35. ALDIZKARIA - 2020ko otsailaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

6/2020 FORU AGINDUA, otsailaren 12koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, zeinaren bidez ezartzen baitira 2020ko Vianako Printzea Kulturaren Sariaren oinarriak.

Abenduaren 23ko 281/2015 Foru Dekretuaren bidez Vianako Printzea Kulturaren Saria arautzen da. Haren helburua da aintzat hartzea kulturaren edozein arlotan pertsona edo erakunde nabarmenek egindako lana, dela sorkuntzan, ikaskuntzan edo ikerkuntzan, dela kultura hedatu eta sustatzeko lanetan.

Foru dekretu horren 3. xedapena betetzeko, bidezko da Vianako Printzea Kulturaren Sariaren 2020ko edizioaren deialdia arautuko duten oinarriak onestea eta argitaratzea.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Vianako Printzea Kulturaren Sariaren 2020ko edizioko oinarri arautzaileak onestea; foru agindu honen eranskinean ageri dira.

2. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Foru agindu hau igortzea Kultura eta Kirol Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusira, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko otsailaren 12an.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

ERANSKINA

2020ko Vianako Printzea Kulturaren Sariaren oinarriak

1.–2020ko Vianako Printzea Kulturaren Saria.

Vianako Printzea Kulturaren Sariaren helburua da aintzat hartzea kulturaren edozein arlotan pertsona edo erakunde nabarmenek egindako lana, dela sorkuntzan, ikaskuntzan edo ikerkuntzan, dela kultura hedatu eta sustatzeko lanetan.

2.–Hautagaiak aurkezteko epea eta tokia.

2.1. Proposamenak Kultura eta Kirol Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira igorriko dira (Navarrería kalea 39, 1.a; 31001 Iruña, Espainia), posta ziurtatuaren bidez, gutun-azalean 2020ko Vianako Printzea Kulturaren Sarirako dela adierazita. Mezularitza zerbitzuaren bidez igorriz gero, e-mail bat bidali beharko da premioprincipedeviana@navarra.es helbidera, eta igorpenaren berri eman beharko da, proposamenak aurkezteko epearen barnean.

Proposamenak, orobat, e-mail bidez ere aurkezten ahalko dira, premioprincipedeviana@navarra.es helbidean.

2.2. Hautagaitzak aurkezteko epea oinarri hauek argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2020ko martxoaren 31n bukatuko.

3.–Entitate proposatzaileak.

3.1. Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluko kideek eta edozein herrialdetako erakunde publikoek (gobernuak, ministerioak, udalak, unibertsitateak, akademiak, ikerketa zentroak, enbaxadak, kontsulatuak eta abar) aurkezten ahal dituzte hautagaiak, baita legez eratuta dauden edozein herrialdetako hezkuntza, kultur eta gizarte entitateek zein GKE-ek ere; orobat, erakundeak gonbidatutako pertsonalitateek.

3.2. Saria norberarentzat edo norberak legez ordezkatzen dituen erakundeentzat eskatuz aurkezten diren hautagaitzak baztertu eginen dira.

3.3. Sarirako hautagaitzak aurkezteak berekin dakar oinarri hauek goitik behera onartzea, baita epaimahaiak hartzen dituen erabaki guztiak ere.

4.–Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

3. oinarrian aipatutako entitate edo pertsonek, hautagaia aurkezten dutenean, dokumentazio hau erantsiko dute:

a) Entitatearen nortasun juridikoa frogatzen duten datuak, edo proposamena egiten duten pertsonenak, honako hauek adierazita: izena, helbidea, telefonoa, web-orria (baldin badu), IFZ edo antzekoa, eta epaimahaiak gehiago jakin dezan egokitzat jotzen diren beste dokumentu batzuk.

b) Merezimenduen eta ibilbide pertsonal edo profesionalaren laburpena (600 hitz gehienez), pertsona edo entitate hautagaia aurkezteko oinarri diren merezimendu aipagarriak jasotzen dituena.

c) Beste edozein dokumentazio osagarri, alegatutako merezimenduak indartu eta egiaztatzeko.

5.–Tramitazioa.

5.1. Sari honi buruzko beste edozein informaziotarako, Kultura eta Kirol Departamentuko Idazkaritza Nagusi Teknikora jo daiteke, telefono bidez (848 424 644) edo posta elektronikoaren helbidea baliatuz: premioprincipedeviana@navarra.es.

5.2. Deialdia egiten duen entitatearen eskumena da, ez beste inorena, sariaren inguruan sortu edo planteatzen diren arazo guztiak ebaztea.

6.–Epaimahaia, erabakia eta saria ematea.

6.1. Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluko kideek osatuko dute sariaren epaimahaia. Idazkariak, hizpidea duela baina botorik ez, epaimahaiari lagunduko dio bere zereginetan.

6.2. Epaimahaiak aurkezten diren hautagaiak aztertuko ditu, eta, bakoitzaren merezimenduez gainera, hautagaiak Nafarroarekin duen lotura berezia ere baloratuko du.

6.3. Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluak eginen duen bilkuran, sarirako hautagaitzak proposatu dituzten Kontseiluko kideek eta entitateek, bidezkotzat jotzen badute, hitza har dezakete kasuan kasuko hautagaitzaren merezimenduak aldezteko.

6.4. Bozketa. Lehen bozketa bat eginen da hautagaitza guztien artean, eta boto gehien lortzen duten bi hautagaitzekin bigarren bozketa-txanda bat eginen da, non boto gehien eskuratzen duena izanen den irabazle.

Kasua bada, berdinketak hausteko bozketak eginen dira lehenbiziko eta bigarren txandetan.

Hautagaitzetako batek botoen erdia gehi bat eskuratzen badu lehen bozketan, hura izanen da irabazle.

6.5. Erabakia prentsaurreko batean jakinaraziko zaie hedabideei; aditzera emanen da zein entitatek edo pertsonak irabazi duen saria, edo, kasua bada, eman gabe gelditu dela.

6.6. Nafarroako Gobernuak emanen du saria, foru dekretu baten bidez, epaimahaiak egindako proposamena ikusita.

6.7. Saria jendaurrean emanen da, ekitaldi bat horretarako antolatuta, behar bezala iragarriko den egunean.

7.–2020ko Vianako Printzea Kulturaren Sariaren zabalkundea egiteko proiektua.

Kultura eta Kirol Departamentuak, sarituarekin adosturik, lana zabaltzeko proiektu bat eginen du, gehienez ere 20.000 eurokoa, 2021eko gastuen aurrekontuan egoki den partidaren kargura. Halaber, 2020an zehar, jarduera programa batean parte hartuko du 2020ko Talentu Artistikoa Sustatzeko Sariaren irabazlearekin elkarlanean.

8.–Errekurtsoak.

Oinarri hauen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, baita deialdia aplikatzeko egintzen kontra ere, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

Iragarkiaren kodea: F2002165