293. ALDIZKARIA - 2020ko abenduaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZANGOZA

Lizentziak etetea lurzoru urbanizaezinean eguzki-instalazio fotovoltaikoak jartzeko

Zangozako Udalak, 2020ko azaroaren 26an egin bilkuran, APSko (4) eta EH Bilduko (2) udalkideen aldeko botoekin eta AISSko (5) udalkideen abstentzioarekin, honako erabaki hau hartu zuen:

Ikusi da udal arkitektoak eman txostena eguzki-instalazio fotovoltaikoek Zangozako udal planeamenduan duten arauketari buruz.

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 70.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, Udalak, hirigintza planak hasiera batez onesteko eskumena duen administrazioa den aldetik, ahalmena du urtebetez eteteko partzelazio, eraiste edo erabilera jakin batzuetarako lizentziak ematea, horien eraketa edo berritzea aztertzeko.

Zangozako Udal Plana indarrean dago 1999az geroztik, eta txostenean jasotakoaren arabera, plan horretan ez dago araututa bateragarria ote den lurzoru urbanizaezinean energia berriztagarrien instalazioak jartzea (fotovoltaikoak edo antzekoak). Hortaz, horrelako arauketa orokor eta lausoak interpretazio arazoak sor ditzake planeamenduan. Batetik, ez dago argi zer araubide aplikatu behar zaien proiektu mota horiei lurzoru urbanizaezinean baimengarriak edo debekatuak diren jarduketei dagokienez, eta, bestetik, ez dago argi planean egun definituta dauden lurzoru urbanizaezineko azpikategorietatik zeinekin diren bateragarriak. Azpikategoria horiek, halaber, ez dira sekula egokitu lurralde antolamenduko planetara.

Ikusirik Hirigintzako Batzordeak eman irizpen-proposamena,

ERABAKITZEN DA:

1.–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 70.1 artikuluarekin bat, dekretatzea eten egiten dela lizentzia ematea lurzoru urbanizaezinean eguzki-instalazio fotovoltaikoak jartzeko proiektuetarako, zenbait alderdi aztertu nahi dira-eta: lurraldea, ingurumen, etnografia eta konektibitate ezaugarriak eta abar. Alderdi horiek kontuan hartuta, bada, erabakiko da zein diren mota horretako instalazioak hartzeko eremu egokienak lurzoru urbanizaezinaren barruan eta zein izanen den aplikatuko zaien araudi partikularra. Horretarako, hain zuzen, aldaketa bat izapidetu beharko da Planean.

2.–Eteteak iraunen du Udal Plana aldatzeko hartu beharreko denboran, aldaketa hori aztertu, eratu eta izapidetzeko behar den epean, alegia, gehienez urtebetez (goian adierazitako testu bateginaren 70.3 artikuluari jarraikiz), asmoa baita lurzoru urbanizaezina egoki arautzea.

Erabaki honen kontra, errekurtso hauetariko bat aurkez daiteke, hautara:

1.–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabaki hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

2.–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazten denetik aitzina.

3.–Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

Zangozan, 2020ko azaroaren 30ean.–Alkatea, Lucía Echegoyen Ojer.

Iragarkiaren kodea: L2014679