35. ALDIZKARIA - 2020ko otsailaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

7/2020 FORU DEKRETUA, otsailaren 5ekoa, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko 2020ko BERDINNA Saria Astelehen Lilak Nafarroa Elkarteari ematen diona.

BERDINNA Sariaren xedea da nabarmentzea eta publikoki aintzatestea Nafarroako Foru Komunitatean emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan egindako lanagatik nabarmendu direnen jokaera. Saria urtarrilaren 10eko 1/2018 Foru Dekretuaren bidez sortu zen.

Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak azaroaren 8an emandako 178/2019 Foru Aginduaren bidez, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko 2020ko BERDINNA Sariaren deialdia egin eta hura emateko oinarriak ezarri ziren.

Epaimahaiak, jasotako hautagaitzen artean, deialdian ageri diren irizpideei jarraikiz azterketa zorrotza egin ondoan, saria Astelehen Lilak Nafarroa Elkarteari emateko proposamena egin du, ongi merezia duelakoan argi nabarmentzeagatik eta laguntza paregabea emateagatik Nafarroako Foru Komunitatean emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko lanean.

Hautagaitzaren ezin ukatuzko merituetatik, hauek dira nabarmentzekoak:

1991n eratu zenetik, elkarteak izan duen ibilbide luzea, 25 urte baino gehiago baitarama jardunean. Halaber, nabarmendu nahi da elkarteak izan duen bilakaera interesgarria. Izan ere, berdintasunaren inguruan lagun egiteko, gogoetarako, prestakuntzarako eta aktibismorako proiektu bat izan zen sorburuan. Geroago, berriz, laguntza arloko lana bete du bereziki, bere eginkizunak lagun egitera eta aldarrikapenetara bideratuz, eta indarkeria matxistatik bizirik iraun duten emakumeentzako baliabideetarako zerbitzu juridiko eta psikologiko bat antolatu du.

Bere jarduketen garrantziari dagokionez esan behar da emakumeen lana eta ahalduntzea aitortzeko eta emakumeen eta gizonen arteko eskubide eta aukera berdintasuna sustatzeko asmoz egindako jarduketak, ekintzak eta proiektuak.

Saritutako elkarteak parte hartu du berdintasunaren arloko berariazko politikak eta legeriak egiten, eta, arlo politikoan, kideetako batzuk Nafarroako Gobernuak berdintasuna eta genero indarkeria lantzeko sustatu dituen batzordeetako kide izan dira.

Elkarteak Nafarroako gizartean duen eraginaz eta oihartzunaz esan behar da Astelehen Lilak Nafarroa Elkarteak aitortza eman dioten zenbait sari jaso dituela, eta haren kanpainak Nafarroako Foru Komunitatetik harago ere iritsi direla.

Gaur egun, gainera, elkartea erreferentea da berdintasunaren arloko prestakuntzan, bai profesionalentzat, bai neska-mutil nahiz gizon-emakumeentzat.

Zenbait sostengu-gutun aurkeztu ditu hautagaitzarekin batera, elkartearen proiektuetan lankidetzan aritutako pertsonek, esparru ugaritako profesionalek eta elkartearen proiektuetan parte hartu dutenek idatziak. Horiek guztiek dute garrantzia, eta hautagaitzak gizartean duen babesaren eta haren eraginaren adierazgarri dira. Aipagarria da gutun horiek jatorri askotakoak direla, eta hainbatetan islatzen dela Astelehen Lilak Nafarroa Elkarteak haientzat izan duen ekarpena.

Horrenbestez, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeiko otsailaren bostean egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. 2020ko BERDINNA Saria Astelehen Lilak Nafarroa Elkarteari ematea.

2. Foru dekretu hau interesdunari jakinaraztea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

Iruñean, 2020ko otsailaren 5ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2001837