288. ALDIZKARIA - 2020ko abenduaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

540E/2020 EBAZPENA, azaroaren 24koa, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, dirulaguntza deialdi hau onesten duena 2020rako: “Enpresendako dirulaguntza, eraldaketa digitaleko planak prestatzeko (4.0 Ibilbideak)”. DDBN identifikazioa: 535715.

4.0 Industria sustatzea Nafarroako 2020 Industria Planaren ardatzetako bat da, eta helburu du industriari laguntzea eraldaketa digitala gauzatzen, maila guztietan.

Era berean, ardatz horren jarduketetako bat da “4.0 Ibilbideak” deritzona. Ekintza horren barruan, aurreikusita dago enpresa industrialei laguntzea beren eraldaketa digitaleko planak prestatzen.

Kanpo aholkularitza espezializatua kontratatuz, diagnostiko bat eginen da enpresaren heldutasun digitalaren mailari buruz, eta eraldaketa digitaleko plan indibidualizatu bat prestatuko da enpresarentzat. Plan horretan identifikatu eta lehenetsiko dira behar diren bideratzaile digitalak, eta ibilbide-orri bat ezarriko da haiek ezartzeko.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz.

EBAZTEN DUT:

1. Dirulaguntza deialdi hau onestea 2020rako: “Enpresendako dirulaguntza, eraldaketa digitaleko planak prestatzeko (4.0 Ibilbideak)”.

2. Dirulaguntza emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.

3. 161.400 euroko gastua baimentzea deialdiak sortutako konpromisoei aurre egiteko, 2021eko gastu aurrekontuetako partida honen kargura: 810007-81220-7709-467904 partida, “Eraldaketa digitaleko planak egiteko dirulaguntzak. Activa 4.0 programa” izenekoa. Gastu hori egiteko, betiere, 2021ean kreditu aski egon beharko du horretarako.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2020ko azaroaren 24an.–Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

I. ERANSKINA

OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.–Xedea.

Nafarroako 2020ko Industria Planaren 3. ardatzak bere ekintzen artean du, besteak beste, “4.0 Ibilbideak” programa, zeinak helburu baitu enpresei laguntzea beren heldutasun digitalaren diagnostiko bat egiten, bai eta beren eraldaketa digitaleko plan indibidualizatu bat prestatzen ere.

Hala bada, oinarri hauen xedea da enpresei emanen zaizkien dirulaguntzak arautzea, aholkularitza zerbitzuak kontratatu ditzaten eraldaketa digitaleko planak prestatzeko (aurrerantzean, EDP).

2. oinarria.–Onuradunak.

1. Onuradunak izaten ahalko dira dirulaguntza eskatzeko unean beharkizun hauek betetzen dituzten enpresa pribatuak, edozein dela ere haien forma juridikoa:

a) Nafarroan izatea egoitza soziala edo lantoki bat.

b) Jarduera hauetako bat egitea eta altan emanda egotea ekonomia jardueren gaineko zergan dagokion epigrafean:

–Erauzketa industriak (2009ko ekonomia jardueren sailkapen nazionala, EJSN-2009: B sektorea).

–Manufakturako industriak (EJSN-2009: C sektorea).

–Lurrunaren eta aire girotuaren horniketa (EJSN-2009: D saileko 35.3).

–Hondakinen tratamendu eta ezabaketa; balorizazio eta deskontaminazio jarduerak, eta hondakinak kudeatzeko beste zerbitzu batzuk (EJSN-2009: E saileko 38.2, 38.3 eta 39).

–Logistikako jarduerak, hala nola salgaiak gordetzea eta biltzea, maneiatzea eta garraioari lotutako bestelako jarduerak (EJSN-2009: H saileko 52.1, 52.24 eta 52.29).

c) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, hala badagokio, bat etorriz Nafarroako Industria Erregistroa sortu zuen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluarekin.

d) Heldutasun digitalaren autodiagnostikoa egina izatea eta dagokion txostena jasotzea Autoebaluazio Digital Aurreratuko Tresna erabiliz (aurrerantzean, HADA). Tresna horretara sar daiteke Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioaren webgunearen bitartez, helbide honetan: http://www.industriaconectada40.gob.es.

e) Zehapen edo zigorrik jaso ez izana, administrazio ebazpen irmoz edo kondena-epai irmoz, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik.

f) Ez egotea onuradun izateko debeku-egoera batean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluak ezartzen duenari jarraikiz. Eskabidearen inprimakian ageri den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatzen ahal da hori.

Eskaera aurkeztearekin batera eskatzaileak baimena ematen dio dirulaguntzak ematen dituen organoari zuzenean lor dezan zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituela adierazten duen egiaztapena, ziurtagiri telematikoen bidez. Beraz, kasu horretan, eskatzaileak ez ditu egiaztagiri horiek aurkeztu beharko. Dena dela, interesdunak berariaz uko egiten ahal dio baimen hori emateari, eskabidean, eta, kasu horretan, aurkeztu beharko ditu aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak.

2. Honako hauek dirulaguntza hauetatik kanpo geldituko dira:

a) Edozein administrazio publikotako sektore publiko instituzionala osatzen duten entitateak, administrazio publikoari lotuak edo haren mendeko direnak, bat etorriz Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 81. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoarekin.

g) Enpresa krisian ez egotea, Batzordearen 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 18. puntuan ezarritako definizioaren arabera.

3. oinarria.–Jarduketa eta gastu diruz lagungarriak.

1. Diruz lagunduko den jarduketa da enpresek eraldaketa digitalaren arloan espezializatutako aholkularitza zerbitzuei egindako kontratazioa.

Aholkularitza zerbitzua kanpo aholkulari espezializatuek emanen dute, baldin eta 4.4 oinarrian ezarritako baldintzak betetzen badituzte, laguntza eskatzen duen enpresarekin bilera indibidualizatuak eginda. Aholkularitza horren emaitza izanen da EDP bat, zeinak jaso beharko baititu hurrengo oinarrian adierazitako faseak eta alderdiak, gutxienez.

2. Diruz lagungarriak izanen dira kanpo aholkularitza zerbitzuak enpresari fakturatutako gastuak, EDPa egiteko proiektuari dagozkionak zalantzarik gabe.

3. Dirulaguntza jaso dezaketen gastuak egiteko epea 2020ko urriaren 1etik 2021eko maiatzaren 31ra bitartekoa da. Ondorio horietarako, gastua egin dela ulertuko da epe horren barrenean fakturatu eta ordaindu denean.

4. Gastu diruz lagungarria 12.000 eurotik gorakoa bada (BEZik gabe), eskatzaileak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela; horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztu beharko dira eta aukeraturiko eskaintza hautatzeko arrazoiak eman “Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa” izeneko inprimakian, laguntzen fitxan dagoen horretan.

Eskatzaileak ez dira beharturik egonen hiru eskaintzak aurkeztera, baldin eta gastu diruz lagungarrien ezaugarri bereziengatik merkatuan ez badaude aholkularitza ematen duten behar adina entitate, edo dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada gastua. Edonola ere, alderdi horiek aipatu inprimakian frogatu beharko dira.

4. oinarria.–Eraldaketa digitaleko planaren betebeharrak.

1. EDPak aukera eman behar dio enpresari bere negozio eredua, prozesuak eta produktuak enpresa-ingurune berrira egokitzeko, teknologia digital bideratzaileak baliatuz, helburu izanik enpresaren lehiakortasuna areagotzea ekoizpen prozesuetan malguago eta eraginkorrago bihurtuz eta bezeroei egindako balio ekarpena hobetuz.

2. EDPa egiteko prozesuak honako fase eta jarduera hauek izan beharko ditu, gutxienez:

2.1. I. fasea.–Aurretiazko analisia.

Enpresari buruzko informazio bilketa bat eginen da, dauden iturriak baliatuz eta harremanetan jartzeko lehen bilera bat eginez enpresarekin.

Informazio horren arabera, aurretiazko analisiaren txosten bat eginen da, enpresaren datu orokorrak jasoko dituena, bai eta haren egoera ekonomiko-finantzarioa eta aholkularitza zerbitzuaren plangintza ere (metodologia, bisitak, laneko plana eta entregatzekoak).

2.2. II. fasea.–Diagnostikoa.

Diagnostiko bat eginen da enpresaren heldutasun digitalak zer maila duen jakiteko, honako hau erreferentziatzat hartuta: “UNE 0061:2019 espezifikazioa. 4.0 Industria. Digitalizaziorako kudeaketa sistema. Baldintzak ebaluatzeko irizpideak”. Diagnostikoak enpresaren egoeraren ebaluazio bat ere izanen du dimentsio hauetako bakoitzari dagokionez, ondoren ezarritako irizpideen araberakoa izanen dena:

a) Negozio estrategia eta testuingurua.

Enpresaren jarduerak zer testuingurutan garatzen diren, testuinguru horretan garrantzitsuak diren barne eta kanpo faktoreak zehaztea eta enpresaren negozio ereduaren birdefinizio digitala egitea, gako diren prozesuak identifikatuta, bezeroari ematen zaion balio proposamena berrikusita eta eraldaketa digitaleko estrategia bat ezarrita.

b) Azpiegitura teknologikoa.

Negozio estrategiarekin lerrokaturik, aztertu behar da beharrezko azpiegitura teknologikoa, eta planifikatu hartan egin beharreko inbertsioak, halako moldez non bermatuko baita eskura izatea konektagarritasuna eta datuak biltzeko eta prozesatzeko gaitasuna hautemandako premien arabera, bai eta zibersegurtasuneko sistema bat ere.

c) Antolamendua eta pertsonak.

Zehaztuko da zer gaitasun digital behar dituzten enpresako langileek eraldaketa digitala egin ahal izateko, eta beharrezko ekintzak eginen dira bermatzeko langileek badituztela gaitasun horiek edo, kasua bada, eskuratuko dituztela.

d) Prozesuak.

Aztertuko da zer mailatan aplikatu diren ekoizpen prozesuetan teknologia digital bideratzaileak, egokitu daitezen bezeroaren eta merkatuaren eskarietara, konektagarritasunari, datuak gorde eta prozesatzeari, sistema ziberfisikoei, bezero aplikazioei eta zibersegutasunari dagokienez.

e) Produktuak eta zerbitzuak.

Aztertuko da zer ekintzaren bidez hobetu bezeroari ematen zaion balioa, horrek lehentasuna izan behar baitu enpresaren eraldaketa digitaleko prozesuan, betiere pertsonalizatuz eta egokituz enpresaren produktuak edo produktuen fabrikazioa gaitasun digital osagarriekin.

Fase honetako emaitzak “Diagnostikoaren eta hobekuntza teknologikoko potentzialaren txosten” batean jasoko dira, zeinetan honako hauek adieraziko baitira:

–Heldutasun maila orokorraren balorazioa eta aurreko dimentsio bakoitzarena ere bai, nahiko zehaztasunez non proiektutik kanpoko pertsona batek guztiz ulertu ahal izanen baitu enpresaren egoera zein den.

–4.0 Industriara eraldatzeko hautemandako aukerak zein diren.

2.3. III. fasea.–Eraldaketa digitaleko plana.

Identifikatu, kuantifikatu eta lehenetsiko dira eraldaketa digitalerako aukerak, diagnostikoko aurreko fasean hautemandakoak. Entregatzeko gisa, “Eraldaketa digitaleko plana” izeneko txostena eginen da, eduki hau izanen duena:

–Diagnostikoaren ondorioak.

–4.0 Industriaren esparruan identifikatutako aukerak; aukera bakoitzarentzat deskripzio eta ebaluazio fitxa bat eginen da.

–Enpresako langileen prestakuntza beharren esparruan eta zibersegurtasunaren arloan identifikaturiko aukerak; aukera bakoitzarentzat deskripzio eta ebaluazio fitxa bat eginen da.

–Lehenetsitako aukerak; bakoitzarentzat fitxa bat eginen da, zeinetan jasoko baitira helburua, hura ezartzeko irizpideak, ekintza eta baliabide beharrezkoak, inplikatutako enpresaren arloak, denbora plangintza eta jarraipen adierazleak.

–Bideratzaileen benchmarkinga.

Ekintza edo aukera bakoitzaren zehaztasun mailak egokia izan behar du lortu ahal izateko enpresan modu eraginkorrean ezartzea eta lantzeko modukoa izatea. Zehatz-mehatz agertu behar du zer inbertsio behar diren fitxan deskribatutako helburua betetzeko.

3. Aholkularitza gutxienez 50 ordukoa izanen da eta denbora horretan beharrezkoak diren bisitak eginen dira enpresara. Fase bakoitzean egin behar diren entregatzekoak enpresak baliozkotzat jo beharko ditu.

4. Baldintza hauek bete beharko dituzte aholkularitza ematen duten kanpo aholkularitza espezializatuek:

a) Legez eratutako pertsona fisikoak edo juridikoak izatea, eta ekonomia jardueren gaineko zergan altan emanda egotea aholkularitzaren xedearekin lotutako epigrafe batean.

b) Diziplina anitzeko talde bat izatea, non izanen baitira ingeniaritzako unibertsitate titulazioa eta enpresen digitalizazio proiektuetan lan esperientzia duten pertsonak, bai eta negozio garapenaren eta estrategiaren arloetan aholkularitza esperientzia duten pertsonak ere.

5. oinarria.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Dirulaguntza gastu diruz lagungarrien %75 izanen da, zeharkako zergak kanpo.

Onuradun bakoitzari 9.000 euroko dirulaguntza emanen zaio gehienez.

6. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2020ko abenduaren 31n bukatuko, hura barne.

2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

3. Laguntza eskaeran adierazi behar da eskatzaileak baduela gaitutako helbide elektroniko bat eta harpidetua dagoela Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen elektronikorako prozeduretan. Gaitutako helbide elektronikoa 13. oinarrian adierazten den moduan lortuko da.

7. oinarria.–Laguntzak eskatzeko dokumentazioa.

1. Laguntzen fitxan eskura daitezkeen ereduen araberakoak izanen dira eskabide telematikoarekin batera aurkeztu behar diren agiriak, fitxategi digital bereizietan eta behar bezala identifikatuta aurkeztu ere. Hain zuzen ere, agiri hauek dira:

a) “EDPa egiteko proiektua eta erantzukizunpeko adierazpena” deritzon inprimakia, behar bezala beteta. Inprimaki horrek badakar erantzukizunpeko adierazpen bat, beharrezkoa dena 2., 14. eta 15. oinarrietan eskatutakoa ziurtatzeko eta 8. oinarriko irizpideak baloratzeko.

b) Proiektuaren deskripzio memoria, bat datorrena 4.2 oinarrian ezarritako edukiaren egiturarekin, eta 4.4 oinarrian kanpo aholkularientzat eskatzen diren baldintzak betetzen direla adierazteko justifikazioa.

c) Heldutasun digitalaren txostena, HADA tresnaren bidez lortua, zeina aipatzen baita 2.1.d) oinarrian.

d) Aholkularitza zerbitzuaren aurrekontuaren kopia.

e) Baldin eta sektorean eraldaketa digitala bultzatzeko ekintzak gauzatzen dituen kluster batean badago, 8.2.c) oinarrian ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko agiriak.

f) ”Hornitzailea hautatzeko justifikazioa” izeneko inprimakia eta, kasua bada, 3.4 oinarrian aipatzen diren hiru eskaintzak.

g) Proiektua zuzen baloratzeko interesekotzat jotzen diren agiri guztiak.

2. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu betetzen Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak, Industria Sustatzeko Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio ezen hala egin ezean eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Aurreko atalean eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez bada, ezin da inondik inora konpondu.

8. oinarria.–Dirulaguntzak emateko irizpideak.

1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasuna ezartzeko, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideekin bat.

Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio handiena eskuratzen duten eskaerei 5. oinarrian ezarritako laguntza intentsitatea aplikatuko zaie, deialdi honetarako aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.

Eskaeren ebaluazioa egiteko, enpresa eskatzaileak aurkeztutako informazioa hartuko da kontuan, ez besterik. Edonola ere, organo kudeatzaileak zilegi izanen du argibideak eskatzea eskaeraren alderdiren baten gainean, baldin eta horrek ez badakar eskaera birformulatzea eta hobetzea.

2. Hauek dira eskaerak baloratzeko irizpideak:

BALORAZIO IRIZPIDEAK

PUNTUAZIOA

(GEHIENEKOA)

a) Egokitasuna:

–EDPa egokitzea oinarri arautzaileetako metodologiari.

–Kanpo aholkulariak egokitzea oinarri arautzaileetan eskatutako betebeharrei.

Nahitaezko irizpidea.

b) Proiektuaren memoria teknikoaren kalitatea

50

c) Klusterrean dagoela frogatzea

20

d) Enpresaren heldutasun digitalaren maila, HADA bidez lortua

10

e) Zenbat pertsonak egiten duten lan enpresak Nafarroan dituen lantokietan.

10

f) Emakumezkoen portzentajea plantillan

5

g) Desgaitasuna duten pertsonak izatea

5

a) EDParen eta kanpo aholkularien egokitasuna:

Bete beharko da 4. oinarrian EDPaz eta kanpo aholkulari espezializatuez esaten dena. Hori betetzen ez bada, ez dira baloratuko oinarri honetako gainerako irizpideak.

Eskaera ez da ebaluatuko baldin eta enpresaren eraldaketa digitaleko plana prestatzeko proiektuaren memoria teknikoetan ez badira jasotzen eta garatzen 4.2 oinarrian eskatutako puntu guzti-guztiak.

b) Proiektuaren memoria teknikoaren kalitatea:

Aholkularitza proiektuaren zehaztasun maila eta argitasuna baloratuko dira, bai eta zer hobekuntza dakartzan ere 4. oinarriko 2. apartatuan ezarritako gutxieneko edukiarekiko.

c) Klusterrean dagoela frogatzea:

20 punturekin baloratuko dira kluster batean dauden enpresen proiektuak, baldin eta kluster horrek jarduten badu Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren S3 Estrategian lehentasuna duten arlo ekonomikoetako batean, eta baterako ekintzak sustatzen baditu bere sektoreko enpresen eraldaketa digitala bultzatzeko.

Enpresa eskatzaileak agiri bat aurkeztu beharko du, honako hauek bilduko dituena:

–Klusterrean dagoela frogatzen duen adierazpena.

–Klusterrak indarreko ekitaldian egindako ekintzak edo egin asmo dituenak, xede dutenak klusterreko enpresen eraldaketa digitala bultzatzea.

d) Enpresaren heldutasun digitalaren maila, HADA bidez lortua:

Baloratuko da enpresaren heldutasun digitalaren maila, HADA tresnaren bidez lortua; taula honetan dago zehaztua:

HELDUTASUN DIGITALAREN MAILA

ESTATIKOA (0)

KONTZIENTEA

(1)

GAI

(2)

DINAMIKOA

(3)

ERREFERENTEA

(4)

LIDERRA

(5)

Puntuazioa

4

8

10

10

8

4

e) Zenbat pertsonak egiten duten lan enpresak Nafarroan dituen lantokietan:

Baloratuko da zenbat pertsonak egiten duten lan enpresak Nafarroan dituen lantokietan, taula honen arabera:

ENPRESAN LAN EGITEN DUTEN PERTSONAK

50 ARTE

50 BAINO GEHIAGO

Puntuazioa

10

6

f) Emakumezkoen portzentajea plantillan:

Baloratuko da emakumezko langileen portzentajea, kontuan harturik enpresak Nafarroan dituen lantokietako plantilla. Taula honen araberakoa izanen da puntuazioa:

EMAKUMEEN PORTZENTAJEA

%40 ETA %60 BITARTEAN

%60 BAINO GEHIAGO

Puntuazioa

2

5

g) Desgaitasuna duten pertsonak izatea:

Baloratuko da desgaitasuna duten pertsonak izatea enpresak Nafarroan dituen lantokietako plantillan. Irizpide hauen araberakoa izanen da puntuazioa:

–50 langile baino gutxiagoko enpresak, desgaitasuna duen langileren bat dutenak: 5 puntu.

–50 langile baino gehiagoko enpresak, taula honen arabera:

DESGAITASUNA DUTEN PERTSONEN PORTZENTAJEA

%2 ETA %3 BITARTEAN

%3 BAINO GEHIAGO

Puntuazioa

2

5

3. Berdinketarik izanez gero, kontuan hartuko dira f), g) eta b) letrako irizpideetan lortutako puntuazioak, hurrenez hurren, eta horren arabera ebatziko da.

9. oinarria.–Dirulaguntza ematea.

1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak, hots, 4.0 Industria Sustatzeko Atalak (Industria Sustatzeko Zerbitzua), aurreko oinarrian ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

2. Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da dirulaguntza ematea edo ez ematea ebatziko duen organo eskuduna.

Ebazpena arrazoitua izanen da, eta bertan azalduko dira, gutxienez ere, dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda eta hala badagokio, ezetsi diren eskaerak, eta, horien artean, aurrekontuko mugagatik ezetsitakoak.

3. Ebazpena gehienez 3 hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da eskatzaileen helbide elektroniko gaituan, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsi direla ulertzen ahalko da.

4. Baldin eta dirulaguntza esleitu ondoren deklaratzen bada dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela edo onuradunen batek dirulaguntzari uko egiten badio eta, horren ondorioz, nahikoa kreditu askatzen bada, diru hori erabiltzen ahalko da behar adina aurrekontu ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaerei erantzuteko. Esleipen horiek noiz egiten diren kontuan hartuta, epe berriak finkatzen ahalko dira diruz lagundutako jarduketa egiteko eta hura justifikatzeko.

10. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketa justifikatzea.

Onuradunek 2021eko maiatzaren 31 baino lehen justifikatu beharko dute jarduketa. Horretarako, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte 13. oinarrian adierazitako moduan:

a) “EDParen justifikazioa” izeneko inprimakia, laguntzen fitxan eskuratzen ahal den ereduaren araberakoa. Inprimaki honek 11.1.c) oinarriko betebeharraren gaineko adierazpen bat ere izanen du.

b) Entregatzeko hauetako bakoitzaren kopia bat, enpresak balioetsia:

–Aurretiazko analisiaren txostena.

–Diagnostikoaren eta hobekuntza teknologikorako potentzialaren txostena.

–EDParen txostena.

c) Fakturak eta bankuko ordainagiriak. Beharrezkoa da eskaera aurkezten duen enpresaren izenean egotea eta 2020ko urriaren 1etik 2021eko maiatzaren 31ra bitarteko data izatea.

d) 8.2.c) oinarrian jasotako balorazio irizpidea aplikatzetik onura izan duten enpresen kasuan, memoria bat, biltzen dituena eraldaketa digitala bultzatzeko xedez klusterrak egin dituen jarduerak.

11. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntzaren esleipena jakinarazi eta hilabeteko epean, telematikoki aurkeztea dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan arautua, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa.

Foru dekretu horren 4. artikuluan eskatzen den informazioa aurkezteko betebeharra bete ezean, ezin izanen da ordaindu onartutako dirulaguntza.

b) Diruz lagundutako jarduera egin eta justifikatzea aurreko oinarrian ezarritako moduan.

c) Industria Sustatzeko Zerbitzuari jakinaraztea laguntza hau eman ondoren eta xede bererako edo antzekorako eskuratu diren dirulaguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak, beste edozein administraziok, erakunde publiko edo pribatuk emandakoak, 14. oinarrian ezartzen diren ondorioetarako.

d) Diruz lagundutako jarduketaren emaitzak zabaltzen direnean, emaitza horiek erabiltzen dituzten agirietan eta entregatzekoetan, Nafarroako Gobernuaren ikurra eta testu hau gehitu beharko dira: “Enpresa honek Nafarroako Gobernuaren laguntza bat jaso du, 2020an eraldaketa digitaleko planak egiteko deialdian”.

e) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo, kasua bada, jasotako dirua itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

12. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

1. Frogagiriak azterturik, organo kudeatzaileak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio organo eskudunari. Horrekin batera txosten bat aurkeztuko da, frogatzen duena onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea sortzen duten baldintzak betetzen dituztela.

2. Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emanen du dirulaguntza ordaintzeko ebazpena, hiru hilabeteko epean, frogagiriak aurkezten direnetik hasita.

13. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntzen eskaera eta eman beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoan dagoen laguntzen fitxaren bidez.

2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak egiteko, gaitutako helbide elektronikoa baliatuko da, enpresek beren eskaeran adierazitakoa.

Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskuratu daiteke gaitutako helbide elektronikoa. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, gaitutako helbide elektronikoa lortzen den helbide berean.

14. oinarria.–Dirulaguntzaren bateraezintasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, gastu beretarako emandako beste dirulaguntza batzuekin.

15. oinarria.–De minimis laguntzak.

Deialdi honetako dirulaguntzak de minimis laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da. Erregelamendu horren aplikazio-aldia Batzordearen 2020ko uztailaren 2ko 2020/972 (EB) Erregelamenduaren bidez luzatu da (L 215/3 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, 2020ko uztailaren 7koa), 2023ko abenduaren 31 arte.

Erregelamendu horrekin bat, ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan enpresa bakar bati hiru zerga ekitaldiko aldian emandako de minimis laguntza guztien batura. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Horretarako, interesdunek kasuan kasuko zerga ekitaldian eta aurreko bi zerga ekitaldietan hartutako bestelako de minimis laguntzak aitortu beharko dituzte eskaera egiteko inprimakian.

16. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Industria Sustatzeko Zerbitzuak ikusgai paratuko ditu, Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean (http://www.pap.minhap.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), emandako dirulaguntzak, honako datu hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egozten zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Deialdi honen emaitzak Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoaren laguntzen fitxan ere argitaratuko dira (www.nafarroa.eus).

17. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F2014430