298. ALDIZKARIA - 2020ko abenduaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

730/2020 EBAZPENA, abenduaren 17koa, Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez luzatzen eta zati batean aldatzen baitira Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen urriaren 13ko 625/2020 Ebazpenaren bidez hartutako neurriak; ebazpen horren bidez, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitatean garatzen diren kirol jardueretarako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan zuen bilakaeraren ondorioz.

Osasuneko kontseilariaren urriaren 21eko 57/2020 Foru Aginduaren bidez, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan zuen bilakaeraren ondorioz. Foru agindu horretan, aparteko neurri murriztaile batzuk onetsi ziren. Besteak beste, “osasun-hesi” bat ezartzen zen, Nafarroako Foru Komunitate osoaren perimetroko sarrerak eta irteerak mugatzeko. Gainera, eta berariaz kirol arlorako, mugak ezarri ziren kirol instalazioen erabileran eta erabiltzeko ordutegian.

Horri guztiari gehitu behar zaio urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren bidez alarma-egoera deklaratu zela SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko. Errege dekretu horren 2.2 artikuluak eskuordetutako agintari eskudunaren izaera ematen zion autonomia-erkidegoetako lehendakaritza duenari.

Emandako eskumen horiek erabiliz onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren 24/2020 Foru Dekretua, urriaren 27koa. Horren bidez, prebentzio neurriak ezarri ziren Nafarroako Foru Komunitatean, SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko. Zehazki, pertsonen zirkulazio-askatasuna mugatu zen gauez Nafarroako Foru Komunitatean, 23:00etatik 06:00etara bitartean; mugatu egin zen Nafarroako Foru Komunitatera sartzea eta bertatik irtetea, salbu foru dekretu horretan aipatutako eta behar bezala justifikatutako joan-etorrien kasuan; eta mugatu egin ziren pertsonen arteko bilerak: sei lagun, gehienez ere, eremu publikoan, eta bizikidetza-unitatea eremu pribatuan, salbuespenak salbuespen.

Lehendakariak hartutako neurri horiek luzatu egin dira, 2020ko abenduaren 18ra arte luzatu ere, Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren azaroaren 4ko 26/2020 Foru Dekretuaren bidez eta Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren azaroaren 16ko 28/2020 Foru Dekretuaren bidez. Azkenik, Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariak 29/2020 Foru Dekretua, abenduaren 14koa, eman du. Azken horretan ezarritako neurriak 2021eko urtarrilaren 14ra arte izanen dira indarrean, eta halaber, foru dekretuak baimena ematen die talde, kirolari, teknikari eta arbitroei Nafarroako Foru Komunitatera sartu eta bertatik ateratzeko, baldin eta parte hartzen badute Estatuko txapelketa ofizial ez-profesionaletan, Espainiako kirol federazioen menpeko nazioarteko txapelketetan eta erkidegoen artekoetan. Era berean, maila eta errendimendu handiko kirolariak ere sartu eta irten ahalko dira, apartatu horretan aipatzen diren lehiaketa ofizialak prestatzeko kontzentrazioetan parte hartzen badute.

Halaber, Osasuneko kontseilariak 58/2020 Foru Agindua eman zuen azaroaren 4an, eta horren bidez luzatu eta zati batean aldatu zen Osasuneko kontseilariaren urriaren 21eko 57/2020 Foru Agindua, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu zituena Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz. Foru agindu hori luzatu eta zati batean aldatu zuten Osasuneko kontseilariaren azaroaren 16ko 59/2020, azaroaren 25eko 61/2020 eta azaroaren 27ko 62/2020 foru aginduek. Azkenik, eta Osasuneko kontseilariaren abenduaren 14ko 63/2020 Foru Aginduaren bidez, hartutako neurriak 2020ko abenduaren 30era arte luzatu dira, egun hori barne. Kirol arloan, foru agindu horrek 14.1 apartatuan ezartzen du Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen bidez ezarriko direla kirol-jardueretarako edukierak, barnealdean nahiz kanpoaldean egiten direnetarako.

Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariak zein Osasuneko kontseilariak ondoz ondo onetsitako neurri guztiak betez, Nafarroako Kirolaren Institutuak kirol arlorako berariazko neurriak hartu ditu: Nafarroako Kirolaren Institutuak, zuzendari kudeatzailearen urriaren 13ko 625/2020 Ebazpenaren bidez, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu zituen Nafarroako Foru Komunitatean garatzen diren kirol jardueretarako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan zuen bilakaeraren ondorioz. Neurri horiek Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen urriaren 27ko 659/2020 Ebazpenaren bidez luzatu ziren, 2020ko azaroaren 10era arte. Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen azaroaren 11ko 672/2020 Ebazpenak berriro ere luzatu zituen aipatu neurriak, 2020ko azaroaren 20ra arte, eta neurri horietako bat edo beste aldatu zuen. Azaroaren 19ko 680/2020 Ebazpenak 2020ko abenduaren 2ra arte luzatu zituen neurriak, eta arau berriak ezarri aldagelen eta dutxen erabilerari lotuta. Azkenik, Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen abenduaren 2ko 700/2020 Ebazpenaren bidez, berriro luzatu ziren onetsitako neurriak, 2020ko abenduaren 17ra arte, egun hori barne, eta arau berriak ezarri zituen kirol entrenamenduak egiteko.

Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariak eta Osasuneko kontseilariak azken neurriak hartu zituztenetik, kutsatzeen kopuruak behera jarraitu du pixkanaka, abuztuaz geroztik ez zeuden kopuruetaraino. Nafarroako Foru Komunitatea arrisku oso altuko balorazioa eta 4ko alerta maila izatetik arrisku altuko balorazioa eta 3ko alerta maila izatera igaro da. Horregatik, alerta maila horrekin bat datozen neurriak onestea erabaki da.

Kirol arloan, osasun egoeraren ebaluazio positiboa ikusirik, hartutako neurriak pixkanaka malgutzen jarraituko da, funtsean instalazio itxietan entrenamendu osoak egiteari dagokionez eta Nafarroako Kirol Federazioek antolatutako txapelketa eta probatan parte har dezaketen pertsonen kopuruaz bezainbatean.

Hori horrela, instalazio itxietan entrenamendu osoak egin ahal izateko baldintzak aldatu dira, halako moduz non entrenamendu talde eta kirol instalazio bakoitzeko 15 lagun bitarte biltzen ahalko baitira. Nafarroako Kirol Federazioek antolatutako txapelketa eta probei dagokienez (atari zabalean edo gune itxietan egiten diren gorabehera), parte-hartzaileen gehieneko kopurua handitu da, eta mantendu da, gehieneko kopuru hori gainditzen den kasuetarako, Nafarroako Kirolaren Institutuaren eta Osasun Departamentuaren baimena edukitzeko beharra.

Amaitzeko, jaso da Osasuneko kontseilariaren abenduaren 14ko 63/2020 Foru Aginduaren 14.5 puntuan xedaturikoari lotuta Osasuneko zuzendari nagusiak egindako interpretazioa, eta zehaztu da entrenamenduak 22:00etara arte egin daitezkeela, baldin eta instalazioaren titularrak horretarako baimena ematen badu.

Horrenbestez, Nafarroako Kirolaren Institutuaren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 326/2019 Foru Dekretuak eskuordetu dizkidan ahalmenekin bat,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak urriaren 13an eman zuen 625/2020 Ebazpenaren bidez onetsitako neurriak luzatzea, salbu eta ebazpen horren eranskineko 2.2 eta 2.3 puntuak. Ebazpen horren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitatean garatzen diren kirol jardueretarako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz.

2. Aldatzea Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen urriaren 13ko 625/2020 Ebazpenaren eranskineko puntu hauek, honela idatzita gera daitezen:

“2.2. Entrenamenduak instalazio itxietan:

Kirol kolektiboetako taldeak osatzen dituzten kirolariek entrenamendu osoak egin ditzakete instalazio itxietan, gehienez ere 15 lagun bitarteko entrenamendu taldeetan kirol instalazio bakoitzeko.

Kontaktuzko banakako kirolak (kick boxinga, judoa, karatea, taekwondoa, borroka olinpikoa eta horiei loturiko diziplina zein kirolak) egiten dituzten kirolariek entrenamendu osoak egin ditzakete instalazio itxietan, 15 lagun bitarteko talde egonkorretan, baldin eta instalazioak 8 metro koadro baldin baditu parte-hartzaile bakoitzeko, mugikortasun txikiko jardueretarako, eta 20 metro koadro baditu parte-hartzaile bakoitzeko, berriz, mugikortasun handiko jardueretarako, aireberritze naturala badu edo behartua (mekanikoa), airearen birzirkulaziorik gabe”.

“2.3. Txapelketak:

Ez daude baimenduta kontaktu edo oposizioko kirolen kirol txapelketa autonomikoak, Nafarroako Kirol Federazioek antolatuak, ezta beste erakunde batzuek antolatutako antzeko kirol jarduerak eta pertsona fisikoek antolatutako topaketak ere.

Nafarroako Kirol Federazioek aire zabalean antolatutako txapelketa eta probak baimenduta daudenean (ez direlako kontaktu edo oposizioko kirolenak), partaidetza-indizea handia bada, esate baterako, txirrindularitza probak, atletismo lasterketak, mendi-lasterketak, irristaketa, triatloia eta abar badira, gehienez ere 125 partaide izanen dira aldi berean. Gehieneko kopuru hori gaindituz gero, Osasun Departamentuari eskatu behar zaio baimena.

Nafarroako Kirol Federazioek gune itxietan antolatutako txapelketa eta probak baimenduta daudenean (ez direlako kontaktu edo oposizioko kirolenak), gehienez ere 40 partaide izanen dira aldi berean. Gehieneko kopuru hori gaindituz gero, Nafarroako Kirolaren Institutuari eskatu behar zaio baimena.

Apartatu honetan adierazitako jarduerak egiten direnean, antolatzaileek bermatu beharko dute bertaratutako ikusleek Osasuneko kontseilariaren abenduaren 14ko 63/2020 Foru Aginduan onetsitako prebentzio neurri guztiak betetzen dituztela, besteak beste, maskara egoki erabiltzen dutela, pertsonen arteko distantzia gutxienez 1,5 metrokoa dela, eskuak garbitzen dituztela soluzio hidroalkoholikoaz edo ur eta xaboiaz eta men egiten diotela jateko eta edateko debekuari.

Halaber, jarduera egiten duten bitartean, kirolari parte-hartzaileek ezin izanen dute inolako kontaktu fisikorik eduki bertaratutako ikusleekin, eta uneoro gorde beharko dute pertsonen artean eskatzen den gutxieneko distantzia”.

3. Abenduaren 14ko 63/2020 Foru Aginduak, Nafarroako Foru Komunitaterako berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu zituenak COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz, 14.5 puntuan xedatzen du zer ordura arte egon daitezkeen zabalik gehienez ere kirol jarduerak garatzen diren instalazioak; horri dagokionez, zehazten da entrenamenduak 22:00ak arte egin daitezkeela, baldin eta instalazioaren titularrak horretarako baimena ematen badu.

4. Neurri hauek indarrean egonen dira 2020ko abenduaren 18tik 2021eko urtarrilaren 12ra bitarte, biak barne, eta uneko egoera epidemiologikoaren arabera, luzatu, aldatu edo bertan behera uzten ahalko dira.

Halaber, indarrean jarraituko dute Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emandako ebazpen hauetan ezarritako xedapenek, ebazpen honetan xedatutakoari aurka egiten ez dioten heinean: 459/2020 Ebazpena, ekainaren 23koa; 551/2020 Ebazpena, abuztuaren 27koa, eta 593/2020 Ebazpena, irailaren 25ekoa.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Horrez gain, informazioa emateko xedez, ebazpen hau Nafarroako Kirolaren Institutuaren webgunean argitaratuko da, eta, gainera, Nafarroako Kirolaren Institutuaren sare sozialetan eta hedabide orokorretan zabalduko da.

6. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Kirolaren Zuzendariordetzari eta Administrazio eta Kudeaketa Atalari eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari.

Iruñean, 2020ko abenduaren 17an.–Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Miguel Ángel Pozueta Uribe-Echeverría.

Iragarkiaren kodea: F2015643