288. ALDIZKARIA - 2020ko abenduaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

642/2020 EBAZPENA, azaroaren 25ekoa, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak emana, Nafarroako toki entitateetako B mailako kontu-hartzaileen lanpostu hutsak gaikuntza duten funtzionarioen arteko merezimendu lehiaketa bidezko lekualdatzearen bitartez betetzeko deialdia onesten duena, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean jasotako aurreikuspenen arabera.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak, 247. artikuluan, ezartzen du gaikuntza duten funtzionarioentzat erreserbatutako lanpostuak, oro har, merezimendu lehiaketen bidez beteko direla. Lehiaketa horien deialdiak toki administrazioaren arloan eskumena duen Nafarroako Gobernuko departamentuak egin beharko ditu.

Nafarroako Toki Administrazioaren Erreformarako otsailaren 4ko 4/2019 Foru Legearen bosgarren xedapen iragankorrak 1. apartatuan ezartzen duenez, foru lege horrek indarra hartu eta bederatzi hilabeteko epean, Foru Komunitateko Administrazioak, behin bakarrik, behar diren jarduketak eginen ditu Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 247.1 artikuluan aurreikusitako merezimendu lehiaketaren deialdia egiteko, arau horren 247.2 eta 247.3 artikuluetan sartuta eta hutsik dauden B taldeko kontu-hartzaile lanpostuak betetzeko asmoz.

Uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 244.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, kontu-hartzaile lanpostu bat izan beharko da, nahitaez, 3.000 biztanle edo gehiago dituzten udalerrietan, deusetan galarazi gabe foru lege horren 361.1.e) artikuluan xedatuta dagoena plantilla organikoan lanpostu hori, legean ezarritakoari jarraikiz, sortua duten 2.000 biztanletik gorako udalerrietarako.

Horrelako prozeduretan, hasiera batean iragartzen diren lanpostuez gain, horrelako lanpostuen titularrek lehiaketan beste lanpostu bat lortzeagatik hutsik gelditzen diren lanpostuak ere beteko dira, betiere lehen aipatutako baldintzak betetzen badituzte.

Bestalde, aipatutako 6/1990 Foru Legean ezarritakoa betetzeko asmoz, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiaren abuztuaren 13ko 437/2020 Foru Aginduaren bidez onetsi zen –arau horren 247. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan ezarritakoari jarraikiz– funtzionarioen artean bete daitezkeen B taldeko kontu-hartzaileen lanpostu hutsen behin betiko zerrenda, bakoitzari dagokion hizkuntza eskakizunaren zehaztapenak adierazita. Ebazpen hori 2020ko 189. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 25ekoan.

Horrenbestez, bidezkoa da Nafarroako toki entitateetako B taldeko kontu-hartzaileen lanpostu hutsak gaikuntza duten funtzionarioen arteko merezimendu lehiaketa bidezko lekualdatzearen bitartez betetzeko deialdia onestea.

Horregatik, eskuordetu dizkidaten ahalmenak erabiliz, zehazki, Lurralde Kohesiorako kontseilariaren uztailaren 1eko 35/2020 Foru Aginduaren bidez (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean ezarritako zenbait eskumen Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiari eskuordetzen dizkiona) eta urriaren 30eko 263/2019 Foru Dekretuaren bidez (Lurralde Kohesiorako Departamentuko egitura organikoa ezartzen duena) emandakoak,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako toki entitateetako B taldeko kontu-hartzaileen lanpostu hutsak gaikuntza duten funtzionarioen arteko merezimendu lehiaketa bidezko lekualdatzearen bitartez betetzeko deialdia onestea. Deialdia arau hauetan arlo horren gainean xedatutakoari jarraikiz eginen da: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren testu bategina, hura garatu eta betearazteko emandako Nafarroako Administrazio Publikoetako lanpostuak betetzeko Erregelamendua, aplikagarri diren gainerako arauak eta deialdiaren oinarriak.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2020ko azaroaren 25ean.–Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusia, Jesús M. Rodríguez Gómez.

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da Nafarroako toki entitateetako B taldeko kontu-hartzaileen lanpostu hutsak gaikuntza duten funtzionarioen arteko merezimendu lehiaketa bidezko lekualdatzearen bitartez betetzea, zehazki, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiaren abuztuaren 13ko 437/2020 Ebazpenean adierazten diren lanpostu hutsak, deialdi honen I. eranskinean jaso direnak.

1.2. Deialdi honen bidez beteko dira, orobat, hutsik gelditzen diren lanpostuak, bai titularrek lehiaketa honetan beste lanpostu bat lortzeagatik, bai epaimahaiak lanpostu hutsak esleitzeko prozedurari hasiera eman aurretik gertatzen den beste edozein arrazoirengatik (prozedura hori deialdi honen 8. oinarrian azaltzen da).

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Deialdi honetan parte har dezakete Nafarroako B taldeko kontu-hartzaileek, gaikuntza duten toki funtzionarioak izanik, deialdi hau argitaratzen den egunean Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 249.1 artikuluan adierazitako administrazio egoeraren batean baldin badaude: jardunean, zerbitzu berezietan, borondatezko eszedentzian (egoera horretan hasi zirenetik gutxienez urtebete igaro bada) edo eszedentzia berezian.

2.2. Ezin izanen dute parte hartu administrazio ebazpen edo epai irmo baten bidez desgaiturik eta zerbitzu-gabeturik daudenek, zehatzeko ebazpen edo epaian adierazitako epea bete ez bada.

2.3. Nahitaezko eszedentzian dauden funtzionarioek nahitaez parte hartu behar dute lehiaketetan, eta lanpostu huts guztiak eskatu.

2.4. Euskarazko hizkuntza eskakizuna (C1 edo B2 maila) ezarrita duen lanposturen bat eskuratu nahi izanez gero, beharrezkoa izanen da:

–Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak irailaren 13an emandako 210/2010 Ebazpenean aipatutako tituluen zerrenda kontuan harturik (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa), lortu nahi den lanposturako eskatzen den euskara maila egiaztatzen duen titulua edo ziurtagiria izatea, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuarekin bat, edo ofizialki horren baliokidetzat hartzen den titulazioa izatea.

2.5. Baldintza horiek eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira, eta lanpostuaren jabetza hartu arte.

2.6. Behar diren hautapen probak gainditu eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio Publikoan euskaraz jakin beharra duten lanpostuetan 2009ko urtarrilaren 1etik aurrera sartu diren lehiakideek hizkuntza hori jakitea nahitaezkoa duten lanpostu hutsak bakarrik aukera ditzakete.

Hala ere, aurreikuspen hori ez da aplikatuko baldin eta, jakin behar den hizkuntza kontuan hartu gabe, hautapen prozesuko emaitzak aukera ematen bazion interesdunari baldintza hori ezarrita ez zeukan lanpostu bat eskuratzeko.

3.–Eskaerak.

3.1. Lekualdatze lehiaketa honetan parte hartu nahi dutenek telematika bidez aurkeztu beharko dute izena emateko eskabidea, Internet bidez, helbide hau erabiliz: www.nafarroa.eus, “Menua”, “Izapideak”, “Administrazioarentzako zerbitzuak”, “Enplegu publikoa eta sustapena”, deialdiaren aipamenean. (deialdi honi dagokion fitxa erabili (Nafarroako toki entitateetako B taldeko kontu-hartzaileen lanpostu hutsak betetzea gaikuntza duten funtzionarioen arteko merezimendu lehiaketa bidezko lekualdatzearen bitartez), www.nafarroa.eus Nafarroako Atariaren “Enplegu Publikoa” atalean).

Eskabideari erantsi beharreko merezimenduak ere telematika bidez aurkeztu beharko dira, goian adierazitako helbidearen bidez, deialdiaren baremoan zehaztutako atalei jarraikiz antolatuak.

Eskabideak deialdi honen II. eranskinean dagoen ereduari lotu behar zaizkio eta, haietan, izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela.

Deialdian parte hartzeko eskabideak hamabost egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Eskaerak aurkezteko epea luzaezina da.

3.2. Eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Deialdi honetan ezarritako baremoaren arabera, izangaiek alegatzen dituzten merezimenduen dokumentazioa.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

b) Euskararen Gaitasun Agiriaren kopia, Hizkuntza Eskola Ofizial batek luzatua, edo ofizialki horren baliokidetzat jotzen den beste titulu batena, euskaraz jakitea nahitaezkoa duten lanpostuetara aurkeztu nahi izanez gero.

3.3. Eskabidean lehentasun ordenaren arabera zerrendatuko dira lortu nahi diren lanpostuak. Lehentasun zerrenda bakar bat eginen da, eta aukeratutako lanpostu guztiak jaso beharko dira bertan. Deialdi honen I. eranskinean agertzen den edozein lanpostu aukera daiteke.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila.

4.2. Izangai baztertuek bost egun naturaleko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, zuzentzeko.

4.3. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko.

4.4. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta horiek ebatzita, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

–Epaimahaiburua: José Contreras López jauna, Nafarroako Kontuen Ganberako legelaria, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak proposaturik izendatua.

–Ordezkoa: Gemma Angélica Sánchez Lerma andrea, Nafarroako Kontuen Ganberako legelaria, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak proposaturik izendatua.

–Epaimahaikidea: Gorka Labat Ibarrola jauna, Langileen Batzordeak proposaturik izendatua.

–Ordezkoa: Isabel Artieda Urrestarazu andrea, Langileen Batzordeak proposaturik izendatua.

–Epaimahaikide-idazkaria: Blanca Senar Solis andrea, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko enpresa zientzietako diplomaduna.

–Ordezkoa: Nuria Sanz de Galdeano Larrión andrea, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko enpresa zientzietako diplomaduna.

5.2. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratu eta ondoko bost egunean osatu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, bere kideen gehiengoa bertan ez bada.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balioa izateko, mahaiburuak eta mahaikide idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

5.3. Kalifikazio epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo deitzaileari horren berri emango diote, baldin eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretakoren batean badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazio eta aplikazioaren inguruan sortzen diren arazoak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari espezialistei deitzen ahalko die, bere eskumeneko jarduketetatik edozeinetan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira arituko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Merezimenduen balorazioa.

6.1. Balorazio epaimahaiak, deialdian aintzat hartutako merezimenduak frogatzeko, lehiatzaileek aurkeztutako dokumentazioaren forma eta edukia egiaztatuko ditu. Horri dagokionez, merezimendu guztiak alegatu eta frogatu beharko ditu izangaiak, lekualdatze lehiaketa honetan parte hartzeko eskabidea aurkezten duen unean.

6.2. Alegatu eta egiaztatutako merezimenduak deialdi honen III. eranskinean azaltzen den baremoari jarraikiz kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak.

6.3. Epaimahaiak egoki iruditzen zaizkion zehaztapenak eskatzen ahalko dizkie lehiatzaileei, aurkeztutako merezimenduak argitze aldera. Eskaera hori interesdunaren helbide elektronikora jakinaraziz egin daiteke, baldin eta lehiatzaileak horrela egitea onartu badu berariaz deialdi honetan parte hartzeko eskabide-orrian.

6.4. Merezimenduen azkeneko puntuazioan berdinketa baldin badago bi lehiatzaileren edo gehiagoren artean, esleipenaren proposamenean lehentasuna izanen du karguan antzinatasun handiena egiaztatzen duenak. Hala ere berdinduta segitzen badute, lehiatzaile adinez zaharrenari emanen zaio lehentasuna.

6.5. Merezimenduen kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen du, Nafarroako Gobernuko iragarki-taulan eta Nafarroako Atariaren –www.navarra.eus– “Enplegu Publikoa” atalean, izangai bakoitzak lortutako puntuazioa, eta bost egun balioduneko epea ezarriko du interesdunek merezimenduen balorazioaren gainean eskubideko jotzen duten guztia alega dezaten.

7.–Lehiatzaileen zerrenda, puntuazio ordenaren araberakoa.

7.1. Epaimahaiak, aurkeztutako erreklamazioak ebatzi ondoan, izangai guztien behin betiko puntuazioak argitaratuko ditu Nafarroako Gobernuko iragarki-taulan eta Nafarroako Atariaren –www.navarra.eus– “Enplegu Publikoa” atalean, eta lortutako puntuazioaren araberako lehiatzaileen zerrenda prestatuko du.

8.–Lanpostu hutsak esleitzeko prozedura eta lehiaketaren ebazpena.

8.1. Epaimahaiak, lehenbizi, deialdian hasieratik eskainitako lanpostu hutsak esleituko dizkie lehentasun zerrendako 1. tokian lanpostu horiek jarri dituzten lehiatzaileei, lanpostu bakoitzari dagokion zerrendan lehiatzaileek lortzen duten kalifikazioaren arabera, puntuazio altuenetik hasita.

Bigarren itzulian eta hurrengoetan, epaimahaiak deialdian hasieratik eskainitako lanpostuetatik aukeratu gabe gelditzen direnak esleituko ditu, baita prozedura honen beraren ondorioz hutsik gelditzen diren lanpostuak ere. Esleipena egiteko orduan, itzuli guzti-guztietan erabiliko diren irizpideak izanen dira, batetik, lanpostu bakoitzari dagokion zerrendan lortutako puntuazio altuena, eta, bestetik, lehentasun zerrendako ordena.

8.2. Aipatutako prozedura bukatuta, kalifikazio epaimahaiak Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiari igorriko dizkio lanpostuak esleitzeko proposamenak, eta hura arduratuko da behar diren izendapenak formalizatzeaz.

8.3. Lehiaketaren ebazpenaren ondoriozko izendapenak, Nafarroako Aldizkari Ofizialean oso-osorik argitaratzeaz gainera, esleitu diren lanpostu hutsak zein toki entitatetakoak diren, hango buruei ere jakinarazi beharko zaizkie legezko eran, izendatuen jabetza hartzea formalizatzeko.

9.–Jabetza hartzeko epea.

Merezimendu lehiaketa hauen ondorioz lanpostu bat eskuratzen duten lehiatzaileek hilabeteko epean hartu beharko dute izendapenaren xedeko lanpostuaren jabetza, izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera, eta, hala badagokio, betetzen ari diren lanpostua utzi beharko dute.

Dena dela, administrazio eraginkortasuna dela-eta, deia egiten duen organoak jabetza hartzeko egun bat finkatzen ahalko du, aurreko paragrafoan ezarritako epetik haratago ere.

10.–Destinoei uko egin ezina.

Eskatutako lanpostuetatik edozein esleituz gero, lehiatzaileak loturik geldituko dira, eta izendatzen deneko lanpostuaren jabetza ez hartzeak, justifikatutako arrazoirik ez badago, gaikuntza galtzea ekarriko du.

11.–Lanpostuak uztea eta jabetza hartzea.

Lanpostu baten jabetza hartzeak berekin dakar esleitutako lanpostuari dagozkion funtzionario-eskubide eta betebeharrak eskuratzea eta, horren ondorioz, funtzionarioa kasuan kasuko toki entitatearen menpe geldituko da, atxikipen organikoaren eta eginkizunen ondorioetarako. Horrekin batera, jatorrizko lanpostua utzi beharko du.

12.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere oinarrien aurka eta, orobat, kalifikazio epaimahaia ez den beste organo batek, oinarriak aplikatzeko, ematen dituen egintzen aurka, espedientean interesdun direnek, administrazio publikoak izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean. Administrazio Publikoek, berriz, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, Nafarroako Justiziako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, deusetan galarazi gabe aldez aurreko errekerimendua egitea Nafarroako Gobernuaren aurrean, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik.

I. ERANSKINA

B taldeko kontu-hartzaileen lanpostuak

TOKI ENTITATEA

TALDEA

LANPOSTUA

HIZKUNTZA EREMUA

HIZKUNTZA ESKAKIZUNA

BETEBEHARRA

MEREZIMENDUA

1

Andosilla

B

Hutsik

Ez-euskalduna

2

Arguedas

B

Hutsik

Ez-euskalduna

3

Berriobeiti

B

Hutsik

Mistoa

4

Buñuel

B

Hutsik

Ez-euskalduna

5

Caparroso

B

Hutsik

Ez-euskalduna

6

Cascante

B

Hutsik

Ez-euskalduna

7

Castejón

B

Hutsik

Ez-euskalduna

8

Zizur

B

Hutsik

Mistoa

9

Cortes

B

Hutsik

Ez-euskalduna

10

Etxarri Aranatz

B

Hutsik

Euskalduna

C1

11

Funes

B

Hutsik

Ez-euskalduna

12

Irurtzun

B

Hutsik

Euskalduna

C1

13

Leitza

B

Hutsik

Euskalduna

C1

14

Lesaka

B

Hutsik

Euskalduna

C1

15

Orkoien

B

Hutsik

Mistoa

B2

16

Azkoien

B

Hutsik

Ez-euskalduna

17

Gares

B

Hutsik

Mistoa

18

San Adrián

B

Hutsik

Ez-euskalduna

19

Valtierra

B

Hutsik

Ez-euskalduna

20

Viana

B

Hutsik

Ez-euskalduna

II. ERANSKINA

Eskabidea, Nafarroako toki entitateetako B taldeko kontu-hartzaileen lanpostu hutsak gaikuntza duten funtzionarioen arteko merezimendu lehiaketa bidezko lekualdatzearen bitartez betetzeko deialdian parte hartzeko. (PDFa).

III. ERANSKINA

Merezimenduen baremoa, Nafarroako toki entitateetako B taldeko kontu-hartzaileen lanpostu hutsak betetzeko, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen aurreikuspenen arabera

A) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: (gehienez ere 30 puntu).

1) Nafarroako toki entitate batean, B taldeko kontu-hartzaileen lanpostuetan egindako zerbitzuak: 0,8 puntu urte bakoitzeko.

2) Nafarroako toki entitate batean, A taldeko kontu-hartzaileen lanpostuetan egindako zerbitzuak: 0,6 puntu urte bakoitzeko.

Plantilla organikoetan lanpostu hori, esklusiboki edo partekatuta, sartuta duten toki entitateetan egindako zerbitzuak baizik ez dira aintzat hartuko, eta ez dira baloratuko Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 234.2.d) artikuluan adierazitakoa aukeratu duten kontzeju edo mankomunitateetan egindako zerbitzuak.

3) Edozein administrazio publikotan, edozein lanpostutan, egindako zerbitzuak: 0,3 puntu urte bakoitzeko.

Deialdia argitaratzen den egunera bitarte egindako zerbitzuak baloratuko dira.

Urteen kopurua osoa ez bada edo lanaldi osoa egin ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen zaie izangaiei.

Aldi berean egindako zerbitzuak ez dira bi aldiz baloratuko.

Zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egindako zerbitzuak, eta “jardunean” administrazio egoeraren barruko legezko edozein kasutan egindakoak, lehiatzaileak egoera horietan hastean zeukan lanpostuan egindako zerbitzuak balira bezala konputatuko dira.

B) Prestakuntza eta irakaslana: (gehienez ere 10 puntu).

1) Beste ikasketa titulu batzuk, B taldeko kontu-hartzaile karguari dagozkion gaiei buruzko hobekuntza eta espezializaziorako prestakuntza ikastaro eta ekintzak, erakunde eta zentro ofizialek eginak baldin badira, eta Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Hitzarmenen esparruan egindako etengabeko prestakuntzarako ekintzak: 0,10 puntu emanen dira kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 eskola-ordu), eta gehienez ere 8 puntu.

Deialdiaren xede den lanpostuarekin zerikusia duten merezimenduak baizik ez dira baloratuko.

Eskola-orduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.

Ikasturte akademiko bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituko balorazioa emanen zaie.

2) Sektore publikoan, prestakuntza ekintzetan irakasle gisa parte hartzea, ekintza horiek deialdiaren xedeko lanpostuarekin zerikusia badute: 2 puntu gehienez. Kalifikazio epaimahaiak baloratuko ditu, kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 eskola-ordu) 0,20 puntu emanez.

C) Puntuazio erantsia hizkuntzak jakiteagatik.

–Frantsesa, ingelesa edo alemana jakiteagatik, Europar Batasuneko laneko hizkuntzak diren aldetik, hizkuntza horiek jakitea beharrezkoa ez den lanpostuetan, 2 puntu gehienez haietako bakoitzagatik.

–Euskaraz jakiteagatik: plantilla organikoaren arabera lanpostu horietan aritzeko euskaraz jakitea nahitaezkoa ez bada, 4,6 puntu bitarte emanen dira destinoa eremu euskaldunean duten lanpostuetan sartu nahi denean.

Oharrak C atal osorako:

Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailaren pareko jakite-maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiria duenari aurreko ataletan hizkuntza bakoitzarentzat ezarritako baloraziorik handiena emanen zaio.

Titulu edo ziurtagiri hori izan ezean, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren A1 maila izanez gero, gehienez eman daitekeen puntuazioaren 1/5 jasoko da; A2 maila izanez gero, 2/5; B1 maila izanez gero, 3/5; eta, B2 maila izanez gero, 4/5.

Euskara merezimendu gisa baloratzerakoan, Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan gainditutako urrats bakoitzagatik, gehienez eman daitekeen puntuazioaren 1/12 emanen da.

Izangaiak daukan frantses, ingeles edo aleman maila baloratzeko, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak espresuki antolatutako azterketak egiten ahal dira; bost zailtasun maila izanen dira, eta hizkuntza bakoitzari ematen ahal zaion gehieneko balorazioaren bostena emanen zaio maila bakoitzari.

Iragarkiaren kodea: F2014363