293. ALDIZKARIA - 2020ko abenduaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

416/2020 FORU AGINDUA, abenduaren 1ekoa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, Olga Cuairán Yeregui andrea behin-behineko zentroko zuzendaria Sesmako Virgen del Carmen adinekoen egoitzan, kargutik kentzen duena.

Sesmako Virgen del Carmen egoitzak adinekoentzako egoitza-zentro izateko baimena dauka, 42 tokirekin. Olga Cuairán andrea zuzendari izendatu zutenean, egoitzan bazen COVID-19ak jotako egoiliar asko, herri hartan izan zen agerraldi epidemikoaren ondoren.

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak jakinarazi du azaroaren 27rako egoera egonkortu zela, eta ez zela beharrezkoa aipatu egoitzan behin-behineko zentroko zuzendari izateko izendatu zen pertsonak zerbitzurik ematea.

Koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko premiazko neurriak onesten dituen apirilaren 6ko 7/2020 Foru Legearen 4. artikuluak ezartzen duenez, alde batetik, Eskubide Sozialetako Departamentuak zentro soziosanitario berriak abian jartzen ahalko ditu, horien bidez indartzeko edo modu alternatiboan emateko sektore kalteberek edo COVID-19aren ondoriozko osasun krisiak nahiz krisi horren kariaz harturiko neurriek ukitutako kolektiboek behar duten arreta, eta, bestetik, Eskubide Sozialetako Departamentuak abian jartzen dituen behin-behineko zentro soziosanitario horietako zuzendaritza postuak izendapen librearen bidez beteko dira, Nafarroako Administrazio Publikoetako bateko edo horietako bati atxikitako funtzionarioen artetik, Eskubide Sozialetako kontseilariaren foru agindu baten bidez.

Espedientean dago Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren txosten-proposamena, egoitzaren egoera aintzat hartu eta proposatzen duena behin-behineko zentroa abian jartzeko baimena bertan behera uztea. Horren ondorioz, Olga Cuairán andrea zuzendari kargutik kendu behar da.

Bidezkoa da, beraz, behin-behineko zentroa abian jartzeko baimena bertan behera uztea eta behin-behineko zentroko zuzendaria postutik kentzea Sesmako Virgen del Carmen egoitzan, urriaren 27tik aurrerako ondorioekin.

Horregatik guztiagatik, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren Estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 301/2019 Foru Dekretuan eta koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko premiazko neurriak onesten dituen apirilaren 6ko 7/2020 Foru Legean ezarritakoarekin bat,

AGINTZEN DUT:

1. Sesmako Virgen del Camino egoitzan behin-behineko zentro bat abian jartzeko, bertako egoiliarrek behar duten arreta indartzeko eta modu alternatiboan emateko baimena bertan behera uztea azaroaren 27tik aurrerako ondorioekin.

2. Olga Cuairán Yeregui andrea Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako behin-behineko zentro horretako zuzendari kargutik kentzea, azaroaren 27tik aurrerako ondorioekin, eta eskerrak ematea egindako zerbitzuengatik.

3. Foru agindu hau jakinaraztea Sesmako Udalari, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Kudeaketaren eta Baliabideen Zuzendariordetzari, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzuari eta Langileriaren Kudeaketako Zerbitzuari, eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2020ko abenduaren 1ean.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

Iragarkiaren kodea: F2014681