288. ALDIZKARIA - 2020ko abenduaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

80/2020 EBAZPENA, azaroaren 25ekoa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiak emana, Iruñerriko Taxi Zerbitzu Bateratuaren Lurralde Eremuko tarifen aldaketa onesten duena 2021. urterako.

Taxiari buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen 40.1 artikuluak ezartzen duenez, Taxi Zerbitzu Bateratuaren Lurralde Eremu bakoitzeko udalei edo toki entitate eskudunari dagokie hiriko taxi zerbitzuei aplikatu beharreko tarifak onestea. Onespen horrek indarra duen legeriaren arabera baimendutako prezioen araubidea izanen du. Onespenaren aurretik, betiere, entzunaldia eman beharko zaie taxien sektorea ordezkatzen duten lanbide elkarteei eta tokian-tokian erroturik dauden kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteei.

Foru lege horren xedapen gehigarri bakarrak ezartzen du zer udalerrik osatzen duten Iruñerriko Taxi Zerbitzu Bateratuaren Lurralde Eremua, eta, orobat, ezartzen du Iruñerriko Mankomunitatea izanen dela horren gaineko toki entitate eskuduna.

Aurrekoarekin bat etorriz, Iruñerriko Mankomunitateak 2020ko azaroaren 16ko Batzar Orokorraren erabakia aurkeztu zuen 2020ko azaroaren 18an, taxi zerbitzuaren 2021. urteko tarifak eta osagarriak onesten dituena Iruñerriko Taxi Zerbitzu Bateratuaren Lurralde Eremurako.

Halaber, Taxiari buruzko Foru Legearen 40.1 artikuluak xedatzen duena betez, eta 2020ko azaroaren 16an egin zen Iruñerriko Mankomunitatearen Batzarrak tarifak onesteko Erabakia hartu baino lehen, entzunaldia eman zaie taxien sektorea ordezkatzen duten lanbide elkarteei eta kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteei, Iruñerriko Taxi Zerbitzu Bateratuaren Lurralde Eremuan erroturik daudenei.

Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 265/2019 Foru Dekretuaren 63. artikuluak ezartzen du Kontsumo eta Arbitraje Zerbitzuak beteko dituela foru dekretu honetan aurreikusten diren eginkizunak gai hauei dagokienez: ñ) Baimendutako prezioen tramitazioa.

2020ko azaroaren 25ean, Kontsumo eta Arbitraje Zerbitzuak taxi zerbitzuaren tarifak onestearen aldeko txostena eman du. Tarifa horiek lehenago Iruñerriko Mankomunitatearen Batzarrak onetsi zituenak dira.

Horrenbestez, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 265/2019 Foru Dekretuak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Iruñerriko Taxi Zerbitzu Bateratuaren Lurralde Eremuan honako tarifa hauek onestea 2021. urterako:

a) 1. tarifa: Iruñerriko Zerbitzu Bateratuaren A eremuan, lanegunetan, egunez (07:00etatik 22:00ak arte) aplikatzekoa den tarifa osatzen duten kontzeptuen balioak:

–Egindako kilometroko: 0,98 euro.

–Itxaron beharreko ordu bakoitzeko: 21,90 euro.

b) 2. tarifa: Iruñerriko Zerbitzu Bateratuaren A eremuan asteburuetan, jaiegunetan eta lanegunetako gauetan (22:00etatik 07:00ak arte) aplikatzekoa den tarifa osatzen duten kontzeptuen balioak:

–Egindako kilometroko: 1,15 euro.

–Itxaron beharreko ordu bakoitzeko: 24,55 euro.

c) 3. tarifa: Iruñerriko Zerbitzu Bateratuaren B eremuan, lanegunetan, egunez (07:00etatik 22:00ak arte) aplikatzekoa den tarifa osatzen duten kontzeptuen balioak:

–Egindako kilometroko: Aplikatu beharreko balioa, bat datorrena hiriarteko tarifetarako onetsitakoarekin, Zerbitzua arautzen duen Ordenantzaren 40.3 artikuluak jasotzen duen bezala.

–Itxaron beharreko ordu bakoitzeko: Aplikatu beharreko balioa, bat datorrena hiriarteko tarifetarako onetsitakoarekin, Zerbitzua arautzen duen Ordenantzaren 40.3 artikuluak jasotzen duen bezala.

d) 4. tarifa: Iruñerriko Zerbitzu Bateratuaren B eremuan asteburuetan, jaiegunetan eta lanegunetako gauetan (22:00etatik 07:00ak arte) aplikatzekoa den tarifa osatzen duten kontzeptuen balioak:

–Egindako kilometroko: Aplikatu beharreko balioa, bat datorrena hiriarteko tarifetarako onetsitakoarekin, Zerbitzua arautzen duen Ordenantzaren 40.3 artikuluak jasotzen duen bezala.

–Itxaron beharreko ordu bakoitzeko: Aplikatu beharreko balioa, bat datorrena hiriarteko tarifetarako onetsitakoarekin, Zerbitzua arautzen duen Ordenantzaren 40.3 artikuluak jasotzen duen bezala.

e) Bandera jaistea. Honela aplikatuko da:

–Bandera jaistea, lanegunetan, egunez, 07:00etatik 22:00ak arte: 2,20 euro.

–Bandera jaistea, lanegunetako gauetan (22:00etatik 07:00ak arte) eta asteburuetan eta jaiegunetan (08:00etatik 24:00ak arte): 3,25 euro.

–Bandera jaistea, asteburuetan eta jaiegunetan 00:00etatik 08:00ak arte. Baita uztailaren 6tik 14ra bitarte ere, biak barne, eta abenduaren 25ean, urtarrilaren 1ean eta 6an (egun osoan), eta abenduaren 24ko eta 31ko eta urtarrilaren 5eko 18:00etatik aurrera: 4,35 euro.

g) Osagarriak:

–Aireportua: Abiapuntua edo helmuga Iruñea-Noaingo aireportua duten zerbitzuak: 2,55 euro.

–Tren geltokia: Abiapuntua edo helmuga Iruñeko tren geltokian duten zerbitzuak: 1,45 euro.

–Autobus geltokia: Iruñeko autobus geltoki barruan hasten edo amaitzen diren zerbitzuak, edo kanpoko taxi geltokian hasten edo amaitzen direnak (barruko geltokirako sarrera itxita dagoenean): 1,25 euro.

–Telefono bidezko hitzartzea (T1): Telefono bidez edo antzeko beste sistema teknologiko baten bidez hitzartutako zerbitzuak, lanegunetan egunez (07:00etatik 22:00ak arte) hasten direnak: 1,50 euro.

–Telefono bidezko hitzartzea (T2): Telefono bidez edo antzeko beste sistema teknologiko baten bidez hitzartutako zerbitzuak, asteburuetan, jaiegunetan eta lanegunetako gauetan (22:00etatik 07:00ak arte) hasten direnak: 2,00 euro.

2. Tarifa eta osagarri horietan sartuta dago balio erantsiaren gaineko zerga.

3. 2021eko egutegian jaiegun zer egun diren ezartzerakoan, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak maiatzaren 18an emandako 217/2020 Ebazpena hartu da aintzat, non ezarri baira Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan ordaindu bai baina errekuperatu behar ez diren 2021eko jaiegunen egutegi ofiziala. (2020ko 120. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 4koa).

Egun horietaz gain, jaieguntzat hartzen dira Iruñeko Udalak finkatzen duen tokiko jaieguna, uztailaren 6tik 14ra doan sanferminetako aldia (bi egunak barne), abenduaren 24tik 31rako aldia 18:00etatik aurrera eta urtarrilaren 5a 18:00etatik aurrera.

Iruñeko Udalak bertan behera uzten baditu edo atzeratzen baditu uztailaren 6tik 14ra bitarteko sanferminetako jaiegunak, taxi tarifetan jaieguntzat hartzen diren egun horiekin berdin jokatuko da.

Tarifa hauen indarraldia datozen urteetara luzatzen bada, jaiegunen egutegia finkatzeari begira, kontuan hartuko da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak urte bakoitzeko jaiegun ofizialei buruz ematen duen ebazpena.

4. Tarifa horiek ibilgailuaren barrenean erakutsi beharko dira, erabiltzaileak aise ikusteko moduko toki batean, Taxiari buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen 26.2 artikuluan xedatutakoa betetzeko.

5. Tarifa hauek 2021eko urtarrilaren 1ean hartuko dute indarra.

6. Ebazpen hau Kontsumo eta Arbitraje Zerbitzura Zerbitzura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

7. Ebazpen hau Nafarroan dauden taxilarien elkarte profesionalei eta kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteei jakinaraztea, eta ohartaraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen, eta ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dutela, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

8. Ebazpen hau Iruñerriko Mankomunitateari jakinaraztea, eta aditzera ematea haren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

9. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2020ko azaroaren 25an.–Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusia. Maitena Ezkutari Artieda.

Iragarkiaren kodea: F2014542