35. ALDIZKARIA - 2020ko otsailaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

IRUNBERRI

Deialdia, Irunberriko Udalean zerbitzu anitzetako enplegatu izateko lanpostu bat, lan-kontratu finkoarekin eta lanaldi osoan, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko

Alkatetzaren otsailaren 7ko 15/2020 Ebazpenaren bidez deialdia onetsi zen, Irunberriko Udalean zerbitzu anitzetako enplegatu izateko lanpostu bat, lan-kontratu finkoarekin eta lanaldi osoan, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko, oinarri hauen arabera:

OINARRIAK

1. oinarria. Xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da Irunberriko Udalaren plantillan zerbitzu anitzetako langileen 5A lanpostua, lan-kontratu finkoarekin eta lanaldi osoan, oposizio-lehiaketa bidez betetzea.

1.2. Lanpostuaren ordainsariak D mailari dagozkion oinarrizkoak izanen dira, lanaldiaren araberakoak, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan eta indarra duen araudian zehaztutako moduan, eta Irunberriko Udalaren plantilla organikoan une bakoitzean ezartzen diren osagarriak jasoko ditu.

1.3. Bi hilabeteko probaldia ezartzen da, eta bitarte horretan Udalak kontratua suntsiarazten edo hutsaltzen ahalko du, Udalari iruditzen bazaio lanpostuaren zereginak ez direla berak nahi bezala bete, edo ez dela behar bezala integratu langile taldean.

1.4. Hautaprobak gainditurik deialdi honetako lanposturako aukeratzen den izangaia Gizarte Segurantzaren Sistema Orokorreko kide eginen da, eta hartan inskribatuko.

1.5. Lanaldi osoko lanpostua izanen da. Lanaldiaren araubidea ordutegi partitukoa izanen da; hala ere, zerbitzuaren beharretara egokituko da. Organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute, zerbitzuaren beharren arabera. Langileari lantokira joatea eska diezaiokete asteko edozein egunetan eta edozein ordutan.

1.6. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduan ezarritakoarekin bat, hautaproben emaitzak zerrenda bat osatzeko ere erabiliko dira, zerbitzu anitzetako enplegatu lanposturako aldi baterako kontratazioak egiteko, Irunberriko Udalean sortzen diren beharrei erantzuna eman behar zaienerako.

Aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrenda hori subsidiarioa izanen da, araudian xedatutakoaren arabera prestatu diren edo etorkizunean prestatzen diren langile finkoen zerrenden aldean, eta lehentasuna izanen du aldi baterako kontrataziorako eratuta dagoen beste edozein zerrendaren aurretik.

Deialdi honetako apartatu honen bidez egiten diren aldi baterako kontratazioetarako ere bi hilabeteko probaldia ezarri da, eta epe horretan edozein aldek deuseztatzen ahal du kontratua.

1.7. Eginkizun hauek izanen ditu lanpostuak, besteak beste:

–Udal zerbitzuetan eta egoitzetan mantentze-lanak, garbiketa eta zaintza lanak egitea: hilerria, lorezaintza, pilotalekua, eskolak, bideak, udaletxea, kontsultategia, etab. (iturgintza, elektrizitatea, pintura, igeltserotza, soldadura, zurgintza...).

–Azpiegituretan mantentze- eta konpontze-lanak egitea: ura, saneamendua (iturgintza, elektrizitatea, mekanika, pintura, igeltserotza, soldadura, zurgintza, garbiketa, zangak ireki eta ixtea...).

–Lorezaintza eta nekazaritza lanak arboladi, lorategi, eremu publiko eta udal finketan.

–Iragarkiak, bandoak, Udalaren publizitatea banatu eta jartzea, agiriak eraman eta haien legezko jakinarazpenak egitea, gauzak garraiatzea.

–Ibilgailuak gidatzea eta Udalaren makineria, lanabesak eta tresnak maneiatu, mantendu eta konpontzea. Lanean erabiltzen diren ibilgailuak zaintzea.

–Zerbitzu anitzak, loturik daudenak instalazio eta obretako mantentze-lan orokorren lantaldearen jarduerekin, eta haiei jarraipena egitea, egokiak izan daitezen horien funtzionamendua, kontserbazioa eta mantentzea.

–Hiri altzariak eta gauzak garraiatzea, jartzea eta haien mantentze-lanak egitea: zutoinak, seinaleak, kale-argiak, bankuak, iturriak, agertokiak, hesiak, besta eta ekitaldi publikoetan erabilitako tresnak, etab.

–Udalaren azpiegitura, egoitza eta ekipamenduetan ikusten diren akats, matxura eta hausturak kontrolatzea, eta zerbitzuen hobekuntza bultzatzea eta hartan laguntzea eta, hartara, hobekuntzarako lagungarri izan daitezkeen ekintza eta aldaketak proposatzea.

–Irunberriko Udalak programatzen dituen festetarako eta kultur ekitaldietarako prestakuntzan eta garbiketan laguntzea, baita Irunberriko Udalak laguntzen edo babesten dituen ekitaldietan ere.

–Udaleko beste zerbitzu batzuei laguntzea, hala eskatzen zaionean, eta kanpoko zerbitzuekin koordinatzea, langile espezializatuak behar direnean.

–Segurtasun eta higiene arauak betetzea, behar bezala baliatuz lan bakoitzean erabiltzen diren babes-ekipamendu egokiak.

–Lanerako ezarritako arau, prozedura eta zehaztapen guztiak ezagutzea eta aplikatzea.

–Kasuren batean behar izanez gero, egoerara egokitzea, lanorduekin malgutasunez jokatuz, ezarritako lan programa eta zerbitzuaren beharrak betetzeko.

–Udalaren ordenantzak betetzen ote diren kontrolatu eta begiratzea, eta hirigintza eta ingurumen gaietan ikuskatzea, begiratuta ea jasotzen eta betetzen ote den lizentzia eta obrei, eremu publikoaren okupazioari, isurketei eta abarri buruzko araudia.

–Edozein eratako udal zerbitzuak ematea, eta hala Alkatetzak nola organo eskuordetuek haren esku uzten duten beste edozein zeregin; guztiak ere bere eskumen, maila eta kategoriaren barnean.

2. oinarria. Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio.

Espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatu bateko edo aipatu nazioarteko tratatuek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek ere parte har dezakete, zuzenbidez bereizita ez badaude. Era berean, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, legez bananduta ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.

b) Adinez nagusia izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adinik ez izatea.

c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, titulu hau izatea: DBHko Graduatuaren titulua, Eskola Graduatuaren titulua, Erdi Mailako Lanbide Heziketakoa edo horien baliokide bat; edo, bestela, titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioa frogatzen duen agiria eduki beharko da.

d) Bete behar diren eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez egotea.

f) Gidatzeko baimena edukitzea, gutxienez B motakoa.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira aurreko baldintzak, eta hautapen-prozesuak eta kontratazioak iraun bitartean ere bete beharko dira.

3. oinarria. Eskabideak: eredua eta aurkezteko epea.

3.1. Deialdian parte hartzeko, eskabidea (Irunberriko Udalari zuzendua) aurkeztu beharko da Irunberriko Udaleko erregistro orokorrean (Kale Nagusia, 46, 31440 Irunberri), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako edozein erregistro eta bulegotan, 30 egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

3.2. Eskabidea I. eranskineko ereduari lotuko zaio, eta ondoko agiriekin batera aurkeztuko da:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo beste agiri bat, frogatzen dituena izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna.

b) Bigarren oinarriko c) apartatuan eskatzen den titulazio akademikoaren fotokopia konpultsatua.

c) Gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.

d) Lehiaketaldian baloratzeko aurkeztu diren merezimenduen jatorrizko ziurtagiriak edo horien kopiak; eskabidean, lehiaketaldirako alegatutako merezimenduak adierazi beharko dira.

Dokumentu horiez gain, minusbaliotasuna duten izangaiek, parte hartzeko eskabidearekin batera, minusbaliotasuna eta desgaitasun maila frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana. Une horretan aurkezten ez dutenei ez zaie kontuan hartuko deiak egiterakoan. Halaber, ariketak egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak eska ditzakete, horren beharrik izanez gero, eskabidean bertan. Aparteko orri batean, adierazi beharko dute zer minusbaliotasun duten eta zer egokitzapen eskatzen duten.

4. oinarria. Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea iraganik, Irunberriko Udaleko alkateak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta www.lumbier.com web-orrian argitara dadila aginduko du, bai eta Irunberriko Udalaren iragarki-taulan ere.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta haiek ebatzi ondoan, Irunberriko Udaleko alkateak izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du, eta Udalaren iragarki-taulan eta www.lumbier.com web-orrian argitaratzeko aginduko, deialdiko lehen hautaproba egiteko eguna, ordua eta tokia adierazita.

4.4. Gainerako probak egiteko hurrengo iragarkiak Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian (www.lumbier.com) emanen dira argitara.

5. oinarria. Epaimahaia.

5.1. Honako kide hauek osatuko dute epaimahaia; alabaina, izangai onartuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehazten ahalko da behin betiko osaera:

Mahaiburua: Rocío Monclús Manjón. Irunberriko Udaleko alkatea.

Mahaiburuaren ordezkoa: Mauro Gogorcena Aoiz. Irunberriko Udaleko alkateordea.

Lehen mahaikidea: Fco. Javier Cuesta Miqueleiz. Lumbier IBPko irakaslea.

Lehen mahaikidearen ordezkoa: Jesús Alzueta Trigueros. Irunberriko Udaleko zinegotzia.

Bigarren mahaikidea: Carlos Álava Álava. Lumbier IBPko irakaslea.

Bigarren mahaikidearen ordezkoa: Jordi Gual Zaldain. Soysanako mantentze-lanetako enplegatua. Enpresa horrek kudeatzen ditu Irunberriko kirol instalazioak.

Hirugarren mahaikidea: Luis Javier Villanueva Martínez. Lumbier IBPko irakaslea.

Hirugarren mahaikidearen ordezkoa: Mikel De Carlos Gorria. Soysanako mantentze-lanetako enplegatua. Enpresa horrek kudeatzen ditu Irunberriko kirol instalazioak.

Idazkaria: Beatriz Beroiz Erdozain. Irunberriko Udaleko idazkaria.

Ordezko idazkaria: Raquel García Areso. Ledeako Udaleko idazkaria.

5.2. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza jasotzen ahalko du proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

5.3. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta Irunberriko Idazkaritza Alorrari hala jakinarazi, baldin indarreko legerian horretarako aurreikusiak dauden arrazoiak gertatzen badira.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaia aldatzen bada, epaimahaikideek berek uko egiteko edo haiek errekusatzeko legez ezarritako arrazoiengatik, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da aldaketa.

5.4. Hautaprobak hasi baino lehen eratuko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu ezean.

Halaber, epaimahaiaren eraketak balio izateko, epaimahaiko buruak eta idazkariak bertan egon beharko dute.

5.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak. Berdinketa gertatuz gero, epaimahaiko buruak kalitateko botoa erabil dezake.

6. oinarria. Hautaproben nondik norakoak eta balorazioa.

Hautapen prozesuak bi fase edukiko ditu, ordena honekin: oposizioaldia eta lehiaketaldia.

6.1. Oposizioaldia.

Oposizioaldian 80 puntu lor daitezke gehienez, eta honako ariketa hauek izanen ditu:

–Lehen ariketa: teorikoa (baztertzailea). Plika sistema erabiliz eginen da, eta III. eranskineko gaiei buruzko galderak erantzun beharko dira idatziz. Erantzuteko zenbait aukera emanen dira, baina bakar bat izanen da zuzena. Ariketa honetan gehienez ere 30 puntu emanen dira, eta ariketa gainditzeko gutxienez ere 15 puntu erdietsi behar dira; baztertuta geldituko dira hori lortzen ez duten izangaiak. Epaimahaiak erabakiko du proba hau egiteko zer denbora izanen den. Erantzun oker bakoitzagatik 0,25 puntu kenduko da. Galderaren bat baliogabetzen bada, guztizko puntuazioa hainbanatuko da galdera baliodunen artean.

–Bigarren ariketa: praktikoa (baztertzailea). Proba praktiko batzuk egin beharko dira, egun batean edo zenbait egunetan, lanpostuarekin zerikusia dutenak, II. eranskineko zerrendan ageri diren gaiei buruzkoak. Ariketa honetan gehienez ere 40 puntu emanen dira. Gutxienez, 20 puntu atera beharko dira, baztertuta geldituko baitira puntuazio hori lortzen ez duten izangaiak. Epaimahaiak erabakiko du proba hau egiteko zer denbora izanen den.

–Hirugarren ariketa: elkarrizketa pertsonala. Proba izanen da epaimahaikideekin elkarrizketa bat izatea. Aurreko bi probak gainditzen dituztenekin elkarrizketa bat eginen da, merezimendu, gaitasun eta berdintasun printzipioei jarraikiz. Elkarrizketa ez da baztertzailea izanen eta lanpostuaren eginkizunak, aurkeztutako merezimenduak eta II. eranskineko edukia jorratuko dira bertan. 10 puntu emanen dira, gehienez.

Oposizioaldiko ariketa bakoitza burututakoan, azterketa gainditu duten izangaien eta haien kalifikazioen zerrenda argitara emanen du epaimahaiak, Udalaren web-orrian eta iragarki-taulan. 3 egun baliodun emanen dira alegazioak aurkezteko eta, horiek ebatzirik, behin betiko kalifikazioak argitaratuko dira web-orrian eta iragarki-taulan, baita hurrengo proba egiteko tokia, eguna eta ordua ere.

Probetarako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiek Nortasun Agiri Nazionala edo, bestela, izangaiaren nazionalitatea eta nortasun datuak frogatzen dituen beste agiri baliokideren bat aldean dutela agertu beharko dute. Probetara agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.

6.2. Lehiaketaldia:

Lehialdian bi proba teorikoak gainditu dituzten izangaiek alegatutako merezimenduak kalifikatuko ditu epaimahaiak, III. eranskinean zehazten den merezimenduen baremoaren arabera. Fase horretan, gehienez, 20 puntu emanen dira.

Izangaiek eskabidea aurkezten duten unean berean alegatu eta egiaztatu beharko dituzte merezimendu guztiak; horretarako jatorrizko agiriak edo behar bezala konpultsatuak aurkeztu beharko dituzte, bestela ez aurkeztutzat joko baitira.

Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu aurkeztu gabeko edo agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik. Epaimahaiak noiznahi eska ditzake izangaiek alegatutako merezimenduei buruzko argibideak eta datu osagarriak.

6.3. Lehiaketaldiko eta oposizioaldiko puntuazio osoa ehun (100) puntukoa izanen da.

6.4. Hautaprobak egiteko, desgaitasun aitorturen bat dutenentzat bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak jarriko dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.

7. oinarria. Probak gainditu dituztenen zerrenda eta aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda.

7.1. Gaindituen zerrenda.

7.1.1. Behin proben kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak argitara emanen du, Irunberriko Udaleko iragarki-taulan eta web-orrian, probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, guztira lortutako puntuazioaren hurrenkeran, eta zerrenda alkateari igorriko dio onets dezan, hautapen prozesuaren espediente osoarekin batera.

Zerrenda horrekin batera, 1.6 oinarrian aipatzen den zerrenda eratuko da, egiten ahal diren aldi baterako kontratazioetarako.

7.1.2. Parte-hartzaileen artean berdinketarik gertatuz gero, epaimahaiak ebatziko du, kontuan izanik zein izan den oposizioaldiko puntuaziorik handiena. Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak jarraitzen badu, epaimahaiak eginen duen berariazko zozketa bakar baten bidez ebatziko da.

7.1.3. Epaimahaiak puntuazio handiena lortu duen izangaia izendatzeko proposamena igorriko dio Udaleko Alkatetzari. Loteslea izanen da. Proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

7.1.4. Proposatuak deialdian eskatutako gaitasun baldintzak eta gainerako beharkizunak frogatzen dituzten agiriak aurkeztu beharko ditu, izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 30 eguneko epean. Gainera, osasun azterketa egin eta gainditu beharko du.

7.1.5. Proposatutako izangaiak ez baditu agiri horiek aurkezten, edo lanposturako gai ez bada, ezin izanen da izendatu, eta probak gainditu dituztenen zerrendan hurrengo izangaiarekin beteko da hutsunea, aurreko atalean ezarritakoa bete ondoren.

7.2. Aldi baterako kontratazioak egiteko izangaien zerrenda.

7.2.1. Hautaprobak gainditu bai baina lanposturik lortu ez duten izangaiei deitzen ahalko zaie, puntuazio hurrenkerari jarraikiz, Irunberriko Udaleko kasuan kasuko zerbitzuan sortzen diren beharren arabera, deialdi honen oinarrietan ezarritakoari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraikiz.

Probak gainditzen dituztenen zerrenda agortzen bada, eta beste zerrenda bat egiteko probetarako deialdia egin arte, proba teorikoa gainditu dutenei egiten ahal zaie dei, lortutako puntuazioaren hurrenkeran.

8. oinarria. Izendapena eta karguaz jabetzea.

8.1. Udaleko alkateak oinarri hauen 7.1.4 apartatuan ezarritakoa betetzen duen eta proposatzen den izangaia izendatuko du lanposturako.

8.2. Izangai izendatuak hilabeteko epean hartu beharko du lanpostuaren jabetza, izendapena jakinarazten denetik. Hala egiten ez badu, eskubide guztiak galduko ditu eta 7.1.5 apartatuan xedatuari jarraituko zaio.

9. oinarria. Datuen babesa.

2016/679 (EB) Erregelamenduaren (DBEO) 13. artikuluan ezarritakoari jarraituz, izangaiei ondokoa jakinarazten zaie:

–Irunberriko Udala da izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.

–Datuen tratamenduaren xedea da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.

–Oinarri juridikoa honako hau da: DBEOren 6.1.b) artikulua, kontratu bat gauzatzeko behar den tratamendua, interesduna kontratu horren parte bat denean, edo berak eskatuta kontratu aurreko neurriak aplikatzeko beharrezkoa dena, eta DBEOren 6.1.c) artikulua, tratamenduaren arduradunari aplikagarri zaion legezko betebehar bat betetzeko behar den tratamendua.

–Datuak zein xedetarako bildu diren, xede hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondorioz izan daitezkeen erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako Toki Entitateen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

–Datuen komunikazioa eginen da legeak aurreikusitako kasuetan (5/2015 LED, urriaren 30ekoa), gardentasunaren atarian argitaratzea barne, 5/2018 Foru Legearen 19.2.f artikuluarekin bat.

–Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatu, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joaz edo egoitza elektronikoaren bitartez.

–Halaber, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan (aepd.es), uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin.

10. oinarria. Errekurtsoak.

Deialdi honen eta dagozkion oinarrien nahiz deialdia aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Irunberrin, 2020ko otsailaren 7an.–Alkatea, Rocío Monclús Manjón.

I. ERANSKINA

Eskabidea (PDFa).

II. ERANSKINA

1. gaia.–Irunberriko udalerria: udalerriaren ezagutza orokorra; kaleen, parajeen eta udal eraikin eta instalazioen izenak.

2. gaia.–Nafarroako toki entitateen antolaketa eta administrazioa (6/1990 Foru Legea, I. Titulua eta eguneraketak).

3. gaia.–Nafarroako toki entitateen funtzionamenduari buruzko araubidea. Herritarren parte-hartzea eta informazioa (6/1990 Foru Legea, III. Titulua eta eguneraketak).

4. gaia.–Nafarroako toki entitateen ondasunak (6/1990 Foru Legea, IV. Titulua eta eguneraketak).

5. gaia.–Jarduerak, zerbitzuak eta obrak (6/1990 Foru Legea, V. Titulua eta eguneraketak).

6. gaia.–Nafarroako toki entitateen zerbitzurako langileak (6/1990 Foru Legea, VII. Titulua eta eguneraketak).

7. gaia.–Igeltserotza: kontzeptu orokorrak; materialak; erremintak; zolatzeak; alikatatzeak; kofratzeak; murruak egitea; hiri-altzariak eta eraikinak pintatzea; hiri-altzarien eta eraikinen mantentze-lanak.

8. gaia.–Mekanika: maneiatzea; mantentze-lanak; udal makineria, lanabesak eta tresnak ikuskatzea eta haien ohiko konponketak.

9. gaia.–Iturgintza, berokuntza eta aire-girotze instalazioak: materialak, iturgintzako hodientzako, saneamendurako eta berokuntzarako; sanitarioak, txorrotak, zisternak, sifoiak; berokuntza zirkuituak: osagaiak, zirkuituak airez betetzea eta purgatzea; galdara gela eta horren osagai bereziak; aire-girotze gela eta horren osagai bereziak. Iturgintza, berokuntza eta aire-girotze eskemak ulertzea.

10. gaia.–Soldadura lanak egitea, soldadura sistema, geometria, materialen soldagarritasuna, makineria maneiatzea eta segurtasuna.

11. gaia.–Elektrizitate eta suteen aurkako instalazioak: banaketa koadroak eraikinetan, potentzia kontrolatzeko etengailua, magnetotermikoak eta diferentzialak. Eraikinetako barneko argiztapena. Suteen aurka babesteko osagarriak. Elektrizitate eskemak ulertzea.

12. gaia.–Laneko arriskuen prebentzioa, arau-esparrua: Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko 31/1995 Legea. Eskubideak eta eginbeharrak. Segurtasun-baldintzekin eta laneko ingurumenarekin lotzen diren arriskuak. Arriskuak kontrolatzeko oinarrizko sistemak: taldekako babesak eta norbera babesteko ekipamenduak. Bide segurtasuna: Lehen sorospenak. Metalezko aldamioak, igogailu-eskailerak eta igogailu-plataformak modu seguruan erabiltzea.

III. ERANSKINA

Merezimenduen baremoa

A.–Laneko esperientzia (12 puntu gehienez):

A.1. Udaletan edo entitate publikoetan, zerbitzu anitzetako enplegatu lanean (D edo C maila) emandako urte bakoitzeko: puntu 1, eta gehienez ere 7 puntu. Urte zatikiak proportzioan baloratuko dira.

A.2. Udaletan edo entitate publikoetan, zerbitzu anitzetako enplegatu lanean (E maila) emandako urte bakoitzeko: 0,75 puntu, eta gehienez ere 3 puntu. Urte zatikiak proportzioan baloratuko dira.

A.3. Entitate pribatuetan, instalazioen mantentze-lanak egiten dituen zerbitzu anitzetako enplegatu gisa edo lanpostuarekin zerikusia duten beste lanpostu batzuetan emandako urte bakoitzeko: 0,5 puntu, eta gehienez ere 2 puntu.

B.–Prestakuntza osagarria (8 puntu):

B.1. Lanpostuaren eginkizunekin zerikusia duten espezialitateetan maila ertaineko gradua, goi mailako gradua edo LH IIko gradua edo baliokidea izateagatik: 4 puntu titulu bakoitzeko (gehienez ere 4 puntu).

B.2. Lanpostuko eginkizunekin ikusteko duten prestakuntza ikastaroengatik, gehienez ere 4 puntu.

–20 orduko edo gehiagoko ikastaroak: 0,10 puntu ikastaro bakoitzeko.

–50 orduko edo gehiagoko ikastaroak: 0,25 puntu ikastaro bakoitzeko.

–100 orduko edo gehiagoko ikastaroak: puntu 1 ikastaro bakoitzeko.

–150 orduko edo gehiagoko ikastaroak: 1,5 puntu ikastaro bakoitzeko.

–200 orduko edo gehiagoko ikastaroak: 2 puntu ikastaro bakoitzeko.

Aurreko apartatuetako merezimenduak frogatzeko, lehiatzaileak lan egindako administrazio publikoaren edo legez eratutako enpresa pribatuaren ziurtagiriak aurkeztuko dira; merezimendu horiek kontatzeko, berriz, aintzat hartuko dira bai lan araubidean, behin-behineko nahiz finko gisa, bai administrazio araubidean, bitarteko gisa nahiz lanpostuaren jabe izanik, egindako zerbitzuak.

Egiaztatutako esperientzia baloratzean, urte osoa egiten ez duen aldiari proportzioan dagokiona emanen zaio.

Lanaldia osoa ez bada, orduan ere dagokion proportzionaltasunaren arabera kalkulatuko da.

Merezimendu hauek frogatzeko, entitate kontratatzaile publiko nahiz pribatuen ziurtagiriak aurkeztu beharko dira, non agertuko baita zer lan mota egin den, lanpostuaren maila, lanaldi mota eta lanaldiaren iraupena, eta kontratu horren iraupena.

Iragarkiaren kodea: L2002100