293. ALDIZKARIA - 2020ko abenduaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

177E/2020 EBAZPENA, azaroaren 30ekoa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ingurumen ukipenetarako baimena ematen baita proiektu honetarako: AM273250a proiektua, Azotzerako hornidura (irtenbidea Txulapaingo lineatik), Ezkabarteko udal-mugartean. Iruñerriko Zerbitzuak SA da sustatzailea.

2020ko maiatzaren 20an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena emateko eskaera sartu zen Biodibertsitatearen Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N) epigrafean sartua dago (Uraren goi hornidurarako eta saneamendurako hodiak, lurzoru urbanizaezinean paratzen direnean eta dekretu horren beste eranskin batean bilduta ez daudenean). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko duela lurzoru urbanizaezinean baimen daitezkeen jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektaturiko jarduketaren xedea da hodien bitartez uraren hornidura egitea. Horretarako, lurpeko kanalizazio bat eginen da, 3.575 metrokoa, Makirriaingo kutxatilatik, eta Ezkaba zeharkatuko da Azozko hornidura sarera iritsi arte. Mendi hegalaren erdi parean, erdi lurperaturiko ur biltegi bat sortuko da (edukiera: 350 m³; azalera: 150 m²; altuera: 6 m), eta haren perimetroan hesiak jarriko dira. Hara sartzeko, hormigoizko bide bat proiektatu da, 211 metrokoa, Ezkabako herrigunetik ipar-mendebaldera dagoen bide publikotik hasiko dena.

Aurkezturiko proiektuak jasotzen du exekuzioa zenbait fasetan eginen dela, urez hornitzeko Azozko, Ezkabako eta Garruesko herriak. Hala ere, ingurumen-ukipenetarako baimenerako eskabidean (Juan Ramón Ilarregui Tejadak sinatu zuen, enpresa sustatzailea ordezkatuz, 2020ko maiatzaren 15ean) AM273250a espedientea aipatzen da soilik, zeina lehenbiziko faseari batagokio, hots, Azozko hornidurari. Hortaz, huraxe geldituko da baimen honen babespean, baina ez besterik. Azozko instalazioko ur biltegiaren bolumena txikiegia da erantzuna emateko egungo beharrei eta biztanle kopuruan espero den hazkundeari, eta hori konpondu nahi da proiektu honekin.

Makirriaingo hego-ekialdean, herritik 30 metrora, dagoen lotura-kutxatilatik hasten da eroanbidea, eta 2.600 bat metroko hodi baten bidez (FN hodia, 100 mm-ko diametrokoa) eramaten da Ezkabarteko 7. poligonoko 119. lurzatira, Ezkabako mendebaldean. Han instalatuko da ur biltegia. Biltegi berri horretatik lotura eginen da Azotz herriko banaketa sarearekin, FN hodi baten bidez (luzera: 975 m; diametroa: 150 mm). Makirriaindik biltegirainoko zanga hori baliatuko da biltegiaren hornidura elektrikorako kableak eramateko. Gainera, Ezkabarteko kiroldegirako hornidura eginen da Azoztik. Hori guztia hesiturik egonen da perimetroan: 2 metro altu den itxitura metalikoa erabiliko da. Biltegiaren gehieneko altuera eraikia 6 metrokoa da, eta erdi lurperaturik egonen da, lurraren %30eko malda baliatuko baita. Horrek ekarriko du ezpondak gauzatu beharra.

Trazatua soroen eremu batean dago, Sagarreta erreka zeharkatzen du, Eusako bidea gurutzatu, eta bide horrekiko paraleloan segitzen du Garrues izeneko erreka nagusia zeharkatu arte. Ondoren beste erreka bat zeharkatzen du, eta ezponda batetik zehar pasatzen da lurzatiaren mugan, laugarren eta azken errekara iritsi arte (Caracierzo erreka); horren ondoren, Ezkabako herriko ipar-ekialdeko sarreraraino igotzen da, eta han trazatuak bat egiten du Ezkabako biltegira sartzeko bide berriaren hasierarekin. Ezkabako biltegiko sarrerara doan hormigoizko bide hori hasten den puntuan, soro batean zehar eramanen da kanalizazioa, Ingurumen Eraginaren Atalak eskatuta proposatu den azken aldaketari jarraikiz, ukipenik ez eragiteko larrez eta sastrakadiz osaturiko landarediari. Ezkabako biltegitik Azotzeraino, bi herriak lotzen dituen asfaltozko pistarekiko paraleloan joanen da kanalizazioa.

Azpiegitura hori gauzatzean, ukipena izanen da zuhaixka-landaredian, erreka gurutzatu behar diren gune guztietan eta lurzatien arteko muga den ezponda batean. Garrues errekan, gainera, proiektaturik dago zenbait makal oin botatzea (Populus nigra). Ezkabako biltegian sartzeko bidean eta biltegi horren inguruan, ukipena izanen da larreko zenbait espezieren gainean, baita eite ertaineko larizio pinu (Pinus nigra) batzuen gainean ere.

Ezkabako biltegiaren ingurua sartzen da 4090 kodea duen intereseko habitatean, Europako Habitat Zuzentarauari jarraikiz (Sastrakadi mediterraneo eta oromediterraneo primarioak eta sekundarioak, Genistion occidentalis), eta naturaltasun indize ezin hobea dute; hortaz, ahaleginak eginen dira habitat horren gaineko ukipena ahalik eta txikiena izan dadin. Intereseko habitat hori bera dago Garrues erreka gurutzatu aurretik zeharkatzen den lurzati arteko muga batean. Hor, habitataren naturaltasun indizea ona da.

Lurraldearen Antolamenduaren Atalak aldeko txostena egin du, ebazpen honetan biltzen diren baldintzekin, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoarekin bat. Aldeko txosten hori jasota dago espedientean. Ingurumen Eraginaren Atalak aldeko txostena eman du, baina baldintza batzuk ezarrita.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea proiektu honetarako: AM273250a proiektua, Azotzerako hornidura (irtenbidea Txulapaingo lineatik), Ezkabarteko udal-mugartean. Iruñerriko Zerbitzuak SA da sustatzailea.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Ingurumen arlokoak:

• Lanak hasi aurretik, argi mugatuko dira tokian bertan hargunearen trazatua eta materialak pilatzeko gunea.

• Errekak gurutzatzean, lurraren okupazio zerrenda 6 metrora mugatuko da gehienez. Hala ere, X:610691, Y:4745253 koordenatuetan gurutzatzen den errekaren kasuan, ahalik eta zabalera txikiena izanen du okupazio zerrendak, makalen eta bide ondoko landaredi masaren artetik pasa dadin aipatu landarediari ukipenik eragin gabe.

• Ezkabarteko 7. poligonoko 107. lurzatiko B azpilurzatian, ahaleginak eginen dira okupazio zerrenda ahalik eta txikiena izan dadin; izan ere, 4090 kodea duen Europako intereseko habitata dago han, eta haren naturaltasun indizea ona da.

• Ezkabako herriaren ipar-mendebaldeko sarreratik (han hasten da hormigoizko biltegira sartzeko bidea) Ezkabako biltegi berriko sarreraraino, kanalizazioa eta sarbidea gauzatuko dira kontuan harturik 2020ko uztailean aurkezturiko azken aldaketa.

• Ezkabako biltegiaren inguruan:

  • Bere horretan utziko da 119. lurzatiaren iparraldeko landaredi naturala, baita Ezkabarteko 7. poligonoko 152. lurzati guztia estaltzen duena ere, eta ukipena izanen da 119. lurzatiaren hegoaldean soilik.
  • Europako intereseko 4090 habitatetik kanpo pilatuko dira materialak.
  • Landaredi naturalak estalitako azaleratik kanpo pilatuko dira indusketako lurrak, eta, obran berean berrerabili behar ez badira, baimendutako hondakin kudeatzaile batek zabortegira eramanen ditu.

• Zanga irekitzeko lanen hasieran, 30 cm-ko gutxieneko lodiera duen landare lurra kenduko da; lur hori gainerako hondeaketa lurretatik bereizita pilatu beharko da, eta lurrazalean paratuko da zanga betetzen denean. Beharrezkoak diren obrak bukatutakoan, ukitutako eremu guztiak leheneratuko dira, landare lurra zabalduz eta hura perfilatuz inguruko lurren fisiografiarekin ongi egokitzen den arte. Leheneratze lanak egitean, makinak pasatzean ukitutako lurrak destrinkotu beharko dira.

• Ezkaba-Azozko biltegiaren ikusizko inpaktua hobetzeko, ametz ilaundunaren (Quercus humilis) 20 oin landatuko dira. Landatutako zuhaitzen gutxieneko altuera 1,5 metro izanen da, ongi zurkaizturik egonen dira, eta behar bezala mantendu eta ordeztuko dira, hala behar bada, gutxienez ere lehenbiziko hiru urteetan, ongi hazten direla bermatzeko. Orobat, hidroereitea eginen da obrek eraldaturiko gainazal guztietan, horretarako erabiliz inguruan berezkoak diren belar eta zuhaixka espezie autoktonoen nahasketa bat.

• Zuhaitzak mozteko, beharrezkoa izanen da baimen bat eskuratzea Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko Basoak Kudeatzeko Atalean.

• Ingurumen ukipenen azterlanean jasotako neurri prebentibo eta zuzentzaile guztiak bete beharko dira, baita ingurumen zaintzarako eta segimendurako plana ere.

• Sustatzaileak obrak hasi baino 72 ordu lehenago jakinaraziko dio Ingurumena Zaintzeko Atalari (Iruñeko Koordinazio Unitatea: gmapamplona@navarra.es, 608-062649), hark egiazta ditzan obra-zuinketa eta bota beharreko zuhaitzen markaketa.

• Lanak bukatuta, garbitzeko kanpaina bat eginen da, proiektuaren jarduketa eremuan gelditzen diren hondar eta zabor guztiak kentzeko.

–Hirigintza arlokoak:

• Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluaren arabera, instalazioko edo azpiegiturako elementu irtenek 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoaren kanpoko bazterretik neurtuta.

• Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinean dauden edo ezarri gogo diren beste jarduera zehatz batzuk hornidura sarera konektatzea edo handik lotura hodirik ateratzea.

• Beteko da Herri-lurren Atalaren 2020ko uztailaren 1eko txostenean ezarritakoa; txosten hori ebazpen honi erantsi zaio.

• Egin gogo den jarduerak uki ditzakeen edo horren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Zehazki Kantauriko Konfederazio Hidrografikoaren baimena eskuratu beharko da, zenbait erreka gurutzatzen baitira (besteak beste, Sagarreta, Zubixar/Garrues eta Caracierzo).

• Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen. Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak leheneratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsita eta/edo kenduta. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua leheneratzeko.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita zenbatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Ezkabarteko Udalera, Ingurumena Zaintzeko Atalera (Iruñeko Koordinazio Unitatea) eta interesdunari.

Iruñean, 2020ko azaroaren 30ean.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2014805