285. ALDIZKARIA - 2020ko abenduaren 10a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MURU ARTEDERRETA

Ordenantza, Hilerriaren erabilera arautzen duena.
Behin betiko onespena

Muru Artederretako Kontzejuaren Batzarrak, 2020ko otsailaren 6an egin bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea Muru Artederretako hilerriaren erabilera arautzen duen ordenantza, Tebas-Muru Artederretako udalerrian.

Hasierako onespenaren erabakia 2020ko 88. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 28koan, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, behin betiko onesten da Muru Artederretako hilerriaren erabilera eta hura erabiltzeko eta hartan zerbitzu egiteko eskubideak eta tasak arautzen dituen ordenantza, eta argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin, zeina aldatu baita urriaren 29ko 11/2004 Foru Legearen bidez.

Muru Artederretan, 2020ko azaroaren 9an.–Kontzejuko burua, M.ª Jesús Otazu Ayestarán.

ORDENANTZA FISKALA, MURU ARTEDERRETAKO KONTZEJUAREN HILERRIA ERABILTZEKO ETA HILERRIKO ZERBITZUAK EGITEKO TASAK ARAUTZEN DITUENA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. 1. Arau honen xedea da Muru Artederretako Kontzejuan hilerriaren zerbitzu publikoa arautzea.

Ordenantza honek, halaber, hilerria eta hileta- zerbitzuak erabiltzeari dagozkion tasen ordainarazpena arautzen du, eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/95 Foru Legean dagoen baimena du oinarri.

2. artikulua. Muru Artederretako Kontzejuari dagozkio instalazioaren zuzendaritza, gobernua eta administrazioa, hori guztia ukatu gabe legez dagokion agintari judizial, gobernuko edo osasunekoaren esku-hartze administratiboa.

Aurreko apartatuan definitu diren eskumenak honela zehazten dira:

a) Zerbitzuen kudeaketa, administrazioa eta antolaketa.

b) Hilobiak edo beste lurperatze-unitate batzuk banatzea eta ematea, eta eraikitzea, beharrezkoa bada.

c) Hilerriko instalazioak zaindu, garbitu eta egokitzea.

d) Hilerrian jarduketak egiteko edozein motatako lizentziak ematea.

e) Eskubide ekonomikoak jasotzea ehorzketa unitateen gaineko hileta eskubideak emateagatik eta ordenantza honetan arautzen diren edo Kontzejuko Batzarrak gai horri buruz ezartzen duen araudian komenigarritzat jotzen diren edozein motatako lizentziak lortzeagatik.

f) Hilerriko zaintza eta mantenze zerbitzuak, baita zerbitzu horien funtzionamendu egokirako behar den beste edozein ere.

g) Ordenantza honek arautzen dituen kontzeju eskumenak baliatzean, ehorzketetan edo erraustegietan ez da inolako bereizkeriarik eginen jaiotza, arraza, sexu, erlijio, iritzi edo beste edozein baldintza edo inguruabar pertsonal edo sozialengatik.

e) Hilerriko erlijio zerbitzuak eta egintza zibilak ideologia, erlijio edo kultu askatasunaren printzipio konstituzionalaren arabera eginen dira, dauden konfesioen errituekin bat etorriz, eta muga bakarra izanen da pentsamendu, kontzientzia, erlijio edo sinesmen askatasunari zor zaion errespetua eta ordena publikoari eustea.

f) Hilobi bakoitza zaintzea, garbitzea eta mantentzea hildakoaren senideen edo hurbilekoen erantzukizuna izanen da, eta beren kabuz arduratu beharko dira hobi horiek behar bezala atontzeko, ehorzketa egin ahal izateko. Kontzejua ez da inola ere ehorzketa lanez arduratuko.

3. artikulua. Hilerria koadro eta ataletan zatituko da, eta horietan oinarrituz banatuko da lurra.

II. KAPITULUA

Lurreko hilobien eta kolunbarioen kontzesioak

4. artikulua. Ehorzketarako kontzesio administratiboaren bidez erabiliko dira hilerriko lur guztiak, dohainik edo kostu bidez, eta hura Kontzejuak emanen du ordenantza honi jarraikiz.

Udalak hilerriko planoan edo haren aldaketetan zehazten diren lurrak erabiliko ditu kontzesio mota bakoitzerako.

Badira kolunbarioak ere, eta horien kontzesioa eginen da ordenantza honetan, dagokion atalean, ezartzen den moduan.

5. artikulua. Lurreko hilobien nahiz kolunbarioen kontzesioa egokituko da hura egiten denean indarra duten tasetara, eta ordenantza honetako salbuespenak baino ez dira onartuko.

Honakoek dute lurperatuak izateko eskubidea:

A) Muru Artederretan erroldaturiko bizilagunak.

B) Muru Artederretan jaiotakoak.

C) Bizilagun izan gabe, gutxienez 15 urtez erroldaturik egon direnak, baldin eta erroldan baja eman zutenetik ez badira igaro 5 urte edo gehiago.

D) Muru Artederretakin lotura izan dutenak, familia edo kidetasun arrazoiak direla-eta edo etxebizita nahiz etxe bat edukitzeagatik, Kontzejuko Batzarraren iritziaren arabera.

6. artikulua. Kontzesio horiengatik ordaindu beharreko zenbatekoak Kontzejuko bulegoetan pagatuko dira, eman eta hurrengo 30 eguneko epean. Hala egin ezean, kontzesioa ezeztatuko da.

7. artikulua. Kontzesioaren tituluak Kontzejuko idazkaritzan emanen dira, benetako kontzesiodunaren alde, horretarako onesten den ereduaren arabera.

8. artikulua. Kontzesio bat beste pertsona batentzat eskatzen denean, horren izena jaso beharko da eskabidean. Baldintza hori betetzen ez bada, eskaerari ez zaio biderik emanen eta titulurik ez da luzatuko.

9. artikulua. Ulertzen da kontzesio guztiak egiten direla dagokien hilobi mota zehatzerako, eta ezin zaio beste erabilera bat eman lurrari edo kolunbarioari.

10. artikulua. Ordenantza honen kontzesioek ez dute salmentarik ekartzen, zuzenbide erkidearen zentzuan, eta horiek erostea ez dago lotuta inolako eskubide errealekin.

11. artikulua. Ez da lurrik ez kolunbariorik betiereko emanen, hilerri horretan ezartzen diren koadro edo atalen barrenean.

12. artikulua. Ehorzketa eskubidea iraungi eginen da honako kasu hauetan:

a) Eraikuntzaren hondamen egoeragatik. Iraungipena erabakiko da aldez aurreko txosten teknikoan egoera hori adierazi eta eskubidearen titularrak beharrezko obrak egiteko errekerimendua bete gabe utzi ondoren.

b) Hilobia abandonatzeagatik. Horrelakotzat joko da eskubidearen titularrak egin beharreko garbiketetan eta mantentze-lanetan modu agerian arreta ez jartzea, horretarako aitzinetik egindako errekerimenduari ez aditu eginik.

c) Eskubidearen kontzesio epea iragateagatik luzapena eskatu gabe, edo luzapenaren epea iragateagatik beste bat eskatu gabe.

d) Kontzesioa amaitu baino lehen, hobitik ateratzeagatik edo kolunbarioak edo lurreko hilobiak nahita husteagatik.

e) Titularrak berariaz uko egiteagatik.

f) Ordenantza honetan xedatuari kontra egiten dion lagapenagatik.

g) Ordenantza fiskalean ezarritako tasak ez ordaintzeagatik.

h) Hilerria desagertzeagatik.

i) Interes publikoagatik.

j) Hobiak behar izateagatik, beste ehorzketa batzuk egiteko.

III. KAPITULUA

Lurrean ehorztea

13. artikulua. Kontzejuak lurrean ehorzteko eskubidea ematen du 10 urteko eperako, ehorzketarako aurkezten diren hilotz guztientzat, baldin eta betetzen badira lege zibiletan, administratiboetan eta osasun arlokoetan eskatzen diren baldintzak.

14. artikulua. Ordenantzako eranskinean zehazten diren tasak aplikatuko zaizkie kontzesioei.

15. artikulua. Kontzesioak lehenbizikoa adinako beste epe baterako luza daitezke, eskaera bat Kontzejuan aurkeztuta eta tarifen eranskinean zehaztutako zenbatekoa ordainduta.

16. artikulua. Lurrean ehorzteko erabiliko dira hilerriaren planoan edo haren aldaketetan horretarako zehaztutako lurrak.

17. artikulua. Lurrean ehorzteko hilobi orok bi metro koadroko zabalera izanen du zazpi urtetik gorakoentzat, eta erdikoa adin horretatik beherakoentzat; metro bateko sakonera izanen du bi kasuetarako.

18. artikulua. Lurrean ehorzteko hobiak errenkada batean irekiko dira, zuzen-zuzen, eta hilobien artean gutxienez hirurogei zentimetroko tartea utziko da.

19. artikulua. Lurrean ehorzteko hobietan onartuko da jartzea gurutzea, hileta ikurra, hilarria eta abar, bai eta hildakoaren izena duen epitafioa ere, heriotzaren eguna eta hilotza identifikatzeko beharrezko gainerako datuak biltzen dituena. Guztiz debekatuta dago horien inguruan panteoiak, itxiturak edo heskaiak edo bestelako landare elementuak eraikitzea edo jartzea. Sinbolo horien neurriak izanen dira: altuera 130 cm, zabalera 70 cm eta lodiera 10 cm.

20. artikulua. Kontzesioa edo luzapena amaitu arte mantenduko dira hobi orokorreko (lurpeko hobia) gurutze, ikur eta/edo hilarri horiek, baita epitafioak ere.

21. artikulua. Lurpeko hilobietan soilik ehortziko da pertsona bakarraren gorpua edo batzuena, legez ezarritako urteak errespetatuz (10 urteko aldearekin bakoitza), eta kontzesio horiek ez dira emanen pertsona hori hil aurretik. Lurperatutako gorpu bakoitzeko izanen dira tasak. Errausketa kanpo gelditzen da.

IV. KAPITULUA

Kolunbarioak

22. artikulua. Kolunbarioek zenbaki korrelatiboak izanen dituzte. Zenbaki horiei jarraituz okupatuko dira.

23. artikulua. Kolunbario horietan beste pertsona batzuen errautsak jar daitezke, baldin eta odol edo ezkontza bidezko bigarren gradura arteko lotura badute lehenbizikoarekin eta beren kutxatilak bateragarriak badira kolunbarioaren neurriekin, eta plaka bat jartzen ahalko da, lekua baino handiagoa ez dena eta alboetatik 5 cm-tik gora hartzen ez duena. Era berean, debeku da inolako sinbolo edo apaindurarik jartzea kolunbarioaren egituran.

24. artikulua. Hilotz bat ehorzteko orduan, baimentzen ahal da beste batzuen gorpuzkinak harekin batera jartzea, aurreko artikuluan adierazitako mugen barrenean, kolunbarioaren neurriek horretarako bide ematen badute.

25. artikulua. Aurreko artikuluetako ehorzketa egin ondoren, ezin da gehiagorik egin.

26. artikulua. Kolunbarioen aldi baterako kontzesioak 10 urtekoak izanen dira, eta beste 10 urterako berritzen ahal dira. Bi kasuetan, tarifen eranskineko tasak ordaindu beharko dira. Berritzean indarra duten tasak ordaindu beharko dituzte eskatzaileek.

27. artikulua. Kolunbarioen kontzesioa hartzen dutenak, okupatu ondotik, behartuta daude hermetikoki ixtera, eta bi hilabeteko epean kasuan kasuko inskripzioa dakarren hilarria jarriko dute.

28. artikulua. Kolunbario bat hustu nahi izanez gero, Kontzejuaren esku geratuko da, kontzesio hartzaileak eskubide oro galduta.

V. KAPITULUA

Ehorzketak

29. artikulua. Muru Artederretako hilerrian ehorztera ekartzen diren hilotz guztiak lurperatuko dira, kasuan kasuko baimena badute, eta zerbitzu horiengatik ordaindu beharko dira tasen eranskinean zehazten diren ehorzketa eskubideak.

30. artikulua. Hilerrian ez da gorpurik ehortziko baldin eta ez badu kasuan kasuko epaitegiak edo agintariak emandako agindua edo lizentzia, ehorzketa egiaztatzeko indarreko legeekin bat, edo 24 ordu igaro ez badira heriotzatik, edo, epe hori iraganda ere, komenigarria ez bada kasuan kasuko agintaritzak osasun arloan zehaztutako gorabeherengatik.

Epaitegi edo agintaritza eskudunaren agindua edo lizentzia ez duen hilotz oro biltegian gordeko da.

31. artikulua. Hilobiren batean, horrenbeste hilotz edo gorpuzkin egonik, ezin bada ehorzketa gehiagorik egin, debekatuko da bertan ehorztea, eta debeku horrek indarrean jarraituko du hura ekarri duten arrazoiek irauten duten bitartean.

32. artikulua. Hezurtegi orokorrean biltzen diren hezurren kopurua handia denean, legeetan xedatutakoari jarraituko zaio.

VI. KAPITULUA

Hobitik ateratzea

33. artikulua. Hilotzak hobitik ateratzea legeen arabera egiaztatuko da, haietan ezarritako moduan eta epeetan, tarifen eranskinaren arabera ezarritako eskubideak pagatu ondoren. Kontzejua ez da inola ere hobitik ateratzeko lanez arduratuko.

34. artikulua. Behar den bermeekin eta errespetuz aterako dira hilotzak hobitik, higienearen eta osasunaren arloetan komeni diren ardura guztiak hartuta.

35. artikulua. Hilotzak hobitik ateratzea egiaztatzeko, legeek agintzen dituzten pertsona guztiak egonen dira.

36. artikulua. Hilotz bat hobitik ateratzen denean hilerri bereko beste hobi batera eramateko, destinoko hobitik dagoen punturik hurbilenetik joanen da, edo irteteko atetik, beste hilerri batera eramatekoa bada.

37. artikulua. Ez da baimenduko ateratako hilotza gorputegira eramatea.

38. artikulua. Bisita orduetatik kanpo aterako dira hilotzak hobitik, hezurrak hezurtegira eramanen eta jendearen bistarako edo erosotasunerako desatseginak izan daitezkeen beste lan batzuk eginen. Ekainetik irailera bitarte ez da hilotzik batere aterako, agindu judiziala izan ezean.

39. artikulua. Osasun baimena beharrezkoa izanen da hilotzak edo gorpu-hondakinak beste hilerri batera eraman nahi direnean, arauetan ezarritako kasuetan.

VII. KAPITULUA

Errauts-hobi orokorra

40. artikulua. Bete beharko dira erabiltzeko arau hauek:

1. Debekatuta dago jartzea identifikazio-plakak, objektuak, itsasgarriak edo beste edozein elementu, bai legar-eremuan, bai mugaketa-hormetan. Objektu horiek jarriz gero ofizioz jasoko dira eta hilabetez gordailuan utziko dira kontzeju honetan.

2. Debekatuta dago loreak jartzea, horretarako jarritako guneetan izan ezik. Jarriz gero, kendu eginen dira, eremua behar bezala garbitzeko.

3. Errautsak zabaltzeko eremu libre eta doakoan, honako hauek errespetatu beharko dira:

–Errautsak legar-eremuan sakabanatu beharko dira, mordoak sortzea saihestuz. Hona hemen horretarako prozedura: legarraren eremua kenduko da, errauts sakabanatuak mordorik eratu gabe uzteko, eta legarrarekin estaliko dira berriro.

4. Prozedura betetzen ez bada, ordenantza honetan ezarritako zehapen-araubideari jarraituko zaio.

VIII. KAPITULUA

Tarifak

41. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/95 Foru Legearen 12. eta 100. artikuluetan eta hurrengoetan xedatu denari jarraikiz, kontzeju honek erabaki du tasa ezartzea Kontzejuaren hilerrian zerbitzu egiteagatik eta lanak egiteagatik.

42. artikulua. Zerga-egitatea hilerrian zerbitzuak ematea da, bai kolunbarioak eta lurreko hilobiak adjudikatzeari edo emateari dagokionez, bai hilerrian haiekin batera egiten diren gainerako zerbitzu osagarriak egiteari dagokionez.

43. artikulua. Kargari loturiko zerbitzuak egiten hasten direnean sortzen da tasa eta hura ordaindu beharra sortzen, hau da, zerbitzuak eskatzen direnean.

44. artikulua. Subjektu pasibo eta zergapekoak dira baimena emateko edo zerbitzua egiteko eskatzen dutenak eta, halakorik bada, emandako baimenaren titularrak, baita oinordeko edo legatudunak ere, ordaindu gabeko tributu betebeharrei dagokienez, herentzia eskuratzeko legedia zibilak ezartzen duena aparte utzirik.

45. artikulua. Salbuetsirik egonen dira honelakoetan egiten diren zerbitzuak:

a) Ongintzako erakundeetatik heldu diren ehorzketetan.

b) Agintaritza judizialak agintzen dituen ehorzketetan.

46. artikulua. Ordenantza honen tarifen eranskinean jasotako kopuruei jarraikiz, zerga-oinarria finkatuko da honako kontzeptu hauei dagozkien zerbitzu moten arabera:

1. epigrafea.–Lurreko hilobien eta kolunbarioen kontzesioa.

2. epigrafea.–Ehorzketak eta ehorzteko eskubideak.

3. epigrafea.–Hobitik ateratzeak.

47. artikulua. Subjektu pasiboek zerbitzuak egiteko eskatuko dute kasu bakoitzean. Zerbitzu bakoitza banaka likidatuko da; likidazioa zerbitzua egin ondotik jakinaraziko da, diru-sarrera zuzenean egin dadin Kontzejuaren diru-kutxan, Tributuei buruzko Foru Legeak ezarritako moduan eta epeetan.

Tasa honen likidazioak behin betikotzat joko dira sortzapena ekarri duen zerbitzua edo jarduera egin ondoan.

48. artikulua. Tributu arloko arau-hausteei eta haien kalifikazioari dagokien orotan, baita arau-hauste horiei dagozkien zehapenei dagokien orotan ere, Tributuei buruzko Foru Legeko arauak aplikatuko dira. Ordenantza fiskal orokorrean xedatutakoari jarraituko zaio, bai eta honako arau hauetan xedatutakoari ere: uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea, martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legea eta aplikatzekoak diren gainerako xedepenak. Zehapenak ezarrita, ez dira inoiz bertan behera geldituko sortutako eta preskribatu gabeko kuoten likidazioa eta kobrantza.

49. artikulua. Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/95 Foru Legea izanen da arau osagarria.

50. artikulua. 2019ko abenduaren 31 baino lehen dauden hilobi eta panteoi guztiak eginda dauden bezala errespetatuko dira. Tasak ordaintzetik salbuetsita egonen dira, baina ordenantza honi atxiki beharko zaizkio arauei dagokienez.

IX. KAPITULUA

Erregistroa

51. artikulua. Ordenantza hau onetsi ondoren, Kontzejuak hilerrian dauden hilobien erregistro bat sortuko du.

Hilobiei zenbakiak esleituko zaizkie eta horretarako eginen den hilerriaren plano batean ezarriko da emaitza, hobeki zehaztu eta kudeatzeko hilerrian egiten diren ehorzketak, hilobitik ateratzeak, berrehorzketak eta lekualdatzeak.

52. artikulua. Datuak babesteko araudian ezarritakoarekin bat,

a) Ordenantza hau indarrean jartzen denean datu pertsonalen tratamendua eginen da, pertsonen eskaerak erregistratu eta erantzuteko, hilobien banaketari eta kontzesioei dagokienez.

b) Hilobien eskaera egiteko interesa dutenek Kontzejuari jakinarazi beharko dizkiote ordenantza honetan adierazten diren datuak.

c) Kontzejuak ordenantza honetan adierazten diren betebeharrak betetzea izanen da erregistroaren helburua, eta Muru Artederretako Kontzejuak baino ezin izanen du erabili erregistro hori.

d) Tratamendua legitimatzen duen oinarri juridikoa honako hau da: Batzordean onetsitako tokiko ordenantzak eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legetik eratorritako botere publikoak erabiltzea.

e) Interesdunen datu pertsonalak zein helbururekin jaso ziren, horiek betetzeko behar den denboran edukiko dira, Kontzejuaren eskumen eta eginkizunak erabiliz eta, betiere, legeak kontserbaziorako, preskripziorako eta egon daitezkeen erantzukizunak zuritzeko ezartzen duen epean. Bestalde, bete beharko dira apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legean ezarritako kontserbazio arauak (foru lege horrek Artxiboak eta Dokumentuak ditu hizpide).

f) Datuen hartzaileak. Erregistroan jasotzen diren datu pertsonalak ez zaizkie emanen kontzeju honetakoak ez diren hirugarrenei, ez bada eskatutako zerbitzua emateko beharrezkoak direla, gaian eskumena duten administrazio publikoei emateko, beharrezkoa denean edo agintari publiko eskudunek eskatzen dituztenean, une bakoitzean aplika daitezkeen legezko eta erregelamenduzko xedapenekin bat etorriz.

g) Nahitaezkoa da ordenantza honetan aipatzen diren datu pertsonalak ematea. Datu pertsonalak emateari uko eginez gero, artxibatu eginen da eskaera.

h) Ordenantza honetan aipatzen diren datu pertsonalak ematen dituen pertsonak onartzen du haiek erabil daitezen artikulu honetan zehazten den xedearekin.

i) Artxiboan erregistratuta daudenek eskubidea dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, tratamendua mugatzeko, aurka egiteko edo eramangarritasun-eskubidea erabiltzeko, Datuak Babesteari buruzko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorrean araututakoaren arabera. Horretarako, Muru Artederretako kontzejura jo behar da posta arruntez, San Frantzisko Xabierko kalea, 4-31397- Arrizabalaga (Muru Artederreta) edo posta elektronikoz concejomuruarte@gmail.com helbidera.

53. artikulua. Hona hemen erregistro horrek izanen dituen datuak:

a) Hilobien identifikazioa.

b) Ehorzketa eguna.

c) Hildakoaren izen-abizenak.

d) Ehorzketak, hobitik ateratzeak eta tokiz aldatzeak, honako hauek adierazita: zein gorpu eta/edo gorpuzkin den, pertsona horren izen eta abizenak, eta jarduketa noiz izan den.

e) Tasa mota.

f) Intzidentziak eta erreklamazioak.

Inskripzioetan akats materialik bada, ofizioz zuzenduko da, zuzentzeko idatzizko ohar berria eginez eta akatsa argi eta garbi adierazita.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA

Ordenantza hau indarrean jartzen den egunean Muru Artederretako hilerrian dauden hilobiak ordenantzaren esanera jarriko dira, eta hileta eskubideen luzatzea egiteko, ordenantza honetan ezarritako epeak bete beharko dira.

Muru Artederretako Kontzejuak, ukituak diren hilobien familietako kideei jakinaraziko die, epeak bete ahala, heriotzak gertatu diren egunetik zenbatzen hasita, aipatu luzatzeak eskatzeko beharra dutela.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza hau indarrean jarriko da testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean.

1. ERANSKINA

Tarifak

5. ARTIKULUKO APARTATUAK

HOBI BERRIA

HOBI ZAHARRA

BERRITZEAK

KOLUNBARIOA

PANTEOIA

Administrazio kontzesioak eta lurperatze eskubideak

A

200,00 euro.

100,00 euro

100,00 euro

200,00 euro

100,00 euro

B eta D

3.000,00 euro

1.000,00 euro

1.000,00 euro

3.000,00 euro

1.000,00 euro

C

1.000,00 euro.

500,00 euro

500,00 euro

500,00 euro

500,00 euro

Hobitik ateratzeak eta ehorzketak

A, B, C eta D

Interesdunaren kargura

Interesdunaren kargura

Interesdunaren kargura

Interesdunaren kargura

Interesdunaren kargura

Hobitik ateratzea

A, B, C eta D

100,00 euro

100,00 euro

100,00 euro

100,00 euro

100,00 euro

Oharra: gorpuzkinak edo errautsak beste hilerri batetik edo hasierako hobitik hona ekartzea interesdunaren kargura izanen da, eranskinean adierazitakoa gorabehera.

2. ERANSKINA

Eskabidea (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L2013745