285. ALDIZKARIA - 2020ko abenduaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

132E/2020 EBAZPENA, azaroaren 2koa, Landa Garapeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baitira M16.02 neurriko laguntzen 2020ko deialdia eta oinarri arautzaileak. Neurri horren izena da “Proiektu pilotuei eta produktu, praktika, prozesu eta teknologia berrien garapenari laguntzea” eta Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programaren barruan dago. DDBN identifikazioa: 529294.

Nafarroak, bere foru araubideari esker, eskumen esklusiboa du nekazaritza eta abeltzaintza gaietan, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat, hala ezarrita baitago Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50.1.a) artikuluan. Bestalde, lege organiko horren 56.1.a) artikuluan ezarritakoaren arabera, eta jarduera ekonomiko orokorraren oinarriekin eta antolamenduarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateari dagokio Nafarroaren barnean jarduera ekonomikoa planifikatzeko eta garapen ekonomikoa sustatzeko eskumen osoa.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduak, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidez landa garapenari laguntzeari buruzkoak, landa garapenerako politikaren helburuak finkatzen ditu, testuinguru estrategikoa ezartzen du eta landa garapenerako politika gauzatzeko hartu beharreko neurriak zehazten ditu. Erregelamendu horrek, orobat, indarrik gabe utzi zuen Kontseiluaren 1698/2005 (EB) Erregelamendua. 35. artikuluan, “Lankidetza” izeneko neurria ezartzen du.

Batzordearen azaroaren 18ko C 8143 (2015) Betearazpen Erabakiaren bitartez, Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programa onetsi zen. Programa horretan M16 neurria ageri da (Lankidetza), M16.02 azpineurria duena (Proiektu pilotuei eta produktu, praktika, prozesu eta teknologia berrien garapenari laguntzea).

Neurri horri aplikagarri zaizkio Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea eta 1305/2013 (EB) Erregelamendua, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidez landa garapenari laguntzeari buruzkoa, bai eta azken hori garatzen duen araudia ere:

–Batzordearen 20014ko martxoaren 11ko 807/2014 (EB) Erregelamendu Delegatua, 1305/2013 (EB) Erregelamendua osatzen duena.

–Batzordearen 2014ko uztailaren 17ko 808/2014 (EB) Erregelamendu Delegatua, xedapenak ezartzen dituena 1305/2013 (EB) Erregelamendua aplikatzeko.

–Batzordearen 2014ko uztailaren 17ko 809/2014 (EB) Erregelamendu Delegatua, xedapenak ezartzen dituena Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 (EB) Erregelamendua aplikatzeko, landa garapenerako neurriak kudeatu eta kontrolatzeko sistema integratuari eta baldintzazkotasunari dagokienez; eta Batzordearen uztailaren 10eko 2017/1242 (EB) Betearazpen Erregelamendua, 809/2014 (EB) Erregelamendua aldatzen duena.

–Batzordearen 2014ko martxoaren 31ko 640/2014 (EB) Erregelamendu Delegatua, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 (EB) Erregelamendua osatzen duena kudeaketaren eta kontrolaren sistema integratuari dagokionez, ordainketak ukatu edo kentzeko baldintzei dagokienez eta zuzeneko ordainketei, landa garapenerako laguntzari eta baldintzazkotasunari aplika dakizkiekeen zehapen administratiboei dagokienez.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak eman dizkidaten eskudantziak erabiliz, eta Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak (NBEUF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak (LGENF) finantzaturiko gastuak Nafarroako Foru Komunitatean ordaintzen dituen erakundea baimendu eta haren antolamendua eta funtzionamendua ezarri zituen urtarrilaren 23ko 7/2013 Foru Dekretuaren bidez eman dizkidaten ahalmenak baliatuz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programaren barneko M16.02 neurriaren (Proiektu pilotuei eta produktu, praktika, prozesu eta teknologia berrien garapenari laguntzea) oinarri arautzaileak onestea. Oinarriak ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.

2. M16.02 neurriko (Proiektu pilotuei eta produktu, praktika, prozesu eta teknologia berrien garapenari laguntzea) laguntzen 2020ko deialdia onestea.

3. Deialdi honetarako eskaerak aurkezteko epea hilabete batekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4. 1.300.000,00 euroko gastua baimentzea ebazpen honen ondoriozko konpromisoei erantzuteko, honako partida honen baliokidea den 2023ko partidaren kargura: Nafarroako Gobernuaren 2020ko Gastuen Aurrekontu Orokorreko “Lankidetza proiektu pilotuak. LGP. LGENF 2014-2020” izeneko 720007 72320 7700 412102 partida.

5. Oinarri arautzaileak Dirulaguntzen Nafarroako Basean (BNS) erregistratzea.

6. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitara eman eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2020ko azaroaren 2an.–Landa Garapeneko zuzendari nagusia, Fernando Santafé Aranda.

1. ERANSKINA

Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programaren barneko M16.02 neurriko (Proiektu pilotuei eta produktu, praktika, prozesu eta teknologia berrien garapenari laguntzea) laguntzen oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

1. Oinarri hauen xedea da Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programaren barneko M16.02 neurriko (Proiektu pilotuei eta produktu, praktika, prozesu eta teknologia berrien garapenari laguntzea) laguntzak arautzea, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 35. artikuluaren esparruan.

2. M16.02 neurriak (Proiektu pilotuei eta produktu, praktika, prozesu eta teknologia berrien garapenari laguntzea) helburu du proiektu pilotuak sustatzea (kudeaketa, ekoizpen, fabrikazio eta merkaturatze sistema berritzaileak eta diziplina anitzekoak erabiliz), nekazaritzako elikagaien sektorean baliabideen ekoizpen eredu iraunkor eta eraginkorra lortzeko. Landa sektorean inplikaturik dauden eragile guztien lankidetza, kooperazioa eta koordinazioa sustatzen ditu, lotura egon dadin zientzia eta ikerketa arloko eskaintzaren eta sektoreko eskarien artean, baita sektoreko eskarien eta produktuak merkaturatzeko orientazioaren artean ere.

2. oinarria.–Definizioak.

Deialdi honen ondorioetarako, hona zer den:

1. Proiektu pilotua: izaera esperimentala eta/edo frogagarria duen hedadura txikiko ekintza multzoa, denbora mugatuko ahalegina behar duena, ideia bat gauzatzeko benetako arazoak konpontzeko asmoz. Nekazaritzako elikagaien sektorearen onurarako ezagutza transferitzen du. Lortutako emaitzak espero zirenak izan daitezke edo ez:

a) Produktu berria; aurretik ez zegoen ondasun bat lortzea.

b) Jardunbide berria; aurretik ez zegoen zerbitzu bat lortzea.

c) Prozesu berria; aurretik bazegoen lehengai batentzat eraldatutako erabilera berri bat lortzea.

d) Teknologia berria; ekoizpen prozesu baten eraginkortasuna hobetzea.

2. Berrikuntza: arrakastaz gauzatu nahi den ideia berria, bere frogapenerako proiektu pilotua garatzea behar duena.

Ideia berria ezagutza berri edo tradizional batean oinarritzen ahal da, produktu, zerbitzu, prozesu, merkaturatzeko metodo edo antolatzeko metodo berriak edo nabarmen hobetuak sartzeko.

Era berean, berrikuntzatzat joko da ideia bat, berria ez bada ere, testuinguru berri batean garatzea, baldin eta balio bereizgarria ekartzen badu. Adierarik zabalenean hartzen da, hala nola sektore publikoaren berrikuntza, berrikuntza soziala, zerbitzuen berrikuntza, prozesuena eta lurraldearena.

3. Lankidetza: pertsona edo entitate taldeek garatzen duten lan estrategia bat, helburu bat partekatuta eta metodo kolaboratibo eta asoziatiboak erabiliz.

4. Partzuergoa: aldi baterako elkartutako entitate multzoa, proiektu piloto bat egiteko sektoreko edo lurraldeko arazo zehatz bat konpontzeko helburuz, edo aukera zehatz bat baliatzeko irtenbide berritzaile baten bidez eta metodo kolaboratibo eta asoziatiboak erabiliz, eta lortutako emaitzen transferentzia eta hedapena bultzatuz. Gutxienez elkarrentzat independente diren bi entitatek osatuko dute, eta gehienez bost entitatek.

5. Ekipamendu pilotuaren ondasuna: proiektu pilotuaren beharretara eta tamainara egokituriko ondasuna, ezinbestekoa dena hura garatzeko eta frogatzeko, eta eredu gisa erabiliko dena teknologia, produktu, prozesu edo irtenbide berri edo hobetu baten bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa baliozkotzeko.

3. oinarria.–Lurralde eremua.

Nafarroan egiten diren jarduketak baizik ez dira izanen diruz lagungarriak.

4. oinarria.–Aurreikusitako ekintza motak.

Dirulaguntzak helburu hauetakoren bat lortzen laguntzen duten proiektu pilotuak garatzeko izanen dira:

a) Ustiategien emaitza ekonomikoak hobetzea eta ustiategien berregituraketa eta modernizazioa erraztea, merkatura begirako orientazioa eta partaidetza hobetzeko asmoz, baita nekazaritzaren dibertsifikazioa ere.

b) Lehen mailako ekoizleen lehiakortasuna hobetzea, ekoizleak nekazaritzako elikagaien katean txertatuz kalitate araubideen bitartez, nekazaritzako produktuei balio erantsia ematea, produktu horiek sustatzea tokiko merkatuetan eta banaketa zirkuitu txikietan, eta ekoizleen talde eta erakundeak eta lanbidearteko erakundeak eratzea.

c) Nekazaritzari eta basogintzari lotutako ekosistemak lehengoratzea, zaintzea eta hobetzea, arlo hauetan lagunduz:

I) Biodibertsitatea lehengoratzea, zaintzea eta hobetzea, baita natur balio handiko nekazaritza sistemak eta Europako paisaien egoera ere.

II) Ongarrien eta pestiziden kudeaketa hobetzea.

III) Lurzoruen higadurari aurrea hartzea eta horien kudeaketa hobetzea.

d) Nekazaritzan uraren erabilera eraginkorragoa lortzea.

e) Nekazaritzan eta elikagaien eraldaketan energiaren erabilera eraginkorragoa lortzea.

f) Honako hauen hornidura eta erabilera erraztea, bioekonomiaren tamaina sustatzeko: energia-iturri berriztagarriak, azpiproduktuak, hondarrak eta hondakinak eta elikatzeko ez diren gainerako lehengaiak.

g) Berotegi-efektuko gasen eta amoniakoaren emisioak murriztea nekazaritzaren sektorean.

h) Karbonoaren kontserbazioa eta harrapaketa sustatzea nekazaritza eta basogintza sektoreetan.

i) Enpresa txikiak dibertsifikatu, sortu eta garatzeko eta enplegua sortzeko erraztasunak ematea.

5. oinarria.–Laguntzen hartzaile izanen diren entitateak.

1. Honako entitate hauek izan daitezke laguntzen hartzaile, baldin partzuergo bat osatzen badute:

a) Nekazaritzako eta basogintzako ekoizleak.

b) Nekazaritzako, elikagaigintzako eta basogintzako enpresa edo industriak.

c) Lehen sektoreko ekoizpenarekin eta/edo nekazaritzako elikagaien industriekin zerikusia duten elkarteak eta erakundeak.

d) Ikerketa eta esperimentazio zentroak.

e) Zentro teknologikoak.

f) Unibertsitateak.

g) Bestelako entitateak, beren helburu sozialen artean honako hau dutenak: nekazaritzaren eta abeltzaintzaren arloetan, nekazaritzako industriaren arloan edo nekazaritzako elikagaien kalitatearen arloan ikertu eta esperimentatzea.

h) Jatorria nekazaritzan eta basogintzan duten energia berriztagarrien sektoreko enpresa edo industriak.

i) Entitate publikoak: landa eremuetako udalak, mankomunitateak edo kontzejuak.

j) Kontsumitzaileen elkarteak, turismo elkarteak eta beste.

k) Landa garapenerako politiken helburuak eta lehentasunak lortzen laguntzen duten beste eragile batzuk.

2. Partzuergoko entitate guztiek lortuko dute dirulaguntzaren onuradun izaera, 8. oinarrian ezarritakoa betez gero, eta proiektuak 13. oinarrian eskatzen den gutxieneko puntuazioa lortzen badu.

6. oinarria.–Lankidetza-hitzarmena.

Proiektu pilotu oro garatzeko, lankidetza-hitzarmen bat ezarri behar da partzuergoan parte hartzen duten entitate guztien artean. Entitate horiek guztiek sinatu beharko dute, eta, gutxienez, honako zehaztapen hauek bilduko ditu, neurriaren gaineko tramiteen katalogoan dagoen ereduaren arabera:

a) Parte hartzen duten entitate guztien idatzizko konpromisoa, bakoitzaren arduradunaren izena eta helbidea adierazita, eta proiektua koordinatuko duen entitatea identifikatuta.

b) Gauzatu beharreko proiektu pilotuaren helburuak.

c) Helburu horiek lortzeko eginen diren ekintzak.

d) Proiektuaren garapenean entitate bakoitzak dituen eginkizunak, baita bakoitzaren ekarpen ekonomikoa ere.

e) Parte hartzen duten entitateen eskubide eta betebeharrak.

f) Kronograma, ekintzen eta gastu motaren arabera.

g) Balizko onuradunak.

h) Espero diren emaitzak.

i) Proiektu pilotuak Nafarroan izanen duen eragina.

j) Emaitzen zabalkundea egiteko konpromisoa.

k) Hitzarmenaren iraupena, indarraldia, aldaketa eta bukaera.

l) Gatazkak konpontzea.

7. oinarria.–Proiektua koordinatuko duen entitatea.

1. Partzuergoko entitate guztiek entitate koordinatzaile bat aukeratuko dute, adostasunez, eta hori lankidetza-hitzarmenean adierazi beharko da.

2. Entitate koordinatzailea administrazioarekiko harremanetarako bitarteko bakarra izanen da, eta haren bitartez bideratuko da dirulaguntza: laguntza-eskaera partzuergoko entitate guztien izenean aurkeztuko du, proiektua gauzatzearen azken erantzulea izanen da, hari ordainduko zaio dirulaguntza, eta, gero, hark banatuko du gainerako parte-hartzaileen artean, bakoitzak proiektuan izan duen partaidetzaren arabera. Era berean, administrazioak eskatzen ahal dituen itzulketak gainerako entitateei eskatzeko ardura izanen du.

3. Entitate koordinatzailearen eginkizunak:

a) Partzuergoko entitateen ordezkaria izatea, proiektuan gauzatu beharreko jarduerei dagokienez.

b) Laguntza eskatzeko eta ordaintzeko eskabideak sinatzea eta bidaltzea, partzuergoko entitate guztien izenean.

c) Landa Dibertsifikaziorako Atalari baimena ematea, bidezkoa bada, partzuergoko entitateei buruz behar diren datuak bil ditzan Nafarroako Gobernuko edo beste administrazio publiko batzuetako (eskabide-orrian adieraziak) organoen bitartez, eskatutako laguntza tramitatzeko eta ebazteko.

d) Proiektuaren diseinua zuzentzea eta koordinatzea, baita lankidetza-hitzarmena prestatzea eta proiektua aurkezteko datuak prestatzea ere.

e) Partzuergoko entitateen arteko komunikazio bideak eratzea, baita administrazioarekikoak ere; horretarako, proiektuaren inguruan jasotzen den informazio guztia bi aldeei bidaliko die.

f) Proiektuaren finantza kontuak koordinatzea.

g) Parte-hartzaile bakoitzaren finantza-beharrak biltzea eta informazioa Landa Dibertsifikaziorako Atalean aurkeztea.

h) Diruz lagunduriko jarduerak finantzatzeko parte-hartzaile bakoitzak jasotzen dituen bestelako laguntzen, diru-sarreren edo baliabideen berri ematea.

i) Proiektuan parte-hartzaile bakoitzaren ardurapean dauden lan guztiak zuzentzea eta kontrolatzea, bermatzearren multzo osoa egoki gauzatzen dela, onetsitako proiektuaren arabera.

j) Proiektuaren alderdi guztiak sustatzea eta kontrolatzea (alderdi teknikoak, finantza arloa betearaztea, parte-hartzea, etab.).

k) Gastuaren betearazpenaren bilakaera kontrolatzea, egiten diren gastuak justifikatzeko behar diren agiriak prestatzea, eta bermatzea egindako gastuak proiektua gauzatzeari loturik daudela eta partzuergoko entitate guztiek adostutako jarduerekin bat datozela.

l) Parte-hartzaile bakoitzak bere gain hartutako konpromisoak betetzen dituela gainbegiratzea, proiektua egoki gauzatu arte.

m) Proiektuaren finantza arloko informazio guztia eta egiaztagiri guztiak zentralizatzea eta Landa Dibertsifikaziorako Atalean aurkeztea proiektua onartzeko ebazpenean zehazten diren epeetan.

4. Proiektua koordinatzeaz partzuergoko entitate bat arduratuko da zuzenean.

5. Proiektuaren koordinaziorako diru kopurua ezin da izan diruz laguntzen ahal den guztirako zenbatekoaren %5 baino gehiago.

8. oinarria.–Laguntza jasotzeko baldintzak.

1. Entitate onuraduna izateko, baldintza hauek bete beharko dira:

a) Proiektu pilotua gauzatzean, elkarlanean aritzea 5. oinarrian aipatutako beste entitate independente batekin edo gehiagorekin.

b) Gutxienez entitate bat izatea nekazaritzaren, abeltzaintzaren, basogintzaren edo nekazaritzako elikagaiak edo basogintzako produktuak eraldatu edo merkaturatzearen arlokoa, eta Nafarroako Gobernuan behar den erregistroan inskribaturik egotea.

c) Proiektu pilotua gauzatzeko lankide dituen entitateekin lankidetza kontratu, hitzarmen edo akordio bat edo asmoen gutun bat adostea, entitate bakoitzaren legezko ordezkariek sinatua.

d) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan adierazitako debeku-egoeretan ez egotea.

f) 250 langile baino gehiago dituzten entitateen kasuan, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun plan bat izatea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 45. artikuluan ezarritakoaren arabera.

2. Gainera, proiektu pilotuari dagokionez, honako betebehar hauek bete beharko dira:

a) Berritzailea izatea, eta erantzuna ematea 4. oinarrian zehaztutako helburuetako bati gutxienez.

b) Nekazaritzari buruzkoa, nekazaritzako elikagaiei buruzkoa edo basogintzari buruzkoa izatea.

c) Laguntzaren xedeko jarduera Nafarroako lurralde-eremuan gauzatzea.

d) Laguntzaren xede izanen diren jarduketak hasi gabe egotea eskaera aurkezten denean. Aurkeztutako proiektuaren hasiera data ez da hartu behar soilik handik aurrera gastuak egotzi ahal izateko data gisa, baizik eta benetan proiektuko jarduerak hasteko data gisa. Horrenbestez, laguntzak eskatu aurretik hasitako proiektuek ez dute dirulaguntzarik izanen.

e) Proiektu pilotuaren deskripzio-memoria aurkeztea, honako hauek dituena, gutxienez:

I) Proiektuaren deskribapena.

II) Lankidetza taldearen osaketa.

III) Proiektuaren ezaugarriak:

–Proiektuaren helburua.

–Egin beharreko ekintzak eta egutegia.

–Enpresa plana eta/edo aurrekontua.

–Proiektuaren eta emaitzen jarraipenerako dokumentazioaren azalpena.

–Dibulgazio plana.

–Proiektuaren eraginaren emaitzak. Jarraipenerako adierazleak.

f) Laguntza emateko ebazpenean ezarritako epean gauzatzea.

g) Nafarroako Gobernuaren adostasuna izatea proiektuak ukitzen dituen eremuei dagokienez.

9. oinarria.–Konpromisoak eta betebeharrak.

Entitate onuradunek konpromiso hauek izanen dituzte:

a) Proiektua gauzatzea aplikatzen ahal zaizkion arauekin bat, Europar Batasunekoak, Espainiakoak nahiz tokikoak; batez ere, honako arlo hauen gaineko arauei jarraikiz: gastuetarako dirulaguntzak emateko baldintzak, bateraezintasuna, estatuko laguntzak, kontratazio publikoa, publizitatea, ingurumenaren babesa eta aukera berdintasuna.

b) Proiektua gauzatzea dirulaguntza emateko ebazpenean adierazten den epean, deusetan galarazi gabe bidezko arrazoiak daudenean onartzen ahal diren luzapenak.

c) Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan honako hauek frogatzea:

–Laguntza jasotzeko egindako gastuak eta ordainketak, laguntza emateko ebazpenean ezarritako moduan eta epean egindakoak.

–Laguntzaren xedea eta helburuak bete direla. Horretarako, agiri zientifiko-teknikoak aurkeztu beharko dira, laguntza emateko arrazoiak badirela frogatzen dutenak.

d) Laguntza jasotzeko justifikazio agiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, gutxienez ere bost urtez, dirulaguntzaren azken ordainketa jasotzen den egunetik hasita.

e) Proiektuaren emaitzen berri ematea enpresei eta ustiategiei.

f) Kostuen moderazioaren gainean ezarritakoa betetzea, 17. oinarrian xedatutakoari jarraikiz.

g) Kontabilitate sistema berezitu bat edo kontabilitate kode egoki bat edukitzea diruz laguntzen den proiektuari lotutako eragiketa guztietarako.

h) Bidezkoa denean, dirulaguntzaren kobrantza erregistratzea kontabilitatean edo erregistro liburuan, Europar Batasunaren (LGENF) eta Nafarroako Gobernuaren partaidetza adierazita, testu hau aipatuz: 2014-2020 LGP (LGENF-NG).

i) Xede berarekin eskatu edo jasotzen dituen bestelako dirulaguntzen berri ematea.

j) Laguntza-eskaera aurkezten den unean, azken hiru zergaldietan jasotako dirulaguntzen berri ematea, de minimis araubidea bete den egiaztatzeko.

k) Inbertsioen kasuan, bost urtez mantentzea laguntza dela-eta ezartzen diren baldintzak eta betebeharrak, dirulaguntzaren azken ordainketa jasotzen den egunetik hasita, ezinbesteko kasuetan izan ezik.

l) Jendeari eragiketaren helburuaren berri eta LGENFek emandako laguntzaren berri ematea, 26. oinarrian ezarritako errekerimenduak betez.

m) Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari komunikatzea azpineurriaren ebaluaziorako eta jarraipenerako adierazleak prestatzeko behar diren datuak.

n) Laguntza ongi eman dela eta gerora konpromisoei eutsi zaiela egiaztatzeko behar diren kontrolak eta egiaztapenak onartzea. Honako hauek egin ditzakete egiaztapen lan horiek: Europako Batzordeak, NBEUF-LGENF laguntzak ordaintzen dituen erakundeak, Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Plana kudeatzeko agintaritzak, Estatuko Administrazioaren Kontu-hartzailetza Nagusiak, Kontuen Auzitegiak, Nafarroako Kontuen Ganberak eta Nafarroako Gobernuaren fiskalizazio-organoek.

o) Bidezkoa denean, ingurumen eraginaren balorazioa egitea berariazko legediari jarraikiz, batez ere Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko 4/2005 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz, eta ingurumen arloko agintaritzak ezartzen dituen neurri zuzentzaileak aplikatzea, hala badagokio.

10. oinarria.–Kostu diruz lagungarriak.

1. Honako hauei loturiko kostuak dira diruz lagungarriak:

a) Kasuan kasuko eremuari buruzko azterlanak, bideragarritasun azterlanak eta 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 33. artikuluan ezarrita ez dagoen toki garapenerako estrategia edo enpresa plan bat prestatzekoak.

b) Xedeko eremuan proiektu kolektibo bat bideragarri egiteko antolatzen diren animazio jarduerak.

c) Proiektuko emaitzen zabalkundea egiteko ekintzak.

d) Proiektua gauzatzea. Zuzeneko kostuak.

2. Gastuen tipologia hau da:

a) Lantokia Nafarroan duen entitatearen teknikari propioen gastuak: lan-harreman bat dela bide, entitate onuradunari lotutako langileak; alegia, harreman horren ondorioz Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean kotizatzen dutenak. Kontratazio berrietarako dirulaguntzak jasotzen ahal dira, baldin eta lan-harreman hori frogatzen bada.

Hautatzeko irizpideen arabera punturik jasotzen ez duten entitateek ezin izanen dituzte euren langile gastuak egotzi.

Diruz laguntzen ahal den gehieneko kostua 42,00 eurokoa izanen da ordu bakoitzeko. Teknikari propioen gastua ez da sekula izanen diruz laguntzen ahal den zenbateko osoaren %25 baino gehiago.

Proiektuan benetan emandako orduen kopurua langileen arduradunak ziurtatu beharko du.

b) Ekipamendu-ondasunen zuzkidura: ekipamendu eta makina berriak erostea edo alokatzea, proiektu piloturako beharrezkoak direla behar bezala justifikatuta, hala nola ekipamendu elektronikoak, makineriarako instalazioak eta proiektua gauzatzeko, garraiorako egokitzeko edo banatzeko behar den ekipamendua, betiere behar bezala justifikatuta.

c) Egiturak edo ekipamendua egokitzea edo hobetzea, proiektuarentzat beharrezkoa dela behar bezala justifikatuta.

d) Diruz laguntzen ahal diren b) eta c) ataletako kostuei lotutako gastu orokorrak (zenbateko diruz lagungarri guztiaren %12 gehienez): proiektuaren erredakzioa, obra zuzendaritzak, analisiak, saiakuntzak, muntaketako eta eragiketako ingeniaritza, prestakuntza eta/edo informazio jarduerak, bideragarritasunari eta merkatuari buruzko azterlan eta planak, lege eta finantza arloko aholkularitza, peritu lanak, ingurumen arloko aholkularitza eta ekonomiaren eta ingurumenaren arloko iraunkortasunari buruzko aholkularitza.

e) Inbertsio ukiezinak, konparazio batera, programa informatikoak eta lizentziak erosi eta garatzekoak.

f) Material suntsigarria: proiektua gauzatzeko behar diren material suntsigarriak edo osagaiak.

g) Zabalkunderako materialak, jardunaldiak, topaketak eta hedapenerako gastuak.

h) Laguntza teknikoak: proiektuan parte hartzen duten entitateei beste batzuek emandako laguntza teknikoaren gastuak. Ezin du zehaztutako proiektuaren gastu osoaren %50 gainditu.

3. Honako hauek ekarritakoak ez dira diruz lagungarriak:

a) Oinarrizko edo funtsezko ikerketak.

b) Amortizazioa edo erabilera.

c) Lurrak erostea eta lurrak eskuratzearekin lotutako gastuak.

d) Higiezinak erostea.

e) Ordezpen huts diren inbertsioak, salbu eta erosten diren makinak edo ekipamendua aurrekoak ez bezalakoak badira, erabiltzen duten teknologiagatik, haien errendimenduagatik edo 10 urtetik gorako antzinatasuna izateagatik.

f) Makinak eta ekipamenduak erosteko finantza errentamendua.

g) Bigarren eskuko ekipamendua erostea.

h) BEZa eta/edo entitate onuradunak berreskura ditzakeen beste zerga batzuk ordaintzearen gastuak, ez eta zorren interesak eta eskualdaketenak ere.

i) Bidaia gastuak, dietak eta kilometrajea, egonaldia eta joan-etorriak.

j) Enpresa baten ohiko funtzionamendua, hornidurak, interesak eta horien birfinantzaketa, aseguruak eta beste gastu orokor batzuk.

k) Gastu orokorrak eta industria mozkina.

l) Ibilgailuak, salbu eta proiektuaren helburua lortzeko egokitzapenen bat egina dutenak, dauzkaten ezaugarriengatik helburu horretarako bakarrik erabil badaitezke.

m) Eskura egindako ordainketak.

n) Laguntza-eskaera agintaritza eskudunari aurkeztu aurretik egindako gastuak, edo proiektu pilotua gauzatzeko ezarritako epea bukatu ondoan sortzen direnak, salbu eta PFEZari dagozkionak, proiektu pilotua justifikatzeko ezarritako epearen barnean sortzen ahal direnak, alegia. 2.d) atalean definitutako kostu orokorrak eta proiektua garatzeko lizentziak kenduta, baldin eta 2015eko azaroaren 18aren ondorengoak badira (Batzordeak egun horretan eman zuen 8143/2015 Exekuzio Erabakia, Nafarroako 2014-2020 LGPa onesten duena).

o) Diruz lagunduriko jarduerarekin bat ez datozenak.

p) Nafarroako Gobernuaren menpeko administrazio unitateek eskatutako gastuak; baldin eta unitate horiek, aplika daitekeen egitura organikoari buruzko araudiaren arabera, ikerketa eta saiakuntza jarduerak gauzatzen badituzte, zuzenean, honako arlo hauetan: nekazaritza eta abeltzaintza, nekazaritza industria eta nekazaritzako elikagaien kalitatea.

11. oinarria.–Kanpoko laguntzak eta entitateen arteko loturak.

1. Ez da onartuko partzuergoko entitateen enpresa talde berekoak diren edo horrekin elkartuak dauden enpresa edo sozietateek emandako kanpoko laguntza. Ondorio horietarako ez dira onartuko partzuergoko entitateek elkarri egindako fakturak.

2. Enpresak “elkartutako enpresatzat” hartuko dira baldin Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioan ezarritako erlazioetako bat bada. Mikroenpresen, enpresa txikien eta enpresa ertainen definizioari buruzkoa da 2003/361/EE Gomendioa.

3. Kanpoko kolaborazioaren gastuak inolaz ere ezin du zehaztutako proiektuaren gastu osoaren %50 gainditu.

12. oinarria.–Laguntza/dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko sistema.

1. Zuzeneko kapital dirulaguntza da laguntza, eta haren zenbatekoa kalkulatzeko, diruz laguntzen ahal diren kostuei aplikatuko zaie laguntza-intentsitate edo portzentaje bat. Behar bezala justifikaturiko gastu hautagarriaren %90 izanen da dirulaguntza, salbu eta 10.2.b) oinarriko ekipamendu ondasunen zuzkiduraren kasuan, non honako intentsitate hau aplikatuko baita:

a) Makina eta ekipamendu berriak alokatzea: %90.

b) Ekipamendu pilotuaren ondasunak erostea: %90.

c) Pilotuak ez diren makinak eta ekipamenduak erostea: %40.

2. Proiektu bakoitzeko, gehienez ere 200.000 eurokoa izanen da laguntza.

3. Parte-hartzaile bakoitzaren jardueren aurrekontua ezin da izan lankidetza-proposamenaren guztirako zenbateko diruz lagungarriaren %10etik beherakoa.

4. LGENFen parte-hartzea guztirako laguntzaren %65 izanen da.

13. oinarria.–Dirulaguntzak emateko modua eta hautatzeko irizpideak.

1. Norgehiagokako prozedurari jarraikiz emanen da laguntza hau, aurkeztutako eskaerak alderatuta, haien arteko hurrenkera ezartzeko.

2. Eskaeren hurrenkera prestatzeko, honako balorazio irizpide hauek aplikatuz lortzen diren puntuak batuko dira (gehienez ere 100 puntu lortzen ahalko dira):

HAUTATZEKO IRIZPIDEA

BAREMAZIOA

Titulua

Deskribapena

Puntuazioa, gehienez ere

Kalkulua edo graduazioa

Parte hartzen duten entitateen tipologia (1)

55

Zentro teknologikoak, ikerketarako agenteak eta instituzioak (2)

Ikerketa, esperimentazio, ezagutza eta/edo teknologia zentroak

20

Parte hartzeagatik: 20 puntu

Lehen mailako ekoizpenarekin zerikusia duten elkarteak

Ekonomia sozialeko entitateak: eraldaketarako nekazaritza-sozietateak edo nekazaritzako kooperatibak

9

Parte-hartzaile bakoitzeko: 5 puntu

Fruta- eta barazki-ekoizleen erakundeak

Parte-hartzaile bakoitzeko: 4 puntu

Nafarroako abeltzaintza edo nekazaritza elkarteak

Ureztatzaile-elkarteak

Nekazaritzako elikagaien enpresen elkarteak

Bazkideen %25 kalitate ziurtapen bati atxikita (ekoizpen ekologikoa salbu) gutxienez horietako batean

2

Parte hartzeagatik: 2 puntu

Bazkideen %10 operadore ekologikoak gutxienez horietako batean

2

Parte hartzeagatik: 2 puntu

Bazkideen %25 nekazari profesionalak gutxienez horietako batean

2

Parte hartzeagatik: 2 puntu

Kontseilu arauemaileak

Kontseilu arauemaileak

10

Parte hartzeagatik: 10 puntu

Beste batzuk

Nekazaritzako eta basogintzako ekoizle indibidualak, nekazari profesional gisa katalogatuak daudenak

9

Parte-hartzaile bakoitzeko: 3 puntu

Nekazaritzako, elikagaigintzako eta basogintzako ETEak

Jatorria nekazaritzan eta basogintzan duten energia berriztagarrien sektoreko ETEak

Ekonomia sozialeko beste entitate batzuk

Laneratze enpresak eta/edo enplegu-zentro bereziak

1

Parte-hartzaile bakoitzeko: 1 puntu

Proiektuaren eragina

25

Proiektuak nagusiki eragina duen Landa Garapenerako 2014-2020 Programaren lehentasunezko eremua (focus area) (3)

FA 2A. Ustiategi guztien emaitza ekonomikoak hobetzea, merkatura begirako orientazioa eta partaidetza hobetzea, baita nekazaritzaren dibertsifikaziora begirakoa ere

12

--

FA 3A. Lehen mailako ekoizleen lehiakortasuna hobetzea kalitate araubideen bitartez, nekazaritzako produktuei balio erantsia ematea, produktu horiek sustatzea tokiko merkatuetan eta banaketa zirkuitu txikietan

14

--

P4. Nekazaritzari lotutako ekosistemak lehengoratu, zaindu eta hobetzea

24

--

FA 5A. Nekazaritza arloan uraren erabilera eraginkorragoa izan dadila lortzea

16

--

FA 5B. Nekazaritzan eta elikagaien eraldaketan erabiltzen den energia eraginkorragoa izan dadila lortzea

18

--

FA 5C. Honako hauen hornidura eta erabilera erraztea: energia-iturri berriztagarriak, azpiproduktuak, hondarrak eta hondakinak eta elikatzeko ez diren gainerako lehengaiak

22

--

FA 5D. Berotegi-efektuko gasen eta amoniakoaren emisioak murriztea nekazaritzaren sektorean

25

--

FA 5E. Karbonoaren kontserbazioa eta harrapaketa sustatzea nekazaritza eta basogintza sektoreetan

20

--

FA 6A. Enpresa txikiak dibertsifikatu, sortu eta garatzeko eta enplegua sortzeko erraztasunak ematea

22

--

Proiektuaren emaitzen zabalkundea

20

Erabilitako baliabideen eta zabalkunde planaren estalduraren ebaluazioa

Sare sozialetarako eta proiektuaren web-orrirako sarbidea entitate koordinatzailearen web-orri korporatiboaren bitartez

3

--

Dibulgazio jardunaldiak

5

--

Prestakuntza ekintzak (4) eta/edo erakuspen jardunaldiak (5)

12

--

(1) Entitate parte-hartzaileen tipologietako bakar batean bakarrik baloratzen da partzuergoko entitate bakoitza.

(2) Ikerketa instituziotzat hartuko dira Nafarroako Gobernuaren menpeko administrazio unitateetatik, aplika daitekeen egitura organikoari buruzko araudiaren arabera betiere, zuzenean ikerketa eta saiakuntza jarduerak gauzatzen dituzten horiek honako arlo hauetan: nekazaritza eta abeltzaintza, nekazaritza industria eta nekazaritzako elikagaien kalitatea.

(3) Baremazioaren ondorioetarako, laguntza eskabidean adierazitako focus area nagusia besterik ez da hartuko kontuan

(4) Prestakuntza ekintzatzat hartzen da lanbide gaitasun teoriko eta/edo praktikoak eskuratzera bideratzen dena. Ekintzak unitate pedagogikoetan egituratua egon beharko du, eta berezko helburuak, edukiak eta iraupena eduki beharko ditu. Iraupena ezin da 10 ordu baino gutxiagokoa izan, eta gutxienez 10 lagunek hartu behar dute parte, Landa Dibertsifikaziorako Atalaren iritziz behar bezala justifikatuak dauden aparteko kasuetan izan ezik.

(5) Erakuspen jardunalditzat hartzen da proiektu pilotuan garatutako teknikak eta/edo praktikak nola gauzatu erakustea helburu duena. Azken xedea da emaitzen zabalkundea egitea eta eredu izatea sektore guztia lehiakorragoa izan dadin.

3. Entitate koordinatzaileak adierazi beharko du, berariaz, zer hautapen irizpideren arabera eskatzen duten aplika dakiela aurreko baremoa. Eskaera hori erantzukizunpeko adierazpentzat hartuko da laguntza-eskaera aurkeztean irizpideak betetzeari dagokionez, edo, behar denean, eskaerak aurkezteko epea bukatzean betetzeari dagokionez.

4. Eskatzailea den entitate koordinatzaileak eskatutako hautapen irizpideek ekarritako puntuak bakarrik emanen dira. Baldin betetzeko zenbait modu onartzen dituen irizpide bat ezarri bada, puntu gehien ematen dituen egoera hartuko da aintzat, baldin eta eskura dagoen informazioarekin egiaztatzen ahal bada.

5. Laguntza hartu ahal izateko, gutxienez ere 40 puntu lortu beharko dira. Hortik beherako puntuazioa lortzen duten eskaerak ezetsi eginen dira.

6. Berdintasunik izanez gero, hautaketa irizpide hurrenkera honen arabera puntuazio handiena lortu duenak izanen du lehentasuna: entitate parte-hartzaileen tipologia, proiektuaren eragina, proiektuaren emaitzen zabalkundea. Bukatzeko, azken puntuazioan berdinketa izan duten eskaeren kasuan, dirulaguntza jaso dezakeen inbertsio bolumen handiena duten proiektuei emanen zaie lehentasuna.

7. Norgehiagokako prozedura aplikatuta eskaeren hurrenkera lortu ondoren, deialdiaren aurrekontu-kreditua ez bada nahikoa laguntza-eskaera guztiei erantzuteko, eskatzaileek, aurrekontu-zuzkidura badute, emandako laguntza berretsi beharko dute, edo horri uko egin beharko diote, jakinarazi eta 10 egun naturaleko epean.

8. Gerta daiteke, aurrekontu zuzkidura falta dela-eta, aipatutako hurrenkerako azken eskatzaileari eskatutakoa baino zenbateko txikiagoa egokitzea. Horrelakoetan, eskatzaile horrek 10 egun naturaleko epea du, gehienez ere, eman zaion laguntza berresteko edo hari uko egiteko. Berretsiz gero, konpromisoak eta baldintzak egokituko zaizkio eman daitekeen dirulaguntzara. Berrestean, entitate onuradunak jaso ahal izanen du hartu gabe duen laguntzaren zatia, baldin eta beste batzuek laguntza jasotzeari uko egin badiote edo laguntza jaso duten beste proiektu batzuek gastu txikiagoak izan badituzte. Horretarako, organo emaileak emandako laguntza aldatu beharra dago.

9. Ezetsi eginen dira aurrekontuan zuzkidura nahikoa ez izateagatik onartu ezin diren gainerako eskaerak. Gerta daiteke emakida berretsi ondotik onuradunen batek uko egitea laguntzari eta, horrenbestez, nahikoa kreditu askatzea. Horrelakoetan, kreditu hori bideratu ahal izanen da aurrekontu nahikoa ez egoteagatik ezetsi diren eskaeretara. Lehentasun hurrenkerari jarraituko zaio eta, lehenik, dirulaguntza osatuko zaio hura osorik jaso ez duen eskatzaileari.

14. oinarria.–Laguntza-eskaerak eta eskatutako dokumentazioa aurkeztea.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabete batekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, eta argitalpen egunaren egun baliokidean bukatuko da. Baldin mugaegunaren hilabetean ez badago zenbaketaren hasierako hileko eguna bezalako hileko egunik, ulertuko da epea amaitzen dela hilabeteko azken egunean. Epez kanpo aurkeztutako eskaerak ez dira onartuko.

2. Eskaera eta dokumentazioa telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, horretarako ezarritako programaren bidez. Programa Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian dago, tramiteen katalogoan (www.nafarroa.eus). Tramitea egiteko, entitate eskatzailea egiaz bera dela egiaztatu behar da, bere ziurtagiri digitalaren bidez edo IFZ+PINa erabilita. Behin programaren bitartez izapidetuta, eskabideak administrazioan aurkeztutzat joko dira Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan erregistratzen direnean, eta sarrera-idazpenetan datu hauek jasota daudenean: sarrera-erregistroko zenbakia eta aurkezpeneko data eta ordua.

Behar diren baliabideak ez dituzten edo aholkularitza behar duten eskatzaileei tramitazioa errazteko, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren entitate laguntzaileen bidez egin daiteke tramitazioa. Entitate horiek tramiteen katalogoaren fitxan agertzen dira.

3. Laguntza-eskaera honako agiri hauekin batera aurkeztu behar da (dokumentuak eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta egonen dira, eta jatorrizkoen kopia zehatzak izanen dira):

a) Eskatzaile bakoitzari dagokionez:

I) IFZ.

II) Estatutuak eta eraketa eskriturak.

III) Enpresa Txiki edo Ertaina izatearen deklarazioa.

IV) De minimis adierazpena.

V) Ekonomia-jardueren gaineko zergaren ordainketan egunean egotearen ziurtagiria.

VI) Bazkideen portzentajeari buruzko egiaztagiria:

  • 1.–Nekazari profesionalak.
  • 2.–Nafarroako kalitate ziurtapenei atxikiak.

b) Entitate koordinatzaileari dagokionez:

I) Entitate koordinatzaileari transferentzia bidez ordaintzeko eskaera.

c) Proiektuari dagokionez:

I) Lankide diren entitateen arteko kontratua, hitzarmena, lankidetza-hitzarmena edo intentzio gutuna, bakoitzaren legezko ordezkariak sinatua.

II) Laguntza eskatzeko akordioa.

III) Deskripzio-memoria, tramiteen katalogoan eskura dagoen ereduaren arabera.

IV) Proiektu teknikoa edo memoria baloratua.

V) Lizentziak eta baimenak, edo horiek eskatu izanaren agiriak.

VI) Proiektuak ukituko dituen esparruetako erakunde eskudunen txostena.

VII) Gauzatu beharreko kostuen proformako fakturak.

VIII) Transferentzia eta hedapen plana (proiektuarena, oro har, eta entitate parte-hartzaileetako bazkideei).

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluari jarraikiz, laguntza jasotzeko eskaera aurkezteak berekin dakar entitate eskatzaileek Landa Dibertsifikaziorako Atalari baimena ematea zuzenean egiazta dezan oinarri hauekin zerikusia duen ezein dokumentazio, administrazioaren esku badago. Hala ere, entitate eskatzaileek berariaz ukatzen ahalko dute baimen hori; hala bada, entitate koordinatzaileak aurkeztuko du partzuergoko entitate guztiei dagokien dokumentazioa, eskaturiko laguntza tramitatu eta ebazteko.

4. Inola ere ezin izanen da zuzendu honako hauen gabezia: deskripzio-memoria, lankide diren entitateen arteko lankidetza-hitzarmena edo intentzio gutuna, edo proiektuaren aurrekontua, laguntza eskabidean eskatzen baitira. Halakoetan, laguntza eskabidea ez da onartuko.

15. oinarria.–Instrukzio organoa.

Neurri honetan aurreikusitako laguntzak emateko prozeduren instrukzioa Landa Dibertsifikaziorako Atalari dagokio ( Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiko Landa Dibertsifikaziorako eta Garapenerako Zerbitzuari atxikia).

16. oinarria.–Laguntza-eskaerak egiaztatu eta baliozkotzea.

1. Landa Dibertsifikaziorako Atalak laguntza-eskaerak jasotakoan, eskatzen den dokumentazio guztia duten egiaztatuko da. Akatsen bat baldin badago, proiektua koordinatzen duen entitateari eskatuko zaio 10 eguneko epean zuzendu dezala, eta adieraziko zaio, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

2. Dokumentazioa oso-osorik dagoenean, behar diren kontrolak eginen dira deialdiko oinarriak betetzen diren egiaztatzearren. Landa Dibertsifikaziorako Atalak espedientea tramitatzeko beharrezkotzat jotzen duen edozein argibide edo dokumentazio eskatzen ahalko du.

17. oinarria.–Kostuen moderazioa.

1. Dirulaguntzak onartzerakoan gastu publikoaren efizientzia bilatzen duen printzipio ekonomikoarekin bat, Batzordearen 809/2014 (EB) Betearazpen Erregelamenduaren 48. artikuluak eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluak eskatzen dute proposatutako kostuak moderatuak direla egiaztatzea, eta hori ebaluatzeko metodologia zehazten.

2. Ondorio horietarako, kostuen moderazioaren printzipioa aplikatu dela bermatzeko, Landa Dibertsifikaziorako Atalak sistema hauek erabiliko ditu, kasuan-kasuan:

a) Erreferentziako kostuak. Zenbateko diruz lagungarria bi hauen arteko txikiena izanen da: entitate eskatzaileak aurkeztua eta modulu hauek aplikatzearen ondoriozkoa:

I.–Proiektu teknikoaren edo memoria baloratuaren gainean:

I) Honela kalkulatzen da erreferentziako kostuaren balioa, euro/m² eraikitan neurtzen dena: eraikuntzako oinarrizko modulua (520 euro/m² eraikia) aurkeztutako proiektuaren bi koefizienteren arabera haztatua –bata establezimenduaren tipologiari dagokiona (TK) eta bestea obra-intentsitateari dagokiona (IK)–, taula honetan agertzen den bezala:

Eraikitze/egokitzapenaren tipologia

OBRA-INTENTSITATEA

IK

TK

Eraikitze/egokitzapen orokorra

Egokitzapena, egitura eta zimenduak ukitu gabe

Eraberritze partziala (irisgarritasuna edo energia eraginkortasuna) (6)

Lurrean eraikitzea, hargunerik gabe

IK (a) = 1

IK (b) = 0,75

IK (c) = 0,3

IK (d) = 1,15

Bulegoak eta merkataritzako lokalak

Higiezinak, bulegoetarakoak (administraziokoak zein teknikoak, banatuak zein ez banatuak) eta berariazko instalaziorik behar ez duten saltokietarakoak.

TK (a) = 1,4

728,00

546,00

218,40

837,20

Ekoizpen zentroak

Higiezinak, ekoizpen jarduera jakin bat duten industria nabeetan kokatuak

TK (b) = 0,88

457,60

343,20

137,28

526,24

(6) Eraberritze partzialeko bi motak dituzten obra proiektuetan, IK (b) motakotzat hartuko da obra-intentsitatea: egokitzapena, egitura eta zimenduak ukitu gabe.

II) Proiektuan sartutako instalazio fotovoltaikoen kasuan, gehieneko kostu hautagarria bi osagai hauen batura izanen da:

1. Panel fotovoltaikoetan instalaturiko potentzia (P), formula honi jarraikiz:

PANELETAN INSTALATURIKO POTENTZIA (kWp)

ERREFERENTZIAKO KOSTUA

(euro/kWp)

P ≤ 5

2.500

5 < P ≤ 20

2.850 - (70 x P)

P > 20

1.510 - (3 x P)

2. Metagailu bateriak, halakorik bada:

BATERIA MOTA

ERREFERENTZIAKO KOSTUA

(euroak/kWh)

Litioa

750

Bestelako bateriak

200

II.–Proformako fakturen gainean:

–Laginen analisirako eta ezaugarritze fisiko-kimikorako unitatea: 200 euro unitate bakoitzeko.

–Web-orria (webgunea eta sare sozialak diseinatzea eta sortzea, edukien edizioa, ostatatzea eta mantentzea): 2.000 euro.

–Dibulgazio-materiala sortzea (diseinua, maketazioa eta inprimatzea: liburuxkak, flyerrak, triptikoak, kartelak, roll-upak, biniloak...): 2.000 euro.

–Branding-a (honako hauen diseinua: irudi korporatiboa, logotipoa, paper-gauzak, sare sozialak...): 1.750 euro.

–Autobusa alokatzea dibulgazio jardunaldi, azoka, mintegi edo kongresu baterako: 350 euro unitate bakoitzeko.

–Catering-a, jardunaldietarako eta/edo prestakuntza ekintzetarako: 275 euro jardunaldi eta/edo prestakuntza ekintza bakoitzeko.

–Aurrekoak ez diren beste zerbitzu-sari batzuk, laguntza teknikoa emateagatik proiekturako behar ziren lanei, ikerketei eta prozedurei: 45 euro/ordu.

b) Eskaintza desberdinak alderatzea: erreferentziako kostuak aplikatzekoak ez direnean erabiltzen da. Gutxienez proformako hiru fakturaren artean hautatzean datza. Entitate eskatzaileak horiek aurkeztu beharko ditu eskaerarekin batera, baldin eta proiektuaren gastu diruz lagungarrien zenbatekoa 5.000 eurotik gorakoa bada.

Eskaintzak hornitzaile independenteek eginak izan beharko dira, eta obra, ondasun edo zerbitzu proiektu beraren gainean prestaturiko proformako fakturekin justifikatu behar dira, merkatuko preziora egokitzen dela justifikatzeko.

Diruz laguntzen ahal den zenbatekoa finkatzeko, ikuspuntu ekonomikotik onuragarriena den proposamenean agertzen den zenbatekoa hartuko da oinarri.

c) Ebaluazio batzordea: inbertsioen ezaugarri bereziak direla-eta ezinezkoa baldin bada xedeko lana edo hornidura egiten duten enpresak aurkitzea, eta, hortaz, eskaturiko gastuari ez bazaizkio aplikatzen erreferentziako kostuak, entitate eskatzaileak memoria bat aurkeztu beharko du eskaintza bakarra justifikatzeko. Ebaluazio batzorde batek txosten bat eginen du azaltzeko ebaluazioa nola egin den eta zein aurrekontu onartu duen: aurkeztutakoa edo ordezko beste aurrekontu bat. Batzorde hori Landa Dibertsifikaziorako Ataleko talde teknikoko hiru pertsonak osatuko dute.

d) Entitate eskatzailea administrazio publikoa edo parekoa denean, egin beharreko kontratazio prozeduraren konpromisoa aurkeztu beharko du laguntza-eskaerarekin batera. Ondoren, gastua justifikatzeko orduan, erantzule juridikoaren txosten bat aurkeztuko da, kontratazio publikoaren araudia bete dela adierazteko, honako hauek aipatuta: aplikatutako prozedura, prozeduraren justifikazioa, argitalpenaren inguruko datuak eta, halakorik bada, kontratua formalizatzeko agiria eta behin betiko esleipena egiteko aintzat hartutako proposamenak.

Kostuen moderazioaren ondorioetarako, honako kasuak ezartzen dira:

I) Munta txikiko kontratuetarako, aplikatzekoa ez denean 2.a) apartatuan ezarritako erreferentziako kostuetako bakar bat ere, eskatuko da aurkez dadila hiru eskaintza alderatu izanaren egiaztagiria, 2.b) apartatuan adierazitakoaren arabera, edo, bidezkoa bada, ebaluazio batzordearen txostena, 2.c) apartatuan adierazitakoaren arabera.

II) Gainerako kontratazioetarako, aplikatzekoa ez denean 2.a) apartatuan ezarritako erreferentziako kostuetako bakar bat ere, kostuen moderazioa frogatuko da adjudikazio prozeduraren deklarazioaren bitartez, Kontratu Publikoei buruzko 2/2018 Foru Legearen arabera.

3. Aurkeztutako proforma fakturek edo aurrekontuek izan behar dute legeak eskatzen duen informazioa, entitatea identifikatzen duten datuen informazio fidagarria bilduta eta, orobat, zehatz-mehatz azalduta entregatu beharreko ondasunaren ezaugarri teknikoak, lan egiteko gaitasunak, tamaina eta abar.

4. Entitate eskatzaileak aurkeztutako agiriak nahikotzat jotzen ez badira, gastuen moderazioa behar den bermearekin aplikatu ezin zaien kostuak ez dira diruz lagungarritzat joko.

5. Kostuen moderazioa aplikatu dela egiaztatzeko kontrolak laguntza esleitu aurretik eginen dira, laguntza-eskaeran oinarrituta, eta, hala bada, azken ordainketa egin aurretik, entitate koordinatzaileak aurkeztutako ordainketa-eskaeran oinarrituta osatuko dira. Egiaztatze kontrolak eginen dira, orobat, entitate koordinatzaileak aldaketak egitea eskatzen duenean.

Egoera berezietan, nolanahi ere, Landa Dibertsifikaziorako Atalak kostuen moderazioa egiazta dezake ordainketa-eskaeren kontrol administratiboen fasean; halaxe xedatu baita 8/2018 Zirkularrean M16 neurriaren bitartez diruz lagundutako eragiketei buruz.

18. oinarria.–Laguntza emateko ebazpena.

1. Eskaerak baliozkotu eta ebaluatu ondoren, haien lehentasun ordena ezarriko da 13. oinarrian ezarritako hautaketa irizpideen arabera.

Ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena eginen da, non jasoko baita entitate onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza eskuratzeko behar diren baldintza guztiak.

2. Ordainketa bakar batean emanen dira dirulaguntzak, 2023ko ekitaldiko aurrekontuaren kargura.

3. Ebazpen proposamena ikusirik, Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiak dirulaguntzen gaineko ebazpena emanen du, gehienez ere hiru hilabeteko epean, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da.

Berariazko edo presuntziozko ezespenaren aurka, entitate interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz. Horretarako, entitate koordinatzaileak partzuergoko entitate guztien adostasuna aurkeztu beharko du.

4. Ebazpenean, gutxienez, datu hauek agertuko dira: laguntza onartu zaien entitate eskatzaileen zerrenda, laguntzaren zenbatekoa, proiektuak gauzatzeko eta justifikatzeko epeak eta laguntza finantzatzeko funtsen jatorria. Eskaerarik ezetsiz gero, horiek ere espresuki agertuko dira, eta, horien artean, deialdiko aurrekontu-kreditu aski ez izatearen ondorioz ezetsitakoak.

19. oinarria.–Dirulaguntza emateko ebazpenaren ondoko aldaketak.

1. Laguntza emateko ebazpenean ezartzen den epean eta moduan gauzatu behar dira proiektuak, betiere laguntza eskabidea egin ondoren. Nolanahi ere, laguntza emateko orduan kontuan hartutako funtsezko baldintza teknikoak edo ekonomikoak aldatzen dituzten inguruabarrak gertatzen direnean, aldez aurreko baimena eskatu beharko zaio Landa Dibertsifikaziorako Atalari.

2. Proiektuaren aldaketek errespetatu beharko dituzte dirulaguntzaren xedea, baldintzak eta helburua, eta izanen dute laguntza eskabidean izandako xehetasun maila bera. Horrez gain, justifikatu egin beharko dira aldaketaren arrazoiak eta laguntzarekin onartutako baldintzak betetzeko ezintasuna. Honako hauek aldatzeko eska daiteke:

a) Proiektua gauzatzeko aldia, salbuespenez, eta, betiere, hasieran onartutako aldia bukatu eta bi hilabetera gehienez ere, salbu ezinbesteko arrazoiak tartean daudenean.

b) Laguntza emateko ebazpenean diruz laguntzen diren kontzeptuak. Ez da beharrezkoa izanen aldaketa eskatzea baldin eta gastua %10 baino gehiago igotzen ez bada dirulaguntza jaso dezakeen gastu tipologia bakoitzean, laguntzaren zenbateko osoa gainditzen ez bada, eta 7., 10., 11. eta 12. oinarrietan ezarritako mugak errespetatzen badira. Entitate onuradunak behar bezala arrazoitu beharko ditu aldaketa horiek justifikazio agiriak aurkezten dituenean.

c) Partzuergoa osatzen duten alderdiak, baldin parte-hartzaile batek proiektua uzten badu eta beste batek ordezten badu.

3. Aldaketa egin aurretik eskatu beharko da baimena, eta, betiere, gauzatzeko epea bukatu baino lau hilabete lehenago gutxienez.

4. Ez da inola ere baimenduko laguntzak lortzeko proiektuari emandako puntuazioa kentzea ekartzen duen aldaketarik. Hasieran emandako laguntza ez da handituko.

5. Espediente bakoitzeko, ez dira bi aldaketa eskaera baino gehiago onartuko.

20. oinarria.–Ordainketa-eskaera.

1. Laguntza jasotzeko, entitate koordinatzaileak ordainketa-eskaera aurkeztu beharko du behar den dokumentazioarekin batera.

2. Laguntzak onartzeko ebazpenean ezarritakoa izanen da proiektu pilotua gauzatzeko proposatutako epea, eta, betiere, 2023ko urtarrilaren 1a baino lehen, kontuan izanik 19.2.a) oinarrian ezarritakoa.

3. 2023ko martxoaren 1ean bukatuko da ordainketa-eskaera aurkezteko epea, baita diruz lagundu beharreko ekintzen justifikazioa aurkeztekoa ere.

4. Ordainketa-eskaera aurkezten ez bada laguntza emateko ebazpenean ezartzen den epean, ondorioztatuko da berariaz uko egiten zaiola emandako laguntzari, deusetan galarazi gabe Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoari jarraikiz bidezko diren erantzukizunak.

5. Inbertsio edo gastu bat diruz lagungarritzat jotzeko, baldintza hauek bete behar ditu: faktura edo froga gisa balio bera duen agiria izatea, sartutako kontzeptuak materialki gauzatu izana eta ordainketa, bankuko ziurtagiriaren bidez frogatua, ezarritako exekuzio epearen aurretik egin izana.

6. Gastu hautagarriak sor ditzaketen entitate onuradunen izenean agertuko dira faktura guztiak eta ordainketa egiaztatzeko banku-agiri guztiak, eta bertan dirulaguntzaren xede diren kontzeptuak baizik ez dira jasoko.

7. Entitate onuradunek laguntza jaso ahal izateko, partzuergoko entitate guztiek eutsi beharko diete sinatutako lankidetza-hitzarmenean ezarritako konpromiso guztiei, eta proiektuan era aktiboan parte hartu, harik eta proiektu pilotua bukatu eta Landa Dibertsifikaziorako Atalean aurkeztu arte gutxienez, kontuan izanik 19.2.c) oinarrian ezarritakoa.

8. Ordainketa-eskaera honako agiri hauekin batera aurkeztuko da (dokumentuak eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta egonen dira):

a) Proiektua gauzatzeari buruzko memoria, tramiteen katalogoan eskura dagoen eredu normalizatuaren arabera.

b) Egindako ekintzen fakturak edo froga gisa balio bera duten agiriak, eta ordaindu izanaren egiaztagiriak, hots, bankuko laburpenak.

c) Proiektuari egotzitako teknikari propioen kontratuak eta nominak, ordaindu izanaren frogagiriekin batera.

d) KT1 eta KT2 agiriak, ordainketa agiriak gehituta.

e) Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren ordainketa.

f) Langileen arduradunaren ziurtagiria, proiektuari atxikitako langileen zerrenda eta proiektuari emandako orduak adierazten dituena.

g) Proiektuari atxikitako teknikarien lan agiriak, langileak eta arduradunak sinatuak.

h) Proiektuaren emaitzen transferentzia eta zabalkundea.

i) Proiektu pilotuan parte hartzen duten entitate guztiek sinatutako adierazpena, adierazteko ez direla zordunak itzulketa bidezkotzat jotzen duen ebazpen baten bidez.

Gerta daiteke entitate eskatzaileren batek baimenik ez ematea Landa Dibertsifikaziorako Atalari egiaztatzeko, Nafarroako Gobernuko edo beste administrazio publiko batzuetako organoen bitartez, ordainketa-eskaeran adierazitako datuen artetik laguntza tramitatu eta ebazteko beharrezkoak diren horiek. Horrelakoetan, entitate horrek behar den dokumentazioa erantsi beharko du.

9. Landa Dibertsifikaziorako Atalak espedientea behar bezala tramitatzeko beharrezkotzat jotzen duen edozein argibide edo dokumentazio eskatzen ahalko du.

21. oinarria.–Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1. Deialdi honetako dirulaguntzak bateraezinak dira 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 59.8 artikuluaren arabera Europako funtsekin finantzatuta helburu bererako ematen den beste edozeinekin.

2. Deialdi honetako dirulaguntzak bateraezinak dira gainerako dirulaguntzekin, salbu haien araudiak kontrakoa ezartzen badu. De minimis araubidearen babespeko beste laguntza batzuen konkurrentziari buruz ezarrita dagoena aplikatzekoa izanen da.

3. Laguntza hauen onuradun diren entitateek, ordainketa-eskaerarekin batera aurkeztu beharreko zinpeko aitorpenaren bidez, justifikatuko dute xede eta helburu bererako beste laguntzarik eskatu duten edo ez, Batasuneko, Espainiako eta Nafarroako araudian edo Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programan ezarritakoaren arabera. Beste laguntzarik jaso badute, dokumentu horretan idatziko dute zein entitatek eman eta/edo ordaindu zuen dirulaguntza, baita haren zenbatekoa ere.

4. Hartutako laguntzen zenbatekoa, bakarka edo beste batzuekin batera, ezin da inola ere izan egin beharreko ekintzaren kostua baino handiagoa.

22. oinarria.–Murrizketak eta zehapenak ordainketetan.

1. Murrizketa egin daiteke aldea badago entitate koordinatzaileak eskatutako ordainketa zenbatekoaren eta bere onargarritasuna aztertu ondoren zehaztutakoaren artean.

Ordainketa-eskaeraren zenbatekoa emandakoa baino handiagoa bada, ulertuko da eskatutako zenbatekoa emandakoa dela.

Administrazio kontrolak eta tokian bertan egin beharreko kontrolak egin ondoren, ordainketa-eskaeran azaltzen den zenbatekoa %10 handiagoa bada onargarritasun azterketa egin ondoren ordaindu beharreko zenbatekoa baino, ordaindu beharreko dirulaguntza zenbateko onargarrira egokituko da, eta bi zenbateko horien arteko aldearen zenbatekoa duen zehapena aplikatuko da.

Edonola ere, ez da zehapenik aplikatuko baldin entitate onuradunak frogatzen badu, agintari eskudunak onartzeko moduan, bera ez dela onargarri ez den zenbatekoa sartzearen erantzulea, edo agintari eskuduna beste nonbaitetik jabetzen bada entitate onuraduna ez dela horren erantzulea.

2. Murrizketa egin daiteke aldea baldin badago onartutako gastuaren eta ordainketa-eskaeran justifikatutakoaren artean:

a) Justifikatutako gastua emandakoaren %30etik %60era bitarte bada, eta, betiere, proiektuaren xedea eta eragina mantentzen badira, ordaindu beharreko dirulaguntza benetako gauzatzeari dagokion zenbatekoa izanen da, eta %25eko murrizketa aplikatuko da.

b) Justifikatzen den gastua emandako zenbatekoaren %30 baino gutxiago bada, emandako laguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

3. Aurreko zehapenak ez dira aplikatuko baldin eta entitate onuradunak frogatzen badu ezinbesteko arrazoiengatik gertatu direla aldaketa horiek, edo gerora sortutako eta onuradunari egotzi ezin zaizkion arrazoien frogagiriak aurkezten baditu.

4. Espedientean dauden agirien bitartez egiaztatzen bada entitate onuradunak gezurrezko adierazpen bat egin duela nahita, onarturiko laguntza bertan behera utziko da, eta ordaindutako zenbateko guztiak berreskuratuko dira, hala behar bada. Gainera, entitate onuraduna neurri horretarako laguntzetatik baztertuko da, ekitaldi horretan eta hurrengoan, deusetan galarazi gabe Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarririko zehapenak edo aitorpen hori aurkezteko unean indarrean diren iruzurraren kontrako borrokako prozeduretatik eratorritakoak.

5. Espedientean dauden agirien bitartez egiaztatzen bada entitate onuradunak baldintza artifizialak sortu dituela laguntza jaso ahal izateko, 1306/2013 Erregelamenduaren 60. artikulua aplikatuz laguntzetatik kanpo geldituko da, eta, bidezkoa bada, laguntzengatik jasotako zenbateko guztiak itzuli beharko ditu.

23. oinarria.–Ordaintzeko ebazpena.

1. Landa Dibertsifikaziorako Atalak behar diren kontrolak eginen ditu onuradunak hartutako konpromisoak bete dituen egiaztatzeko, bai, orobat, gauzatzen den proiektua onartutakoaren araberakoa den. Kontrolen emaitzak ikusirik, laguntza ordaintzeko ebazpen proposamena prestatuko du.

2. Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiak laguntza emateko edo ukatzeko ebazpena emanen du. Ebazpen horrek arrazoitua behar du izan, eta oinarriak egiaztaturik egonen dira. Laguntzaren onuradun diren entitateak jaso behar dira bertan. Administrazio egintza hori proiektua koordinatzen duen entitateari igorriko zaio, eta, bidezkoa bada, haren banku-kontuan ordainduko da laguntza.

3. Entitate koordinatzaileak proiektuko gainerako parte-hartzaileei igorriko die ordainketaren gaineko ebazpena.

4. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren funtsak jaso eta bost eguneko epean, gehienez, proiektua koordinatzen duen entitateak behar den ordainketa egin beharko die gainerako parte-hartzaileei, banku-transferentzia bidez, gauzatu den proiektuan bakoitzak izan duen parte-hartzearen arabera.

24. oinarria.–Ez-betetzeen mailakatzea, murrizketak eta salbuespenak.

1. Ezarritako konpromiso eta betebeharrak betetzen ez badira, laguntza egokitu edo itzuli beharko da. Ez-betetzea nolakoa den, laguntza honenbeste murriztu edo itzuli beharko da:

a) Proiektua gauzatzen ez bada Europar Batasuneko, Espainiako eta tokiko araudiaren arabera: %100.

b) Proiektua gauzatzen ez bada laguntza emateko ebazpenean ezarritako epean edo onartzen diren luzapenen barrenean: %100.

c) Kostuen moderazioari buruz ezarritakoa betetzen ez bada: horrek eragindako kostuei dagokien laguntzaren %100.

d) Kontratazio publikoari buruzko araudia betetzen ez bada: Batzordearen 2013ko abenduaren 19ko Erabakiaren 2. atalean ezarritakoaren arabera aplikatuko dira laguntzaren zuzenketa-portzentajeak. Erabaki horren bidez ezartzen eta onesten dira Batzordeak bete beharreko jarraibideak, kudeaketa partekatuaren esparruan, Batasunak finantzatutako gastuei zuzenketa finantzarioak aplikatu behar izanez gero, kontratazio publikoaren arloan arauak betetzen ez diren kasuetan.

e) Kudeaketa agintaritzak egiten dituen kontrolak onartzen ez badira: %100.

f) Jarraipenari eta ebaluazioari buruzko datuak ematen ez bazaizkio kudeaketa agintaritzari: %25.

g) Publizitatearen gainean ezarritakoa betetzen ez bada: %25. Ez-betetze hori errepikatzen bada: %50.

h) Hautapen irizpideekin lotutako konpromisoak ez betetzea: %25.

i) Gainerako betebeharrak betetzen ez badira: %10.

2. Ezinbesteko kasu edo salbuespenezko inguruabar hauetako bat gertatzen denean, ez da ondorioztatuko konpromisoak ez direla bete:

a) Onuraduna hiltzea.

b) Onuradunak lanerako ezintasun luzea izatea.

c) Hondamendi natural larria.

d) Jardueraren eraikinen eta/edo instalazioen suntsipena, istripuz.

e) Enpresa osoa edo haren zati handi bat desjabetzea, baldin eta eskaera aurkeztu zenean ezin bazen desjabetzea aurreikusi.

3. Proiektua koordinatzen duen entitateak edo proiektuaren eskubidedunak ezinbesteko kasuen edo salbuespenezko inguruabarren idatzizko jakinarazpena egin beharko du, behar diren frogagiriak erantsita.

4. Egiaztatzen bada entitate onuradunak gezurrezko adierazpen bat egin duela nahita, emandako laguntza bertan behera utziko da eta ordaindutako zenbateko guztiak berreskuratuko dira. Gainera, onuraduna neurri horretarako laguntzetatik bazterturik geldituko da, ekitaldi horretan eta hurrengoan, deusetan galarazi gabe Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako zehapenak edo adierazpen hori aurkezteko unean iruzurraren kontrako borrokarako indarrean dagoen arauditik datozenak.

5. Artikulu honen 1. eta 2. apartatuetako xedapenak aplikatuko dira deusetan galarazi gabe NBEFren zirkularretan ezarrita dagoena landa garapenerako laguntzen murrizketak eta bazterketak aplikatzeko irizpideei buruz.

25. oinarria.–Itzulketak, arau-hausteak eta zehapenak.

1. Europar Batasuneko araudian xedatutakoa galarazi gabe, itzulketak, arau-hausteak eta administrazio zehapenak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoarekin bat etorriko dira.

2. Arau-hausteak finkatzeko eta zehapenak ezartzeko prozedura Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren araberakoa izanen da.

26. oinarria.–Publizitatea.

1. Oinarri arautzaile hauen esparruan ematen diren laguntzen publizitateari dagokionez, Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programan eta Europar Batasuneko, Espainiako eta eskualdeetako arauetan ezarritakoari jarraikiko zaio. Horretarako, entitate onuradunek Batasunaren laguntza finantzarioaren berri eman beharko dute:

–Informazio eta komunikazio jarduera guztietan.

–Entitate onuradunaren erabilera profesionalerako webgunean, baldin eta loturaren bat ezarri baldin badaiteke webgunearen xedearen eta eragiketari emandako laguntzaren artean.

–50.000 eurotik gorako laguntza publikoa duten inbertsioak izanez gero, gutxienez A3 neurriko informazio panel bat jarri beharko da jendeak ongi ikusteko moduko toki batean.

Informazio hau agerraraziko da: proiektuaren azalpen laburra; Batasunaren ikurra, web-orri honetan dauden arau grafikoekin bat: https://europa.eu/european-union/about-eu/symbols/flag_es. Ikurraren ondoan, Batasunaren eginkizunaren azalpena agertuko da, adierazpen honen bidez: “Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsa: Europak landa eremuetan inbertitzen du”; eta Nafarroako Gobernuaren logotipoa.

2. Laguntza hauen onuradunen datuak honako arau honekin bat argitaratuko dira: Nekazaritzako politika bateratuaren finantzaketari, kudeaketari eta jarraipenari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1306/2013 (EB) Erregelamendua, 111. artikulua.

3. Onuradunen datu pertsonalak erakunde nazionalek eta Europar Batasuneko erakundeek erabiltzen ahalko dituzte, baldin zerikusirik badute administrazioen kudeaketa, kontrol eta ikuskaritzako nahiz jarraipen eta ebaluazio betebeharrekin, bat etorrita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1306/2013 (EB) Erregelamenduaren 117. artikuluan xedatutakoarekin.

4. Ondorio horietarako, onuradunek datuen tratamenduari buruzko arauetan ezarritako eskubideak izanen dituzte, zehazki, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan ezarritakoak eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduan ezarritakoak; izan ere, erregelamendu horren bidez, pertsona fisikoen babesa arautu zen, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez, eta indarrik gabe utzi zen 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak babesteko erregelamendu orokorra).

Iragarkiaren kodea: F2013033