291. ALDIZKARIA - 2020ko abenduaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

287E/2020 EBAZPENA, azaroaren 27koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, iraungitzat deklaratzen duena Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariaren azaroaren 27ko 440/2006 Foru Aginduaren bidez emandako ingurumen baimen integratuaren 2. fasea (900 toki). Ugalketarako zerramen ustiategi bati eman zitzaion baimen hori, Mendigorriko udal-mugartean, eta Granja el Saso SL da haren titularra.

Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren azaroaren 17ko 2321/2009 Ebazpenaren bidez, ingurumen baimen integratu berri bat eman zen zerrikumeak ekoizteko instalazio baterako, zeinak ugalketarako 2.400 zerramarendako tokia baitzuen, bi fasetan (1. fasea 1.500 toki ezartzeko, eta 2. fasea 900 toki ezartzeko). Halaber, baimendu zen hondakin organikoen biometanizaziorako planta bat.

2018ko ekainaren 23an, titularrak aldatzeko proiektu bat aurkeztu zuen, xede zuena minden putzua handitzea, 6.000 m³-ko edukiera izan zezan 2.400 m³ izan beharrean. 2018ko uztailaren 6an, titularri jakinarazi zitzaion aldaketa ez-funtsezkoaren gaineko irizpen bat, garrantzi gutxikoa, proiektu horri dagokionez.

2020ko ekainaren 4an, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko teknikariak bertaratu ziren abeltegi horretara, eta egiaztatu zuten ez zela gauzatu hasiera batean aurreikusitako 2. fasea –barnean hartzen zituena ernaldirako nabe bat (2.040 m²), amatasun nabe bat (1.220 m²) eta hasierako gizentzea egiteko nabe bat (701,80 m²)–, ez eta lehendik zegoen minden putzuaren handitzea ere, zeinaren xedea baitzen 6.000 m³-ko edukierara iristea.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 11.1 artikuluak ezartzen duenez, bi urte iragaten badira ingurumen baimen integratua eman zenetik proiektua gauzatzen hasi gabe, edo lau urte iragaten badira hura bukatu gabe eta jarduera abian jarri gabe, ulertuko da baimena iraungi dela eta ondoriorik gabekoa dela.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamar egunez. Ebazpen honen eranskinean jaso dira titularrak aurkeztu dituen alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzunak.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Iraungitzat deklaratzea Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariaren azaroaren 27ko 440/2006 Foru Aginduaren bidez emandako ingurumen baimen integratuaren 2. fasea (900 toki) eta minden putzuaren handitzea (6.000 m³-ra). Ugalketarako zerramen ustiategi bati eman zitzaion baimen hori, Mendigorriko udal-mugartean, eta Granja el Saso SL da haren titularra. Hortaz, abeltegiaren edukiera baimendua 1.500 tokikoa da, eta minden putzuaren edukiera, 2.400 m³-koa.

Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hirugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita zenbatuko dira.

Laugarrena.–Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Granja el Saso SLra, Mendigorriko Udalera, Abeltzaintza Zerbitzura, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzura eta Ingurumena Zaintzeko Atalera.

Iruñean, 2020ko azaroaren 27an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua), eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/

Iragarkiaren kodea: F2014587