293. ALDIZKARIA - 2020ko abenduaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

TUTERA

Deialdia, ludotekako monitorearen bi lanpostu oposizio bidez eta barne igoera murriztuan betetzeko

Alkatetzaren azaroaren 19ko 1791/2020 Ebazpenaren bidez onetsi ziren deialdia eta oinarriak Tuterako Udalaren zerbitzuan ludotekako monitorearen bi lanpostu (C maila/taldearekin parekatuak) barne igoera murriztuan betetzeko.

Deialdi hau eginen da aplikatu beharreko araudian xedatuari eta oinarri hauetan ezartzen denari jarraikiz:

I. ERANSKINA

Oinarriak

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da ludotekako monitorearen 2 lanpostu (C maila/taldearekin parekatuak) barne igoera murriztuan eta oposizio bidez betetzea, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileriaren Estatutuaren 15.6 artikuluan ezarritako prozeduraren bidez, eta Tuterako Udaleko eta haren erakunde autonomoetako funtzionarioen eta lan-kontratudun finko nahiz aldi baterakoen lan-baldintzen gainean indarra duen akordioaren 32. artikuluari jarraikiz.

1.2. 2009ko plantilla organikoan, Osoko Bilkuraren uztailaren 3ko erabakiaren bidez onetsi baitzen, doikuntza batzuk egin ziren, NAPIk Tuterako Udaleko lanpostuen balorazioari buruz egin azterlana aplikatzearen ondorioz; hala, ludotekako monitorearen lanpostuak, Hiri Bizitzaren Kalitaterako Alorrari atxikiak, C mailan geratu ziren, D mailan geratu ordez, goragoko kategoriarekin parekatzeko osagarria aplikatuta, harik eta beharrezko erregulazioak egin arte. Hain zuzen, lanpostu horiek (C maila, plantilla kodeak: 0513D06801-02) dira deialdi honen xede.

1.3. Hautaprobak gainditu ondoan aipatu lanpostuetan aritzeko izendatzen diren izangaiak C mailan/taldean geratuko dira eta plantilla organikoan maila edo talde horretarako ezarritako ordainsariak jasoko dituzte.

1.4. Oposizioaldia gainditzen duten izangaiek lortuko dute barne igoera.

1.5. Mailaz igo direnek jatorrizko zerbitzuari edo arloari atxikirik jarraituko dute; deialdiko maila eta kategoriari, eta eskatutako ikasketei egokitutako lan eta eginkizunetan ariko dira eta, maila berriari dagozkion eginkizunez gain, ordura arte egiten zituztenak ere beteko dituzte.

1.6. Maila igotzeko proba hauetan parte hartzeak ez du deusetan aldatuko langileek izendapenaren aitzinetik zuten araubide juridikoa, izan hori funtzionarioena edo lan-kontratudunena. Halaber, eskubide pasiboen eta osasun laguntzaren araubide berari eutsiko diote.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Tuterako Udalaren zerbitzuko funtzionarioa edo lan-kontratudun finkoa izatea, D maila edo taldekoa.

b) Ludotekako monitore lanpostu bat (D mailakoa) betetzeko izendatua edo kontratatua izatea, Udaleko Hezkuntza zerbitzuari atxikia.

c) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea barne igoera honetara aurkeztu baino lehenagoko lanpostuan.

d) Nafarroako Administrazio Publikoetan bost urteko antzinatasun onartua duela frogatzea.

e) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, Batxilergo titulua, Bigarren Mailako Lanbide Heziketa titulua edo balio bereko beste bat izatea, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

Titulazioaren baldintzaren ordez, administrazio publikoen zerbitzuan (C maila) zortzi urteko antzinatasuna duela frogatu ahalko du, 15.2 artikuluan ezarritakoarekin bat.

f) Haurrentzako eta nerabeentzako babes sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera, lanpostuan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.

3.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak II. eranskineko ereduaren araberakoak izanen dira, eta Herritarrendako Laguntza Zerbitzuan (HLZ) erregistratu beharko dira (Plaza Vieja, 1), edo El Frontón kaleko 1. zenbakiko bulegoetan, edo bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein erabiliz, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hogeita hamar egun naturaleko epean; hartan, izangaiek adierazi beharko dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar ditzaten, ziurtatu aurretik.

3.2. Eskabideari deialdian eskatzen den titulazioaren egiaztagiria gehituko zaio.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, alkate udalburuak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta Tuterako Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian argitaratzeko aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek 10 egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea amaitu eta aurkeztutakoak ebatzita, alkate udalburuak ebazpena emanen du onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta zerrenda hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian argitaratzeko aginduko du. Ebazpen horretan adieraziko da probak non, zein egunetan eta zer ordutan hasiko diren.

Izangai bazterturik ez bada, onartuen zerrenda zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda gisa.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

–Epaimahaiburua: Pedro González Felipe, Tuterako Udaleko zinegotzia.

–Ordezkoa: Irene Royo Ortín, Tuterako Udaleko zinegotzia.

–Epaimahaikidea: Aurora Miranda Latorre, Tuterako Udaleko Hezkuntzako teknikaria.

–Ordezkoa: Raquel Jiménez Ayllón, Tuterako Udaleko Hezkuntzako administrari-ofiziala.

–Epaimahaikidea: Teresa Gil Galarreta, Tuterako “María Reina” Haur Hezkuntzako Ikastetxeko zuzendaria.

–Ordezkoa: Mar Mateo, Tuterako “Lourdes” Haur Hezkuntzako Ikastetxeko zuzendaria.

–Epaimahaikidea: Ana José Martínez Navarro, Tuterako Udaleko Langileen Batzordeak proposatutako ordezkaria.

–Ordezkoa: Mikel Ciordia Osta, Tuterako Udaleko Langileen Batzordeak proposatutako ordezkaria.

–Idazkaria: Belén Serrano Cornago, Langileria alorreko administrari-ofiziala.

–Ordezkoa: Jesús Zueco Sánchez, Langileria alorreko administrari-ofiziala.

5.2. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, aipatu diren egoera horietakoren bat gertatzen denean (urriaren 1eko 40/2015 Lege horren 24. artikulua).

5.3. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratu beharko da epaimahaia.

5.4. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bertan ez bada.

5.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazio eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak.

5.6. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza jaso dezake proba guztietan edo haietako batzuetan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Oposizioa nola eginen den.

6.1. Lehen ariketa, teoriko-praktikoa: Deialdiko III. eranskineko gai-zerrendako gaiei buruzko 30 galdera idatziz erantzun beharko dira. Galdera bakoitzarentzat erantzun batzuk emanen dira aukeran, baina bat bakarra izanen da egokia. Erantzun okerrak zigortu eginen dira. Ariketa hau egiteko 60 minutu emanen dira gehienez.

6.2. Bigarren ariketa: kasu praktiko bat edo batzuk ebatzi beharko dira, edo proba praktiko bat egin, deialdiaren xede den lanposturako espezifikoa. Edonola ere, ariketa izanen da lanpostuaren zeregin, eginkizun eta nondik-norakoei buruzkoa, eta hura prestatzeko III. eranskineko gai zerrenda hartuko da oinarritzat. Bigarren ariketa egiteko gehieneko denbora 120 minutu izanen dira.

6.3. Epaimahaiak erabaki ahalko du lehendabiziko eta bigarren ariketak saio bakarrean egitea, baldin eta bigarren ariketako kasu praktikoak idatziz erantzutekoak badira. Bi ariketak batera eginez gero, lehenbizi test motako zatia zuzenduko da eta, bigarrenik, test motako ariketa gainditu dutenei dagokien kasu praktikoen zatia. Ez dira pliketako kasu praktikoak zuzenduko ez bada test motako zatia gainditu.

6.4. Oposizioko ariketen balorazioan 100 puntu lor daitezke gehienez, honela banatuak:

–Lehen ariketa: 30 puntu gehienez.

–Bigarren ariketa: 70 puntu gehienez.

6.5. Oposizioko ariketak baztertzaileak izanen dira. Bazterturik geldituko dira ariketa bakoitzean gehieneko puntuazioaren erdia gutxienez lortzen ez duten izangaiak.

6.6. Hautaketa-prozesua amaituta, epaimahaiak argitara emanen ditu izangaien zerrenda eta bakoitzak lortutako kalifikazioak, ariketa egin den tokian, eta Tuterako Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian.

6.7. Deialdi bakarra eginen da probetarako, eta haietara izangaiek Nortasun Agiri Nazionala edo horren legezko baliokidea daramatela agertu beharko dute. Agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.

7.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda.

7.1. Ariketaren kalifikazioa burututa, epaimahaiak jendaurrean paratuko du gainditu dutenen zerrenda, lortu duten puntuazioaren arabera ordenatuta, ariketa egin den tokian, Tuterako Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian.

7.2. Epaimahaiak organo eskudunari igorriko dio gainditu duten eta deialdiko lanpostuetan sartzen diren izangaien aldeko izendapen proposamena, deialdi honen 6. oinarrian ezarritakoari jarraikiz.

8.–Izendapena eta jabetza hartzea.

8.1. Aurreko oinarrian aipatzen den hautatze prozedura burutu ondoan, alkateak ebazpena emanen du oposizioaldia gainditzen duten izangaiak izendatzeko, eta zer mailatan sartzen diren zehaztuko du bertan. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

8.2. Izangai izendatuak, izendapena jakinarazi eta ondoko hilabeteko epean lanpostuaren jabetza hartu beharko du edo lan-kontratuaren eranskina formalizatu. Norbait jabetzen ez bada, ezinbesteko kasuetan izan ezik, maila berria lortzeko eskubide guztiak galduko ditu.

9.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka eta dagozkion oinarrien nahiz deialdia aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:

A) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

B) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

C) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Tuteran, 2020ko azaroaren 19an.–Alkate udalburua, Alejandro Toquero Gil.

II. ERANSKINA

Eskabidearen eredua (PDFa).

III. ERANSKINA

Gai-zerrenda

1.–Ludotekak: ludotekaren definizioa. Ludoteken eginkizunak.

2.–Haur psikologiaren oinarrizko kontzeptuak. Hezkuntza garapenaren etapak.

3.–Jolasa. Kontzeptua. Ezaugarriak. Jolas eta jostailu motak.

4.–Ludoteken antolamendua, espazioak eta baliabide materialak.

5.–Ludoteketan erabiltzen den metodologia. Jolas librea, jolas zuzendua eta txokoak.

6.–Jardueren egitaraua. Tailerrak egitea. Zeharkako gaiak.

7.–Gizarte-inklusioko programak ludoteketan.

8.–Ludotekaren proiektua prestatzea.

9.–Lehen laguntza haurtzaroan: zauriak eta hemorragiak. Intoxikazioak eta pozoitzeak. Printzipio orokorrak, lehen laguntzak emateko.

10.–Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoa: legearen xedea eta aplikazio eremua. Berdintasunaren printzipioa eta bazterkeriaren kontrako babesa.

11.–Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legea: Berdintasuna sustatzeko politika publikoak: Ezagutza: hezkuntza, kultura eta komunikazioa.

Iragarkiaren kodea: L2014806