35. ALDIZKARIA - 2020ko otsailaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

13/2020 FORU AGINDUA, otsailaren 4koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, Zerga Berezien Erregelamenduaren 26. artikuluan xedatutakoa garatzeko arauak onesten dituena (erregelamendu hori Edari deribatuentzat aurreikusitako marka fiskalei buruzko uztailaren 7ko 1165/1995 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).

2020ko urtarrilaren 1ean indarra hartu du uztailaren 7ko 1165/1995 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Zerga Berezien Erregelamenduaren 26. artikuluaren testu berriak, abenduaren 28ko 1512/2018 Errege Dekretuaren bidez onetsi zenak. Horrek berekin dakar etete-araubidetik kanpo zirkulatzen duten edari deribatuen bilgarri edo ontzi guztiek itsatsita eraman behar duten marka fiskalaren eredu berriak onestea, foru agindu honetan ezartzen den bitarteko aldia bukatuta erabili beharrekoak.

Testu berriak aldaketa nabarmenak dakartza zirkulazio etiketa horiei dagokienez. Izan ere, identifikazio kodea toki ikusgarri batean erakusteaz gainera, segurtasun kode elektroniko bat ere erakutsi beharko dute, aukera emanen duena, batetik, segituan egiaztatzeko ea benetakoa den, eta bestetik, marka fiskal bakoitza telematika bidez lotzeko establezimendu hartzailearen datuekin (jardueraren eta establezimenduaren kodea) eta titularrarekin (identifikazio fiskaleko zenbakia).

Eredu berrietan, Diruaren eta Zerga Zigiluaren Fabrika Nazionalak zenbait hobekuntza tekniko sartu ditu dokumentu tinbredun horien segurtasunari eta inprimatzeari dagokienez. Hala, segurtasun kode horien bidez in situ egiaztatzen ahalko da benetakoak ote diren, eta egiaztapen hori kontrol eskumena duten kontrol organoek zein kontsumitzaileek berek egiten ahalko dute, gardentasuna eta fidagarritasuna handiagoak izan daitezen.

Horregatik guztiagatik, kontuan harturik erabaki dela aipatutako marka fiskal horiek segurtasun kontrol elektronikoak eraman behar dituztela, beharrezkotzat jotzen da berariazko foru agindu bat onestea marka fiskal berri horiek arautzeko.

Bestalde, abenduaren 28ko 1512/2018 Errege Dekretuaren bidez aldatu egin zen Zerga Berezien Erregelamenduaren 27. artikulua. Horren ondorioz, kontrol sistema berri bat finkatu zen fabriketatik, gordailu fiskaletatik eta biltegi fiskaletatik egindako bideko salmenten prozeduraren bidez egiten diren eragiketetarako, prozedura berri bat –informatizatuagoa– ezarri baitzen bideko salmentetarako. Sistema berri horrek, besteak beste, ekarri du 511 eredua desagertzea (Bideko salmenta prozeduraren bidez bidalitako produktuak izanik, zerga-tasa murriztua duten produktuen entrega-noten hileko zerrenda). Hortaz, bidezkoa da eredu hori baliogabetzea.

Nafarroak foru agindu hau onesteko duen eskumena Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoan oinarritzen da. Hitzarmen Ekonomikoaren 35.5 artikuluan eta laugarren xedapen gehigarrian ezarritakoarekin bat, Foru Komunitateari dagozkion zerga berezien ordainarazpenean, Estatuko lurraldean unean-unean indarra duten oinarrizko printzipioak, arau substantiboak eta formalak aplikatuko ditu, eta, zerga berezien arloko arauak eman arte, honakoak aplikatuko dira Nafarroan: Zerga Bereziei buruzko abenduaren 28ko 38/1992 Legea, eta Zerga Berezien Erregelamendua, uztailaren 7ko 1165/1995 Errege Dekretuaren bidez onetsitakoa.

Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren zazpigarren xedapen gehigarrian baimena ematen zaio zerga arloko eskumena duen departamentuko kontseilariari foru agindu bidez arautu dezan zergadunek eta entitateek zein kasu eta baldintzatan aurkezten ahal dituzten baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen bitartez aitorpenak, jakinarazpenak, aitorpen-likidazioak, autolikidazioak edo tributuen arloko araudiak eskatutako beste agiri guztiak.

Horrenbestez,

AGINTZEN DUT:

1. artikulua. Edari deribatuentzako marka fiskalak.

1. Uztailaren 7ko 1165/1995 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Zerga Berezien Erregelamenduaren 26.2 a) artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, foru agindu honen I. eranskinean ageri diren marka fiskalen ereduak onesten dira (“Edari deribatuentzako marka fiskalak”).

2. Foru agindu honen I. eranskinean jasotzen diren marka fiskalak edari deribatuen bilgarri eta ontzi guzti-guztietan itsatsi beharko dira, toki ikusgarri batean, atxikita duten segurtasun kode elektronikoa irakurtzeko moduan, eta marka horiek berriz erabiltzeko aukerarik eman gabe.

Establezimendu eskatzaileak eranskin horren 1. edo 2. eredua aukeratzen ahalko du, Zerga Berezien Erregelamenduaren 26. artikuluan ezarritako baldintzak eta betebeharrak betez.

2. artikulua. “Alkoholaren eta edari deribatuen gaineko zergaren marka fiskalak eskatzea” izeneko 517 eredua onestea.

1. Onetsi egiten dira “Alkoholaren eta edari deribatuen gaineko zergaren marka fiskalak eskatzea” izeneko 517 eredua eta hura betetzeko jarraibideak, II. eranskinean jasotzen direnak.

Eranskin hori Nafarroako Foru Ogasunaren webgunearen bidez eskuratzen ahalko da bakarrik, eta automatikoki eguneratuko da, foru agindu honek indarra hartu ondoren egiten zaizkion aldaketak sartuz.

2. 517 eredua baliabide elektronikoen bidez aurkeztuko da, Nafarroako Foru Ogasunaren webgunea erabiliz, helbide honetatik abiatuta: https://hacienda.navarra.es. Hori horrela, eskaeraren edukia II. eranskinean agertzen denaren araberakoa izan beharko da.

517 eredua erabiliko da, orobat, Zerga Bereziei buruzko abenduaren 30eko 20/1992 Foru Legearen 20.6 artikuluak aipatzen dituen artisau-destilatzaileen etiketak eskatzeko, Zerga Berezien Erregelamenduaren 97. eta 98. artikuluetan ezarritako betebeharrak beteta.

3. 517 ereduaren aurkezpen elektronikoa establezimendu eskatzailearen titularrak berak egin dezake, pertsona fisikoa edo juridikoa izan gorabehera, edo hirugarrenen izenean aitorpenen aurkezpen elektronikoak egiteko baimena duten pertsonek edo entitateek, ekainaren 29ko 130/2009 Foru Aginduan xedatutakoarekin bat; izan ere, foru agindu horretan onetsi zen hirugarrenen izenean aitorpenak telematika bidez aurkezteko kanpo lankidetzaren akordioa.

Eskaera egiteko, ziurtagiri elektroniko kualifikatu bat eduki beharko da, Nafarroako Foru Ogasunak, unean-unean indarra duen araudiaren arabera, onartzeko modukoa. Dena dela, establezimenduaren titularra pertsona fisiko bat baldin bada, estatuko sektore publiko administratibo osorako Cl@ve sistema ere erabiltzen ahalko du (identifikazio, autentifikazio eta sinadura elektroniko komunerako sistema), zeina urriaren 8ko PRE/1838/2014 Aginduaren bidez arautu baitzen. Hortaz, 2014ko irailaren 19ko Ministroen Kontseiluaren Erabakia argitaratzen da, Cl@ve sistema onetsi zuena, hots, Estatuko Sektore Publiko Administratiboaren identifikazio, autentifikazio eta sinadura elektronikorako plataforma komuna, gako itunduak erabiltzen dituena.

4. Eskaera onesten denean, sistemak 16 karaktereko egiaztapen kode seguru bat itzuliko du, aurkezpenaren data eta orduarekin batera, eskaeraren frogagarri.

Eskaeran akatsen bat egin bada edo interesdunak identifikazio fiskaleko zenbakia errebokatua baldin badu otsailaren 22ko 8/2010 Foru Dekretuaren 13. artikuluaren arabera (dekretu horren bidez identifikazio fiskaleko zenbakia eta horri lotutako errolda zehatz batzuk arautu ziren), sistemak atzera botako du eskaera, horren zergatiak adierazita. Eskaera atzera botaz gero, zergapekoak behar diren zuzenketak egin beharko ditu, eta beste eskaera bat aurkeztu.

5. II. eranskinean zehaztutako 517 ereduaren formatua eta edukiaren diseinua Nafarroako Foru Ogasunaren webgunean unean-unean ageri direnak izanen dira.

3. artikulua. Marka fiskalak baimentzeko eta haien entrega fisikoa egiteko prozedura.

1. Gordailu fiskalen eta harrera-gordailuen titularrek eta fabrikatzaileek, baita erregistratuak dauden aldian behingo hartzaileek, baimendu diren jasotzaileek, urrutiko saltzaileen ordezkari fiskalek, erregistratuak dauden bidaltzaileek eta inportatzaileek ere, baliabide elektronikoen bidez eskatu beharko dituzte marka fiskalak, Nafarroako Foru Ogasunaren webgunearen bitartez, II. eranskinean onetsitako 517 eredua erabiliz.

Establezimendu eskatzaileak, 3. a) apartatuan aurreikusitako zuzeneko entrega kasuetan, behartuak egonen dira –beren aurreikuspenen arabera– hurrengo ekitaldian eskatu behar dituzten etiketen gutxi gorabeherako kopurua eta eredua bidaltzera nork bere kudeaketa bulegoari, erregistroko tramitearen bidez, betiere urteko azken hiruhilekoan.

2. Eskaera 517 ereduaren bidez jaso ondoren, establezimendu eskatzailea erregistratu duen zerga berezien kudeaketa bulegoak edo, horrelakorik ez badago, eskatzailearen helbide fiskalari dagokion zerga bulegoak eskatu diren etiketa fiskalen entrega onartu edo ukatu beharko du, Zerga Berezien Erregelamenduaren 26. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen diren egiaztatu ondoren. Bi kasu horietan, kudeaketa bulegoak jakinarazpen elektroniko bat bidaliko dio eskatzaileari, non adieraziko baitio marken entrega fisikoa egin daitekeela edo, hala denean, zein izan diren eskatutakoa ukatzeko arrazoiak, betiere atzemandako akatsak edo gabeziak zuzentzeko aukera emanda.

3. Eskumena duen kudeaketa bulegoak eskaera onartuz gero, entrega fisikoa bi modutan egin daiteke:

a) Diruaren eta Zerga Zigiluaren Fabrika Nazionalak zuzenean egitea entrega fisikoa eskatzaileari 517 ereduan adierazitako tokian, baldin eta establezimendu horrek aurreko urtean 500.000 etiketa baino gehiago eskatu baditu.

Establezimendu eskatzailearen titularrak entrega fisiko hori hartu duela jakinarazi beharko du Nafarroako Foru Ogasunaren webgunearen bidez, hartu eta hurrengo berrogeita zortzi orduko epean, informazio hau atxikiz:

1.–Marka fiskalak zein egunetan hartu diren. UUUU-HH-EE.

2.–Hartutako etiketen serieen numerazioa (zenbatetik zenbatera).

3.–Entregatutako etiketei dagokien eskaera zenbakia (517 eredua).

Gainera, entrega fisikoa egin ondoren ikusten bada benetan jasotako marka fiskaletan akatsen bat edo gorabeheraren bat dagoela kopuruari, numerazioari eta/edo motari dagokionez, establezimenduaren titularrak, horren berri izan bezain pronto, jakinarazi beharko dio eskumena duen kudeaketa bulegoari edo Kontu-hartze Zerbitzuari.

Harrera fisikoaren gaineko gorabeheraren bat jakinaraziz gero, eskumena duen kudeaketa bulegoak behar diren egiaztapen lanak egin beharko ditu hurrengo bost laneguneko epean. Hori horrela, harrera egiten duen establezimenduak ezin izanen ditu etiketa horiek erabili harik eta kudeaketa bulegoak berariazko baimena ematen dion arte, edo, hori ezean, goian aipatutako epea bukatu arte egiaztapen lanik egin gabe.

b) Establezimenduak aurreko urtean 500.000 etiketa baino gutxiago eskatu baditu, entrega fisikoa “Bingo jokorako kartoiak, edari deribatuen zirkulaziorako markak, efektu tinbredunak (kanbio-letrak) eta notarioek bakarrik erabiltzekoa den paper tinbreduna garraiatu, biltegiratu, gorde eta bidaltzeko zerbitzuaren” kontratazio publikoaren adjudikazio-hartzaile den enpresak eginen du, Nafarroako Foru Ogasuna erakunde autonomoak egindako adjudikazioari jarraikiz, 2. apartatuan adierazitako jakinarazpen elektronikoa egin ondoren.

Entrega fisikoa aurreko paragrafoan adierazitako enpresa adjudikazio-hartzaileak egiten badu, datari, etiketen numerazioari eta eskaera zenbakiari (517 eredua) buruzko datuak eskatzaileari berresteko arduraduna izanen da entregatzeko baimena duen enpresa, eta kudeaketa-bulegoak berak grabatu beharko du harrera egiten den unean, harrera egin izanaren agiriaren kopia bat erantsita.

Diruaren eta Zerga Zigiluaren Fabrika Nazionalak zuzenean entregatzen dituenean bezala –goiko a) letra–, establezimendu eskatzailearen titularrak eskumena duen kudeaketa bulegoari edo Kontu-hartze Zerbitzuari jakinarazi beharko dio benetan jasotako marka fiskalen kopuruari, numerazioari edo motari dagokionez gertatzen den edozein gorabehera edo akats, horrelakoez konturatu bezain pronto.

Harrera fiskalaren gaineko gorabeheraren bat jakinaraziz gero, eskumena duen kudeaketa bulegoak behar diren egiaztapen lanak egin beharko ditu hurrengo bost laneguneko epean. Hori horrela, harrera egiten duen establezimenduak ezin izanen ditu etiketa horiek erabili harik eta kudeaketa bulegoak berariazko baimena ematen dion arte, edo, hori ezean, goian aipatutako epea bukatu arte egiaztapen lanik egin gabe.

4. Jadanik entregatuak dauden etiketen kasuan, Zerga Berezien Erregelamenduaren 26.9 artikuluan aurreikusitako zerga bereziaren kuotak likidatzearen ondorioetarako, likidazioaren kalkulua egiteko orduan kontuan hartuko da aurreko urtean eskatzailearen establezimendutik atera diren bilgarri edo botilen batez besteko edukiera.

4. artikulua. Marka fiskalak hartu ondoren eman beharreko informazioa.

1. Marka fiskalen harrera fisikoa egin ondoren, establezimendu eskatzaileak honako hauen gaineko informazioa eman beharko dio Nafarroako Foru Ogasunari etiketak establezimendu eskatzailetik atera baino lehen, Zerga Berezien Erregelamenduaren 26.4 artikuluan ezarritakoa betez:

a) Harrera egin duen establezimenduaren identifikazio fiskala.

b) Marka fiskalak zein tokitan itsatsi diren edari deribatuen botiletan edo bilgarrietan (establezimendu eskatzailea, jatorrian itsatsi diren, edo botilatzeko edo ontziratzeko zentro independente batean).

c) Edari deribatuen botiletan edo bilgarrietan itsasteko etiketen harrera egin duen establezimenduaren titularra (IFZ, jarduera eta ezarpen kodea eta izen-abizenak edo sozietate-izena).

d) Botila edo ontzi horietan sartutako produktuaren lote-zenbakia.

e) Etiketak itsatsi diren bilgarrien edo ontzien edukiera.

f) Bilgarri edo ontzi horietan sartutako edari deribatuaren graduazio alkoholikoa.

g) Produktuaren deskribapen komertziala.

2. Bakarrik itsasontzietan edo aireontzietan kontsumitzeko edo saltzeko diren edari alkoholdunen hornidura egiteko baimena duten gordailu fiskalen kasuan, bidaiariei saldutako edari deribatuei dagokienez (etiketa fiskala eraman behar dutenak), gordailu horiek Nafarroako Foru Ogasunaren webgunearen bitartez jakinarazi beharko dute, bakar-bakarrik, hilabete natural bakoitzean saldutako botilen edo ontzien kopurua eta haiei itsatsitako etiketen modeloa, hurrengo hilabeteko lehenengo bost egun balioduneko epearen barruan.

3. Artikulu honetan ezarritakoa ez da aplikatuko artisau-destilatzaileek hartutako etiketen kasuetan.

5. artikulua. Marka fiskalen kontabilitatea.

1. Zerga Berezien Erregelamenduaren 26.10 artikuluan ezarritakoari jarraikiz, marka fiskalak hartzen dituzten establezimenduen titularrek marka fiskalen liburu bat eraman beharko dute, non honako hauek jasoko baitira: hilabete bakoitzaren hasieran eta bukaeran dauden izakinak, fisikoki entregatu zaizkien marka fiskalak eta jadanik botilei edo bilgarriei itsatsitako markak, bai establezimenduan berean daudenenak, nola atera direnenak, eta, horien artean, bereiziz etete-araubidean gertatzen diren irteerak eta kasuan kasuko zerga sortu duten irteerak.

2. Marka fiskalak hartzen dituzten establezimenduak, salbu eta artisau-destilatzaileak, zeinek kontabilitatea paper-euskarrian eraman beharko duten, behartuak daude, hilero, aurreko paragrafoan aipatutako liburuen berri ematera baliabide elektronikoen bidez, Nafarroako Foru Ogasunaren wegbunearen bitartez, bertan unean-unean adierazten den formatuan.

3. Nolanahi ere, marka fiskalen kontabilitate-liburuetako idazpenek aukera eman behar diete kudeaketa bulego eskudunari eta zerga berezien arloko kontu-hartze zerbitzuei noiznahi egiazta dezaten ea betetzen diren indarreko araudian eskatzen diren baldintzak eta betebeharrak, batez ere Zerga Berezien Erregelamenduaren 26.5 artikuluan bermeei buruz adierazitakoa eta 26.9 artikuluan marka fiskalen kontaketari buruz adierazitakoa.

6. artikulua. Segurtasun kodeak suntsitzeko, baliogabetzeko edo haiei baja elektronikoa emateko prozedura.

1. Zerga Berezien Erregelamenduaren 26.11 eta 53 bis.3 artikuluetan aurreikusitako kasuetan, edari deribatuen ontziei edo bilgarriei itsatsitako marka fiskaletan jarritako segurtasun kodeak suntsitzea, baliogabetzea edo haiei baja elektronikoa ematea establezimendu interesdunak berak eskatuta egiten ahalko da, baina betiere zerga administrazioaren kontrolpean eta lurralde eremu honetatik atera baino lehen. Horretarako, segurtasun kode horiei baja elektronikoa emateko eskaera elektronikoa egin beharko zaio Nafarroako Foru Ogasunari.

2. Eskaera elektroniko horretan, establezimendu eskatzaileak zehaztu beharko du baja eman nahi dien segurtasun kode elektroniko guzti-guztien identifikazioa, adierazita irteera esportazio baterako den, Europar Batasunaren barruko igorketa baterako, itzulketa-eskaera baten ondorioz edo beste arrazoi bategatik. Zehaztu beharko du, orobat, marka fiskal horiek zein bilgarri edo ontzi motari itsatsita dauden eta zein merkataritza-produktu den.

3. Baja elektronikoa eman baino lehen, kudeaketa bulegoak behar diren tramiteak eginen ditu bost egun balioduneko epean behar diren egiaztapen fisikoak egin daitezen egiaztatze aldera ea zehaztutako kode elektronikoak bat datozen eskatzailearen esku dauden bilgarriek edo ontziek dituztenekin, baita bajaren arrazoia ere. Alderdi horiek osorik edo partez egiaztatu ondoren, kudeaketa bulegoak segurtasun kodeen baja elektronikoa eginen du.

Segurtasun kode horien baja elektronikoa gauzatu ondoren, Nafarroako Foru Ogasunak bajaren berri emanen dio eskatzaileari, baliabide elektronikoak erabiliz; azkenean baja baimentzen ez bada, berriz, ukatzeko arrazoia jakinarazi beharko dio.

4. Zerga Berezien Erregelamenduaren 6.5 artikuluan azaldutako itzulketa-eskaeren kasuetan, baliogabetzea edo baja elektronikoa ematea eskatu ez bada eta, beraz, etiketa fiskalen suntsiketa fisikoa egitea beharrezkoa bada, eskatzaileak kudeaketa bulego eskudunari jakinarazi beharko dio suntsiketa egiteko aurreikusi den tokia, modua eta eguna. Jakinarazpen hori egin eta hiru egun balioduneko epean, kudeaketa bulegoak suntsiketa egiteko behar diren tramiteak eginen ditu, betiere zerga administrazioaren zerbitzuen kontrolpean.

Xedapen gehigarri bakarra.–Izakinen aitorpena eta marka fiskalen suntsiketa.

1. 2020ko urriaren 31 baino lehen, gordailu fiskalen eta harrera-gordailuen titularrek eta fabrikatzaileek, baita erregistratuak dauden aldian behingo hartzaileek, baimendu diren jasotzaileek, urrutiko saltzaileen ordezkari fiskalek, erregistratuak dauden bidaltzaileek eta inportatzaileek ere, foru agindu honek indarra hartzen duen egunean izakin gisa itsatsi gabe dituzten etiketa fiskalen aitorpena egin beharko dute zerga bereziak kudeatzen dituen bulegoan, zehazki, gaur egun indarra duten P3, P4, P5, P6, P7, P8, G3, G4 eta G5 ereduetakoak, bakoitzaren numerazioa adierazita. Aitorpen hori aurkeztu ondoren, eta, betiere, 2020ko abenduaren 31 baino lehen, kontu-hartze zerbitzuei entregatuko dizkiete etiketa fiskal horiek, suntsituak izan daitezen. Entregatzen dituzten unetik aurrera, etiketa horiei dagokien zerga bereziaren balioa ez da kontuan hartuko Zerga Berezien Erregelamenduaren 26. artikuluan aurreikusitako bermeen muga kalkulatzearen ondorioetarako.

2. Zerga bereziak kudeatzen dituzten bulegoek, 2021eko martxoaren 31 baino lehen, aurreko paragrafoan aipatutako etiketak suntsituko dituzte, baita kudeaketa bulegoek berek entregatu gabe dituzten etiketen izakinak ere, E4, E5, P3, P4, P5, P6, P7, P8, G3, G4 eta G5 ereduetakoak. Suntsiketa horren akta eginen da, suntsitu diren etiketa motak, numerazioa eta kopurua adierazita, baita non eta noiz suntsitu diren ere.

Lehenengo xedapen iragankorra.–Establezimenduak berak izakin gisa dituen marka fiskalak itsasteko bitarteko aldia.

2020ko lehenengo sei hilabeteetan, establezimenduek 2020ko urtarrilaren 1a baino lehen Nafarroako Foru Ogasunari eskatutako etiketak itsasten segitzen ahalko dute, aurreko xedapen gehigarri bakarrean aipatutako E4, E5, P3, P4, P5, P6, P7, P8, G3, G4 eta G5 ereduetakoak, foru agindu honen 4. artikuluan ezarritako informazioa erantsi behar izan gabe.

Bigarren xedapen iragankorra.–Etiketa jakin batzuen balioa mantentzea.

Azaroaren 20ko 3482/2007 EHA Aginduan azaltzen diren etiketek baliozkoak izaten segituko dute (agindu horren bidez eredu batzuk onetsi ziren eta zenbait kudeaketa arau bateratu eta eguneratu ziren fabrikazioaren gaineko zerga bereziei dagokienez eta hidrokarburo batzuen txikizkako salmentaren gaineko zergari dagokionez), baldin eta Europar Batasunean 2020ko uztailaren 1a baino lehen inportatutako edo fabrikatutako edari deribatuen bilgarrietan eta/edo ontzietan jadanik itsatsita baldin badaude, baina, betiere, kasuan kasuko merkaturatze aldia bukatu bitarte eta mugaeguna 2022ko urtarrilaren 1a izanik.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Foru agindu honek indarra hartzearekin batera, indarrik gabe utziko da Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren irailaren 19ko 172/2000 Foru Agindua, “Marka fiskalak eskatzea zerga berezietako kudeaketa bulegoari” izeneko 517 ereduari dagokionez eta “Bideko salmenta prozeduraren bidez bidalitako produktuak izanik, zerga-tasa murriztua duten produktuen entrega-noten hileko zerrenda” izeneko 511 ereduari dagokionez. Foru agindu horren bidez, zerga bereziei eta aseguru primen gaineko zergari dagozkien aitorpen ereduak, pezetatan eta eurotan, onetsi ziren, eta haiek kudeatzeko arauak ezarri.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

Iruñean, 2020ko otsailaren 4an.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

I. ERANSKINA

Marka fiskalak.

II. ERANSKINA

517 eredua. Alkoholaren eta edari deribatuen gaineko zergaren marka fiskalak eskatzea.

517 eredua betetzeko jarraibideak.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F2001696