293. ALDIZKARIA - 2020ko abenduaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

LOS ARCOS

Deialdia, eskolazain lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko

Los Arcosko Udalak deialdia onetsi du, eskolazain lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko, Los Arcosko Haur eta Lehen Hezkuntzako Santa María ikastetxe publikoan erretiroagatiko lanpostu hutsa betetze aldera.

OINARRIAK

1. oinarria.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da eskolazain lanpostu bat, D mailakoa, oposizio-lehiaketa bidez betetzea, Los Arcosko Haur eta Lehen Hezkuntzako Santa María ikastetxe publikoan erretiroagatiko lanpostu hutsa betetze aldera.

1.2. Besteak beste, lanpostu horretan aritzekoa denak honako betebehar hauek izanen ditu:

–Eskolazaintzari dagozkion egitekoak beteko ditu, ikastetxean jarduna dagoen orduetan eta eskolaz kanpoko jarduerak egiten direnean.

–Ikastetxe publikoko altzari, makina, instalazio eta lokalak zaintzea.

–Eraikineko, bulegoetako eta geletako giltzak zaintzea.

–Ikastetxearen kanpoko ateak eta, halaber, geletakoak eta instalazioetakoak irekitzea eta ixtea, garaiz egin ere, bertan egin beharreko jarduerak egin ahal daitezen.

–Ate nagusian atezaintzako zerbitzuaren arreta orokorra izatea, eskolazaintzako lokalean egonik sarrera-irteerak kontrolatu eta ikastetxera doazenei arreta emateko; berandu etortzen diren ikasleak eta hainbat arrazoirengatik ikastetxera joaten den kanpoko jendea hartzea, haien eskaerak jasotzea, eskaera horiei erantzuteko ardura dutenei abisatzea eta informazioa ematea ordutegi orokorraz eta ikastetxearen funtzionamenduari buruzko gainerako kontu guztiez.

–Ikastetxea itxita edukitzeaz arduratzea, zuzendaritzaren arauei jarraikiz, ikasleak kanpora joan ez daitezen behar ez denean eta inor ohartu gabe, eta sartu beharreko pertsonak sar daitezen.

–Bere esku utzitako dokumentuak, gauzak eta gutunak hartu, zaindu eta banatzea.

–Ikastetxeko telefonoa hartzea eta faxaz arduratzea; abisuak jaso eta haien berri ematea. Iristen diren erosgaiak eta mezuak kontrolatzea, jasotzea eta banatzea.

–Ikastetxe barruan, behar diren materialak, altzariak eta tresnak garraiatzea, gelak prestatzea bilera edo bestelako jardueretarako, eskola edo kiroleko materiala edo bestelakoa kontrolatu eta banatzea, eta abar.

–Zerbitzuari loturiko enkarguak egitea, bai eraikinaren barrenean bai kanpoan.

–Erreprodukzioko makinak, fotokopiagailuak, koadernagailuak eta antzeko beste batzuk erabiltzea, ikastetxeko zuzendaritzak horretarako baimena emandakoan.

–Fotokopiak, errepografiako enkarguak eta koadernaketa txikiak egitea, bai zuzendaritza-taldeak bai irakasleek eskatuta.

–Administrazioko eremuaren eta liburutegiaren mantentze-lanak egitea sistematikoki, ordenari eta eraginkortasunari dagokienez (alarmak, ordutegiaren programatzailea, botika-kutxa, fotokopiagailuak, orriak, kartulinak, gillotina, plastifikagailua, paperontziak, erremintak, eta abar).

–Ikastetxeko instalazioak sistematikoki berraztertzea eta kalte edo anomalien berri ematea zuzendaritza-taldeari eta horiek Mantentze-lanen liburuan idaztea (entxufeak, etengailuak, lanparak eta ekipamendu elektrikoa oro har, patioetako hiri altzariak, jolaserakoak, iturriak, komunak, eta abar).

–Alarmaren eta ordutegiaren programazioaren sistema kontrolatzea.

–Berokuntza sistemaren programazioa kontrolatzea.

–Eraikineko eta eskola barrutiko sarrera eta irteera ateen funtzionamendu egokia egiaztatzea sistematikoki. Haien mantentze-lanak (giltzarrapoak, bisagrak, sarrailak eta izuaren kontrako barrak). Doitu eta koipeztatzea.

–Atzemandako matxurak edo gabeziak konpondu edo lehengoratzea eta zuzendaritza taldeari jakinaraztea, bai eta Mantentze-lanen liburuan jasotzea ere.

–Kasu egin eta laguntzea eskolan aritzen diren gremioetako langileei informatika, elektrizitate, igeltserotza, lorezaintza eta beste lan batzuetan.

–Zaintzea higiene zerbitzuek egokiro funtzionatzen dutela eta zuzen erabiltzen direla; behar denean garbiketa puntualak egitea, eta paperak eta behin erabiltzeko beste gai batzuk ipintzea, gastatzen direnean.

–Eskolako patioen, haur jokoen eta iturriaren ohiko garbiketa egitea, paperontziak, eta abar garbitzea eta zaborra edukiontzietara eramatea, beharra dagoenean.

–Ikastetxe barruko eta eraikinaren kanpoaldeko landareak zaindu eta ureztatzea; lorategiak ureztatzea eta zaintzea, barnean dela eskola barrutian diren heskaiak kimatzea eta belarra moztea.

–Eskolako altzariak eta lokalak garbitzea, edozein arrazoirengatik zikintzen direnean eta berehala garbitzea premiazkoa denean.

–Botika-kutxaz arduratzea eta istripua izandako haurrei laguntzea, istripuaren berri emanez osasun zerbitzuei, tutoreei, familiei eta abarri, beharra badago.

–Ikastetxeko zuzendaritza-taldeak edo, kasua bada, udal zerbitzuek ikastetxea oro har zaintzeko eta mantentzeko egiten dizkioten oharrei kasu egitea, bai eta eginkizunen banaketari dagokionez agindutakoa ere, kontuan izanik haien egokitasuna, ordutegia eta baldintzak eta, orobat, ikastetxeko zuzendaritzak ezartzen dituen eguneroko errutinak gauzatzea, aurreko betebehar guztiak hobeki burutzeko.

1.3. Deialdi honen ondorioz izendatzen den izangaia Los Arcosko Udaleko nominako eta plantillako lan-kontratu finkoko langile bilakatuko da. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatuko da eta hartan alta emanen zaio, araubide horren babespean.

Hiru hilabeteko probaldia ezartzen da, eta bitarte horretan Udalak kontratua suntsiarazten edo hutsaltzen ahalko du, Udalari iruditzen bazaio lanpostuaren zereginak ez direla berak nahi bezala bete, edo ez dela behar bezala integratu langile taldean.

1.4. Urteko lanaldia izanen da Nafarroako administrazio publikoetako langileei oro har dagokiena, urteko 1592 ordukoa baita gaur egun.

Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara egokituko da eta urte bakoitzerako onesten den egutegian jasoko da, nahiz organo administratibo eskudunek aldatzen ahalko duten, zerbitzuaren funtzionamenduan sortutako beharrei erantzuteko. Oporraldia beti izanen da eskola-egutegitik kanpo.

1.5. Deialdiko lanpostuak Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan ezarrita dauden oinarrizko lansarietatik D mailari dagozkionak izanen ditu, eta, halakorik bada, Los Arcosko Udalaren plantilla organikoan ikastetxe publikoko eskolazain lanposturako finkatzen diren osagarriak ere bai.

2. oinarria.–Izangaiek bete behar dituzten baldintzak.

Oposizio-lehiaketa honetan onartua izateko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako, honako beharkizun hauek bete beharko dituzte:

2.1. Espainiarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio, langileen eta haien familiakoen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 7. artikuluan ezartzen den bezala.

2.2. Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina.

2.3. Eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean edukitzea Eskola Graduatuaren titulua, Lehen Mailako Lanbide Heziketakoa edo baliokidea, edo eskuratzeko baldintzetan egotea.

2.4. Behar den gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

2.5. Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

2.6. Adingabeekin ohiko harremana duten lanbide, ogibide eta jardueretan lanean hasi eta aritzeko baldintza dela epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu askatasun eta sexu ukigabetasunaren kontrako delitu batengatik, eta horren barnean sartzen dira sexu eraso eta abusua, sexu jazarpena, exhibizionismoa eta sexu probokazioa, prostituzioa eta sexu esplotazioa, adingabeak galbideratzea, eta gizakien salerosketa. Hartara, lanbide, ogibide edo jarduera horietan hasi nahi dutenek Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiaren ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko dute, inguruabar hori frogatzeko.

Nazionalitate espainiarra ez duten izangaiek frogatu beharko dute ez dutela beren Estatuko administrazio publikoan sartzea eragozten dien diziplina zehapenik edo zigor penalik.

Betebehar horiek bete beharko dira eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta lanpostuaren jabetza hartu arte.

3. oinarria.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko, eskabidea aurkeztu beharko da Los Arcosko Udaleko erregistro orokorrean (Foruen kalea 1, Los Arcos), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako edozein baliabideren bidez, hogeita hamar egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Epearen azken eguna jaieguna bada, Udalaren bulegoak jendearentzat irekita dauden hurrengo eguna arte luzatuko da. Eskabideak deialdi honetako eranskinean argitaratutako ereduari jarraikiz aurkeztuko dira eta horietan izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunerako.

3.2. Desgaitasunen bat aitortua duten izangaiek, ariketak egin ahal izateko denbora edo baliabideetan egokitzapenik behar badute, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea, eta hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako ezgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, legeen arabera desgaitasuna dutela frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana.

3.3. Eskabideari, behar bezala bete ondotik, honako agiri hauek erantsiko zaizkio:

a) NANaren fotokopia.

b) Deialdian eskatutako titulazioaren fotokopia.

1.–Titulazio akademikoa.

c) Lehiaketaldian baloratzekoak diren merezimenduen frogagiriak.

3.4. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4. oinarria.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Los Arcosko Udaleko alkate udalburuak ebazpena emanen du, onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

4.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea amaitutakoan eta erreklamazioei erantzun ondoren, Los Arcosko Udaleko alkate udalburuak ebazpena emanen du onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du. Ebazpen horretan adieraziko da oposizioa noiz, non eta zer ordutan hasiko den.

4.4. Izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda behin betiko bihurtu ahalko da berehala, izangai bat ere ez bada baztertzen.

5. oinarria.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

–Epaimahaiburua: Los Arcosko Udaleko alkatea.

–Ordezkoa: Los Arcosko Udaleko Hezkuntza zinegotzia.

–Epaimahaikidea: Los Arcosko Udaleko langileen ordezkaria.

–Ordezkoa: Los Arcosko Udaleko langileen ordezkaria.

–Epaimahaikidea: Los Arcosko Udalaren udal teknikaria.

–Ordezkoa: Los Arcosko Udalaren udal teknikaria.

–Epaimahaikidea: Los Arcosko Udalaren mantentze-lanetako langilea.

–Ordezkoa: Los Arcosko Udalaren mantentze-lanetako langilea.

–Epaimahaikide-idazkaria: Los Arcosko Udaleko idazkaria.

–Epaimahaikide-idazkariaren ordezkoa: Nafarroako udal bateko idazkaria.

5.2. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

5.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bertan ez bada. Organo kolegiatuaren eraketak eta jardunak balio izateko, bertan egon beharko dute epaimahaiburuak eta epaimahaikide-idazkariak edo haien ordezkoek.

5.4. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude. Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak.

5.6. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza jaso dezake proba guztietan edo haietako batzuetan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira arituko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

Behin epaimahaia eratua denean, epaimahaiburua edo idazkaria gaixorik dagoenean edo haien aldi baterako absentzia justifikatuetan, jarraituko zaio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 21.2 eta 23.2 artikuluetan ezarritakoari.

6. oinarria.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoa.

Oposizio-lehiaketak bi fase izanen ditu.

Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da oposizioko probak non, noiz eta zer ordutan eginen diren.

Oposizioko proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Oposiziotik baztertuak izanen dira iragarritako egunetan, orduetan eta tokietan agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

6.1. Lehiaketaldia.

Lehiaketaldia ez da baztertzailea izanen, oposizioa gainditu duten izangaiei baloratuko zaie, eta 10 puntu izanen ditu gehienez ere.

3.3.e) atalean ezarritakoari jarraituz, alegatutako merezimenduak honela puntuatu eta frogatuko dira:

–Esperientzia: Ikastetxeetan eskolazain lanean emandako zerbitzuengatik: puntu 1 urte bakoitzeko, eta gehienez ere 4 urte.

Eskolazaintzako zerbitzutzat hartuko dira bai lan araubide administratiboan bai funtzionarioen lan araubidean egindakoak.

–Prestakuntza: Lanpostuko eginkizunekin ikusteko duten ikastaroak, gutxienez ere 20 ordu irauten badute.

Lehiaketaldia bukatutakoan, Los Arcosko Udaleko iragarki-taulan argitara emanen da izangai bakoitzak lortutako puntuazioa. Oposizio-lehiaketako puntuazio osoa izanen da lehiaketaldian lortutako puntuazioaren eta oposizioaldian lortutakoaren batura.

6.2. Oposizioaldia.

Hauek izanen dira oposizioko probak eta ariketak:

6.2.1. Lehen ariketa. Teorikoa.

Test moduko galdera sorta bati erantzun beharko zaio idatziz: erantzuteko zenbait aukera emanen dira, baina horietariko bakarra izanen da zuzena. II. eranskinean aipatzen diren gaiei buruzko galderak izanen dira. Galdera guztiek balio bera izanen dute, puntu bat erantzun zuzen bakoitzeko. Erantzun oker bakoitza erantzun zuzenaren balioaren laurden bat kenduta zigortuko da.

Ariketan 45 puntu lor daitezke gehienez. Bazterturik geratuko dira gutxienez 22,5 puntu ateratzen ez dituztenak.

Proba honetan izangaiek ezin dute ez hiztegirik ez kalkulagailurik erabili. Ezin da eraman, orobat, telefono mugikorrik, smartwachik edo bestelako gailu elektronikorik.

Epaimahaiak, hasi baino lehen, ariketa horretarako gehieneko denbora finkatuko du.

Pliken sistema erabiliko da ariketa hau zuzentzeko.

6.2.2. Bigarren ariketa. Praktikoa.

Bigarren proba praktikoa izanen da, epaimahaiak zehaztuko du, eta balioko du deialdiko lanpostuaren gaineko eginkizunez izangaiek dituzten ezagupen praktikoak neurtzeko, II. eranskineko zerrendan sarturik dauden gaien inguruan.

Ariketan 45 puntu lor daitezke gehienez. Bazterturik geratuko dira gutxienez 22,5 puntu ateratzen ez dituztenak.

Epaimahaiak, hasi baino lehen, ariketa horretarako gehieneko denbora finkatuko du.

Oposizioa egiteko orduan, desgaitasunen bat izanik halaxe eskatzen duten pertsonek denbora eta baliabide aldetik zilegi diren egokitzapenak izanen dituzte, eskaeran azaltzen dutenaren arabera.

6.3. Ariketen balorazioa.

Oposizio-lehiaketako ariketen balorazioan 100 puntu eman daitezke gehienez ere, honela banatuta:

–Lehiaketaldia: 10 puntu gehienez ere.

–Lehen ariketa: 45 puntu gehienez ere.

–Bigarren ariketa: 45 puntu gehienez ere.

6.4. Proba bakoitzerako dei bakarra eginen da. Izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Azterketan azaltzen ez direnak edo haien nortasuna egiaztatzen ez dutenak oposiziotik baztertuko dira.

6.5. Ariketak kalifikatu ondoren, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Los Arcosko Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian (www.losarcos.es), gainditzen duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin eta, halaber, hurrengo ariketa egiteko tokia, eguna eta ordua, gutxienez 48 ordu lehenago.

7. oinarria.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda, izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

7.1. Azken ariketaren kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak Los Arcosko Udalaren iragarki-taulan eta proba egin den tokian argitaratuko du hura gainditzen dutenen zerrenda, lortutako kalifikazioak barne, eta espediente osoa igorriko dio Los Arcosko Udaleko Alkatetzari, oposizioa gainditzen dutenen zerrenda eta puntuazio handieneko izangaia izendatzeko proposamena ere bai. Proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

Oposizio-lehiaketaren azken emaitzan diren berdinketetan, bigarren proban, praktikoa baita, puntu gehien lortzen dutenen alde joko da.

7.2. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko hogeita hamar egun naturalen barrenean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Deialdiaren 2. oinarrian eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.

c) Udalak izendatzen dituen osasun zerbitzuek egindako txostena, frogatzeko ez duela eritasun nahiz akats fisiko edo psikikorik karguaren eginkizunetan aritzea eragozten dionik.

Izangaiak desgaitasunen bat alegatu badu, gainera, aurkeztu beharko du desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.

d) Eginkizun publikoetarako desgaitua edo gabetua ez izatearen eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izanaren zinpeko aitorpena.

Izangaiak nazionalitate espainiarra ez badu, agiri bat aurkeztu beharko du, adierazteko ez duela diziplina zehapenik edo zigor penalik bere estatuko administrazio publikoan sartzea eragozten dionik.

e) Zin egin edo hitz ematea, Nafarroako Foru Eraentza errespetatu, Konstituzioari eta Legeei men egin, eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

f) Oinarrietako 2.6 puntuan eskatutako ziurtagiria.

7.3. Epe horretan, eta behar adina justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, izangaiak ez baditu dokumentu horiek aurkezten, ezin izanen da izendatu, eta haren ekintza guztiak baliogabetuko dira, eskabidean gezurra esateagatik egotz dakiokeen erantzunbeharra aparte utzirik.

7.4. Aurreko atalean ezarritako kasuan, Los Arcosko Udalak oposizioa gainditu dutenen zerrendan, 7.1 atalean aipatzen den horretan, zerrendan hurrengoa den izangaiarekin beteko du lanpostua, eta horrekin aurreko ataletan adierazi bezala jokatuko du.

8. oinarria.–Izendapena, adjudikazioa eta jabetza hartzea.

8.1. Aurreko oinarrietan xedatutakoa bete ondotik, Los Arcosko Udalak eskolazain lanpostuan aritzeko proposatzen zaion izangaia izendatuko du eta lanpostu hutsa adjudikatuko dio.

8.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

8.3. Izangai izendatuak, izendapena jakinarazi eta ondoko hilabetean hartu beharko du lanpostuaren jabetza.

8.4. Epe horretan jabetza hartzen ez badu, ezinbesteko kasuetan izan ezik, deialdiaren xede den lanpostuari loturiko eskubide guztiak galduko ditu. Hala gertatuz gero, Los Arcosko Udalak oposizioa gainditzen dutenen zerrendan, 7.1 atalekoan, hurrengoa den izangaiarekin beteko du hutsunea.

9. oinarria.–Aldi baterako kontratazioen zerrenda.

9.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duen ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuko 42.2 artikuluan xedatuari jarraikiz, gainditu bai baina lanpostua eskuratzen ez duten izangaiak zerrenda batean sartuko dira; zerrenda hori erabiliko da eskolazain lanpostuan aritzeko aldi baterako kontratuak egiteko, Los Arcosko Udalean sortzen diren kontratazio beharrak asetzeko. Lortutako puntuazioak zehaztuko du zerrendako lehentasuna.

Zerrendak gehienez ere 4 urteko indarraldia izanen du.

10. oinarria.–Errekurtsoak.

10.1. Deialdi honen eta bere oinarrien eta egintzen kontra, honako errekurtso hauetako bat jar daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, Los Arcosko Udalaren alkate udalburuari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasitaa.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazten edo argitaratzen denetik hasita.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

d) Epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, eskumena duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratzen denetik hasita.

Los Arcosen, 2020ko azaroaren 27an.–Alkatea, Javier Chasco Abaigar.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua (PDFa).

II. ERANSKINA

6.–Eskatzen den ikasketa-mailari dagozkion galderak

A.–Komunikazio alorra:

1.–Kultura orokorra.

2.–Ortografia

3.–Hiztegia.

B.–Matematika alorra:

1.–Matematikako zenbait ariketa eta problema ebaztea.

2.–Zenbaki natural eta hamartarrak idatzi eta ordenatzea.

3.–Luzera, azalera, masa, kapazitate eta denbora neurriak. Multiplo eta azpimultiplo erabilienak. Unitateen konbertsioa.

4.–Irudi lau eta gorputz geometriko ezagunenak bereiztea. Haien oinarrizko osagaiak (aldea, angelua, erpina, aurpegia, oinarria eta altuera) zein diren jakitea.

C.–Alor juridiko-soziala:

1.–Los Arcosko Udalaren egitura administratiboa eta gobernu organoak. Oinarrizko antolakuntza eta antolakuntza osagarria.

2.–Los Arcosko geografia: deskribapen orokorra. Alderdiak. Kale-izendegia. Biztanleria: bilakaera.

D.–Mantentze-lanetako alorra:

1.–Elektrizitateko oinarrizko tresnak ezagutu, erabili eta mantentzea (bihurkinak, aizturrak, aliketak, giltza motak, zerrak, eskuko daratulua...).

2.–Eraikinetako banaketa koadroak, potentzia kontrolatzeko etengailua, magnetotermikoa eta diferentziala.

3.–Oinarrizko argi zirkuituak eta fluoreszenteak: etengailuak, kommutadoreak, entxufe oinak, lanparak, pitzarazgailuak eta erreaktantziak.

4.–Hots egiteko zirkuituak (pultsadoreak, txirrinak...).

5.–Zirkuitu bereziak (alarmak, larrialdiko argiak, telebistako zirkuitu itxia...).

6.–Iturgintzako oinarrizko erremintak ezagutu, erabili eta mantentzea.

7.–Iturgintzako eta berokuntzako instalazioen mantentze-lanak: tresna sanitarioak, txorrotak, zisternak, sifoiak, berokuntza zirkuituak, zirkuituak betetzea eta purgatzea, galdara gelak eta horien osagai bereziak.

8.–Zurgintzako oinarrizko erremintak ezagutu, erabili eta mantentzea (mailuak, zerrak, trintxak, daratulu elektrikoa eta osagarriak: lixak, kolak...).

9.–Zurgintzako oinarrizko lanak: ate eta leihoak doitzea, sarrailak, sarraila zilindroak eta pertsianak.

10.–Oinarrizko ezagutzak honako hauek erabiltzeko: telefonogunea, faxa, fotokopiagailuak, koadernagailuak, ikus-entzunezko materiala eta agiriak suntsitzeko gailuak.

11.–Segurtasun eta higiene arauak eraikinetan. Iturgintza, zurgintza eta elektrizitateko mantentze eta konponketa lanetan hartu beharreko babes neurriak.

Iragarkiaren kodea: L2014809