293. ALDIZKARIA - 2020ko abenduaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

700/2020 EBAZPENA, abenduaren 2koa, Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez luzatzen baitira Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen urriaren 13ko 625/2020 Ebazpenaren bidez hartutako neurriak eta neurri berriak hartzen baitira kirol entrenamenduei lotuta. Ebazpen horren bidez, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitatean garatzen diren kirol jardueretarako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan zuen bilakaeraren ondorioz.

Osasuneko kontseilariaren urriaren 21eko 57/2020 Foru Aginduaren bidez, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan zuen bilakaeraren ondorioz.

Foru agindu horretan, aparteko neurri murriztaile batzuk onetsi ziren. Besteak beste, “osasun-hesi” bat ezartzen zen, Nafarroako Foru Komunitate osoaren perimetroko sarrerak eta irteerak mugatzeko. Gainera, eta berariaz kirol arlorako, mugak ezarri ziren kirol instalazioen erabileran eta erabiltzeko ordutegian.

Horri guztiari gehitu behar zaio urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren bidez alarma-egoera deklaratu zela SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko. Errege dekretu horren 2.2 artikuluak eskuordetutako agintari eskudunaren izaera ematen zion autonomia-erkidegoetako lehendakaritza duenari.

Emandako eskumen horiek erabiliz onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren 24/2020 Foru Dekretua, urriaren 27koa. Horren bidez, prebentzio neurriak ezarri ziren Nafarroako Foru Komunitatean, SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko.

Zehazki, pertsonen zirkulazio-askatasuna mugatu zen gauez Nafarroako Foru Komunitatean, 23:00etatik 06:00etara bitartean; mugatu egin zen Nafarroako Foru Komunitatera sartzea eta bertatik irtetea, salbu foru dekretu horretan aipatutako eta behar bezala justifikatutako joan-etorrien kasuan; eta mugatu egin ziren pertsonen arteko bilerak: sei lagun, gehienez ere, eremu publikoan, eta bizikidetza-unitatea eremu pribatuan, salbuespenak salbuespen.

Lehendakariak hartutako neurri horiek luzatu egin dira, 2020ko abenduaren 18ra arte luzatu ere, Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren azaroaren 4ko 26/2020 Foru Dekretuaren bidez eta Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren azaroaren 16ko 28/2020 Foru Dekretuaren bidez.

Halaber, Osasuneko kontseilariak 58/2020 Foru Agindua eman zuen azaroaren 4an, eta horren bidez luzatu eta zati batean aldatu zen Osasuneko kontseilariaren urriaren 21eko 57/2020 Foru Agindua, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu zituena Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz.

Foru agindu hori luzatu eta zati batean aldatu zuten azaroaren 16ko 59/2020 Foru Aginduak eta azaroaren 25eko 61/2020 Foru Aginduak, biak ala biak Osasuneko kontseilariarenak. Azkenik, eta Osasuneko kontseilariaren azaroaren 27ko 62/2020 Foru Aginduaren bidez, hartutako neurriak 2020ko abenduaren 16ra arte luzatu dira, egun hori barne.

Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariak zein Osasuneko kontseilariak ondoz ondo onetsitako neurri guztiak betez, Nafarroako Kirolaren Institutuak kirol arlorako berariazko neurriak hartu ditu.

Zuzendari kudeatzailearen urriaren 13ko 625/2020 Ebazpenaren bidez, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu zituen Nafarroako Foru Komunitatean garatzen diren kirol jardueretarako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak zuen bilakaeraren ondorioz.

Neurri horiek Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen urriaren 27ko 659/2020 Ebazpenaren bidez luzatu ziren, 2020ko azaroaren 10era arte. Berriro ere luzatu ziren neurriok, 2020ko azaroaren 20ra arte, eta neurrietako bat edo beste aldatu, Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak azaroaren 11n emandako 672/2020 Ebazpenaren bidez. Azkenik, azaroaren 19ko 680/2020 Ebazpenak 2020ko abenduaren 2ra arte luzatu zituen neurriak, eta inguruabar berriak ezarri aldagelen eta dutxen erabilerari lotuta.

Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariak eta Osasuneko kontseilariak azken neurriak hartu zituztenetik, kutsatzeen kopuruak behera jarraitu du pixkanaka, abuztuaz geroztik ez zeuden kopuruetaraino. Nolanahi ere, Nafarroako Foru Komunitatean dagoen arriskua oso handia da oraindik ere, eta alerta maila 4koa; horrenbestez, bidezkoa da egun indarrean dauden neurriak luzatzea, birusaren transmisioak duen beheranzko joera mantentzeko eta ospitaleetako presioa behin betiko txikitzeko. Neurriei eusteak berekin dakar kirol arlokoak ere mantentzea, Nafarroako Kirolaren Institutuaren eskumenekoak.

Edonola ere, komenigarria da kirol jardueretarako hartutako neurriak apurka eta zuhurtziaz malgutzea, batez ere entrenamenduei dagokienez. Horrexegatik, ebazpen honek indarrean dauden neurriak luzatu ez ezik, aintzat hartu beharreko bi kontu ere ezartzen ditu. Batetik, espazio itxietan zuzendutako kirol jarduera fisikoak egiteko baldintzak (Osasuneko kontseilariaren abenduaren 2ko 62/2020 Foru Aginduaren 13. puntuan ezarritakoak) aplikatuko zaizkie, baita ere, espazio itxietan egiten diren entrenamenduei. Bestetik, Nafarroako Kirolaren Institutuak baimena ematen ahalko du bi multzo edo talde ezberdinen arteko entrenamendu osoak egiteko, baldin eta biek baimendutako txapelketetan parte hartzen badute eta kirol maila berekoak badira.

Horrenbestez, Nafarroako Kirolaren Institutuaren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 326/2019 Foru Dekretuak eskuordetu dizkidan ahalmenekin bat,

EBAZTEN DUT:

1. Luzatzea Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen urriaren 27ko 625/2020 Ebazpenaren bidez onetsitako neurriak. Ebazpen horrek, gerora Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen azaroaren 11ko 672/2020 Ebazpenaren bidez aldatuak, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu zituen Nafarroako Foru Komunitatean garatzen diren kirol jardueretarako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan zuen bilakaeraren ondorioz.

2. Honako neurri hauek onestea kirol entrenamenduak egiteko:

–Espazio itxietan zuzendutako kirol jarduera fisikoak egiteko baldintzak (Osasuneko kontseilariaren abenduaren 2ko 62/2020 Foru Aginduaren 13. puntuan ezarritakoak) aplikatuko zaizkie, baita ere, espazio itxietan egiten diren entrenamenduei.

–Nafarroako Kirolaren Institutuak baimena ematen ahalko du bi multzo edo talde ezberdinen arteko entrenamendu osoak egiteko, baldin eta biek baimendutako txapelketetan parte hartzen badute eta kirol maila berekoak badira.

3. Neurri hauek indarrean egonen dira 2020ko abenduaren 3tik abenduaren 17ra bitarte, biak barne, eta uneko egoera epidemiologikoaren arabera, luzatu, aldatu edo bertan behera uzten ahalko dira.

Halaber, indarrean jarraituko dute Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emandako ebazpen hauetan ezarritako xedapenek, ebazpen honetan xedatutakoari aurka egiten ez dioten heinean: 459/2020 Ebazpena, ekainaren 23koa; 551/2020 Ebazpena, abuztuaren 27koa, eta 593/2020 Ebazpena, irailaren 25ekoa.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Horrez gain, informazioa emateko xedez, ebazpen hau Nafarroako Kirolaren Institutuaren webgunean argitaratuko da, eta, gainera, Nafarroako Kirolaren Institutuaren sare sozialetan eta hedabide orokorretan zabalduko da.

5. Ebazpen hau igortzea Kirolaren Zuzendariordetzari, Administrazio eta Kudeaketa Atalari eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko abenduaren 2an.–Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Miguel Ángel Pozueta Uribe-Echeverría.

Iragarkiaren kodea: F2015079