298. ALDIZKARIA - 2020ko abenduaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

305/2020 EBAZPENA, azaroaren 9koa, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak emana, Ardatzen (Itzagaondoko udalerrian, Nafarroan) dagoen Ardazko gurutzea izeneko monumentuaren babes eremua behin-behinekoz mugatu eta interes kulturaleko ondasunaren espedientea jendaurrean egoteko epea irekitzen duena.

Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiko Ondare Historikoaren Zerbitzuak txosten hau eman du:

“Ondare Historikoaren Zerbitzuko Ondare Arkitektonikoaren Atalak planteatu du Ardazko gurutzea izeneko monumentuaren babes eremua behin-behinekoz mugatzea; Ardazko herrian (Itzagaondoko udalerrian) dagoen monumentu hori martxoaren 14ko 571/1963 Dekretuak babestuta dago (martxoaren 30eko Estatuko Aldizkari Ofiziala), eta interes kulturaleko ondasuna da Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen bigarren xedapen gehigarriaren arabera.

Ardazko gurutzea gotikoa da, ziurrenik XV. mendekoa edo XVI. mendearen hasierakoa. Landa lurzoruan dago, herriko sarreran, lorategi txiki batean, udalerriko 11. poligonoko 28. lurzatian. Hauek dira UTM koordenatuak: x: 629.094 eta y: 4.732.868.

Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 19.1 artikuluan ezarritakoarekin bat, beharrezkoa da monumentu horren babes eremua finkatu eta zehatz-mehatz mugatzea.

Honako hau da Ardazko gurutzea babesteko eremuaren mugaketaren hitzez hitzeko deskribapena:

Ardazko gurutzea babesteko eremua 28 metroko erradioa duen zirkulu batek osatzen du. Itzagaondoko udalerriko 11. poligonoko 28., 29., 108., 109., 112. eta 233. lurzatiak hartzen ditu, baita lurzati horien arteko bideei dagokien eremua ere.

Eremuaren muga grafikoak erantsitako planoan jasota daude.

Hau da ukituen zerrenda:

–Itzagaondoko Udala.

–Ardazko Kontzejua.

–Victoriano Echarte Beroiz.

–Basilio Echarte Urtasun.

–Francisco Javier Cordeu Arboniés, María Lourdes Elía Galar.

Eremua mugatu da, batetik, monumentua zaintzeko eta, bestetik, bere kokalekuko lurralde-eremuaren ezaugarriak eta baldintzak gordetzeko eta bertatik ikusten den panoramika babesteko.

Eremu horretarako honako babes neurriak proposatzen dira:

1. Gurutzeari dagokionez, 14/2005 Foru Legearen 36. artikuluak ezartzen duena bete beharko da, hots, beharrezkoa izanen dela kultura arloko departamentu eskudunak baimena ematea edozein esku-hartzetarako.

2. Eremuari dagokionez, 14/2005 Foru Legearen 36. artikuluak ezartzen duena bete beharko da, hots, beharrezkoa izanen dela kultura arloko departamentu eskudunak baimena ematea edozein esku-hartzetarako, eta ezartzen da honakoa:

a) 28., 29., 108., 109. eta 112. landa lurzatietan sartutako eremuetan ez da inolako eraikin edo instalaziorik paratuko.

b) 233. landa lursailaren zatian, ingurunean sartuta dagoen horretan, ez da inolako eraikin edo instalaziorik paratuko, salbu eta egun dagoena, eta horretan jarduketarik eginez gero kultura giro horrekin bat etorri beharko du.

Beraz, proposatzen da Ardazko gurutzea babesteko ingurunea behin-behinekoz mugatzea eta tramitazioa hastea.”

Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legeak eta Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak eman dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Itzagaondoko udalerriko (Nafarroa) Ardatz herrian dagoen Ardazko gurutzea izeneko monumentuaren babes eremua behin-behinekoz mugatzea, interes kulturaleko ondasun gisa babestu ahal izateko, ebazpen honen azalpen zatiko hitzez hitzeko deskripzioarekin eta ebazpen honi atxikitako dokumentazio grafikoarekin bat.

2. Jendaurrean egoteko epea irekitzea, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta, biharamunetik, 30 egunez, espedientean interesa duten guztiek aztertu eta egoki jotzen duten guztia alega dezaten.

3. Ebazpen hau interesdunei eta Itzagaondoko Udalari jakinaraztea. Aditzera ematen zaie, azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 19.1.d artikuluan xedaturikoarekin bat, ukituriko eremuak zatikatzeko edo bertan eraiki edo eraisteko udal lizentziak eta emanak daudenen ondorioak bertan behera utzi behar direla. Toki horietan lanen bat berehalakoan egin behar bada ezinbestean, beharrezkoa izanen da Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren baimena.

4. Ebazpen hau eta ukituriko eremuaren mugapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2020ko azaroaren 9an.–Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusia, Ignacio Apezteguía Morentin.

ERANSKINA

Mugaketa grafikoaren planoa (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2014672