298. ALDIZKARIA - 2020ko abenduaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2020ko abenduaren 16an hartua, NA-134 errepidean, 52+300 k.p.an, San Adrianen (Nafarroa), bidegurutzea egokitzeko eraikuntza proiektuko obrek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adierazten duena, nahitaez desjabetzeko.

Lurralde Kohesiorako kontseilariak urriaren 16an emandako 64/2020 Foru Aginduaren bidez, “NA-134 errepidean, 52+300 k.p.an, San Adrianen (Nafarroa), bidegurutzea egokitzeko eraikuntza proiektua” onetsi zen behin-behinekoz, eta, horrekin batera, jendaurrean jarri zen proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda (2020ko 260. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, azaroaren 5ekoa).

Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuak egindako txostenaren arabera, gaur egungo bidegurutzearen ordez, biribilgune itxi bat egin nahi da NA-134 errepidearen 52+300 k.p.an, bide guztiekin konektatzeko aukera emanen duena. Biribilgunearen barneko erradioa 25 metrokoa izanen da, eta kanpokoa, 30 metrokoa. Horrek berekin dakar adar bakoitzak biribilgunearekin dituen konexioak egokitzea, egungo plataformak aprobetxatuz, zabalduko baitira proiektatutako trazadurak alorrak edo lorategiak okupatzen dituen tokietan. Bidegurutzearen funtzionamendua eta bide segurtasuna hobetzearren, beharrezkoa da obrei ahalik eta lasterren ekitea. Hala, behar diren lurrak eskuratzeko tramiteak azkartzearren, nahitaezkoa da ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakotzat jotzea; hori dena, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan ezarritakoaren babesean.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Presako deklaratzea, nahitaez desjabetzeko, NA-134 errepidean, 52+300 k.p.an, San Adrianen (Nafarroa), bidegurutzea egokitzeko eraikuntza proiektuko obrek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa.

2. Ukitutako ondasun eta eskubideak eskuratzeko kalkulatutako gastua ezartzea: 15.603,60 euro. Diru kopuru hori 2020ko gastuen aurrekontuko “Beste herri-lan batzuk” izeneko 220002-22100-6019-453400 partidaren baliokidea izatea erabakitzen den 2021eko gastuen aurrekontuko partidaren kargura finantzatuko da, betiere 2021ean horretarako kreditu egokia eta nahikoa izatearen baldintzapean.

3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da eta argitaratzen den egunetik beretik izanen ditu ondorioak. Aditzera ematen da erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela eta haren aurka, hautara, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egin dezakete, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

4. Erabaki hau igortzea Azterlan eta Proiektuen Zerbitzura, Lurralde Kohesiorako Departamentuko Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora eta departamentu horretako Kontu-hartzailetza delegatura.

Iruñean, 2020ko abenduaren 16an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2015544