291. ALDIZKARIA - 2020ko abenduaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LEOTZ

Leozko Udalaren egoitza elektronikoa eta erregistro elektroniko orokorra sortzea

Leozko Udalak, 2020ko azaroaren 30ean egindako osoko bilkuran, honako erabaki hau hartu zuen:

Ekainaren 22ko 11/2007 Legean, ekainaren 22koan, aitortu zen pertsonek badutela eskubidea Administrazio Publikoekin harremana izateko bitarteko elektronikoen bidez (lege horrek hizpide du Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izatea). Berretsi da hori eskubidea dela, eta, kasu batzuetan, betebeharra, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 13. eta 14. artikuluetan (lege horrek hizpide du Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea –aurrerantzean, APAPE–).

Eskubide hori gauzatzen da egoitza elektronikoaren bidez, zeina definitu baita urriaren 1eko 40/2015 Legearen 38.1 artikuluan (lege horrek hizpide du sektore publikoaren araubide juridikoa), honela: “helbide elektroniko bat da, herritarrek telekomunikazio-sareen bitartez balia dezaketena. Haren titulartasuna administrazio publiko bati dagokio, edo organismo publiko edo zuzenbide publikoko entitate bati edo batzuei, bere eskumenen egikaritzan”.

Orobat, erregistro elektroniko orokorra beste tresna bat da aipatutako eskubidea gauzatzeko, eta arauturik dago APAPE legearen 16. artikuluan, eta hau ezartzen du: “Administrazio bakoitzak erregistro elektroniko orokor bat izango du, hartan idazpena egiteko edozein dokumentu aurkezten edo jasotzen dela ere administrazio horri lotutako edo haren mendeko edozein administrazio-organo, organismo publiko edo entitatetan. Erregistro horretan jaso ahal izango da, halaber, beste organo edo partikular batzuei zuzendutako dokumentu ofizialen irteera ere”.

Leozko Udala, konprometiturik baitago teknologia berriekin eta horiek aplikatzearekin Leozko bizitza sozial eta administratiboan, badu jada, eta erabilgarri, erregistro elektroniko orokorra, eta hartara sar daiteke esteka hauen bidez: https://leoz.sedelectronica.es eta www.leoz.es.

Orain bidezkoa da tresna digital horien sorrera formalizatzea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Hortaz, aho batez erabakitzen da:

Lehena.–Leozko Udalaren egoitza elektronikoa sortzea, helbide elektroniko hau duena: https://leoz.sedelectronica.es Leozko Udala da titularra. Orobat, egoitza elektroniko horretara irits daiteke Leozko Udalaren Interneteko atariaren bidez, web-orriaren bidez: www.leoz.es.

Bigarrena.–Leozko Erregistro Elektroniko Orokorra sortzea. Sarbidea du egoitza elektronikoaren bidez, haren helbide elektronikoaren bidez eta tramiteen katalogoko epigrafeen bidez.

Hirugarrena.–Erabaki hau argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki-taulan eta Interneteko atarian. Egoitza elektronikoa indarrean jarriko da erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iratxetan (Leotz), 2020ko abenduaren 1ean.–Alkatea, Amaia Ruiz Marcolain.

Iragarkiaren kodea: L2014671