291. ALDIZKARIA - 2020ko abenduaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

284/2020 EBAZPENA, abenduaren 1ekoa, Etxebizitzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez deialdi bat eta haren oinarri arautzaileak onesten baitira dirulaguntza emateko Alokairuen Poltsa izeneko etxebizitza-programan sartzeko asmoz Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SAri (NASUVINSA) etxebizitza lagatzen dioten etxejabeei. DDBN identifikazioa: 536568.

Espainiako Konstituzioaren 47. artikuluak aitortzen du espainiar guztiek etxebizitza duin eta egokia izateko eskubidea dutela eta botere publikoei esleitzen die eskubide hori gauzatzeko zeregina.

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.1 artikuluan ezartzen denez, Nafarroako Foru Komunitateak etxebizitzari buruzko eskumena dauka eta, Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legea aplikatuz, etxebizitza duin eta egokiaz gozatzeko eskubide konstituzionala bermatzeko behar diren neurriak hartzen ditu.

Lege horren 13. artikuluak Alokairuen Poltsaren programa aurreikusten du, zeinaren bidez etxebizitza hutsak dituzten etxejabeek NASUVINSAri lagatzen dizkioten, ondoren arrazoizko prezioetan errentan emateko.

Egiaztatu denez etxebizitza babestuaren eskaintza ez dela nahikoa eskaera osoari erantzuteko, ekimen honen bidez saritu edo sustatu nahi da etxebizitzak Alokairuen Poltsari eskaintzea. Beraz, ebazpen honen xedea da etxebizitza hutsak lagatzen dituzten etxejabeei laguntza ekonomiko zuzenak, ordainketa bakarrekoak, emateko deialdia eta haren oinarri arautzaileak onestea. Etxebizitza horiek, gero, Alokairuen Poltsan sartuko dira, ondoren etxebizitza beharra duten pertsonei eta familiei arrazoizko prezioetan errentan emateko.

Laguntza hauek banakako ebaluazioaren bidez emanen dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarritakoarekin bat, espedienteak tramitatu eta ebatziko baitira eskaerak aurkezten diren ordenari jarraikiz eta aurrekontuetan horretarako kreditua den bitartean.

Espedientean dauden txosten tekniko eta juridikoak ikusirik, non agerian gelditzen baita laguntzak ematea egokia eta interes sozialekoa dela eta oinarri arautzaileak legezkoak direla, eta ikusirik, orobat, Nafarroako Gobernuaren 2020ko azaroaren 25eko Erabakia, laguntza hauek banakako ebaluazio araubidearen bitartez tramitatzea baimentzen duena.

Horrenbestez, ikusirik Etxebizitza Zerbitzuko zuzendariaren proposamen-txostena, eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea Alokairuen Poltsa izeneko etxebizitza programan sartzeko asmoz Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SAri (NASUVINSA) etxebizitza lagatzen dioten etxejabeei dirulaguntza emateko deialdia eta haren oinarri arautzaileak. Oinarrien testua ebazpen honen I. eranskinean erantsi da.

2. 225.000 euroko gastua baimentzea 2021eko gastu aurrekontuan honako honen baliokide izanen den partidaren kargura: 2020ko gastu aurrekontuko 320000-32100-4809-261402 partida, “Alokairuen Poltsari atxikitako etxebizitzen jabeendako dirulaguntzak” izenekoa.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau igortzea Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Atalera, Etxebizitza Zerbitzura eta departamentuan dagoen kontu-hartzailetza delegatura, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Adieraztea ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dutela, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita zenbatuko dira epeak.

Iruñean, 2020ko abenduaren 1ean.–Etxebizitzako zuzendari nagusia, Eneko Larrarte Huguet.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak, etxebizitza Alokairuen Poltsarako lagatzen duten etxejabeei dirulaguntza emateko

Lehena.–Onura publikoko xedea eta helburua.

Oinarri hauen helburua da arautzea etxejabe partikularren etxebizitzak lortzeko dirulaguntzak, Alokairuen Poltsan sartzeko banatzen direnak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak eta Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko 10/2010 Foru Legearen 13. artikuluak xedaturikoarekin bat.

Etxebizitzak arrazoizko prezioetan errentan hartzeko eskari handia dago, gero eta handiagoa, eta Alokairuen Poltsan eskaintzeko etxebizitza hutsak lortzeko aurreikuspenak ez dira betetzen ari. Gainera, Nafarroan alokairuen prezioak igoera nabarmena izan du.

Premia hori asetzea da, gaur gaurkoz, Nafarroako Gobernuaren etxebizitza politikaren zeregin nagusia. Hori dela kausa, neurri sorta bat hartu da eskura dauden etxebizitzen parkea handitzeko eta arrazoizko prezioetan errentan emateko. Baina emaitzak ez dira esperotakoak izan.

Horregatik, dirulaguntza honekin sustatu nahi da etxebizitzak NASUVINSAri lagatzea, “Alokairuen Poltsa” izeneko etxebizitza programan sartzeko. Hala, onura publikoko helburua da hobeki erantzun ahal izatea etxebizitzak arrazoizko prezioetan errentan hartzeko dagoen eskari handiari.

Bigarrena.–Onuradunak eta diruz lagungarria den jarduketa.

Laguntzen onuradunak izanen dira NASUVINSArekin (hura baita Alokairuen Poltsa kudeatzen duen organoa) etxebizitza lagatzeko kontratua sinatzen duten etxejabeak, etxebizitza Alokairuen Poltsan sartua izan dadin, baina, betiere, hura hiru hilabeteko epean alokatzen bada, lagatzen den egunetik hasita, deusetan galarazi gabe bederatzigarren klausulan ezarritakoa.

Hirugarrena.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

3.1. Deialdi honetarako 225.000 euro bideratu dira. Diru hori eskuragarri dago 2021eko gastu aurrekontuko “Alokairuen Poltsari atxikitako etxebizitzen jabeendako dirulaguntzak” izeneko 320000-32100-4809-261402 partidan.

3.2. Etxejabe bakoitzak dirulaguntza gisa jasoko duen zenbatekoa proportzioan zehaztuko da, kontuan harturik zer portzentaje den bere titulartasunekoa. NASUVINSArekin adosturiko errentaren hiru hileko kuota adinakoa izanen da, eta ordainketa bakarrean ordainduko da.

3.3. Hileko errenta kalkulatzeko, eta, hortaz, dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, jarraituko zaio Etxebizitzako zuzendari nagusiaren urriaren 21eko 240/2020 Ebazpenari. Ebazpen horretan ezarrita dago zer prezio ordaindu behar diren 2021ean, etxebizitzak Alokairuen Poltsan eskaintzeagatik, honela:

ETXEBIZITZA

GARAJEA

TRASTELEKUA

5 euro/m² erabilgarri

50 euro

2 euro/m² erabilgarri

Etxebizitzaren titularrari hileko errenta gisa ordaindu beharreko gehieneko zenbatekoa aterako da taulan adierazitako prezioak etxebizitzaren metro erabilgarriekin biderkatuz (90 metro gehienez ere), eta emaitzari gehituta garaje bakar bati dagokion zenbatekoa (halakorik badago) eta gehienez ere 15 metro erabilgarriko trastelekuari dagokiona. Zenbateko hori bider hiru izanen da eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa. NASUVINSAk etxejabeei hileko errenta gisa ordaintzen dien prezioan gero batean gertatzen ahal diren gorabeherek ez dituzte inola ere aldatuko hemen dirulaguntza gisa ezarrita dauden zenbatekoak.

Laugarrena.–Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Dirulaguntza jasotzen duten pertsonek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Pertsona fisikoak eta adinez nagusiak izatea, beren buruari betebeharrak jartzeko legezko gaitasunarekin.

b) Beren jabetzako etxebizitza lagatzeko kontratua sinatu izana NASUVINSArekin, etxebizitza Alokairuen Poltsan sartzeko. Kontratuak indarra hartu beharko du 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera.

c) Lagatzen den etxebizitzaren titularra izatea, hura saltzeko edo errentan emateko prezio mugarik izan gabe, salbu eta bost urte iragan badira behin betiko kalifikaziotik, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu aurretik.

d) Gizarte Segurantzarekiko betebehar guztiak eta zerga arlokoak egunean izatea, baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen aldeko zorrak ordaintzeko betebeharrak ere.

e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko gainerako betebeharrak betetzea.

Bosgarrena.–Dirulaguntzak emateko prozedura.

Dirulaguntzak banakako ebaluazio prozeduraren bidez emanen dira, eskaerak aurkezteko ordenari zorrozki jarraikiz, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarritakoarekin bat, eta osoki ordainduko dira baldintzak betetzen dituzten eskaera guztiak, aurrekontuko kreditu erabilgarria agortu arte.

Seigarrena.–Eskaerak aurkezteko epea eta tokia.

1. Laguntza-eskaerak eredu normalizatuan aurkeztuko dira (II. eranskinean dago), behar bezala beteak, eskatzaileak eta, zein den kasua, bere ordezkariak ere sinatuak, eskaera-orrian berean adierazten den dokumentazioarekin batera.

2. Eskabideak aurkezteko epea 2021eko urtarrilaren 1ean hasi eta 2021eko abenduaren 2an bukatuko da, hura barne.

3. Eskaerak, ahal dela, telematikoki aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren webgunean (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/) dirulaguntza honen tramiteari dagokion fitxaren bidez, edo Etxebizitza Zerbitzuaren erregistroan (Alondegi kalea 1, 1.a; PK 31002 Iruña). Hala ere, eskaera aurkezten ahalko da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatutako tokietako edozeinetan, eta Etxebizitza Zerbitzuari zuzenduko zaio.

4. Eskaerak aipatu diren betebeharrak betetzen ez baditu, eskatzaileari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean zuzendu dezan, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, ulertuko dela eskaera bertan behera utzi duela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak ezarritako moduan ebazpena eman ondotik.

Zazpigarrena.–Antolamendua eta instrukzioa.

Etxebizitza Zerbitzuko Laguntzen eta Plangintzen Atalari esleitzen zaizkio laguntzak emateko prozedura antolatzeko eginkizunak. Eskaeren ebaluazioa ofizioz eginen du, oinarri hauetan ezarritakoarekin bat.

Laguntza hauek banakako ebaluazioaren bidez emanen dira, hau da, espedienteak tramitatu eta ebatziko dira eskaerak aurkezten diren ordenari jarraikiz eta aurrekontu-kreditua dagoen bitartean. Deialdi honetarako aurrekontu erabilgarria agortzen bada, eskaerak ezetsi eginen dira.

Zortzigarrena.–Ebazpena.

Dirulaguntzak Etxebizitzako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez emanen dira (azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 7. artikulua, honako hauekin bat: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuaren 4. artikulua). Eskaeraren sarrera-datatik hasita hiru hilabeteko epean arrazoitutako ebazpena eman beharko da, eta epe horretan berariazko ebazpenik eman ezean, eskaera ezetsita geldituko da. Hori guztia, ukatu gabe bederatzigarren klausulan ezarritakoa.

Bederatzigarrena.–Dirulaguntza nola eta noiz ordainduko den.

Behin dirulaguntzak ematea erabaki dela, ordainketa ofizioz eginen da, ordainketa bakarrean, Etxebizitzako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez (Nafarroako Foru Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuaren 4. artikuluarekin bat), behin NASUVINSAren eta dagokion maizterraren artean sinaturiko errentamendu kontratua ikus-onetsita dagoenean.

Ez da dirulaguntza ordainduko errentamendu kontratua 2021ko abenduaren 20tik aurrera aurkezten bada administrazioak ikus-onetsia izateko. Egun horretarako dirulaguntza emateko ebazpena ez duten eskaerak ezetsitzat joko dira.

Etxebizitza lagatzen den egunetik hasi eta hiru hilabete iragaten direnean ez bada errentamendu kontratua aurkeztu administrazioak ikus-onesteko, ez da dirulaguntza ordainduko.

Baldintzak betetzen dituzten etxebizitzen kasuan, baldin eta horiek erabiltzen badira berariazko beste etxebizitza programa batzuetako eskariari erantzuteko eta tramitatzen badira errolda bidezko adjudikazioaz bestelako prozeduren bitartez, ez da beharko aldez aurretiko ikus-onespenik, eta ordainduko dira errentariarekin edo erakunde laguntzailearekin kontratua sinatzen den unean.

Hamargarrena.–Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Nafarroako Gobernuak emandako dirulaguntza bateraezina da berak edo beste erakunde batzuek etxebizitza hutsak programa publikoen bidez merkatuan jartzea eta errentan ematea errazte aldera eman ditzaketen beste batzuekin.

Era berean, ez da dirulaguntzarik jasotzen ahal etxebizitza lagatzen bada hiru urtetik beherako epe baterako.

Hamaikagarrena.–Onuradunaren betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

Etxebizitza NASUVINSAri laga beharko zaio alokairu poltsaren programan ezartzen den eperako. Errentariak etxebizitza uzten badu laga zenetik hiru urteko epea igaro baino lehen, etxebizitzaren titularrak lagapen kontratu berri bat sinatu beharko du une horretan programak finkatua duen denborarako. Bestela, jasotako dirulaguntza itzuli beharko du, oso-osorik.

Hamabigarrena.–Itzulketa.

Onuradunak oinarri hauetan berariaz ezarritako betebeharrak betetzen ez baditu, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren gainerako kausak gertatuz gero, hartutako dirua itzuli beharko da, osorik edo hein batean.

Hamahirugarrena.–Errekurtsoen araubidea.

Oinarri arautzaile hauen aurka eta dirulaguntza emateko ebazpenaren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariari zuzendua, hura argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean ezarritakoarekin bat.

Hamalaugarrena.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak etxebizitza gaietarako informazio webgunean (http://www.navarra.es/home_eu/Temas/Vivienda/Ciudadanos/) argitaratuko ditu 2021. urtean zehar ematen diren dirulaguntzak, behar bezala identifikaturik onuradunak (IFZ eta izen-deiturak) eta bakoitzak hartutako kopurua. Halaber, martxoaren 8ko 130/2019 Errege-dekretua betetzeko, informazio hori argitaratuko da Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean.

Hamabosgarrena.–Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraituko zaie.

II. ERANSKINA

Eskabide eredua (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2014646