzaren zabalkundeko erakunde eta enpresentzat:

a) Zuzenean proiektuan aritzen diren langileen gastuak (ikertzaileak, teknikariak eta gainerako laguntzaileak), horretan aritzen diren neurrian eta denbora horretan. Gehienez ere 40 euroko dirulaguntza emanen da ordu bakoitzeko.

b) Proiektuan erabilitako materialen gastuak: lehengaiak eta beste hornigai batzuk. Material horiek beste jarduera batzuetan ere erabiltzeko eskuratuz gero, banaketa irizpide bat beharko da, behar bezala justifikatua, proiektuaren jardueretan erabilitako kopuruaren araberakoa.

c) Ekipamendu, patente eta eredu erabilgarrien amortizazio gastuak, ondareko elementu horiek proiektuan erabiltzen diren neurrian eta denbora horretan. Gastu horiei dagokienez, honakoa hartu beharko da aintzat:

1.–Eskuratzen diren ekipamendu, patente eta eredu erabilgarrien amortizazio gastuek beste dirulaguntza edo laguntza publikoren bat izan badute, ez dute dirulaguntza hau jasoko.

2.–Proiektua gauzatzeko beharrezko ekipamendua finantzatuko da, baina ez erabilera orokorreko gailu informatikoak (PCa, ordenagailu eramangarriak, inprimagailuak...).

3.–Ondare-elementu horiek proiektua gauzatzen denean sortzen dituzten gastuak ere diruz lagunduko dira, baldin eta errentamendu finantzarioaren edo operatiboaren eta antzekoen modalitateetan erabiltzen badira, bazter utzita interesei dagokien kuotaren zatia.

4.–Laguntza hauen ondorioetarako, taulen araberako amortizazioa aplikatuko da, sozietateen gaineko zergaren erregelamenduko (abenduaren 20ko 114/2017 Foru Dekretuak onetsia) 3. artikuluan adierazitako koefiziente eta aldien arabera.

d) Kanpoko kolaborazioen gastuak, izan unibertsitateenak, zentro teknologikoenak edo proiektuari lotutako I+G lanak eta ezagutza teknikoen ekarpenak egiten dituzten beste enpresa batzuenak.

Kanpoko laguntza ematen duena, hots, ikerketa eta ezagutzaren zabalkundeko erakundea, ikerketarako erakunde publiko bat, unibertsitate publiko bat, zuzenbide publikoko entitate bat edo I+Gko bestelako erakunde publiko bat baldin bada, diruz lagungarriak izanen dira, bakar-bakarrik, erakunde horrek zerbitzua emateko izan dituen kostuak, oinarri honen 1.2 atalean ezarritakoaren arabera zehaztuak.

e) Eskualdeko, estatuko edo Europako azpiegitura zientifiko eta tekniko bereziak erabiltzearen ondoriozko gastuak.

f) Proiektuak sortutako patenteak eskatzeko gastuak. Gastu horrek ez du dirulaguntzarik izanen enpresa handientzat.

g) Proiektuarekin zuzeneko lotura duten beste gastu batzuk, hura gauzatzean benetan aplikatuak, baldin eta zehazten ahal bada proiektu horretan berariaz erabili direla eta banan-banan horri esleitzen ahal bazaizkio.

1.2. Ikerketako erakunde publikoak, unibertsitate publikoak, zuzenbide publikoko entitateak eta I+Gko bestelako erakunde publiko batzuk baldin badira kanpoko laguntza ematen duten erakundeak, hots, ikerketa eta ezagutzaren zabalkundeko erakundeak:

1.1 atalean adierazitako gastuak diruz lagunduko dira, salbu a) letrako langileria gastuak, baina gastu horiek proiektuaren aurrekontuan sartu beharko dira nahitaez, zenbatekoaren eta parte-hartzearen baldintzei dagokienez zenbatu daitezen.

Proiektua gauzatzeko egiten den langileriaren kontratazioak dirulaguntza izanen du.

Halaber, 3. erronkako proiektuetarako, diruz lagungarriak izanen dira Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileek proiektuan ematen duten denbora areagotzearen ondoriozko gastuak, Osasun Departamentuak urteko deialdien bidez arautzen duenaren arabera.

1.3. Ikerketa eta ezagutzaren zabalkundeko erakundeek zeharkako kostu gisa egozten ahalko dute zuzeneko kostuen % 25 arte. Proiektuak gauzatzean egin diren zeharkako kostu horiek eragiketa gauzatzeari egozten ahal zaizkion kostu errealetan oinarrituko dira, oro har onartuta dauden kontabilitateko printzipio eta arauekin bat, edo antzeko eragiketei egozten ahal zaizkien batez besteko kostu errealetan.

2. I+G proiektuaren ondorioz fabrikatutako prototipoen kasuan, produkzio jardueran erabiltzen badira edo merkaturatzen badira, haiek fabrikatzean erabilitako materialen kostua ez da diruz lagungarriak diren gastuetan sartuko.

Sortzen diren azpiproduktu, hondakin eta berreskuratze materialen salmentagatik edo produkzioan aprobetxatzeagatik lortutako diru-sarrerak ere proiektuaren gastuetatik kenduko dira.

3. Ekipamenduko ondasunengatiko edo zerbitzuak emateagatiko gastu diruz lagungarrietakoren bat 12.000 eurotik gorakoa denean (BEZa kanpo), onuradunak “Hornitzailea hautatzeko justifikazioa” izeneko inprimakia bete beharko du, egiaztatua izan dadin efizientziaren eta ekonomiaren irizpideak baliatuz egin dela hautaketa. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztu beharko dira, eta hautatzen den eskaintza justifikatuko da.

Onuradunak ez dira beharturik egonen hiru eskaintza aurkeztera, baldin eta dirulaguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo zerbitzu-emaile ez badaude. Edonola ere, hori justifikatu egin beharko da aipatutako inprimakian.

Gastua laguntzaren eskatzailearekin lotutako enpresa batekin egiten bada, 12.2 oinarrian (eta ez honetan) ezarritako moduan eginen da justifikazioa.

5. oinarria.–Proiektuaren eragin pizgarria eta hura gauzatzeko epea.

1. 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 6. artikuluan xedatutakoari jarraituz, laguntza horiek ondorio pizgarria izan behar dute; hortaz, ezin izanen dira diruz laguntzen diren jarduerak abiatu eskaera aurkeztu baino lehen. Edonola ere, bideragarritasunari buruzko azterlanak egiten ahalko dituzte, baina ez dira laguntzen eskaeran sartuko, ez baitira diruz lagungarriak.

Horrenbestez, laguntzak eskatu aurretik hasitako proiektuek ez dute dirulaguntzarik izanen.

2. Proiektuak gauzatzeko epea hau izanen da:

–Hasierako eguna: laguntza eskaera aurkeztu ondoren.

–Amaiera: 2022ko azaroaren 30era arte.

Ondorio horietarako, proiektua deskribatzen duen memoria teknikoan eskatzaileek adierazitakoa izanen da “hasierako eguna”.

6. oinarria.–Laguntzen intentsitatea eta haien gehieneko zenbatekoa.

Laguntzak kudeatzen dituen organoak proiektua ebaluatu ondoren diruz lagungarritzat jotzen diren gastuei aplikatuko zaien laguntza intentsitatea honako hau izanen da entitate onuraduna nolakoa den:

a) Enpresen kasuan, laguntzen intentsitatea hau izanen da, tamainaren arabera:

PROIEKTUAREN KALIFIKAZIOA

LAGUNTZAREN INTENTSITATEA

Txikia

Ertaina

Handia

Industria ikerketa

% 65

% 50

% 35

Garapen esperimentala

% 45

% 35

% 25

Gainera, Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroarekin (CDTI) batera kofinantzatutako proiektuen kasuan, intentsitate hauek izanen dira:

Txikia

Ertaina

Handia

CDTI Zentroarekin batera kofinantzatutako proiektua

% 20

% 15

% 10

Ez dira inoiz gaindituko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako laguntzen gehieneko zenbatekoak.

b) Ikerketako eta ezagutzen zabalkundeko erakundeen kasuan, dirulaguntza % 100ekoa izan daiteke jarduera ez-ekonomikoak badira, betiere ikerketa, garapen eta berrikuntzarako Estatuko laguntzei buruzko esparruaren (2014/C 198/01) 2.1.1 ataleko definizioaren arabera.

Erakundearen kontabilitateak ez badu uzten jarduera ekonomikoak eta ez-ekonomikoak bereizten, laguntzaren gehieneko intentsitatea izanen da a) ataleko koadroan enpresetarako zehaztutakoa.

7. oinarria.–Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

1. Eskaerak aurkezteko epea 30 egun baliodunekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa).

Eskaeran adierazi beharko da jakinarazpenak bide telematikoak erabiliz jaso nahi direla, eta, horretarako, gaitutako helbide elektronikoa (GHE) eduki beharko da, zeina 18. oinarrian ezarritako moduan lortzen ahal den.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak, eta telematikoki eta aipatutako fitxaren bitartez aurkezten ez direnak. Horrenbestez, aurkeztutzat jotzen ez direnez, eskabide horiek ezin izanen dira zuzendu.

3. Honako hau da aurkeztu beharreko dokumentazioa, laguntzen fitxan eskura dauden ereduen araberakoa:

a) Eskabide telematikoa, 2.3 oinarrian aipatu den erantzukizunpeko adierazpena barne duela.

b) Inprimakia, proiektuaren eta laguntza eskatzen duenaren datuekin.

c) Proiektua deskribatzen duen memoria teknikoa.

d) Proiektua zabaltzeko eta sustatzeko plana.

e) Lankidetza akordioa edo konpromisoen agiria, proiektuan parte hartzen dutenek sinatua.

f) ETE-en kasuan, azken hiru ekitaldietan itxitako kontuak, oinarri honen 4. apartatuan ezarritakoaren ondorioetarako.

g) 3. erronkan (GEMA, Genomika eta medikuntza aurreratua) parte hartzen duten erakundeen kasuan, ikertzaile nagusia zein zentrotakoa den, bertako Ikerketaren Etika Batzordeak luzatutako txostena. Zentroan Ikerketaren Etika Batzorderik ez badago, Nafarroako Foru Komunitateko Botikekiko Ikerketaren Batzorde Etikoak eginen du ebaluazioa. Laguntza eskatzeko unean, Batzordeari txostena eskatu izanaren kopia erantsiko da, eta baimena aurkeztu beharko da 14.1.a) oinarrian adierazitako tarteko lehen txostenarekin batera.

Proiektua koordinatzen duenak aurkeztuko du memoria tekniko deskribatzailea (bakarra izanen da), lankidetza hitzarmena edo konpromisoen agiria eta proiektua zabaltzeko eta sustatzeko plana.

4. Enpresa txiki eta ertainek azken 3 ekitaldietan itxitako kontuak erantsi beharko dizkiote eskabideari; orobat, langileen kopurua, bai eskatzailearena, bai hari elkartutako eta lotutako enpresena, enpresaren tamaina egiaztatu ahal izateko. Bestela, 6. oinarrian enpresa handientzat adierazitakoa izanen da emanen zaien laguntzaren intentsitatea.

5. Aurkeztutako dokumentazioak betebehar horiek betetzen ez baditu, laguntzen organo kudeatzaileak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

8. oinarria.–Norgehiagoka.

Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasuna ezartzeko erronka bakoitzeko, 10. oinarrian ezarritako balorazio irizpideekin bat.

Emanen diren laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, hurrenkera bakoitzean balorazio handiena eskuratu duten eskaerei aplikatuko zaie 6. oinarrian ezarritako laguntzaren intentsitatea, deialdirako aurrekontuan erronka bakoitzerako erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.

Baldin, behin erronka bateko eskaera guztiei erantzunda, erronka horretarako baimendutako kreditu soberakinik gelditzen bada, gainerako erronketako proiektuen dirulaguntzetarako erabil daiteke, 10. oinarrian lortutako balorazio hurrenkeraren arabera.

9. oinarria.–Proiektu estrategikoen balorazioa.

1. Proiektu estrategikoak baloratzeko ardura duen kide anitzeko organoa, oinarri hauetan ezarritako irizpideekin bat, honela osatuko da:

a) Burua: S3 Proiektu Estrategikoen Zerbitzuaren zuzendaria.

b) Kideak:

–Jabetza Industrialaren, Patenteen eta Kalifikazio Fiskalen Ataleko burua.

–Enpresa Berrikuntzaren Ataleko burua.

–S3 Proiektu Estrategikoen Zerbitzuko bi teknikari.

c) Jabetza Industrialaren, Patenteen eta Kalifikazio Fiskalen Ataleko burua kide-idazkaria izanen da.

2. Organo horrek eska dezake aditu independenteen lankidetza, aholkularitza jasotzeko, aurkeztutako eskaerak ebaluatzeko.

Halaber, entitate interesdunei eskatzen ahal die proiektuak ebaluatzeko egoki iruditzen zaizkion agiri eta informazio guztiak.

3. Ebaluazio organoko bi pertsonak baloratuko dute proiektu bakoitza. Bi noten batezbesteko aritmetikoa izanen da proiektu bakoitzari ematen zaion azkeneko nota.

Ulertuko da bi noten artean desadostasuna dagoela baldin bien arteko desberdintasuna 10 puntutik gorakoa bada. Kasu horietan, aurrekoetako bat ez den ebaluatzaile batek hirugarren ebaluazio bat eginen du, eta hiru noten arteko batezbesteko aritmetikoa izanen da proiektuari ematen zaion azkeneko nota.

4. Kide anitzeko organo horren irizpena loteslea izanen da laguntzak kudeatzen dituen organoarentzat. Ebaluazioa ikusirik, organo horrek ebazpen proposamena aurkeztuko du.

10. oinarria.–Balorazio irizpideak.

1. Organo ebaluatzaileak irizpide hauei jarraikiz baloratuko ditu proiektu estrategikoak:

BALORAZIO IRIZPIDEAK

GEHIENEKO PUNTUAZIOA

GUTXIENEKO PUNTUAZIOA

a) Erronka bakoitzerako irizpide berariazkoak

50

25

b) Partzuergoaren osaera

12

7

c) Memoriaren kalitatea eta aurrekontuaren justifikazioa

15

8

d) Proiektua zabaltzeko eta sustatzeko plana

5

3

e) ETEaren parte-hartzea proiektuan

5

-

f) Ikerketa taldeko doktoreak

5

-

g) Emakumeen parte-hartzea ikerketa taldean

5

-

h) Eragileak koordinatzen dituen entitate batek parte hartzea proiektuan

3

-

GUZTIRA

100

a) Erronka bakoitzerako irizpide berariazkoak: erronka bakoitzerako II. eranskinean ezarritakoak.

b) Partzuergoaren osaera: Honako hauek baloratuko dira:

–Lantaldearen profil profesionala. Bestelako I+G proiektuetan izandako esperientzia. 4 puntu gehienez.

–Partzuergoak proiektuari heltzeko dituen baliabide materialak eta instalazioak, zehaztuz zer neurritan diren egokiak jarduerak gauzatzeko. 4 puntu gehienez ere.

–Erakunde bakoitzak proiektuan duen eginkizuna eta horien arteko osagarritasuna. 4 puntu gehienez ere.

c) Memoriaren kalitatea eta aurrekontuaren justifikazioa:

–Memoriaren kalitatea: argitasuna, helburuen deskribapena eta metodologia (helburuak lortzeko planifikatutako ekintzak); eginkizunen definizioa, gauzatzearen kronograma, baliabideen esleipena.

–Proposamena gauzatzeko aurrekontuaren justifikazioa giza baliabideei eta baliabide materialei dagokienez, dedikazioaren eta kostuaren ikuspegitik. Gastuaren beharra eta proiektuko partiden zenbatespena. Egotzitako gastu bakoitza deskribatu beharko da eta haien zerikusia proiektuaren jarduerekin; langileen zeregin teknikoak; kostuaren banaketa eta materialen kopurua; kanpoko lankideen parte-hartzea.

d) Proiektua zabaltzeko eta sustatzeko plana. Honako hauek baloratuko dira:

–Planaren kalitatea: azalpen argiak, lanen definizioa, horiek gauzatzeko kronograma, giza baliabideen eta materialen esleipena. 2 puntu gehienez.

–Proiektua aurkezteko ekitaldi publikoak. Puntu bat gehienez.

–Komunikabideetan eta sare sozialetan agertzea. Puntu bat gehienez.

–Nafarroako ikus-entzunezkoen sektoreko industriarekin eta Nafarroako ikus-entzunezkoen klusterrarekin (CLAVNA) izandako lankidetza. Puntu bat gehienez.

e) ETEaren parte-hartzea proiektuan: ETE batek parte hartzea nahitaezkoa denean, esaterako 1. erronkan (VOLTA, 0 isurketako ibilgailuak, irismen luzekoak eta teknologikoa aurreratukoak), 4. erronkan (ALPES, elikadura pertsonalizatua eta jasangarria), 5. erronkan (IRIS, Adimen artifiziala eta robotika industriarako eta gizarterako) eta 7. erronkan (SIBERIA, Bioteknologiako konponbide berritzaileak energiarako, osasun arloko erronketarako, industriarako eta nekazaritzako elikagaien industriarako) beste ETE batek ere parte hartzea baloratuko da.

f) Ikerketa taldean doktoreek parte hartzea honela baloratuko da:

DOKTORE KOP.

PUNTUAZIO GEHIGARRIA

1

1

2

2

3

3

4

4

5 edo +

5

g) Emakumeek ikertzaile taldean duten parte-hartzea baloratzeko, proiektuko ordu guztiekin alderatuta, emakumeek sartutako orduen portzentajea hartuko da kontuan, honako tarte hauen arabera:

EMAKUMEEN ORDUEN % / PROIEKTUKO ORDU GUZTIAK

PUNTUAZIO GEHIGARRIA

≥ 25 eta < 50

1

≥ 50 eta < 75

3

≥ 75

5

h) 3 punturekin baloratuko da Nafarroako I+G+b Sistema (SINAI) gauzatzeko eragileak koordinatzen dituen entitate batek proiektuan parte hartzea, baldin eta entitateak betetzen baditu Zientziari eta Teknologiari buruzko ekainaren 27ko 15/2018 Foru Legearen 7.2 artikuluan eskatutako baldintzak.

2. a), b), c) eta d) ataletan gutxieneko puntuazioa lortzen ez duen proiektua ez da beste ataletan baloratuko, eta eskaera baztertuko da.

3. Proiektuei esleitzen zaien puntuazioan berdinduz gero, a) atalean lortutako puntuazioa kontuan hartuta erabakiko da. Berdinketak jarraituz gero, b) atalean lortutakoa hartuko da kontuan, eta horrela hurrenez hurren, berdinketa desegin arte.

11. oinarria.–Laguntzak ematea.

1. S3 Proiektu Estrategikoen Zerbitzuak, laguntzak kudeatzen dituen organoa baita, organo eskudunari igorriko dio ebazpen proposamena. Bertan adieraziko da entitate onuradunek dirulaguntza kobratzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

Ebazpen proposamenak ondokoa edukiko du, gutxienez:

a) Entitate onuradunen zerrenda, erronka bakoitzekoa, lortzen duten puntuazioaren arabera ordenatuta, eta haietako bakoitzaren proiektuaren titulua eta laguntzaren zenbatekoa adierazita, azken hori laguntza ordaindu behar den hiru urtekotan banatuta.

b) Ezetsi beharreko eskaeren zerrenda, arrazoiak emanda. Haien artean, aurrekontuko baliabideen mugengatik baztertu direnak agertu beharko dira.

2. Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia da organo eskuduna dirulaguntza nori eman ebazteko. Ebazpena gehienez hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, telematika bidez, eskatzaileen helbide elektroniko gaituan, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Berariazko edo presuntziozko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

3. Baldin, behin erronka bateko eskaera guztiei erantzunda, erronka horretarako baimendutako kreditu soberakinik gelditzen bada, gainerako erronketako proiektuen dirulaguntzetarako erabil daiteke, 10. oinarrian lortutako balorazio hurrenkeraren arabera.

4. Laguntzei uko egin edo haiek kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuz gero, laguntza ematen ahalko zaie kreditu eskasiagatik baztertuta gelditu diren eskaerei, betiere behar adinako diru-izendapena dagoenean. Kasu horretan, deialdiaren ebazpenean ezarritako puntuazio ordenari jarraituko zaio. Kontzesio horiek noiz egiten diren kontuan hartuta, egindako proiektua gauzatu eta justifikatzeko epe berriak finkatuko dira. Bukaerako gauzatze eta justifikazio epeek ezin izanen dituzte inola ere gainditu 5. eta 14.1 f) oinarrietan adierazitako gehieneko epeak, hurrenez hurren.

12. oinarria.–Azpikontratazioa eta lotutako enpresekiko harremana.

1. Dirulaguntzaren xedeko gastuaren zenbatekoaren % 50era arteko azpikontratazioa egin daiteke. Ondorio horietarako, ulertuko da azpikontratazioa egiten dela onuradun batek hirugarrenekin hitzartzen duenean diruz lagundutako jardueraren zati bat gauzatzea, nahiz eta berez egin ditzakeen jarduerak izan, horretarako baliabideak dituelako.

Azpikontratazioa 60.000 eurotik gorakoa eta emandako dirulaguntzaren % 20tik gorakoa denean, kontratua idatzita egin beharko da, eta frogagiriekin batera aurkeztu.

Lankidetza proiektu bateko aldeek ezin izanen dituzte inoiz beren artean azpikontratatu proiektuaren jarduerak.

2. Onuradunak diruz lagundutako jardueraren gauzatze partziala kontratatu edo azpikontratatzen ahalko du lotutako enpresekin, inguruabar hauek gertatuz gero:

a) Gastu diruz lagungarriak izatea, 4. oinarrian zehaztuak.

b) Laguntzen eskaeran jasotzea eta laguntza ematen duen organoak baimentzea gastu hori dirulaguntzaren xedetzat jotzea laguntza ematen duen ebazpenean.

c) Gastuak justifikatzea, onuradunaren eta hari lotutako enpresaren arteko faktura eta ordainagiria aurkeztuta. Gainera, fakturaren kontzeptuei heltzen dieten agiriak aurkeztuko dira, onuradunak zuzenean justifikatuko lituzkeen moduan (esaterako, langileria kostuak justifikatzen dituzten nominak, hirugarren baten faktura materialetarako, etab.).

d) Ez da onartuko kostuak gainetik egoztea industria mozkina aplikatzeagatik edo beste arrazoi batzuengatik.

Atal honetan xedatutakoaren ondorioetarako, “lotutako enpresa” izanen dira Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamenduaren 68.2 artikuluan ezarritako loturaren bat dutenak (erregelamendua uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).

13. oinarria.–Aldaketak diruz lagundutako proiektuan.

1. Laguntza emateko ebazpenean ezartzen den epean eta moduan gauzatu behar dira proiektu estrategikoak. Nolanahi ere, laguntza emateko orduan kontuan hartutako funtsezko baldintza teknikoak edo ekonomikoak aldatzen dituzten inguruabarrak gertatzen direnean, baimena eskatu beharko zaio organo kudeatzaileari aldaketa egin aurretik.

Ez da inoiz aldaketa bat baino gehiago onartuko onuradun eta gauzatzeko urte bakoitzeko.

2. Hauek dira baimendu daitezkeen aldaketak:

a) Laguntza emateko ebazpenean diruz laguntzen diren kontzeptuak: laguntza-eskaeran adierazitako zehaztasun berberarekin adierazi beharko dira egin beharreko aldaketak.

Ez da beharrezkoa izanen aldez aurreko baimena eskatzea diruz laguntzen diren gastuen % 10 gainditzen ez duten igoeren kasuan, baldin eta beste batzuk jaitsiz konpentsatzen badira, laguntzaren guztirako zenbatekoa aldatu gabe. Igoera horiek behar bezala arrazoitu beharko dira frogagirietan.

b) Ikerketa taldearen osaera, baldin aldaketak berekin badakar 10.1.f) eta g) oinarrietako irizpideen arabera lortutako puntuazio gehigarria jaistea (doktoreen eta emakumeen kopuruak ekarritako puntuazioa).

c) Partzuergoaren osaera, baldin parte-hartzaile batek proiektua uzten badu eta beste batek ordezten badu; horrek derrigorrez bete beharko ditu laguntzen onuradun izateko eskatzen diren betebehar guztiak.

d) Proiektua gauzatzeko aldia; luzapena eska daiteke, baina asko jota 2022ko azaroaren 30era arte.

3. Aldaketa egin aurretik eskatu beharko da baimena, laguntzen fitxaren bidez, egoki den urtekoa bukatu baino bi hilabete lehenago gutxienez.

4. Proiektua koordinatzen duenak eginen du eskaera, eta aldaketek partaide guztiengan izanen dute eragina.

14. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketa justifikatzeko epea eta modua.

1. Onuradunek ondoren azaltzen diren epeetan justifikatu beharko dute diruz lagundutako jarduketa. Hala, telematika bidez aurkeztu behar dituzte beti, laguntzen fitxaren bidez, eta fitxa horretan eskura dagoen ereduari jarraituz, honako agiri hauek:

a) 2020ko urriaren 30era arte (hori barne):

Tarteko lehen txostena, proiektuaren helburu teknikoak zenbateraino betetzen diren zehazteko, onuradunak ordura arte egindako gastuaren erantzukizunpeko adierazpena gehituta. Ondorio horietarako, egindako gastutzat ulertzen da onuradunak egin duena proiektua gauzatzeko, nahiz eta oraindik ordaindu ez.

3. erronkan parte hartze duten erakunde ikertzaileek 7.3.g) oinarrian adierazitako Etika Batzordearen baimena aurkeztu beharko dute tarteko lehen txostenarekin batera.

b) 2021eko martxoaren 31ra arte (hori barne):

Lehenengo justifikazio partziala: dokumentazio tekniko ekonomikoa, 2020an egin eta 2021eko martxoaren 31ra arte ordaindutako gastua jasoko duena (hori barne).

c) 2021eko urriaren 30era arte (hori barne):

Tarteko bigarren txostena, proiektuaren helburu teknikoak zenbateraino betetzen diren zehazteko, onuradunak 2021ean eta egun hori arte egindako gastuaren erantzukizunpeko adierazpena gehituta. Ondorio horietarako, egindako gastutzat ulertzen da onuradunak egin duena proiektua gauzatzeko, nahiz eta oraindik ordaindu ez.

d) 2022ko martxoaren 31ra arte (hori barne):

Bigarren justifikazio partziala: dokumentazio tekniko ekonomikoa, 2021ean egin eta 2022ko martxoaren 31ra arte ordaindutako gastua jasoko duena (hori barne).

e) 2022ko urriaren 9ra arte (hori barne):

Tarteko hirugarren txostena, proiektuaren helburu teknikoak zenbateraino betetzen diren zehazteko, onuradunak 2022an eta proiektua bukatu arte (beranduenez azaroaren 30a) egindako gastuaren erantzukizunpeko adierazpena gehituta. Ondorio horietarako, egindako gastutzat ulertzen da onuradunak egin duena proiektua gauzatzeko, nahiz eta oraindik ordaindu ez.

f) 2023ko martxoaren 31ra arte (hori barne):

Azken justifikazioa: dokumentazio tekniko ekonomikoa, proiektua bukatu arte (beranduenez azaroaren 30a) egin eta 2023ko martxoaren 31ra arte ordaindutako gastua jasoko duena (hori barne).

Azken justifikazioarekin batera, 17. oinarriko lehenbiziko ataleko a) eta b) letretako dokumentazioa aurkeztuko da.

2. % 100eko laguntza eskuratzen duten ikerketa eta ezagutzaren zabalkundeko erakundeek, justifikazio partzialarekin eta azkenekoarekin batera, frogagiri guztiak eta justifikazio kontu bat ere aurkeztu beharko dute, auditorearen txostena gehituta, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 17ko 136/2013 Foru Aginduan (2013ko 89. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 13koa) xedatutakoarekin bat, diruz laguntzen ahal diren gastuak xehakatuta eta, zein den kasua, proiektuari egozten ahal zaizkion diru-sarrerak.

Auditatzen duenak egiaztatuko du erakundearen jarduera ez-ekonomikoei dagozkiela gastuak, bai eta proiektuari lotutako zeharkako gastuei ere, eta, bidezkoa bada, inbertsioen egiaztapen materiala eginen du, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 29. artikuluarekin bat. Auditorearen txostenaren edukia eta baldintzak III. eranskinean ezarritakoak izanen dira.

Kasu horietan, 1.200 euro arteko dirulaguntza emanen da, gehienez ere, auditoriako txostenaren kosturako, onuradun bakoitzeko eta urteko bakoitzean. 4.1.1.g) oinarrian deskribatu den “Bestelako gastuak” izeneko atalari egotziko zaio gastu hori.

15. oinarria.–Laguntzaren ordainketa.

1. Laguntza sei unetan ordainduko da, hurrengo taulan adierazitako moduan:

PROIEKTUA GAUZATZEKO URTEAK

LAGUNTZAREN ORDAINKETA

Tarteko lehen txostena

Lehenbiziko justifikazio partziala

Tarteko bigarren txostena

Bigarren justifikazio partziala

Tarteko hirugarren txostena

Azken justifikazioa

2020

a) Konturako lehen ordainketa

-

-

-

-

-

2021

-

b) 2020ko likidazioa

c) Konturako bigarren ordainketa

-

-

-

2022

-

-

-

d) 2021eko likidazioa

e) Konturako hirugarren ordainketa

-

2023

-

-

-

f) 2022ko likidazioa

a) Konturako lehen ordainketa: 14. oinarrian aurreikusitako tarteko lehen txostena aurkeztu ondoren, aitortutako gastuari dagokion laguntza ordainduko da. Lehen txosten horretan justifikatu gabeko jarduketa zatiari dagokion dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu izana deklaratuko da.

b) 2020ko likidazioa: 2020. urteari dagozkion gastuen justifikazio aurkeztua likidatuko da une horretan. Proposamenari proiektuaren bilakaera zientifiko-teknikoaren balorazio positiboko txosten bat erantsiko zaio, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea dakarten betebeharrak betetzen dituztela.

c) Konturako bigarren ordainketa: aurreikusitako tarteko bigarren txostena aurkeztu ondoren, aitortutako gastuari dagokion laguntza ordainduko da. Bigarren txosten horretan justifikatu gabeko jarduketa zatiari dagokion dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu izana deklaratuko da.

d) 2021eko likidazioa: 2021. urteari dagozkion gastuen justifikazio aurkeztua likidatuko da une horretan. Proposamenari proiektuaren bilakaera zientifiko-teknikoaren balorazio positiboko txosten bat erantsiko zaio, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea dakarten betebeharrak betetzen dituztela.

e) Konturako hirugarren ordainketa: tarteko hirugarren txostena aurkeztu ondoren ordainduko aitortutako gastuari dagokion laguntza ordainduko da. Hirugarren txosten horretan justifikatu gabeko jarduketa zatiari dagokion dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu izana deklaratuko da.

f) 2020ko likidazioa: une horretan likidatuko da 2022an proiektua bukatu arte (beranduenez 2022ko azaroaren 30a) egindako gastuei dagokien justifikazio aurkeztua. Proposamenari proiektuaren bilakaera zientifiko-teknikoaren balorazio positiboko txosten bat erantsiko zaio, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea dakarten betebeharrak betetzen dituztela.

Betiere, 60.000 eurotik gorako dirulaguntza jasotzen duten proiektuetan, S3 Proiektu Estrategikoen Zerbitzuak egiaztapen materiala eginen du azken likidazioaren aurretik.

2. Laguntzaren % 100erainoko aurrerakinak egin daitezke, baldin eta onuradunek justifikatzen badute dirulaguntzaren xedeak betetzeko funtsak behar dituztela.

Aurreratutako dirulaguntzaren justifikazioa 14. oinarrian adierazitako moduan eginen da.

3. Laguntzak gehienez ere sei hilabeteko epean ordainduko dira, 14. artikuluan eskatzen den dokumentazioa aurkezten denetik hasita. Epe hori etenda geldituko da, aurkeztutako dokumentazioan edozein zuzenketa egiteko eskatuz gero.

16. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten entitateek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntza ematen dela jakinarazi eta hilabeteko epean, telematika bidez, laguntzen fitxa baliatuz aurkeztu beharko dute dirulaguntzen onuradunek gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduari jarraituz.

Informazio betebehar hori urratuz gero, onuradunari ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

b) Laguntza emateko ebazpenean aurreikusi bezala gauzatzea diruz lagundutako proiektuak, eta proiektu horiek 14. oinarrian ezarritako moduan eta epean justifikatzea.

c) Diruz lagundutako proiektua Nafarroan mantentzea gutxienez ere 5 urtez, laguntzaren azken ordainketako ebazpenaren egunetik hasita.

d) Emandako laguntzei uko eginez gero, horren berri ematea S3 Proiektu Estrategikoen Zerbitzuari.

e) Kontabilitate sistema bereizi bat edukitzea, edo kontabilitate kode egoki bat, proiektuarekin zerikusia duten transakzio guztiei dagokienez.

f) Dirulaguntzaren xedeko I+G proiektuaren emaitzak zabaltzea 17. oinarrian adierazitako moduan.

g) Proiektuan adierazitako helburu zientifiko-teknikoak, dirulaguntza onartzea ekarri zutenak, betetzea. Laguntzak kudeatzen dituen organoak egiaztatuko du ea betebehar hori bete den, proiektua bukatutakoan.

h) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Dirulaguntza ematen duten oinarri arautzaileetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharretako bat betetzen ez bada, emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, eta aldez aurretik kobratutakoa itzuli beharko da foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Aurreko betebehar horietako bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa berriz ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da. Zehazki:

a) Proiektutik gauzatzen den aurrekontua laguntza emateko ebazpenean onartutako aurrekontuaren % 60tik beherakoa bada, ordaindu beharreko laguntza % 50 murriztuko da.

b) Aurrekontuaren % 40tik behera gauzatu bada, onartutako laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da, eta, kasua bada, ordaindutakoa itzultzeko eskatuko da.

17. oinarria.–Proiektu estrategikoaren emaitzak zabaltzea.

1. Laguntzen entitate onuradunek ondoko jarduketa hauek egin beharko dituzte diruz lagundutako proiektu estrategikoaren emaitzak zabaltzeko:

a) Diruz lagundutako proiektuaren nondik norainokoari eta emaitzei buruzko dokumentu idatzia aurkeztea.

b) Diruz lagundutako proiektuaren bideo bat aurkeztea, bertan jasota, gutxienez ere, entitate parte-hartzaileen eta ikertzaile taldearen aurkezpena, proiektuaren helburuak eta lortu diren emaitzen deskripzioa.

c) Proiektuaren argitalpen bat edo aipamen publiko bat eginez gero, adierazi beharko da Nafarroako Gobernuak finantzatua dela.

d) Proiektua zabaldu eta sustatzeko onetsitako plana gauzatzea. Laguntzak kudeatzen dituen organoak egiaztatuko du ea betebehar hori bete den, proiektua bukatutakoan.

2. Aurreko apartatuko a) eta b) letretan adierazitako dokumentazioa proiektuaren azken justifikazioarekin batera aurkeztu beharko da, eta Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atarian zabalduko da (www.nafarroa.eus).

3. Nolanahi ere, proiektuaren emaitzak zabaltzeko materialetan ez da emakumearen kontrako bereizkeriaren irudirik emanen, eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eta rol aniztasuna sustatuko dira. Halaber, hizkera sexista erabiltzea saihestuko da diruz lagundutako proiektuaren gainean prestatzen den dokumentazio guztian.

18. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntza-eskaera eta aurkeztu beharreko dokumentazio guztia modu telematikoan aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko laguntzen fitxaren bidez.

2. Laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak eta administrazio egintzen jakinarazpenak telematikoki eginen dira, entitate eskatzaileen helbide elektroniko gaituaren bidez.

Ogasun Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskuratu daiteke gaitutako helbide elektronikoa. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, gaitutako helbide elektronikoa lortzen den helbide berean.

19. oinarria.–Laguntzen bateragarritasuna.

1. Oinarri hauek arautzen dituzten laguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaz besteko administrazio publikoek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, emandako beste dirulaguntza batzuekin.

Betiere, jarduera bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu egin beharreko jardueraren kostua.

2. Helburu bererako laguntza bat baino gehiago dauden egiaztatzeko, diruz laguntzen diren gastu beren gainean eginen da, ez daitezen gainditu 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako laguntzak.

3. Entitate onuradunek laguntzaren eskabidean eman beharko diote aditzera S3 Proiektu Estrategikoen Zerbitzuari proiektuari lotutako beste laguntza batzuk lortu dituztela, haiek jaso bezain laster eta, betiere, 14. oinarrian ezarritako frogagiriak aurkezterakoan.

20. oinarria.–Jakinarazteko betebeharretik salbuetsitako araubidea.

Laguntzen araubide hau salbuetsita dago jakinarazteko betebeharretik (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 108.3 artikuluan ezarria), Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. kapituluan eta 25. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituelako (erregelamendu horrek merkatu bateratuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk ezartzen ditu, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz, eta 2014ko L187. Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 26koan).

21. oinarria.–Kenkaria ikerketa zientifikoko eta berrikuntza teknologikoko jarduerak egiteagatik.

Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen 61.6 artikuluan xedatuaren ondorioetarako, deialdiaren ebazpenean jakitera emanen da ikerketa, garapen eta berrikuntzako jarduerek beharkizunak eta baldintzak betetzen ote dituzten, aipatutako artikuluko kenkariari heltzeko.

Ordainketa agintzen duten ebazpenetan benetan egindako gastuak adieraziko dira, I+G gisa kalifikatutako gastuei dagozkienak.

22. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

S3 Proiektu Estrategikoen Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

23. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

II. ERANSKINA

Erronka bakoitzean baloratzeko berariazko irizpideak

1. erronka: VOLTA IV.–0 isurketako ibilgailuak, irismen luzekoak eta teknologia aurreratukoak.

Erronka bakoitzean hauek izanen dira baloratzeko berariazko irizpideak (10. oinarriko a) apartatua):

–Nafarroako automobilgintza eta aeronautika sektoreetako hornitzaile sareak proiektuan parte hartzea (6 puntu).

–Proiektua ekimen nazional eta nazioartekoekin loturik egotea (2 puntu).

–Automatizazio eta konektagarritasun konponbideak (8 puntu).

–Konponbide energetikoak eta ibilgailuaren autonomia. (8 puntu).

–Konponbidea merkaturatzeko bideragarritasuna (8 puntu).

–Nafarroako ekonomian duen inpaktua (15 puntu).

–Azpiegitura zientifiko-tekniko bereziak erabiltzea, edo SIESSen barruan (Scientific Infrastructure and Equipment Sharing System) Nafarroan dauden azpiegiturak (3 puntu).

2. erronka: AERO IV.–Energia berriztagarrien biltegiratzea, erabilera optimizatzeko.

Erronka bakoitzean hauek izanen dira baloratzeko berariazko irizpideak (10. oinarriko a) apartatua):

–Nafarroako energia berriztagarrien sektoreko hornitzaile sareak proiektuan parte hartzea (6 puntu).

–Proiektua ekimen nazional eta nazioartekoekin loturik egotea (2 puntu).

–Energia biltzeko proposatutako konponbideak (8 puntu).

–Konponbideen autonomia, kudeatzeko gaitasuna eta adimena (8. puntu).

–Konponbidea merkaturatzeko bideragarritasuna (8 puntu).

–Nafarroako ekonomian duen inpaktua (15 puntu).

–Azpiegitura zientifiko-tekniko bereziak erabiltzea, edo SIESSen barruan (Scientific Infrastructure and Equipment Sharing System) Nafarroan dauden azpiegiturak (3 puntu).

3. erronka: GEMA IV.–Genomika eta medikuntza aurreratua.

Erronka bakoitzean hauek izanen dira baloratzeko berariazko irizpideak (10. oinarriko a) apartatua):

–Proiektua ekimen nazional eta nazioartekoekin loturik egotea (3 puntu).

–Proiektuan osasun sistemako, ospitaleetako edo kliniketako langileek parte hartzea (3 puntu).

–Proiektuaren xede diren espezialitate medikoak (3 puntu).

–Proiektuan parte hartzen duen populazio nafarra eta populazio hori aukeratzeko erabilitako irizpide medikoak (3 puntu).

–Genoma osoak erabiltzen dituzten ekimenak, sekuentziazio partzialekoen aldean (3 puntu).

–Proposamenean analisi bioinformatikoko unitateak inplementatzea (3 puntu).

–Datuak biltegiratzeko konponbide teknologikoak eta horien segurtasuna (3 puntu).

–Lortutako datu genomikoak merkataritzarako eta ikerketarako ustiatzeko estrategia (3 puntu).

–Planteatutako konponbideak bidea ematea datu genomikoak eta pazientearen historia klinikoko datuak gurutzatzeko (3 puntu).

–Zer sistema planteatu diren proiektuan kudeaketarako; pazienteak aukeratzeko; laginak biltzeko; datuak aztertzeko, prozesatzeko eta biltegiratzeko. Eta osasun laguntzaren sistemarekin duten lotura. (5 puntu).

–Proiektuak Nafarroako osasun sisteman eta ekonomian duen eragina (15 puntu).

–Azpiegitura zientifiko-tekniko bereziak erabiltzea, edo SIESSen barruan (Scientific Infrastructure and Equipment Sharing System) Nafarroan dauden azpiegiturak (3 puntu).

4. erronka: ALPES III.–Elikadura pertsonalizatua, osasungarria eta jasangarria.

Erronka bakoitzean hauek izanen dira baloratzeko berariazko irizpideak (10. oinarriko a) apartatua):

–Proiektua ekimen nazional eta nazioartekoekin loturik egotea (3 puntu).

–Baliabideen erabileraren efizientzia eta ingurumen inpaktua (3 puntu).

–Nafarroako nekazaritzako elikagaien sareak proiektuan parte hartzea (5 puntu).

–Osasunari buruzko garapen berrietatik espero diren ondorioak (5 puntu).

–Lehentasunezko Elkarteek proiektuan parte hartzea (3 puntu).

–Elikagaien propietate nutrizionalak, estrukturalak eta funtzionalak babesten dituzten prozesatzeko, kontserbatzeko eta/edo ontziratzeko metodo berriak (4 puntu).

–Hainbat teknologiatan (digitalizazioa, satelite bidezko teknologiak, droneak, etab.) oinarritutako konponbide automatizatuak, produkzioaren jasangarritasuna hobetzeko. (4 puntu).

–Proiektua merkataritzarako eta ikerketarako ustiatzeko estrategia (5 puntu).

–Proiektuak Nafarroako ekonomian duen eragina (15 puntu).

–Azpiegitura zientifiko-tekniko bereziak erabiltzea, edo SIESSen barruan (Scientific Infrastructure and Equipment Sharing System) Nafarroan dauden azpiegiturak (3 puntu).

5. erronka: IRIS II.–Adimen artifiziala eta robotika industriarako eta gizarterako.

Erronka bakoitzean hauek izanen dira baloratzeko berariazko irizpideak (10. oinarriko a) apartatua):

–Nafarroako IKT sektoreko industria-sareak proiektuan parte hartzea (6 puntu).

–Proiektua ekimen nazional eta nazioartekoekin loturik egotea (2 puntu).

–Konponbideen automatizazio eta adimen maila (8 puntu).

–Sistemaren ikasteko gaitasun autonomoa (8 puntu).

–Konponbidea merkaturatzeko bideragarritasuna (8 puntu).

–Nafarroako gizartean eta ekonomian duen eragina (15 puntu).

–Azpiegitura zientifiko-tekniko bereziak erabiltzea, edo SIESSen barruan (Scientific Infrastructure and Equipment Sharing System) Nafarroan dauden azpiegiturak (3 puntu).

6. erronka: IDEA II.–Goraka ari diren ideia disruptibo aplikatuak.

Erronka bakoitzean hauek izanen dira baloratzeko berariazko irizpideak (10. oinarriko a) apartatua):

–Nafarroako industria-sareak proiektuan parte hartzea (5 puntu).

–Nafarroako I+G+b Sistemako eragileek proiektuan parte hartzea (3 puntu).

–Proiektua ekimen nazional eta nazioartekoekin loturik egotea (2 puntu).

–Proposamenak sariren bat jaso izana azken bi urteotan, bereziki baloratuz nazioartean prestigio handia duen aditu-talde batek baloratu duen edo Nafarroarentzat interes sozialekoak diren sariak jaso dituen (15 puntu).

–Proiektu zientifiko-teknikoa zenbateraino den berritzailea eta disruptiboa (4 puntu).

–Proiektua gauzatzeko bideragarritasuna (4 puntu).

–Eragina konpondu nahi den erronkaren gainean (4 puntu).

–Nafarroako gizartean eta ekonomian duen eragina. (10 puntu).

–Azpiegitura zientifiko-tekniko bereziak erabiltzea, edo SIESSen barruan (Scientific Infrastructure and Equipment Sharing System) Nafarroan dauden azpiegiturak (3 puntu).

7. erronka: SIBERIA II.–Bioteknologiako konponbide berritzaileak energiarako, osasun arloko erronketarako, industriarako eta nekazaritzako elikagaien industriarako.

Erronka bakoitzean hauek izanen dira baloratzeko berariazko irizpideak (10. oinarriko a) apartatua):

–Nafarroako industria-sareak proiektuan parte hartzea (6 puntu).

–Proiektua ekimen nazional eta nazioartekoekin loturik egotea (2 puntu).

–Proiektuak zenbaterainoko berrikuntza dakarren. Lortu nahi den aplikaziorako propietateak hobetzea eta aniztasuna (8 puntu).

–Zenbateraino erabili diren teknologia konbergenteak (AA, Big data eta abar) (8 puntu).

–Konponbidea merkaturatzeko bideragarritasuna (8 puntu).

–Nafarroako ekonomian duen eragina (15 puntu).

–Azpiegitura zientifiko-tekniko bereziak erabiltzea, edo SIESSen barruan (Scientific Infrastructure and Equipment Sharing System) Nafarroan dauden azpiegiturak (3 puntu).

III. ERANSKINA

Dirulaguntzak justifikatzeko kontu ekonomikoaren auditoretza-txostena: auditoretzak egin beharreko analisia eta egiaztapenak

Eranskin honetan auditoretza-txosten bat eman ahal izateko egin behar diren egiaztapenak ezartzen dira. Txosten horren helburua da laguntzen kudeaketa-organoari aurkezten diren justifikazioak egiaztatzeko lanetan laguntzea, eta, horretarako, entitate onuradunak arau aplikagarriak edo dirulaguntza jasotzeko baldintzak ez dituela bete ondorioztatzeko egintzak edo salbuespenak jaso beharko dira bertan.

Auditoria egiten duen pertsonak, txostena egitean, laguntza emateko ebazpenean ezartzen den aurrekontu finantzagarria hartu beharko du kontuan, baita proiektu bakoitzarentzat eskatutako eta onartutako aldaketak ere, horrelakorik badago. Gastu-partida bakoitzean honako hau aztertu eta egiaztatu beharko du:

1. Proiektura bideratutako aktiboen amortizazioa.

a) Laguntza emateko ebazpenean agertzen den aurrekontu finantzagarrian kontzeptu hori jaso ote den.

b) Egiaztatu beharko du amortizaziorako urteko kuota, amortizazioaren hasierako data eta, orobat, tresneria eskuratzeko zenbateko guztiak entitatearen kontabilitate-erregistroetan adierazitakoak direla.

c) Egiaztatu beharko du onuradunak ez duela inolako dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabiderik jaso amortizatzen ari diren tresnak eskuratzeko. Entitateko ahaldunaren sinaduraren bidez ziurtatuko da hori. Gainera, beharrezkoa den kontabilitate-egiaztapena ere eginen da.

d) Egiaztatu beharko du deialdiaren 4.1.1.c) oinarrian jasotako zehaztapenak betetzen direla.

e) Ekipo ondasunen horniduren kasuan, gastua 12.000 eurotik gorakoa bada, egiaztatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu dela. Horretarako, egiaztatu beharko du gutxienez hiru eskaintza aurkeztu direla eta egindako hautaketa justifikatuta dagoela. Edo bestela, betebehar hori ez aplikatzeko aintzat hartutako arrazoiak justifikatu beharko dira.

2. Bertako langileen gastuak.

a) Laguntza emateko ebazpenean agertzen den aurrekontu finantzagarrian kontzeptu hori jaso ote den.

b) Langileak Gizarte Segurantzako langileen izenen zerrendan eta PFEZaren atxikipenei buruzko ziurtagirian agertzen diren.

c) Ordu egotziak dituzten pertsonei urtean ordaindutako ordainsariak egiaztatu beharko ditu. Horretarako, proiektuaren exekuzioaldiari dagozkion nominak edo atxikipenen ziurtagiria aztertuko da.

d) Onuradun bakoitzari egozten ahal zaion Gizarte Segurantzaren kostua egiaztatu beharko du, eta, horretarako, Langileen izenen zerrendaren ereduetan, SLD-Kalkuluen Kontsulta Zerbitzuan eta kotizaziorako datuen txostenean (Idc delakoan) agertzen diren kotizazioak konparatuko ditu.

e) Proiektuari esleitutako langileek hilabetean egindako orduak justifikatzeko euskarriak egiaztatuko ditu.

f) Nominetan agertzen diren datek bat etorri beharko dute laguntza emateko ebazpenean proiektua gauzatzeko agertzen den egutegiarekin.

g) Orduaren kostua metodo hau erabiliz atera da:

Orduaren kostua ateratzeko eragiketa hau eginen da: langile bakoitzak jasotako ordainsaria gehi Gizarte Segurantzaren urteko kostua, eta hortik ateratzen dena zati hitzarmenaren arabera egin beharreko orduen kopurua. Langileren bat ez badago urte osoan kontratatua behar den ponderazioa eginen da.

Orduaren kostua =

Soldata gordina + GSaren kostua

365

–––––––––––––––––––––––––––––

×

–––––––––––––––––––––––

Hitzarmeneko orduak

bukaera data - hasiera data

h) 4.1.2 oinarrian ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatu beharko da.

3. Bakar-bakarrik proiektuarentzat den material suntsigarrian egindako gastuak.

a) Laguntza emateko ebazpenean agertzen den aurrekontu finantzagarrian kontzeptu hori jaso ote den.

b) Egiaztatu beharko du fakturetan agertzen diren datak eta ordainketen egiaztagiriak bat etortzen direla laguntza emateko ebazpenean proiektua gauzatzeko agertzen den egutegiarekin.

4. Kanpoko kolaborazioak.

a) Laguntza emateko ebazpenean agertzen den aurrekontu finantzagarrian kontzeptu hori jaso ote den.

b) Egiaztatu beharko du fakturetan agertzen diren datak eta ordainketen egiaztagiriak bat etortzen direla laguntza emateko ebazpenean proiektua gauzatzeko agertzen den egutegiarekin.

c) Aholkularitzako edo laguntza teknikoko enpresen gastua 12.000 eurotik gorakoa bada, egiaztatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu dela. Horretarako, egiaztatu beharko du gutxienez hiru eskaintza aurkeztu direla eta egindako hautaketa justifikatuta dagoela. Edo bestela, betebehar hori ez aplikatzeko aintzat hartutako arrazoiak justifikatu beharko dira.

d) Egiaztatuko du, orobat, diruz lagundutako jarduera hirugarrenekin azpikontratatzeko aplikatu beharreko baldintzak bete direla, deialdiaren 12. oinarrian ezarritakoari jarraikiz.

5. Zeharkako kostuak.

a) Proiektuko gastuak izanik ere, bere izaeragatik, proiektuari zuzenean egotzi ezin zaizkion gastuak dira, banaka-banaka zehazterik ez dagoelako.

b) Kalkulua: entitate onuraduneko langileek lan egindako guztirako orduen aldean proiektuari egotzitako orduen arabera kalkulatuko dira. Honela jokatuko da:

I. 62, 64 eta 68 kontuetako kontzeptu hauen batuketa eginen da:

a. 621. Errentamenduak eta kanonak.

b. 622. Konponketak eta kontserbazioa.

c. 624. Garraioak (salbu eta salmentetarako garraioak).

d. 628. Hornidurak.

e. 629. Bestelako zerbitzuak (langileen garraio gastuak, proiektuari lotutako langileen bidaia-gastuak eta bulegoko gastuak baizik ez dira onartuko).

f. 640. Soldatak eta lansariak.

g. 642. Gizarte Segurantza.

h. 649. Beste gastu sozial batzuk.

i. 6811. Eraikuntzen amortizazioa (zenbateko garbia, kapitaleko dirulaguntzak kenduta).

j. 6815. Instalazio orokorren amortizazioa (zenbateko garbia, kapitaleko dirulaguntzak kenduta).

k. 6816. Altzarien amortizazioa (zenbateko garbia, kapitaleko dirulaguntzak kenduta).

l. 6817. Ekipo informatikoen amortizazioa (zenbateko garbia, kapitaleko dirulaguntzak kenduta).

Aurrekontu finantzagarriko partida baten bidez zuzeneko finantzaketa duten gastuei dagozkien saldoak ez dira kontatuko.

Gainera, azpikontuetako balioek bat etorri beharko dute urteko justifikazio ekonomikoa aurkezten denean itxitako azken ekitaldiko Irabazi eta Galeren Kontuaren ‘Entitatearen guztizko gastuak’ atalean agertzen diren balioekin.

II. Hortik ateratzen den batura honako zatiketa hau eginda ateratzen den koefizientearekin biderkatuko da:

Proiekturako onartzen diren orduen kopurua (langileen gastuen egiaztapenaren arabera)

–––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––

Entitatearen jardueraren guztirako orduen kopurua (batez besteko plantilla x urteko lanaldia)

c) Zuzenbide publikoko entitateen kasuan, kontabilitate publikoaren aurrekontuetako artikulu, kontzeptu eta azpikontzeptuak erabiliko dira, 62, 64 eta 68 taldeko kontuetakoen baliokide direnak. Halakoetan, baliokidetasun hori adierazi beharko da.

6. Balio erantsiaren gaineko zerga ez da gastu diruz lagungarritzat hartuko, salbu eta zerga hori azkeneko xedeko entitateak jasaten badu benetan eta behin betiko, berreskuratzeko edo konpentsatzeko modurik gabe, eta hori behar bezala frogatzerik baldin badago behar den dokumentazio ofiziala aurkeztuz:

a) Zerga-salbuespena erabatekoa bada, zergaz salbuesteko eskumena duen Administrazioak luzatutako ziurtagiria aurkeztu beharko da. Ondorio horretarako, gogoan izan behar da ez direla baliozkoak izanen laguntzaren onuradun ateratzen diren entitateen arduradunen aitorpenak (jasandako BEZa ez dutela jasanarazten adieraztekoak).

b) Hainbanaketa eginez gero, honako hauek aurkeztuko dira:

I. Hainbanaketa orokorra baldin bada: zergaz salbuesteko eskumena duen Administrazioak luzatutako ziurtagiria eta BEZaren urteko aitorpenen kopiak, proiektuaren exekuzioaldiari dagozkionak, indarrean dauden aitorpen ereduen araberakoak.

II. Hainbanaketa berezia bada: zergaz salbuesteko eskumena duen Administrazioak luzatutako ziurtagiria eta proiektuari lotutako fakturen zerrenda, baita BEZaren liburuaren kopia ere, non fakturak jasoko diren.

7. Laguntza emateko ebazpenean ez dauden eta/edo 13. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten gastuak ez dira onartuko dirulaguntzaren xedeko gastu gisa.

8. Egindako jardueraren finantzaketari buruzko aitorpena lortu beharko da, honako hauek zehaztuta: proiektuetan egin beharreko jarduerak finantzatzeko, edonolako administrazio edo entitate publiko edo pribatuetatik (Espainiakoak, Europar Batasunekoak edo nazioartekoak) jasotako dirulaguntzak, laguntzak, sarrerak edo baliabideak. Egiaztatuko da berariazko finantzaketa duten proiektuetan kontabilizatutako gasturik ez dela sartu.

9. Egiaztatu beharko da aitortutako zenbatekoak entitatearen kontabilitate-erregistroetan (aparteko kontabilitate batean) jasotakoak bezalakoak direla, proiektu bakoitzarentzat behar den kodea adierazita.

10. Auditoriaren azkeneko emaitzan honako hauek agertu beharko dira:

a) Onuradunak egotzitako zenbatekoa (aurrekontu finantzagarria bezalakoa, handiagoa edo txikiagoa izaten ahal da).

b) Onuradunak egozten duenetik balidatzen den zenbatekoa.

c) Onuradunak egozten duen zenbatekoaren eta behar bezala justifikatutakoaren arteko aldea.

d) Desbideraketaren bat baldin badago proiektuarentzat hasiera batean onartutako zenbatekoarekin edo, aldaketaren bat eskatuz gero, onartzen den gastu berriarekin alderatuta, desbideraketa horien arrazoiak azaldu beharko dira.

e) Iruzkinen/Oharren eremuan, onartu ez diren gastu guztien zergatiak azalduko dira.

f) Proiektu bakoitzari egotzitako gastu eta ordainketa guztien egiaztapenek 5. eta 14. oinarrietan ezarritakoa bete beharko dute, hautatzen ahal diren aldiei dagokienez.

g) 60.000 eurotik gorako dirulaguntza jasotzen duten proiektuetan, inbertsioen egiaztapen materiala eginen da, 15.1 oinarrian ezarritakoarekin bat.

h) Kontabilitate bat badagoela egiaztatzea, zeinak aukera ematen baitu jarduera ekonomikoak eta ez-ekonomikoak bereizteko, baita haietako bakoitzaren kostuak eta finantzaketa ere, 3.2.d oinarriak esaten duen bezala.

i) Gastuak diruz laguntzen diren jarduera ez-ekonomikoei eta proiektuari atxikiriko kostu zeharkakoei dagozkielako egiaztapena.

11. Laguntza emateko ebazpenean, edo aldaketaren baten ondorioz, onartutako guztia islatu egin beharko da auditoretza-txostenean. Hau da, aurrekontu finantzagarriaren partida bakoitza xehatzen duen taula bat bildu beharko da, eta, partida bakoitzaren barruan, onartu den kontzeptu bakoitza, baita hori guztia jasotzen duen azken taula bat ere.

Finantzatzeko modukotzat hartzen den gastu-kontzeptu bakoitzerako, honako hauek ezarri beharko dira:

a) Aurrekontu finantzagarria: aurrekontu finantzagarria da diruz lagungarritzat hartzen ahal den gastua. Horren gainean kalkulatzen da proiektu bati ematen zaion laguntzaren ehunekoa.

b) Proiektuari egotzitako gastuak: onuradunak, proiektua gauzatzeko, gastatu duen zenbatekoa, berak adierazitakoaren arabera.

c) Gastu justifikatuak: aurrekontu finantzagarrian agertzen direnak bezalakoak izan daitezke, handiagoak edo txikiagoak (baliteke proiektuari egotzitako gastu batzuk bat ez etortzea proiektu finantzagarrian agertzen diren kontzeptuekin, edo desbideraketak izatea onartu den aurrekontuarekin alderatuta).

d) Ontzat hartzen diren zenbateko justifikatuak: horrelako gastuetan, dena zuzen dagoela ondorioztatu da (kontzeptu finantzagarriak, fakturak, ordainketa-agiriak, langile gastuak, etab.). Laguntzaren kopuru osoa emateko, aurrekontu finantzagarrian agertzen den zenbatekoa adinakoak izanen dira, gutxienez. Zenbatekoa txikiagoa bada, laguntza murriztuko da.

e) Kontzepturen batean ontzat hartu ez den kopururen bat badago, iruzkinetan jasoko da, horretarako arrazoia azalduta.

Iragarkiaren kodea: F2001637