285. ALDIZKARIA - 2020ko abenduaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

131/2020 FORU AGINDUA, azaroaren 27koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak azaroaren 2an emandako 132/2017 Foru Agindua aldatzen duena. Foru agindu horren bidez, zehaztapen normatibo eta tekniko batzuk arautu ziren balio erantsiaren gaineko zergaren erregistro liburuak Nafarroako Zerga Ogasunaren zerbitzu telematikoen bidez eramateko modua garatzeko, eta, orobat, tributuen arloko beste arau batzuk aldatu ziren.

Foru agindu honen helburua da Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak azaroaren 2an emandako 132/2017 Foru Agindua aldatzea, zeinaren bidez zehaztapen normatibo eta tekniko batzuk arautu baitziren balio erantsiaren gaineko zergaren erregistro liburuak Nafarroako Zerga Ogasunaren zerbitzu telematikoen bidez eramateko modua garatzeko, eta, orobat, tributuen arloko beste arau batzuk aldatu baitziren. Aldaketa hauekin, Nafarroako Foru Ogasunaren zerbitzu telematikoen bidez eramaten diren erregistro liburuen edukia eta diseinua egokitu nahi dira bai araudian izan diren aldaketetara, bai eta subjektu pasiboaren esku berriki jarri diren laguntza-beharretara ere.

Tributuen Harmonizazioari buruzko otsailaren 19ko 1/2020 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez, aldatu egin zen Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamendua, martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretuaren bidez onetsi zena. Aldaketaren helburua izan zen arautzea ondasunak kontsigna bidez saltzeko akordio baten ondoriozko eragiketak eta salgaien mugimenduak, betiere zerga horretako subjektu pasiboek Europar Batasunaren barneko zenbait eragiketa jasotzeko eraman beharreko erregistro liburuei dagokienez.

Dena dela, arau berria betetzen dela erraztearren eta araua aplikatzeko behar den garapen teknikoa bermatzearren, 2021eko urtarrilaren 1era arte atzeratu zen erregistro liburu berri hori eramateko betebeharra, non informazioa berehala eman beharra duten enpresaburu eta profesionalek jaso behar dituzten, Nafarroako Foru Ogasunaren zerbitzu telematikoen bidez, ondasunak kontsigna bidez saltzeko akordio baten ondorioz Europar Batasunaren barnean egindako zenbait eragiketa. Betebehar hori bete ahal izateko, foru agindu honen bidez onesten dira erregistro liburu berri horretan altak jasotzeko eta erregistroak aldatzeko XML mezuetako elementuen zehaztapen funtzionalak.

Horrez gainera, foru agindu honen xedea da hobekuntza tekniko batzuk sartzea Nafarroako Foru Ogasunaren zerbitzu telematikoen bidez eraman behar diren balio erantsiaren gaineko zergaren erregistro liburuak eramateko zehaztapen normatibo eta teknikoetan, betebehar horri lotutako zerga betebeharrak zuzen betetzen laguntzearren, batez ere, balio erantsiaren gaineko zergaren autolikidazioak betetzeko moduari lotutakoak (liburu horiek eraman beharra ezarrita dago martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren 53.6 artikuluan).

Horren ondorioz, jasotako fakturen erregistro liburuan marka bat gehitzen da identifikatzeko, nahi izanez gero, inbertsio-ondasunak eskuratzeagatik edo inportatzeagatik jasandako kuotak.

Jasotako fakturen erregistro liburuan, orobat, behar diren eremuak sartzen dira zergadunari aukera emateko, hala erabakiz gero, jasandako balio erantsiaren gaineko zerga kendu ahal izan dezan aurreragoko aldi batean, eta ez erregistroari dagokionean. Hala, zerga kentzeko eskubidea zein ekitalditan eta zein alditan erabili behar duen adierazten ahalko du.

Azkenik, foru agindu honetan ezartzen da ezen Jabetza Horizontalari buruzko uztailaren 21eko 49/1960 Legearen aplikaziopean dauden entitateak eta, orobat, Zergari buruzko Foru Legearen 17.3 artikuluan aipatzen diren izaera sozialeko entitate edo establezimendu pribatuak, informazioa berehala emateko sistemaren barruan daudenak, behartuak daudela edozein enpresa edo lanbide jardueratatik kanpo eskuratutako ondasun edo zerbitzuen berri ematera, eta informazio hori eman behar dutela entitate horiek beraiek hirugarrenekin egiten dituzten eragiketen urteko aitorpen informatiboan (F-50 eredua) jakinarazi behar duten bezala, informazioa berehala emateko sistemaren barruan ez daudenean.

Martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren 53.6 artikuluak ezartzen du ezen, fakturazio-erregistroak elektronikoki emateko, Nafarroako Zerga Ogasunaren zerbitzu telematikoak erabiliko direla, web zerbitzu baten bidez edo, behar denean, formulario elektroniko baten bidez, hori guztia Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuaren titularrak foru baten agindu bidez onetsiko dituen erregistroko diseinuekin bat.

Horrenbestez,

AGINTZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak azaroaren 2an emandako 132/2017 Foru Aginduaren aldaketa (foru agindu horren bidez, zehaztapen normatibo eta tekniko batzuk arautu ziren balio erantsiaren gaineko zergaren erregistro liburuak Nafarroako Zerga Ogasunaren zerbitzu telematikoen bidez eramateko modua garatzeko, eta, orobat, tributuen arloko beste arau batzuk aldatu ziren).

Azaroaren 2ko 132/2017 Foru Aginduaren artikulu hauek aldatzen dira, eta honela idatzita geldituko dira:

Bat.–3.2 artikuluan, e) letra gehitzea.

“e) Jabetza Horizontalari buruzko uztailaren 21eko 49/1960 Legearen aplikaziopean dauden entitateak eta, orobat, Zergari buruzko Foru Legearen 17.3 artikuluan aipatzen diren izaera sozialeko entitate edo establezimendu pribatuak behartuak daude edozein enpresa edo lanbide jardueratatik kanpo eskuratutako ondasun edo zerbitzuen berri ematera, Fakturazio arloko betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduaren 3. artikuluaren 5. eta 6. apartatuetan ezarrita dagoen bezala.”

Bi.–4. artikuluan, paragrafo bat gehitzea.

“Martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren 57.3 artikulua garatzearren, kontsigna bidez egindako ondasunen salmenten erregistroak identifikatzeko erabiliko den kodifikazioak bermatu beharko du erregistro bakoitza zalantzarik gabe identifikatzen dela, eta, hala dagokionean, harekin lotuta dagoen bidalketaren edo jasotzearen erregistroa ere identifikatzen dela.”

Hiru.–I. eranskina foru agindu honen I. eranskinak ordeztuko du.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek 2021eko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra.

Iruñean, 2020ko azaroaren 27an.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

Iragarkiaren kodea: F2014602