288. ALDIZKARIA - 2020ko abenduaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

176E/2020 EBAZPENA, azaroaren 27koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ingurumen ukipenetarako baimena ematen baitzaio “Erref. 01875000-3323542 Zuntz optikoa kanalizatzea, Bodegas Marqués del Atrio” izeneko proiektuari. Telefónica de España SAU da sustatzailea.

2020ko ekainaren 19an, Biodibertsitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimen eskaera. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko M) epigrafean sartzen direnetakoa da (“Komunikaziorako instalazioak”). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta haren ondorioak izanen dira uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritakoak.

Proiektuaren xedea da zuntz optikoko Logroño-Zaragoza linean hargune bat ezartzea H motako kutxatila baten bidez, NA-134 errepideko 88+840 KPtik hurbil, eta Bodegas Marqués del Atriorekin konektatzea, 235 metroko zangan eginiko 25 x 80 cm-ko kanalizazio baten bidez, zeinak bi hodi izanen baititu, 63 mm-ko diametrokoak.

Espedientean jasota daude Lurraldearen Antolamenduaren Atalak eta Mendabiako Udalak egindako txostenak. Ingurumen Eraginaren Atalak espedientearen aldeko txostena eman du, baina baldintza batzuk ezarrita.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea “Erref. 01875000-3323542 Zuntz optikoa kanalizatzea, Bodegas Marqués del Atrio” izeneko proiektuari. Telefónica de España SAU da sustatzailea.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Ingurumen arlokoak:

• Kanalizazioak bat egiten du, 180 metrotan, Ebroko iraganbide nagusiarekin eta P-17 abelbidearekin. Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalak aldeko txostena eman zuen 2020ko irailaren 30ean, Nafarroako abelbideen gaineko ukipenen ondorioetarako, eta hartan ezarri zen honako baldintza hauek bete behar direla:

  • Abelbidearen gaineko gainezarpenak berekin ekarriko du Nafarroako Gobernuko Ogasun Departamentuko Ondare Zerbitzuak dagokion okupazio kanona kobratzea.
  • Tasazio balioak:
  • 1.–Jabari osoko balioa: antzeko finken alderaketa metodoaren bitartez lortutako balioa, apirilaren 13ko ECO/805/2003 Aginduaren 22. artikuluarekin bat: 2 euro/m² (ureztalurretako alorra).
  • 2.–Ukipenak:
  • Bide zortasuna: 180 ml x 3,0 m x 0,90 x 2 euro/m² = 972,00 euro.
  • Aldi baterako okupazioa: 180 ml x 13 m x 0,07 euro/m² = 163,80 euro.
  • 3.–Kalte-ordaina, guztira: Hau da kalte-ordainaren guztizkoa:
  • Zortasunagatik eta okupazioagatik: 972,00 euro. Obrek 30 urteko bizitza baliagarri bat izanen dutela jota, amortizazio kanona 32,40 euro/urte izanen da, eta, hortaz, 5 urtean, 162,00 euro.
  • Aldi baterako okupazioagatik, obrek irauten duten bitartean: 163,80 euro.
  • Kalte-ordainak bost urtean behin ordainduko dira. Ordainketa bakoitzean, 162,00 euro pagatuko dira, eta, lehenengoan, gainera, 163,80 euroko zenbatekoa ere bai; hartara, guztira 325,8 eurokoa izanen da lehendabiziko ordainketa hori. 30 urte iraganda hasierako baimena eman zenez geroztik, baimena berritu beharko da, edota aldi bateko okupaziorako baimena bertan behera geldituko da.
  • Abelbideak okupatzen duen eremuak (lurzorua, lurpea eta lurgaina) NFK-Altxonbideen titulartasuna mantenduko du.
  • Obren faseak iraun bitartean, ingurumen inpaktuaren azterketan abelbideei eta horien zortasun-eremuari buruz (3 m albo bakoitzera) jasotako neurriez gain, honako hau ere aintzat hartu beharko da:
  • Obrak bukatutakoan, inola ere ezin izanen da bidearen zoladura aldatu, ez eta lurzatietara sartzeko bideena ere, abelbide batean baitaude.
  • Lanak gauzatzeko fasean ezin izanen da altxonbidea erabat oztopatu; bestela, abereentzako iraganbide alternatiboa prestatu beharko da. Zangak irekitzearen ondorioz soberan geratutako material eta/edo landare lurra ezin izanen dira inolaz ere gaur egun larreak diren horietan utzi, ezta behin-behinekoz egiten bada ere.
  • Zangen zabalerari dagokionez, teknikoki posible den txikiena izanen da, eta kutxatilak lurzoru mailarekin zehatz-mehatz berdinduko dira.
  • Proiekturako beharrezkoak diren zangak eta obrak egiteko exekuzio fasearen ondoren, ukitutako eremua leheneratuko da altxonbideetan edo zortasun-eremuetan (lur mugimenduak, jatorrizko bide zoruak leheneratzea, landareztatzea eta abar) makinek jatorrizko landaredian eragindako kalteak konpontzeko eta pilarik eta obra-hondakindegirik ez geratzeko, halako moduan non egindako lanen ondorioz inola ere ez diren kaltetuko abereen igarotzea eta horrekin bateragarriak eta osagarriak diren erabilerak.

• Hoditeria eraikitzearen ondorioz sortzen diren hondakinak edo soberako materialak egoki kudeatu beharko dira, Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean eraikuntzako eta eraispenetako hondakinen sorrera eta kudeaketa arautzen dituen martxoaren 28ko 23/2011 Foru Dekretuarekin bat.

• Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du Arkeologia Atalari horren berri eman behar zaiola berehalakoan, hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikulua eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluak). Aditzera ematen da ezen, hala egin ezean, arau-hauste astuntzat joko dela eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaion edozein ukipen, aipatu foru legearen 101.h artikulua aplikatuz.

–Hirigintza arlokoak:

• Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak leheneratu eginen dira.

• Egin diren eta espedientean jaso diren txosten sektorialetan xedatutakoari jarraituko zaio, edo kasuan kasuko baimenetan xedatzen denari.

• Egin gogo den jarduerak uki ditzakeen edo horren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Bereziki, jarduketak Elortz ibaiaren polizia eremua ukitzen duenez, Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren baimena eskuratu beharko du sustatzaileak.

• Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen.

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 2.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu horiek leheneratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan ezartzen da lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita zenbatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalera, Mendabiako Udalera eta interesdunari.

Iruñean, 2020ko azaroaren 27an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2014585