285. ALDIZKARIA - 2020ko abenduaren 10a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LARRAGOA

Animaliak babesteko ordenantza. Behin betiko onespena

Larragoako Udalak, 2020ko irailaren 17an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Animaliak babesteko Larragoako Udalaren ordenantza, kontsulta publikoa aldez aurretik eginda, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 133. artikuluan xedatua betetzeko.

Hasierako onespenaren erabakia 2020ko 225. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 1ean, eta jendaurreko epean inork ez duenez alegaziorik aurkeztu, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Larragoan, 2020ko azaroaren 16an.–Alkatea, Tomás Andueza Riezu.

ANIMALIAK BABESTEKO LARRAGOAKO UDALAREN ORDENANTZA

HITZAURREA

Apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legea, lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzkoa, indarrean sartu zenez geroztik, animaliak babesteko ordenantzak eguneratu behar izan dituzte Nafarroako udalek, lege berri horren arabera egokitzeko eta erantzuna emateko gure gizartean animalien ongizatearen inguruan gero eta zabalduagoa den sentiberatasunari eta kontzientziazioari.

Ordenantza honen artikuluetan arautuko dira, besteak beste, animaliak izateko baldintza orokorrak, osasun eta segurtasun baldintzak, animaliekin lotutako jarduera industrialak, komertzialak edo zerbitzuetakoak, eta halaber, etxeko animaliekin edo udalerrian dauden hiriko animalien koloniekin pertsonek dituzten harremanak.

Apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legeak, lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzkoak, honako eskumen hauek jartzen ditu udalen eskuetan:

Udalen betebeharrak:

a) Abandonatutako edo desagertutako animaliak jaso, ostatatu eta mantentzeko jarduerak, bai eta katu-kolonien kudeaketa ere.

b) Baldintzak ezartzea lagun egiteko animaliak etxe partikularretan, bizilagunen erkidegoetan eta bide publikoetan edukitzeari buruz.

c) Beren udalerrian erroldatutako lagun egiteko animalien kontrola eta zaintza, egiaztatze aldera zuzen identifikatuta eta erregistratuta daudela.

d) Lagun egiteko animaliak konfiskatzea, baldin eta haiengan tratu txarren aztarnak detektatzen badira, eraso fisiko baten edo desnutrizioaren sintomak agertzen badituzte edo instalazio desegokietan badaude.

e) Lagun egiteko animalien zentroak zaintzea eta ikuskatzea.

f) Animalien babesari buruzko prestakuntza-, zabalkunde- eta informazio-jarduerak sustatzea.

Betebehar horiek arautuko dira ordenantza hauetan, alde batera utzi gabe ondoko eskema honetan antolatu diren hainbat alderdi:

–Atariko tituluak ezartzen ditu ordenantza honen xedea, aplikazio-eremua eta salbuespenak, eta halaber, haren garapenean aintzat hartu diren oinarrizko printzipioak eta artikuluetan aplikatzen diren definizioak, ulergarriagoa izan dadin.

–Lehenengo tituluak zeinahi animalia udalerrian izateko araubidea ezarriko du, haren funtzioa eta mota edozein direla ere. Arautzen dira, besteak beste, animaliak izateko mugapenak, mantenuaren eta tratuaren baldintza orokorrak, animalien presentzia eta bizikidetza bide publikoan, eta haiei dagozkien osasun arauak.

–2. tituluak animaliekin jarduten diren establezimendu baimenduen jarduera ekonomikoak arautzen ditu.

–3. tituluak animalia espezifikoen egoeretarako edo taldeetarako xedapen gehigarriak garatzen ditu: lagun egiteko animaliak, zakur potentzialki arriskutsuak, laguntza-zakurrak, polizia eta segurtasun enpresa baimenduetako agenteen zakurrak; ekidoak; ekoizpenerako animaliak; animalia basatiak eta exotikoak.

–4. tituluak udalerriko hiriko animalien koloniak arautzen ditu.

–5. tituluak ordenantza honen zehapen araubidea ezartzen du, ez betetzeak ekarriko dituen arau-hausteak zehaztuz eta dagozkien zehapenak ezarriz, bai eta haien graduazioa, preskripzioa eta zehapenak ezartzeko eskumenak ere.

ATARIKO TITULUA

Xedapen orokorrak

I. KAPITULUA

Udal ordenantzaren xedea, esparrua eta printzipio gidariak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da animalien babesari buruz Europako arautegian eta Estatu nahiz erkidegoetako legedian ezartzen den lege esparrua osatzea, udalaren eskumenetatik eratorriko den arautegia ezarriz, animalien babesa eta haien eta herritarren arteko bizikidetza arautzeko, Larragoako udalerriari dagokionez.

2. artikulua. Esparrua.

Ordenantza honek ezartzen dituen betebeharrak Larragoako udalerri osoan aplikatzekoak izanen dira, eta esparru hori zabaldu ere egin daiteke, udal hau partaide duten mankomunitate edo bestelako elkarteekin adostasunez, ordenantza hau aplikatzea egokia den kasuetan.

3. artikulua. Printzipio gidariak.

Oinarrizko printzipio hauek gidatuko dute ordenantza:

1. Lagun egiteko animalien babes eta ongizate mailarik handienak bermatzea.

2. Edukitze arduratsua bermatzea.

3. Herritarrek animalien defentsan eta babesean duten parte-hartzea sustatzea.

4. Osasun eta segurtasun baldintza egokiak bermatzea udalerrian.

5. Animaliak dituzten herritarren eta animaliarik ez duten herritarren arteko bizikidetza zuzena bermatzea.

4. artikulua. Herritarrendako informazioa.

Udal agintariek dibulgazio eta heziketa kanpainak egin behar dituzte, herritarren artean printzipio hauek bete beharraren kontzientziazioa sustatzeko:

1. Lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzko apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legea ezagutarazteko prestakuntza, dibulgazio eta informazio jarduerak.

2. Edukitze arduratsua, animalien behar etologiko eta fisiologikoak aintzat hartuta, sustatzeko eta horren inguruko sentiberatasuna lantzeko kanpainak; animaliak txertatzearen eta identifikatzearen inguruko dibulgazio kanpainak, eta kontrolik gabeko ugaltzea eta abandonuak saihesteko hartu beharreko neurrien ingurukoak; eta halaber, adopzioak harrera zentro baimenduetan egitea sustatzeko kanpainak.

3. Animalien babesean eta defentsan aritzen diren eta Nafarroako Gobernuaren Animalien Ongizaterako Atalaren entitate laguntzaileen aitortza jaso duten elkarteekiko lankidetza ekintzak sustatzea.

II. KAPITULUA

Definizioak

5. artikulua. Definizioak.

Ordenantza honen ondorioetarako, hona hemen zer diren hauek:

–Animalia basatiak/basa fauna:

Animalia autoktonoak edo ez autoktonoak, egoera basatian bizi direnak eta bizirauteko gizakiaren beharrik ez dutenak.

–Etxeko animaliak:

Pertsonekin hazi, ugaldu eta bizi ohi diren espezieetako animaliak, basa faunakoak ez direnak. Mota honetan sartzen dira, halaber, haragi, larru edo gizakiarendako baliagarria den beste produkturen bat emateko abeltegietan hazten diren abereak, nekazaritzan erabiltzen direnak eta zamariak.

a) Lagun egiteko animaliak:

Animalia ez basatiak dira, ekoizpenerako ez direnak, pertsonekin bizi direnak heziketa, aisialdi edo gizarte helburuetarako, irabazi asmorik gabe; batik bat, zakurrak, katuak, hudoak, marraskari txikiak, esaterako hamsterrak edo akuriak, untxiak, hegazti apaingarriak eta antzeko asmoz edukitzen diren bestelako animaliak.

b) Lagun egiteko animalia exotikoa:

Basa faunako animalia ez autoktonoak, banaka eta gatibu bizi direnak.

c) Ekoizpenerako animaliak:

Industria erabilerarako edo bestelako merkataritza edo irabazi asmoko helburua duten elikagaiak edo animalia-jatorriko produktuak ekoizteko hazten eta mantentzen diren abereak.

d) Laguntza-, segurtasun- edo gida-zakurra:

Zakur heziak eta baimenduak, nolabaiteko ezgaitasun fisikoa nahiz psikikoa duten edo gaitzen batek jota dauden pertsonei eguneroko zereginetan laguntzeko hezi eta baimendutako zakurrak; eta orobat, zakur heziak eta edozein administraziok baimenduak, pertsonei laguntzeko edo segurtasun lanak egiteko, edo substantzien, objektuen edo pertsonen bilaketarako.

–Kale-katuak edo katu basatiak:

Kale-katuak edo katu basatiak dira egoera erdi-basatian bizi direnak. Etxeko katuen ondorengoak izan ohi dira, abandonatu edo galdu direnak, egokitu eta aske bizirauten dutenak, eremu publiko nahiz pribatuetan; edo kale-katuen aurreko belaunaldietatik kalean sortu eta hazi diren katuak ere izan daitezke.

Gizarteratu gabeko katuak izaten dira, oro har gizakiarekiko kontaktua saihesten dutenak, erabat egokituak bizimodu horretara, eta leku itxian, gizakiaren kontrolpean eta lagun egiteko animaliaren gisara bizi ezin direnak. Haien egoera ez da gizakiarengandik guztiz independentea, finkatzeko nahiago izaten baitituzte leku babestuak, janaria erraz eskuratzeko aukera ematen dietenak. Ez dute alde egiten naturara, eta ez dira bizi animalia basatien ehizatik bakarrik.

Katu horiek dira katu-koloniak osatzen dituztenak, eta udalaren ardura da haiek babestea.

–Etxeko katu herratuak:

Etxebizitza edo leku itxi batean itxiak ez dauden katuak eta, beraz, erdi-aske ibiltzeko aukera dutenak. Mota honetakoak dira, bai landa eremu eta baratzeetan onuragarriak direlako dauzkaten katuak, bai bizitoki eremuetako etxe baxu, etxe-atxiki edo txaletetan bizi eta kanpora ateratzeko aukera dutenak. Animalia horiek hor daude norbaitek hala nahi duelako, eta beraz, haren ardura izanen dira identifikatzea, zaintzea, eta hirugarrenei eragiten ahal dizkieten eragozpenak edo kalteak.

Katu horiek katu-kolonien inguruan ibiltzen dira askotan, baina ez dira koloniakoak.

–Katu galduak:

Jabea duten katuak dira, aske bizi direnak itxita egon diren lekutik alde egin ondoren edo nahi gabe galdu ondoren.

–Katu-kolonia:

Kale-katu edo katu basatiez osatutako taldea, hiri edo landa ingurune batean bizi direnak, gehienetan leku finko batean, publiko edo pribatua, betiere babeslekua eta janaria eskaintzen diena.

–Katu-kolonien zaintzailea:

Pertsona partikularrak edo animalien babeserako elkarteetako kideak, udal agintariek identifikatu eta baimendutakoak, beren borondatez erabakitzen dutenak katu basatien kolonia bat edo gehiago zaintzea eta hari janaria ematea.

–Animalien defentsarako edo babeserako elkarteak:

Elkarte gisako entitateak dira, irabazi asmorik gabeak, legez eratuak eta helburu edo xede nagusia dutenak animalien ongizatea eta babesa.

–Elkarte laguntzaileak:

Lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzko apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legearen arabera, Nafarroako Gobernuarengandik entitate laguntzaileen aitortza jaso duten elkarteak dira.

–CES:

CES metodoa (euskaraz “Harrapatu/Antzutu/Askatu”) metodoa kale-katuen kontrolerako metodoa da. Gauza da kolonia bateko katuak harrapatzea eta antzutzea, eta ebakuntzaren ondoren suspertuta, berriz askatzea beren lekuan, edo kasu bakanen batean, antzeko lekuren batean, animalia itzul ez dadin lehengo leku berera.

–Animalia galduak:

Jabea duten lagun egiteko animaliak dira, ihes egin dutenak edo nahi gabe galdu direnak.

–Animalia abandonatuak:

Jabea duten lagun egiteko animaliak dira, aske dabiltzanak, itxita dauden lekutik ezustean alde egin dutelako edo jabeak aske utzi dituelako, haien desagerpenaren berririk eman gabe agintari eskudunei. Halakotzat hartuko dira, halaber, harrera zentroetan jasotzen direnak eta jabeak uko egiten dionean haiek berreskuratzeari.

–Jabea:

Animaliaren jabe den pertsona da, animalia haren izenean behar bezala erregistratu eta erroldatua izan nahiz ez izan.

–Edukitzailea:

Ez da jabea, animalia aldi batez edo ohituraz edukitzen du, eta horregatik da animaliaren arduraduna.

–Edukitze arduratsua:

Animaliaren behar fisikoak, etologikoak eta ingurumenekoak asetzea da, haren ongizatea bermatzea eta komunitatearentzat, beste animalientzat edo ingurunearentzat ekartzen ahal dituen arriskuak prebenitzeko behar diren bitartekoak jartzea.

–Gune zoologikoa:

Gune zoologikotzat hartuko dira bilduma zoologikoak gordetzen dituzten espazioak, identifikatuak eta baimenduak, apirilaren 12ko 104/2013 Foru Aginduan eta arlo hau arautzen duten bestelako erregelamenduetan araututakoaren arabera.

I. TITULUA

Animaliak edukitzearen araubide juridikoa.

I. KAPITULUA

Edukitzearen mugapenak

6. artikulua. Animaliak edukitzearen aurretiko baldintzak.

1. Animaliak edukitzeko, oro har, jabeek edo edukitzaileek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Garbitasun, osasun eta ongizate baldintza egokiak izatea animaliak zaintzeko, gobernatzeko eta tratatzeko, eta halaber osasun arriskuak eta auzokoendako eragozpenak saihesteko ere.

b) Animaliak kontrol eta segurtasun neurri egokietan edukitzea, ihes egitea saihesteko eta arrisku egoerarik ez izateko, ez pertsonendako, ez beste animaliendako, ez eta beraiendako ere.

c) Albaitaritza arreta egokia ematea, animaliaren osasun egoera fisiko eta psikologikorik onena bermatzeko.

d) Administrazioak eman beharreko baimenak izatea eta osasun eta segurtasun betebeharrak betetzea, legediak eta agintari eskudunek ezartzen dutenaren arabera.

e) Leku fisiko egokia izatea, edukitzeko baldintza horiek bete ahal izatea bermatzeko.

2. Animalien espezifikazio desberdinetarako edukitze zehatza ordenantza honen 3. tituluan xedatzen denaren arabera arautuko da.

7. artikulua. Animaliak dituzten pertsonen erantzukizuna.

1. Animalia bat duen pertsona, animaliaren jabe den pertsonaren erantzukizun osagarria kendu gabe ere, animaliak pertsonei, ondasunei eta natur inguruneari eragiten ahal dizkien kalte-galeren eta eragozpenen erantzulea da, Kode Zibilaren 1905. artikuluak dioenarekin bat, hark ezartzen baitu:

“Animalia bat duen pertsona, edo animalia baliatzen duena, animaliak eragin ditzakeen kalteen erantzulea da, animalia ihes eginda edo galduta ibilita ere. Erantzukizun hori bertan behera geratuko da kaltea ezinbestean edo jasan duenaren erruz gertatu den kasuetan bakarrik”.

2. Animalien jabeen edo edukitzaileen ardura izanen da behar diren neurriak hartzea, animaliak etxe nahiz lokaletatik kanpora inork eraman gabe atera ez daitezen.

3. Beren jabe edo edukitzaileek gordetzen dituzten lekutik kanpora beren kabuz ibiltzen diren animaliak galdutzat edo abandonatutzat joko dira eta udal zerbitzuek atzematen ahalko dituzte.

8. artikulua. Debekuak.

1. Debekatuta daude Lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzko apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legean eta haren erregelamenduzko garapenean debekatutzat jotzen diren jardunbideak. Horiek ez betetzearen ondorioak eta dagozkien zehapenak lege horretan ezarritakoak dira.

2. Debekatuta daude, orobat, udalaren eskumenekoak diren jardunbide hauek:

a) Kaleko animaliak edo basatiak aztoraraztea edo atzematea, non ez den animalien populazioaren kontrolerako berariazko baimenarekin.

b) Animalia basatiei edo basati bihurtutakoei jaten ematea bide publikoan, salbu eta katu-kolonien zaintzaile diren pertsonentzat, udalak behar bezala baimenduak eta ziurtatuak, ordenantza honetan aurreikusten denaren arabera.

c) Dirua irabazteko asmoz animaliak erakutsi, saldu edo trukatzea, bide eta espazio publikoetan, salbu eta animalia abandonatu edo galduak aldi batez ematea, adoptatzea edo etxean hartzea bada kasua, lagun egiteko animalien harrerako zentroen edo animalien defentsarako eta babeserako entitateen bidez, udalak eman beharreko baimenarekin.

d) Produktu toxikoak edo sufrea jartzea bide publikoetan edo haien ondoko eraikinetan.

e) Bide publikora atera daitezkeen animaliei jabego pribatuko eraikinetako hormetan eta ateetan pixa egiten uztea.

f) Bide publikora atera daitezkeen animalien gorozkiak ez jasotzea eremu publiko horietatik.

g) Beren ikuskizunetan animaliak erabiltzen dituzten zirkoak udalerrian jartzea, lursailak pribatuak izan nahiz publikoak izan.

II. KAPITULUA

Mantentzeko eta tratatzeko baldintzak

9. artikulua. Animaliak zaintzeko eta mantentzeko gutxieneko baldintzak.

1. Jabeek janari, ur, aterpe eta leku aski eman behar diete animaliei, aireztatze, hezetasun eta tenperatura baldintza egokietan, eta alferrikako sufrimendua saihesteko behar diren baldintzak eskaini, haien bizi beharrak asetzekoak eta haien ongizate fisiko eta psikikoa bermatzekoak, espezie bakoitzaren beharren arabera, eta ondoko baldintza hauen arabera:

a) Ur edangarri garbia eta klima baldintzetatik gordea eta janari aski eta orekatua ematea, animalia nutrizio eta osasun egoera onean egon dadin. Ur eta janariaren ontziek animaliaren beharrak asetzeko adinakoak izan behar dute.

b) Leku, aireztapen, hezetasun, tenperatura eta argitasun egokiak izatea, animalien bizi beharrak asetzeko eta ongizate fisiko eta psikikoa bermatzeko adinakoak. Animaliaren gordelekuak iragazgaitza izan behar du, eta animaliari lesiorik ez eragiteko moduko materialez egina.

c) Animalien gordelekuak garbi mantentzea, barne dela haien kakak eta pixak bertatik kentzea egunero.

2. Kasu partikularretan agintari eskudunek ezartzen ahal dutena gutxietsi gabe, animalien gordelekuetarako baldintza hauek ezartzen dira:

a) Animaliaren ohiko bizileku ezin izan daitezke ibilgailuak, kabina txikiak, argi-patioak, balkoiak, galeriak, azoteak edo aireztatzeko patioak, animalia aske mugitzeko adinakoak ez badira.

b) Animaliak ezin eduki daitezke kaiolan edo leku murritzean, barnean ezin badute mugitu edo mugimendua oso mugatua badute. Leku horiek egokiak izan behar dute animaliaren tamainaren eta pisuaren arabera.

c) Balkoi, terraza eta antzekoetan neurriak hartu behar dira animaliek ihes egitea galarazteko, eta saihesteko haien gorozkiek eta pixek fatxada edota bide publikoa kaltetzea, edo inguruko auzokideei, goiko, beheko nahiz ondokoei, eragozpenik eragitea.

4. Lagun egiteko animalien zaintza espezifikoa ordenantza honen artikulu batean arautuko da, aurrerago.

10. artikulua. Kokapena eta aldi batez lotzeko moduak.

Animalien kokapenerako eta lotzeko baldintzak indarra duten araubide desberdinetan ezartzen dira, animalia motaren arabera (etxekoak, lagun egitekoak, ekoizpenekoak, etab.).

Lagun egiteko animalien kasuan, ordenantza honek aurreragoko artikulu batean arautuko ditu haien kokapena eta lotzeko moduak, lagun egiteko animaliendako xedapen espezifiko baten bidez.

III. KAPITULUA

Animalien presentzia eta bizikidetza bide publikoan

11. artikulua. Eragozpenak auzokideei.

1. Animaliak dituzten pertsonek beharrezkoak diren neurriak hartu beharko dituz, animaliak gorde edo mantentzearen ondorioz sor litekeen eragozpenik ez eragiteko auzokideei, animalia etxe barruan egon nahiz terrazan egon, azotean, balkoian, patio edo antzekoetan, finkan edo baratzean, merkataritza lokal, abeltegi edo animalia gordetzeko bestelako edozein lekutan, ordu guztietan, gau eta egun.

2. Animaliek eragozpenak eragiten badituzte modu jarraituan, eskumena duen agintaritzak egiaztatuta, zarata, usain edo bestelako arrazoiak direla-eta, udal agintaritzak ebazpen bidez erabakitzen ahalko du, indarra duten arautegi desberdinetan ematen zaizkion eskumenak baliatuta, auzokideen lasaitasuna bermatzeko beharrezkoak diren neurriak hartzea, eta horiek nahitaez bete beharko dituzte animalien jabeek edo edukitzaileek.

12. artikulua. Animaliak bide eta espazio publikoetan.

1. Etxeko animalien jabeek edo edukitzaileek uneoro galarazi behar dute animaliek espazio publikoetan kalterik eragitea edo horiek zikintzea.

2. Debekatuta dago usoei jaten ematea, udalak baimendutako janaria salbu.

3. Berariaz debekatuta dago metro bat baino gutxiago hurbiltzea, jaten ematea, atzematea, ukitzea, gauzak botatzea eta nolanahi den ere eragozpena sortzea udalerriaren barruan dauden animaliei, eta bereziki egokitutako lekuetan gordetzen diren animaliei, adibidez, ahate, beltxarga eta antzekoei. Hegaztiak arrautzak txitatzen ari diren garaian, debekatuta dago horretarako egokitutako lekuetara hurbiltzea.

4. Lagun egiteko animalien kasuan, ordenantza honek aurreragoko artikulu batean arautuko ditu haien presentzia eta lotzeko moduak, lagun egiteko animaliendako xedapen espezifiko baten bidez.

5. Ekidoen kasuan, ordenantza honek aurreragoko artikulu batean arautuko ditu haien presentzia bide publikoan, ekidoendako xedapen espezifiko baten bidez.

13. artikulua. Garraioa eta aldi batez edukitzea ibilgailu partikularretan.

1. Animaliak ibilgailu partikularretan garraiatzen direnean arau hauek bete behar dira:

a) Animaliek leku aski izan behar dute altxatzeko eta etzateko, leku batetik bestera eramaten dituen ibilgailuan.

b) Garraiatzen direnean, animaliek beren osasuna kaltetzen ahal duten kanpoko klima baldintzetatik babestuta egon behar dute.

c) Uneoro erabiliko dira trafikoaren arautegian ezartzen diren lotzeko moduak, kasu guztietan galarazteko animaliaren mugikortasunak gidariaren arreta distraitzea edo haren maniobra-gaitasunari edo ikuspenari eragozpena sortzea.

d) Animaliak ibilgailuan sartzeko eta ateratzeko unean haiei kalte edo sufrimendua eragitea eta haiek ihes egitea saihesteko sistema eta baliabide egokiak erabiliko dira.

e) Katuak edo hudoak garraiatzen direnean haien “transportin” edo garraio-saskian sartuta egonen dira uneoro.

2. Ibilgailua aparkatuta dagoenean, animalia barnean duela, labur eta modu puntualean egonen da, eta itzalpean, animaliak aireztatze eta tenperatuta egokiak dituela bermatzeko, arduraduna kanpoan dagoen bitartean.

3. Debekatuta dago animaliak ibilgailuaren maletategian itxita uztea, salbu eta ibilgailuaren bidaiari-tokiarekin bat eginda dagoenean.

IV. KAPITULUA

Osasun arauak

14. artikulua. Xedapen orokorrak.

1. Animalia duen pertsonak uneoro bermatu behar du animaliak garbitasun, osasun, ongizate eta segurtasun baldintza egokietan bizitzeko duen eskubidea, espezie bakoitzaren ezaugarri eta beharren arabera.

2. Albaitaritzako jarraipena egin beharko zaie animaliei, eta gutxienez kontrol bat egin aldian-aldian. Kontrol hori osasun kartillan edo haren baliokidean jaso beharko da. Gutxieneko sendaketak egokiak izan behar dute gaixotasunak prebenitzeko tratamenduei eta sendaketei dagokienez, eta, orobat, udal agintaritzak ezartzen ahal dituen osasun neurri prebentiboak aplikatzeari dagokionez. Tratamendu prebentiboak, gaixotasunak sendatzekoak eta sendaketa guztiak animaliaren arduradunak bermatu behar ditu.

3. Gaixotasun kutsagarrien deklarazioa badago, agintari eskudunek indarra duen arautegiaren arabera ezartzen dituzten osasun xedapenak bete beharko dituzte animalien jabeek edo edukitzaileek.

4. Lagun egiteko animalien arautegi espezifikoa ordenantza honen artikulu batean arautuko da, aurrerago.

15. artikulua. Albaitarien betebeharrak.

1. Albaitarien jardunbidea Lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzko apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legean eta haien lanbide jarduerari dagokion araubidean arautzen da, haietan arautzen baitira animalien identifikazioa eta erregistroa, nahitaezko osasun-azterketak, txertaketak, osasun-dokumentazioa eta datu klinikoen fitxategiak, zaintza eta kontrol epidemiologikoak, animalien tratu txarren komunikazioak eta hiltzeko edo eutanasiako protokoloak.

2. Albaitariek eta albaitaritza-klinikek, beren lanean dihardutela, zoonosi gune edo kasuen berri badute, udalaren osasun zerbitzuei jakinarazi beharko diete berehala, Nafarroako Gobernuan dagokion departamentuarekin bete behar diren osasun beharkizunak deusetan galarazi gabe.

3. Gainera, albaitarien, albaitaritza-kontsultategien, -kliniken eta -ospitaleen betebeharra da animalia erroldatuta dagoen udalari jakinaraztea ezagutu duten ustezko tratu txarren kasua.

16. artikulua. Animalien gorpuen kudeaketa.

1. Animalia baten gorpuaren kudeaketa, indarra duen legediaren arabera, haren jabeari dagokio, eta haren lege-betebeharra oinarrizko hiru betekizunetan zehazten da:

  • Animaliaren gorpua bertan behera ez abandonatzea.
  • Gorpua deuseztatzea, indarra duen legediak ezartzen dituen baldintzen arabera.
  • Arestian esandakoak betetzeko beharrezkoak diren jarduketek eragindako kostuak bere gain hartzea.

2. Animalia bat hilik aurkituz gero, haren identifikazioa ezinbestekoa da Administrazioak aurkikuntza jakinaraz diezaion jabeari, eta ondoren hark bere gain har ditzan dagozkion lege betebeharrak. Ildo horretatik, jabearen betebeharra eta eskubidea ere bada animalia hilaren aurkikuntzaren berri izatea, eta betebehar hori udalari dagokio, jabea identifikatu eta lokalizatu ondoren. Animalia identifikatuta ez badago, haren argazki bat gordeko da, haren balizko identifikazioa egiteko etorkizunean.

3. Animalia sakrifikatu edo arrazoi naturalengatik hilaren errausketa edo deuseztatzeko beste edozein metodo establezimendu baimenduetan eginen da, edo osasun agintariek ezartzen dituzten espezifikazioen arabera.

II. TITULUA

Animaliak haztea, saltzea eta haiekin bestelako jarduerak egitea: araubide juridikoa

17. artikulua. Jarduera-lizentziak.

Honako hauek dira ordenantza honi atxikitako industria, merkataritza edo zerbitzu jarduerak:

  • Animalien haztegiak.
  • Animalien zaindegiak.
  • Animaliak salerosteko dendak.
  • Animalientzako apaindegi zerbitzuak oro har.
  • Animalientzako kontsultategiak, klinika eta ospitaleak.
  • Animalien hilerriak
  • Aipatu horietako batzuk batera hartzen dituzten jarduerak edo beren funtzionamenduan animaliak erabiltzen dituztenak.

Instalazio eta funtzionamendurako lizentzia jarduera sailkatuen gaineko arauei loturik tramitatu beharko da, aplikagarri diren gainerako xedapenak bete behar direla ukatu gabe.

18. artikulua. Animaliak hazi edo saltzen dituzten establezimenduak.

Lagun egiteko animaliak merkataritza helburuekin hazi edo saltzen dituzten establezimenduek Lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzko apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legean ezartzen diren baldintzak bete behar dituzte.

19. artikulua. Lagun egiteko animalien zentroak.

Lagun egiteko animalien zentroek bete behar dituzten gutxieneko baldintzak, animalia baten edukitzaileari dagozkion betebeharrez gainera, Lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzko apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legean jaso dira, deusetan ukatu gabe beren sailkapenaren arabera erregelamenduz ezartzen direnak.

20. artikulua. Beste jarduera batzuk animaliekin.

Aldi baterako egiten diren jarduerek, hala leku itxietan nola leku irekietan, beren baimena izan beharko dute, Alkatetzak horretarako emana.

Baimen hori eskuratzeko eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

  • Jardueraren deskribapena.
  • Eskatzailearen izena, helbidea eta telefonoa.
  • Kokapena.
  • Jarduera zenbat denboratarako eskatzen den.
  • Jarduerako animalien kopuru eta espezieak.
  • Erantzukizun zibileko asegurua, jarduerak irauten duen denborarako.
  • Instalazioen onarpenari eta erregistroari buruzko egiaztagiria, behar den ministerioak luzatua.
  • Instalazio elektrikoen boletina, behin-behineko loturarako.

Nafarroako Gobernuan animalien osasun, identifikazio eta ongizatearen gaietan eskumena duen departamentuak ebatziko du administrazioaren baimena, ikuskizun, azoka, erakusketa, lehiaketa, filmazio eta animaliekiko gainerako jardueretarako.

III. TITULUA

Aurreko tituluen xedapen espezifikoak

I. KAPITULUA

Xedapen espezifikoak lagun egiteko animaliendako

21. artikulua. Lagun egiteko animaliak edukitzea etxebizitza partikularrean.

1. Oro har, lagun egiteko animaliak etxebizitza partikularrean edukitzea baimentzen da, betiere betetzen badira garbitasun eta osasun baldintzak, eta ongizateari eta segurtasunari dagozkionak, animaliarendako eta pertsonendako, bai eta auzokideei eragozpenik ez eragiteari dagozkionak ere, agintaritza eskudunak behar bezala egiaztatuta.

2. Animaliak etxebizitza partikularretan hazteko baldintza izanen da garbitasun, osasun, ongizate eta segurtasun baldintzak betetzea, animaliarentzat eta pertsonentzat. Animaliak hazteko jarduera ohikoa bada, hazkuntza zentrotzat hartuko da etxea, eta beraz, zentro horiek bete behar dituzten lege baldintza berak betetzea eskatuko zaio. Emearen bizitzan umaldi bat baino gehiago izatea ohiko hazkuntza dela ulertuko da.

3. Etxebizitza batean baimentzen den animalia kopururik handiena, gune zoologikoaren lizentzia lortu ezean, apirilaren 12ko 104/2013 Foru Aginduan xedatutakoaren arabera, arautegi horretan zehaztutakoaren hurrengo txikiagoa izanen da. Hori ezartzeko irizpidea da animalia kopuru altuago batek osasun arriskua ekar lezakeela.

4. Animaliak ezin dira zaindu leku batean hertsiak modu iraunkorrean, eta bermatu beharko da kanpora ateratzeko modua dutela, animaliaren behar etologikoek eskatu ahala, non ez den tartean albaitariaren agindurik, edo agintari eskudunen debekurik.

5. Animaliak ez dira modu iraunkorrean lotuta edukiko; aldian-aldian eta denbora batez bakarrik lotzen ahalko dira, arduradunaren begiradapean, eta loturak kalterik egiten ez diela eta mugitzeko, etzateko, elikatzeko, edateko eta gordetzeko aukera dutela bermatuta.

6. Animaliak ezin izanen dira eduki arduradunek gainbegiratze eta kontrol egokia egin ezin duten lekuetan, eta beraz, ezin izanen dira ohituraz bakarrik utzi balkoietan, patioetan, terrazetan edo antzekoetan etxebizitzaren jabea etxean ez dagoenean. Etxebizitzara sartzeko askatasuna izan behar dute, eta beti izan behar dute janaria, ur garbia eta atseden hartzeko gordelekua.

7. Animaliak ezin izanen dira bakarrik utzi etxean bi egunez baino gehiago jarraian, jabearen, edukitzailearen edo zaintzeko eginkizuna bere gain duen pertsonaren arretarik gabe. Eta zakurren kasuan, epe hori ezin daiteke inoiz izan 12 ordutik gorakoa.

22. artikulua. Lagun egiteko animaliak edukitzea bide publikoan.

1. Debekatuta dago animaliak sartzea umeen jolastokietan edo umeen erabilerarako bakarrik diren lorategietan, non ez den berariazko baimenik erakusten udalak jarritako errotuluetan.

2. Zakurrak bide publiko guztietan, herriko lorategietan, eta herritarrek aisiarako gehienbat erabiltzen dituzten berdeguneetako parkeetan, eta eraikinen sarreretan eta jabetza komuneko tokietan (atariak, eskailerak, igogailuak, eskailburuak, etab.) ibiltzen ahal dira, soil-soilik baldin eta katez edo uhalez loturik badaude eta beraiek kontrolatzeko gauza den inork eramaten baditu.

Arestian aipatu eremuetatik kanpora onartuko da animaliak libre ibil daitezen, beren aisialdirako, baina betiere inguruan animaliaz arduratuko den eta kontrolpean izanen duen inor baldin bada.

Nolanahi ere, lehenago noizbait erasorik egin duten zakurrek edota aldez aurretik arriskutsutzat jo daitezkeenek beraiei dagokien berariazko arautegia bete beharko dute.

3. Debekatuta dago animalientzat kaltegarri diren urkatze-lepokoak, lepoko ziridunak eta elektrikoak erabiltzea edo saltzea. Lepoko elektrikoak erabiltzen ahalko dira halakoak beharrezkoak direnean animalia jakin baten trebakuntzan, betiere albaitari edo aitortutako trebatzaile batek hala zehazten duenean.

4. Debekatuta daude zakurrari ahoa irekitzea galarazten dioten muturrekoak.

5. Uhal luzagarriak ez luzatzea gomendatzen da jende asko dabilen lekuan, edo espaloian ibiltzean, leku zabalagoetara iritsi arte.

6. Animalien jabe edo edukitzaile diren pertsonek nahitaez errespetatu behar dituzte inguruko errotulu informatiboetan ageri diren ohartarazpenak.

7. Debekatuta dago zakurrak garbitzea edo bestelako gorputz-garbitasuneko jarduerak egitea bide eta espazio publikoetan eta iturrietan.

8. Debekatuta dago zakurrak heztea eraso, defentsa, zaintza edo antzekoetarako, bide eta espazio publikoetan.

23. artikulua. Zakurren aisialdirako eremuak (ZEC).

1. Udalak egokituko ditu lagun egiteko animaliendako leku erreserbatuak, solte ibili ahal izan daitezen, eta egoki seinaleztatu, hesitu eta argiztatuko ditu, garbitasun eta osasun baldintzak bermatuz, animalien aisialdirako, sozializaziorako eta haien behar fisiologikoak egiteko, garbitasun baldintza egokietan.

2. Eremu horietan animalien eta pertsonen segurtasuna bermatu beharko da, eta animalien ihesa edo galtzea prebenitzeko ere egokiak izan beharko dute. Animaliak dituzten pertsonek haien animaliak zaindu beharko dituzte eta galarazi eremua partekatzen duten gainerako pertsonei eta animaliei eragozpenak eragitea.

3. Zakurren aisialdirako eremuen funtzionamendurako gida bat prestatuko du udalak, instalazioen baldintzak eta haien erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak arautuko dituena.

4. Nolanahi ere, erabilera arau hauek beteko dira:

a) Animalia bat askatzea jabearen edo edukitzailearen ez beste inoren erantzukizuna izanen da; eremu horietarako ezarritako arauak bete beharko dituzte, eta batez ere animalia zaindu, ez galtzeko edo ihes egiteko, eta eragozpenik ez eragiteko eremua partekatzen duten pertsonei nahiz animaliei.

b) Eremu horiek erabiltzen dituzten pertsonen erantzukizuna izanen da beren animaliek gainerako animaliei, pertsonei edo ondasunei eragiten ahal dizkieten kalteak.

c) Animaliaren jabeak edo edukitzaileak jasoko ditu animaliaren gorozkiak.

d) Beste animaliekiko borrokak eta liskarrak galaraziko ditu.

e) Animalia lotu gabe ateratzea saihestuko du.

f) Eremua egoera egokian mantenduko du.

g) Eremuan ageri diren erabiltzaileendako ohartarazpenak beteko ditu.

5. Beste eremu publikoetan ere zakurrak aske ibiltzeko lekuak ezartzen ahalko dira, zakur arraza potentzialki arriskutsuentzat izan ezik; behar bezala identifikatu eta seinaleztatuko dira, baina itxiturarik eta ekipamendu espezifikorik ez dute izanen, eta horietan zakurrak aske ibiltzen ahalko dira, leku horiei dagozkien arauetan berariaz ezarritako baldintzetan.

6. Arraza potentzialki arriskutsuetako zakurren kasuan, berariazko arautegian xedatutakoa aplikatuko da.

24. artikulua. Lagun egiteko animalien presentzia establezimenduetan eta bestelako lekuetan.

1. Berariaz debekaturik dago zakur, katu edo lagun egiteko bestelako animaliak sartzea elikagaiak ekoiztu, bildu, garraiatu, saldu edo maneiatzen diren era guztietako lokaletan. Establezimendu horien jabeek nahitaez erakutsi beharko dute debeku hori kanpoan, ikusteko moduan.

2. Igerileku publikoetan, erabilera orokorreko eremuetan eta establezimendu turistikoen erabilera pribatuko eremuetan, debekatuta dago zakurrak edo bestelako animaliak ibiltzea edo han egotea, bainuen denboraldian.

3. Debekatuta dago animaliak sartzea kirol, kultura nahiz aisialdiko ikuskizunetako lokaletara, publikoarentzat irekita dauden bitartean, non ez diren animalien lehiaketak, sariketak edo kontzentrazioak, edo agintari eskudunak zehaztu eta baimentzen ahal dituen bestelakoak.

4. Erabilera publikoko lokalen arduradunek beren irizpideen arabera debekatzen ahalko dute animaliak beren establezimenduetan sartzea eta egotea, eta horren berri edo animalien onarpenaren berri eman beharko dute establezimenduaren sarreran, ikusteko moduko leku batean. Debeku horretatik salbuetsita daude gida-, segurtasun- eta laguntza-zakurrak, eta antzeko eginkizunak dituzten beste batzuk, horretarako baimena dutela erakutsita.

Establezimendu bakoitzean aplikatzen den irizpide orokorra edozein dela ere, jabeek debekatzen ahalko dute animalia baten sarrera, beren tamainagatik, erasokortasunagatik, urduritasunagatik, itxura txarragatik edo bestelako edozein arrazoirengatik, bezeroentzako aztoragarriak edo beldurgarriak direla irizten badiote.

Sartzea eta bertan egotea baimenduta ere, animaliek kate edo uhalez lotuta egon behar dute. Hala ere, zakur potentzialki arriskutsuek beti egon beharko dute uhal ez luzagarri edo katez lotuak, eta muturrekoa jarrita, indarra duen legediaren arabera.

5. Udalaren erabakia izanen da animaliei sarbidea ematea udalaren jabegoko eraikinetara, eta eraikinen sarreran adierazi beharko da animalien sarbidea baimentzen den ala ez.

25. artikulua. Gorozkiak eta pixak.

1. Animalien jabeek edo edukitzaileek saihestuko dute uneoro animalia horiek kaltetzea edo zikintzea eremu publikoak, kaleak edo fatxadak. Modu berezian beteko dira jarraibide hauek:

a) Debekatuta dago zakurren eta beste animalien gorozkiak bide publikoan uztea, edo ibiltariek erabili beharreko lekuetan, batez ere umeen jolastoki eta parkeetan.

b) Animalien gorozkiak berehala jaso beharko dira, ahal bada baliabide iragazgaitz eta estankoak erabiliz, eta zorro edo ontzi horiek dagokien edukiontzian bota beharko dira.

c) Debekatuta dago animaliek pixa egitea eraikinen fatxadetan, hiri-altzarietan eta ibilgailuen gurpiletan.

d) Halakorik gertatuz gero, berehala garbitu beharko da.

2. Arestiko xedapenak betetzen ez badira, udal agintaritzako agenteek animaliaren jabeari edo edukitzaileari kaltetutako elementuak berehala garbitzeko eskatzen ahalko diote, ukatu gabe aipatutako arau horiek ez betetzeagatik aplikatzen ahal diren zehapenak.

26. artikulua. Lagun egiteko animaliak garraio publikoan eramatea.

1. Lagun egiteko animaliak garraio publikoan eramanen dira garraio enpresen arautegiak ezartzen duena betez.

2. Laguntza- eta segurtasun-zakurrak aske ibiltzen ahal dira hiri garraiobide publikoan, betiere jabeak edo pertsona baimenduak lagunduta, eta indarra duen arautegia betetzen badute.

3. Garraiobide publikoen titularrak partikularrak direnean, esaterako, taxian, erabilera baimentzea edo ukatzea beraien erabakia izanen da.

4. Nolanahi ere, animaliek garraiobide publikoetan sarbidea izateko baldintzak izanen dira garbitasun eta osasun egoera onean izatea eta zerbitzuaren erabiltzaileei eragozpenik ez eragitea.

27. artikulua. Lagun egiteko animalien identifikazioa.

1. Lagun egiteko animalien jabe edo edukitzaile diren pertsonek nahitaez identifikatuta izan behar dute animalia, mikrotxip homologatu eta ezabaezin baten bidez, eta osasun txartel ofizial bat izan behar dute, albaitari batek Lagun egiteko Animalien Nafarroako Erregistroan inskribatu aurretik, Lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzko apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legean eta hura garatzeko erregelamenduan ezarritakoaren arabera.

2. Animaliaren jabearen datuak aldatzen badira, edo jabe aldaketa izaten bada, edo animalia hiltzen bada, informazio hori eguneratu beharko da dagokion erregistroan, albaitari baten bitartez, Lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzko apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legean eta hura garatzeko erregelamenduan ezarritakoaren arabera.

3. Hala ere, zakurrak beste modu batean identifikatzea eska dezake udalak, alkatearen bando baten bidez, esaterako animaliaren pasaportea edo osasun txartela izatea, jardunbiderako baimena duen albaitari batek emandakoa, eta ondorengo datuak jasoko dituena: animaliaren izena, mikrotxip zenbakia, jaiotze data, espeziea, arraza, sexua, tamaina, kolorea, txertaketak; titularraren datuak, barne direla helbidea eta kontaktu telefonoa; gomendagarria da, ahal izanez gero, animaliaren argazkia ere eranstea.

4. Gomendagarria da lagun egiteko animaliek modu iraunkorrean eramatea identifikazio-plaka bat edo lepokoan egokitutako bestelako edozein euskarri espazio edo bide publikoetan dabiltzanean, animaliaren izena eta edukitzailearen kontaktu telefono bat, hura lokalizatu ahal izateko, animalia galduz gero. Neurri hori ez da nahitaezkoa, baina lagungarria izanen da auzokoentzat, animaliaren jabea aurkitu ahal izateko, udalaren harrera zerbitzura jo beharrik gabe, eta animalia udalaren egoitzara eramatea eta arau-hausteak ekar lezakeen zehapena saihestuz.

28. artikulua. Zer egin pertsonei edo beste animaliei lesiorik eraginez gero.

1. Pertsona bat lagun egiteko animaliaren baten erasoaren ondorioz lesionatu bada, udalaren osasun zerbitzuei emanen die horren berri, medikuaren agiria erantsiz.

2. Osasun zentroek eta medikuek lagun egiteko animaliaren baten erasoak eragindako lesioak dituzten pertsonei emandako laguntza medikoa edo kirurgikoa jakinarazi behar diete udalaren osasun zerbitzuei.

3. Udalaren teknikari eskudunek erabakiko dute nolako osasun kontrola eraman beharko den animalia erasotzailearekin. Udalaren osasun zerbitzuek hozka egin duen animalia behar den zentrora eramanen dute, eta bertan osasun azterketa egin eta zaintzapean edukiko dute, legediak ezarrita daukan denboran, eta bidezkoa bada, nahitaezko txertoa jarriko diote.

4. Hozka egin duen zakurraren jabea edo edukitzailea beharturik dago animaliaren datuak ematera erasoa jasan duenari edo haren legezko ordezkariei, bai eta eskatzen dioten agintari eskudunei ere. Gainera, animalia bere ohiko aterpean atxiki beharko du, nahitaez, udalaren osasun zerbitzuek bildu arte, eta berariaz debekaturik dago animalia inora eramatea edo hiltzea. Haien betebeharra da, halaber, albaitariari jakinaraztea animaliaren edonolako osasun edo portaera aldaketa.

5. Animalia erasotzailea alderrai badabil edo inork ezagutzen ez badu, udalaren zerbitzu eskudunaren ardura izanen da hura bizirik atzematea eta haren osasun azterketa egitea animalien harrera zentroan.

29. artikulua. Lagun egiteko animalia abandonatuak eta galduak.

1. Udalerrian animalia abandonatu edo galduren bat izanez gero udalari jakinarazi behar zaio. Udalaren ardura izanen da animalia atzematea eta zaintzea, animaliak jasotzeko zerbitzu iraunkor baten bidez; zerbitzua udalarena edo mankomunatua izan daiteke, edo Foru Komunitatearen Administrazioarekin hitzartua, edo tokiko beste entitateren batekin, animalien defentsa eta babeserako elkarteren batekin, edo horretan aritzen diren pertsona juridiko edo fisikoekin, agintaritza eskudunaren aitortza eta baimena badute.

2. Partikular batek animalia abandonatu edo galdu bat bere kabuz atzematen badu, udal zerbitzuak bertan ez daudelako, eta animaliaren edo pertsonen segurtasun fisikoa arriskuan jartzen duen egoera bat eragozteko, edo premia handiko esku-hartzea eskatzen duen egoera batean, animalia hori atzeman izana berehala jakinarazi behar zaio udalari. Animalia atzeman duen pertsonak udalaren zerbitzuetatik helarazten zaizkion jarraibideak bete beharko ditu, animalia aldi batez zaintzeko edo entregatzeko Udalaren zerbitzuei edo harrera lekuan.

30. artikulua. Lagun egiteko animaliak titulartasun publikoko egoitza-zerbitzuetan.

1. Egoitza-zerbitzu publikoek, haien ezaugarriek aukera ematen badute, eta modu progresiboan, lagun egiteko animalia bat duten pertsonei beren animaliarekin egoitza horietan egoteko aukera bermatuko diete, Lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzko apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legean eta hura garatzeko erregelamenduan ezarritakoaren arabera.

2. Udalak sentiberatasuna erakutsiko du lagun egiteko animaliek adineko pertsonekin eta behar bereziak dituzten pertsonekin duten funtzio sozialaren aurrean.

II. KAPITULUA

Zakur potentzialki arriskutsuendako xedapenak

31. artikulua. Araubide orokorra.

Zakur potentzialki arriskutsuei aplikatuko zaizkie, Lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzko apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legean ezarritakoa ez ezik, animalia mota horrentzako onartutako arautegi espezifikoa ere (Animalia potentzialki arriskutsuak edukitzearen araubide juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Legea, eta hura garatzen duen 287/2002 Errege Dekretua, martxoaren 22koa).

32. artikulua. Animalia arriskutsu bat edukitzeko lizentzia pertsonala.

1. Ordenantza honetan oinarriturik, animalia potentzialki arriskutsu gisa sailkatuta dagoen animalia baten jabeak edo edukitzaileak lizentzia berezi bat izan beharko du.

Lizentzia eskatu behar da animalia eskuratu aurretik, eta onartua izateko, Nafarroako Gobernuko departamentu eskudunaren onespena beharko du, Arau-hausleen Erregistroan kontsulta egin ondoren.

2. Lizentzia eskuratzeko, honako baldintza hauek bete beharko dira:

a) Adinduna izatea eta ez egotea ezindurik animalia behar bezala zaintzeko.

b) Inoiz kondenatua izan ez izana honako delitu hauetakoren batengatik: homizidioa, lesioak, torturak, askatasunaren edo osotasun moralaren aurkakoak, sexu-askatasunaren eta osasun publikoaren aurkakoak edo, talde armatu batekin edo droga trafikatzaileekin elkartu izana, eta zehapenik jaso ez izana animalia potentzialki arriskutsuak edukitzearen inguruko arau-hausteengatik.

c) Gaitasun psikologikoaren agiria, udal agintariek aitortutako erakunde ofizial batek emana.

d) Erantzukizun zibileko aseguru bat erakustea, animaliek hirugarrenei eragiten ahal dizkieten kalteengatik, gutxienez urtebeteko iraupena eta 120.000 eurotik gorako zenbatekoa duena.

e) Udalak onartzen duen udal tasa ordaintzea.

3. Lizentzia eskatzera beharturik daude animalia potentzialki arriskutsuen jabeak edo edukitzaileak, baldin eta udalerrian bizi badira edo animaliak salerosteko edo trebatzeko jarduera udalerrian egiten bada. Era berean, lizentzia hori eskatu beharko dute animalia arriskutsuen jabeek edo edukitzaileek, animaliak hiru hilabetez bederen udalerrian egon behar badu.

Animalia potentzialki arriskutsuen jabeek edo edukitzaileek betebehar hori ezarrita ere, herritarrek udalari jakinarazten ahalko diote mota horretako animaliak dituzten pertsonak, jabeak nahiz edukitzaileak, badirela udalerrian, udalak legeen arabera bidezkotzat jotzen dituen ekintzak egin ditzan.

4. Lizentziak 4 urteko indarraldia izanen du, eta indarrik gal ez dezan, eskuratzeko eskatu ziren baldintzei eutsi beharko zaie. Aurrekoa gorabehera, udalak egiaztatzen ahalko du, ofizioz edo salaketaren ondorioz, animalia potentzialki arriskutsuaren jabeak edo edukitzaileak lizentzia eskuratzeko baldintzei eusten ote dien, eta dagokion ikuskapena egin ondotik, animalia potentzialki arriskutsuaren jabeak edo edukitzaileak baldintzaren bat betetzen ez duela egiaztatzen bada, animalia edukitzeko lizentziarik ez duela kontsideratuko da, eta hasiera emanen zaie behar diren legezko ekintzei.

III. KAPITULUA

Laguntza-zakurrendako xedapenak

33. artikulua. Laguntza-zakurrei aplikatuko zaie Lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzko apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legean xedatutakoa, eta orobat haiei dagokien arautegi espezifikoa, egun jasotzen dena otsailaren 2ko 3/2015 Foru Legean, hark arautzen baitu ezgaitasuna duten pertsonek, laguntza-zakurra berekin dutela, eremu irekietan eta beste eremu mugatu batzuetan sartu, ibili eta egoteko duten askatasuna; edo bestela, hura ordezten duen arauan jasotakoa.

IV. KAPITULUA

Agintaritzaren agenteen eta segurtasun enpresa baimenduen jabetzakoak diren zakurrendako xedapenak

34. artikulua.

1. Udaltzainen eta baimen ofiziala duten segurtasun enpresen zakurrak, agintaritzaren agenteei edo segurtasun langileei laguntza emateko zereginen esparruan ari direnak, ez daude legean sailkatuta zakur potentzialki arriskutsu gisa.

2. Agintaritzaren agenteei eta segurtasun enpresetako langileei laguntza ematen dieten zakurrek heziketa egokia izan behar dute, eta osasun kontrola ere bai, eta mikrotxip batez identifikatuta egon behar dute. Animalia horien ardura duten pertsonek animalia kontrolatzeko gaitasuna eta trebetasuna izan behar dute, eta galarazi behar dute zaintzaren objektua den eraikinetik ihes egitea edo ateratzea, eta orobat herritarrei eragozpenak edo lesioak eragitea.

3. Leku ikusgarrian iragarri behar da, errotulu batean, zaintza-zakurra badela eta arriskutsua izan daitekeela.

V. KAPITULUA

Ekidoendako xedapenak

35. artikulua.

1. Ekido guztiek identifikatuta egon behar dute, eta behar den dokumentazioa izan behar dute, espezie horiei dagokien eta indarra duen legedian ezarritakoa betez.

2. Ekidoak edo animaliek tiratutako ibilgailuak bide publikoan gidatzea debekatuta dago, oro har, udalaren baimenik izan ezean.

3. Bide publikoan dabiltzan ekido guztiek erantzukizun zibileko aseguru baten estaldura izan behar dute, eragin litzaketen kalteak estaltzeko.

4. Hiri-eremuan, behar den baimena izanez gero, ibilgailu motordunen mugapen berak izanen dituzte, indarra duten zirkulazio erregelamenduen arabera.

5. Animaliak ez dira inolaz ere bide publikoan utziko hiri altzariei edo finka partikularren osagaiei lotuta, edo zaintzarik gabe.

6. Baimendutako azoka eta ikuskizun publikoek, ekidoak tartean direla, albaitariaren ikuskapena eta ziurtapena behar dituzte, Lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzko apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legean eta hura garatzeko erregelamenduan ezarritakoaren arabera.

7. Baimendutako azokak eta ikuskizun publikoak egiten ari direlarik, bai eta ekidoak bide publikoan barna ibiltzen direlarik ere, debekatuta dago animaliei oinazea eragin edo animalientzat, zaldizkoentzat, parte-hartzaileentzat edo ikusleentzat arriskua ekar dezaketen edonolako jardunbiderik egitea edo osagairik erabiltzea.

8. Baimendutako azokak eta ikuskizun publikoak egiten ari diren bitartean nahitaezkoa izanen da:

a) Animalia etengabe zaintzea eta kontrolatzea.

b) Segurtasun neurriak erabiltzea parte-hartzaileentzat eta ikusleentzat, batez ere babes-kaskoa erabiltzea, arautegiak hala ezartzen duen kasuetan.

c) Ekidoendako eskura dauden segurtasun neurriak erabiltzea.

9. Antolakuntzako kideek, parte-hartzaileek eta laguntzaileek nahitaezkoa dute baldintza hauek zuzen betetzea, eta animaliek tratu ona izateko behar diren baliabide guztiak erabiltzea.

VI. KAPITULUA

Ekoizpenerako animaliendako xedapenak

36. artikulua.

Ekoizpenerako animaliei aplikatuko zaizkie arloari dagozkion arautegi espezifikoetan aurreikusten diren betebeharrak eta debekuak.

VII. KAPITULUA

Animalia basati eta exotikoendako xedapenak

37. artikulua. Debekatutako animaliak edukitzea.

Debekatuta dago Lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzko apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legearen laugarren xedapen gehigarrian erregistratutako animaliak edukitzea parke zoologiko erregistratuetatik kanpo edo agintaritza eskudunak berariaz baimendutako gune zoologikoetatik kanpo.

38. artikulua. Animalia exotikoak edukitzea.

1. Espezie ez autoktonoetako animaliak edukitzeko, Espainiako Estatuak sinatutako nazioarteko itun eta hitzarmenetan, Europako arautegietan eta Lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzko apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legean ezarritakoak bete behar dira.

2. Fauna ez autoktonoko espezie bateko animaliaren jabe diren pertsonek, betiere horiek edukitzea baimendua dagoenean, agiri bidez ziurtatu beharko dute haien legezko jatorria.

3. Animalia horiek uneoro gordeko dira espezie horretarako egokia den ingurune batean, haien beharrak eta ongizatea bermatzeko.

39. artikulua. Basa animalia autoktonoak edukitzea.

Debekatuta dago espezie autoktonoetako animaliak edukitzea gune zoologikoetan nahiz eremu partikularrean, barne direla ehiza-espezieak, agintaritza eskudunak berariaz baimendu ez badu, Lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzko apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legea eta bertan ezartzen diren baldintzak betez.

VIII. KAPITULUA

Bestelako xedapenak

40. artikulua. Lagun egiteko animalia gisa sailkatuta ez dauden etxeko animaliak.

1. Etxeko bestelako animaliak edukitzea (untxiak, etxeko hegaztiak, etab.) ez da inoiz izanen osasun publikorako arrisku edo auzokideendako eragozpen iturri.

2. Eraikin bakoitzeko kopuru baimendua zenbatzeko, kontuan hartuko dira animalien ezaugarriak, gordelekua, espazio erabilgarria, garbitasun eta osasun baldintzak, eta auzokideei edo inguruari eragiten ahal dizkieten ondorioak eta eragozpenak.

3. Hasiera batean, ez da hiri eremuan baimenduko esne-behirik izatea (behitegiak), ez animalia handiak edukitzea, ez haztea (kontsumorako edo aisialdirako izanda ere), ez artzaintza jarduerarik, ez eta artalderik igarotzea ere, salbuespenaren baldintza espezifikoak jasoko dituen berariazko baimenik izan ezean.

41. artikulua. Autokontsumorako animaliak edukitzea.

Familiaren autokontsumorako etxeko hegaztiak, untxiak, usoak, faisaiak, arkumeak, ahuntzak eta antzeko animaliak etxebizitza partikularretan hazteko baldintza izanen da hirigintzako arauak eta lurzoruaren erabilerari buruzkoak eta arautegi espezifikoa betetzea.

42. artikulua. Gune zoologikoak.

Aplikagarria izanen da 104/2013 Foru Agindua, apirilaren 12koa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emana, Nafarroako gune zoologikoen baimena, sailkapena, erregistroa eta kontrol zoosanitarioa arautzen dituena.

43. artikulua. Abere lehiaketak eta animalien beste bilketa batzuk

Aplikagarria izanen da 491/2013 Foru Agindua, abenduaren 13koa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitatean abere lehiaketak eta animalien beste bilketa batzuk arautzen dituena.

44. artikulua. Esperimentaziorako animaliak edukitzea.

Esperimentaziorako animaliei aplikatuko zaie 53/2013 Errege Dekretua, otsailaren 1ekoa, oinarrizko arau batzuk ezarri zituena saiakuntzak egiteko eta beste helburu zientifiko batzuetarako, irakaskuntza barne, erabiltzen diren animaliak babesteko.

IV. TITULUA

Udalerriko animalia-kolonien araubide juridikoa

I. KAPITULUA

Jabeen erantzukizuna

45. artikulua.

Orube edo etxebizitza itxi edo hustuen jabeen betebeharra da haien barnean katu herratu edo basati, uso edo bestelako animalien koloniak finkatzea saihesteko neurriak hartzea. Kolonia hori lehendik finkatu balitz, saihestu beharrekoa izanen da beste espazio batzuk kolonizatzea, eta handik kendu beharko balitz, ahal izanez gero, katuen kasuan, animaliak babesteko entitate baten eskutik eginen da, eta lan hori animaliak babesteko indarreko arautegiaren arabera egiten dela bermatu beharko da, dagokion udal baimenaren bidez.

II. KAPITULUA

Hiri-hegaztien populazioen gaineko kontrola

46. artikulua.

1. Udalaren esku dago eremu publikoan animalien populazioen kontrol espezifikoak egitea, haien ugaritasunagatik edo ezaugarriengatik osasun arazoak, eragozpenak, edo pertsonendako, ondasunendako, animaliendako edo ingurumenarendako kalteak eragiten ahal badituzte.

2. Bide publikoan eta udalaren ekipamenduetan aplikatzen diren izurrite-kontrolak izurriteen kontrol integratuaren printzipioetan oinarritutako programei jarraikiz eginen dira, lehentasuna emanez neurri prebentiboei eta animaliei minik edo kalterik eragiten ez dieten metodoei, Lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzko apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legean ezarritakoa betez.

3. Hegaztien kasuan, hiriko habitata beraientzat mesedegarriena den moduan betetzen dute haiek, eta beraz, arazoa epe ertain-luzera modu eraginkorrean kontrolatzen dela bermatzeko gakoa da haien janari-iturriak eta habiak egiteko lekuak identifikatzea eta kontrolatzea.

4. Espazio pribatuen (etxebizitzak, eraikinak, orubeak, lursailak, etab.) jabeen erantzukizuna da horiek garbitasun eta osasun baldintza egokietan mantentzea, eta beren etxebizitzetan hegaztiak finkatzea, habia egitea edo ugaltzea saihesteko behar diren neurriak hartzea. Udalak informazioa eskainiko du jarduteko moduari buruz eta aurrera eraman daitezkeen ekintza zuzenei buruz.

5. Hegazti horien gehiegizko populazioa kontrolatzeko, saihestu behar da hegaztiei jaten ematea eremu publikoetan. Hala ere, udalak debekua ezar dezake zenbait espezie elikatzearen gainean, alkatearen bandoa emanez.

6. Komeni da udalari jakinaraztea usoek eragozpenak eragiten dituzten lekuren baten berri izanez gero, esaterako, eraikin hutsen berri ematea.

III. KAPITULUA

Katu-kolonien kontrola

47. artikulua. Katu-kolonien ezarpena.

1. Katu basatien koloniak katu talde kontrolatuak dira, ez jabe ez edukitzaile ezagunik ez dutenak; eremu publiko edo pribatu batean bizi dira, eta han jaso beharko dute arreta, osasun zaintza eta elikadura, haien biziraupena bermatzeko. Udalak sustatu behar du katu-kolonien kudeaketa, animaliek auzokoei eragiten dizkieten eragozpenak eta osasun arriskuak ahalik eta gutxien izan daitezen, gehiegi ugaltzea saihesteko eta animalien bizitzaren kalitatea hobetzeko.

2. Udalerrian elkarrekin bizi diren eta kolonietan elkartu diren katuak hiri faunaren parte dira, eta horrenbestez, haien bizimodua errespetatu eta babestu behar da, eta ahal den neurrian, dauden lekuan mantenduko dira, non ez den auzokoentzako eragozpenak saihesteko edo osasun publikoa eta ingurumena babesteko neurririk hartu behar. Hiri inguruneko animalia-koloniak ezin dira lekuz aldatu, non ez den frogatu era egiaztagarrian animalien segurtasuna arrisku larrian dagoela edo pertsonentzako osasun arazoa dagoela, behar bezala egiaztatua.

Lekualdatze hori profesionalek bakarrik egin dezakete, edo entitate laguntzaileetako kideek, kasu guztietan ere adituen gomendioei jarraikiz, eta udal zerbitzuen zaintzapean.

3. Debekatuta dago katu-koloniak artatzeko, atzemateko, elikatzeko edo gordetzeko udalak edo baimendutako entitateek eta boluntarioek egokitutako lekuak eta han jarritako materialak aldatzea edo hondatzea.

4. Animaliek eragindako kalteen ondorioz sor litezkeen erreklamazioak udalari helaraziko zaizkio, bera baita kolonien arduraduna.

5. Debekatuta dago zakurrak sartzea kolonien eremuetan, eta orobat katu gehiago eramatea haietara, udalaren berariazko baimenik izan ezean, eta betiere udal zerbitzuen eta kolonien kudeaketaren arduradunen ikuskapena tartean dela.

48. artikulua. Katu-kolonien kudeaketa.

1. Udal zerbitzuen erantzukizuna da katu-kolonien kudeaketa, barne direla haien babesa eta seinaleztapen egokia, udal langileen edo hitzartutako pertsonen bidez. Animalien babeserako eta defentsarako entitate laguntzaileek parte hartzen ahalko dute katu-kolonien kudeaketan, lankidetzarako hitzartutako itunen edo tresnen bidez, eta betiere udal zerbitzuen ikuskapena tartean dela. Katu-koloniak zaintzeko boluntarioak diren pertsonek, animalien babeserako entitateetakoak izan nahiz partikularrak izan, udalaren prestakuntza eta berariazko baimena jaso beharko dute, eta identifikazio txartel bat izan beharko dute, eta beti aldean eraman, kolonietan haien eginkizunetan ari direnean.

2. Kolonien zaintza eta elikadura zaintzaile-elikatzaileen ardura izanen dira, hala udal zerbitzuetako langileak direnean, nola udalak prestatu eta berariaz baimendutako boluntarioak direnean ere. Pertsona horiek laguntza emanen dute katuak atzemateko eta askatzeko kanpainetan, horretarako ezartzen diren baldintzetan. Hala ere, herritarren kontzientzia eta koloniekiko bizikidetza harmoniatsua sustatzeko, ahalegina eginen da beste hainbat laguni ere animaliak zaintzeko aukera emateko, betiere artikulu honetan aurreikusitakoa betez, eta kolonien arduradunen baimena eta ikuskapena tartean direla.

3. Kolonia kontrolatuetako katuak elikatzeko pentzu idorra besterik ez da erabiliko, eta leku babestu eta ez nabarmenetan emanen zaie, auzokideei eragozpenik ez eragiteko eta animaliendako arriskuak saihesteko moduan. Arreta bereziz zainduko da lekuaren garbitasuna, eta ondoren beti utziko da garbitasun eta osasun baldintza egokietan. Debekatua izanen da katuei jaten ematea elikatzeko puntu ezagun eta baimenduetatik kanpo, eta debekatua, halaber, katuei jaten ematea udalaren identifikazioa eta baimena ez duten pertsonek.

49. artikulua. Katu-kolonien populazioaren kontrola.

1. Kolonien populazioen kontrolerako erabiliko den metodo bakarra CES metodoa da (euskaraz HAA, Harrapatu-Antzutu-Askatu), eta animalia askatu beharko da jatorrizko kolonian, hau da, harrapatu den leku berean. Katuak kentzeko aukera gauzatuko da tartean behar bezalako justifikazio frogatua dagoenean bakarrik, eta betiere katuak birkokatzeko leku segurua, zaintza egokia bermatuko duena, izanez gero. Animalia bere jatorrizko lekua ez den beste leku batean askatzea profesionalek bakarrik egin dezakete, edo animaliak babesteko entitate laguntzaileetako kideek, kasu guztietan ere adituen gomendioei jarraikiz, eta udal zerbitzuen zaintzapean.

2. Udalak dokumentu batean ezarri beharko du katu-kolonien populazioa kontrolatzeko protokoloa, eta bertan jasoko ditu jarraitu beharreko prozedura desberdinak, katuak harrapatzeko eta antzutzeko, animalia gaixo eta zaurituen arretarako eta adopziorako egokiak diren animaliak hartzeko; han azalduko ditu, baita ere, kolonia baten kudeaketan maiz samar izaten ahal diren inguruabarrak eta gertakizunak.

3. Udalak katu-kolonien eta haietan bizi diren animalien errolda jaso beharko du, eta han adieraziko du koloniak non dauden, egoera, haietan egindako jarduketak, eta animalia kopurua, haien datuekin: izena, arraza, sexua, adina, egoera, mikrotxip zenbakia, baldin badu, animaliaren antzutzea, etab.

4. Animalia gaixoen eta zaurituen eutanasia eginen da egoeren arabera bakarrik, eta Lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzko apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legeak xedatzen dituen baldintzetan.

V. TITULUA

Animaliak edukitzeko eta babesteko diziplina-araubidea.

I. KAPITULUA

Animalien ongizatea zaintzea eta kontrolatzea

50. artikulua.

1. Udalaren eskumenekoak diren ikuskapen eta kontrol eginkizun guztiak, barne direla identifikazioa, kautelazko neurriak eta behin-behinekoak hartzea, esaterako animaliak lekutik kentzea edo/eta dekomisatzea eta animalien zentroen ikuskapena, Lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzko apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legeak xedatzen dituen baldintzetan eginen dira.

2. Udal agintaritzako agenteek egin beharreko ikuskapen, zaintza eta kontrol eginkizunak eragotzi, atzeratu edo galarazten duten ekintzak eta ez egiteak oztopatzeagatiko arau-hauste administratiboa izan daitezke.

3. Pertsona guztien eskubidea eta betebeharra da udalari jakinaraztea ordenantza honetan edo aplikatzekoa den arloko arautegian ezartzen diren arauen arau-hauste administratiboa izan daitekeen gertakaria.

II. KAPITULUA

Animaliak edukitzeko eta babesteko zehapen araubidea

51. artikulua.

Arau-hausteak, zehapenak eta haien mailakatzea, bai eta haien iraungipena eta ekartzen duten erantzukizun penala ere, arautuko dira Lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzko apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legeak xedatzen duenaren arabera.

Lege horretan ezarritakoaz gain, udal agintaritzako agenteek honako hauek aplikatzen ahalko dituzte:

1. 200dik 1.000 eurora bitarteko isuna arau-hauste arin hauengatik:

a) Kaleko animaliak edo basatiak aztoraraztea edo atzematea, non ez den animalien populazioaren kontrolerako berariazko baimenarekin.

b) Animalia basatiei edo basati bihurtutakoei jaten ematea bide publikoan, salbu eta katu-kolonien zaintzaile diren pertsonentzat, udalak behar bezala baimenduak eta ziurtatuak, ordenantza honetan aurreikusten denaren arabera.

c) Dirua irabazteko asmoz animaliak erakutsi, saldu edo trukatzea, bide eta espazio publikoetan, salbu eta animalia abandonatu edo galduak aldi batez ematea, adoptatzea edo etxean hartzea bada kasua, lagun egiteko animalien harrerako zentroen edo animalien defentsarako eta babeserako entitateen bidez, udalak eman beharreko baimenarekin.

d) Produktu toxikoak edo sufrea jartzea bide publikoetan edo haien ondoko eraikinetan.

e) Hirigunean zakurrak ibiltzea, katez edo uhalez loturik eta beraiek kontrolatzeko gauza den pertsona arduradunak eramanda ez bada. Arduradunik gabe dabiltzan zakurrak udal zerbitzuek harrapatuko dituzte eta dagokien gordelekura eramanen dituzte.

f) Bide publikora atera daitezkeen animaliei jabego pribatuko eraikinetako hormetan eta ateetan pixa egiten uztea.

g) Bide publikora atera daitezkeen animalien gorozkiak ez jasotzea eremu publiko horietatik.

h) Udalaren errekerimendua horretarako adierazitako epetik kanpo betetzea.

i) Ordenantza honetan ezartzen diren betebeharrak ezarritako epetik kanpo betetzea.

III. KAPITULUA

Zehapen eskumena eta prozedura ebazteko epea

52. artikulua.

1. Udalaren ardura izanen da udalerrian lagun egiteko animaliekin lotuta gertatzen diren arau-hausteek eragindako zehapen-espedienteen instrukzioa egitea eta ebaztea. Hala ere, udalak eskaera arrazoitua aurkezten ahalko du Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioaren organoen aurrean, eskumen zehatzaile hori modu subsidiarioan gauzatu dezan, udalak horretarako baliabide material eta humano aski ez duenean.

2. Udalerrian gertatutako arau-hausteren baten inguruan Nafarroako Gobernuaren departamentu eskudunaren jakinarazpena jasotzen badu, udalak berariaz adierazi beharko du zehapen-espedientea hasteko asmoa duen, hilabeteko epean, edo berariaz adierazi horri uko egiten diola.

3. Udalak urtebeteko gehieneko epea izanen du zehapen-ebazpena egin eta jakinarazteko, zehapen-prozeduraren hasiera-datatik kontatzen hasita.

4. Ordenantza honi dagozkion arau-hausteen ondoriozko zehapenetatik sor litezkeen diru-sarrerak animaliak babesteko jarduketei eskainiko dizkie udalak, betiere erregelamenduz garatzen diren baldintzetan egiten badira, eta Lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzko apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legeak xedatzen duenaren ildotik.

Iragarkiaren kodea: L2013751