285. ALDIZKARIA - 2020ko abenduaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

86/2020 FORU DEKRETUA, azaroaren 25ekoa, Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluaren osaera, antolaketa eta funtzionamendua arautzeko erregelamendua onesten duena.

Nafarroako Eskubide Kulturalei buruzko urtarrilaren 15eko 1/2019 Foru Legearen arabera, Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluak Nafarroako Kulturaren Kontseilua ordeztuko du, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kultur arloko kontsulta eta aholku organo gisa.

Nafarroako Kulturaren Kontseilua 1984an sortu zen, Foru Komunitatean garapen kulturala sustatzeko. Horretarako, eginkizun hau eman zitzaion: nafarren behar eta interes kulturalak helaraztea kulturaren arloan eskuduna den organoari, behar ziren ekintzak proposatuz lurraldeko garapen kultural hobea lortzeko nahiz Administrazioaren programen jarraipena egiteko, ordezkatzen dituzten adimenaren eta arteen eremuen ikuspegik.

Bere ibilbide luzean, Nafarroako Kulturaren Kontseiluak agindu zaizkion lanak bete ditu, zubi-eginkizuna bete du Administrazioaren eta kultur bizitza gauzatzen den eremuen artean, eta alderantziz, eta, bere bidez, kultura plangintzan esku hartzeko aukera eman die horretarako gaitasuna dutenei, dela duten eskarmentuarengatik, duten jakituriagatik edo kultura eta arte bizitzan zuzenean parte hartzeagatik. Kulturaren arloan erabakiak hartzeko prozesuan beti izan dira oso garrantzitsuak haren proposamenak. Haren ekimenen artean, besteak beste, nabarmentzekoa da Vianako Printzea Kulturaren Saria eratzeko proposamena, Nafarroako Gobernuak 1990ean sortu zuena.

Nafarroako Eskubide Kulturalei buruzko urtarrilaren 15eko 1/2019 Foru Legeak Kontseiluaren eginkizuna indartzen du, Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluari egiteko berriak esleitzen baitizkio eta bestelako osaera ezartzen baitu, kultura eragile guztiek neurri handiagoan parte hartzea lortze aldera.

Aldi berean, foru lege horrek zehazten du erregelamenduz ezarriko direla Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluaren osaera, antolaketa eta funtzionamendua.

Lege agindu hori betearazteko, bidezko da erregelamendua onestea, zeinaren bidez arautuko baitira Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluaren osaera, antolaketa eta funtzionamendua.

Horrenbestez, Kultura eta Kiroleko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeiko azaroaren hogeita bostean egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Erregelamendua onestea.

Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluaren osaera, antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen Erregelamendua onesten da. Ondoren txertatu da.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Indargabetzea.

Indarrik gabe gelditzen dira Nafarroako Kulturaren Kontseiluaren osaera, antolaketa eta funtzionamendua arautzeko erregelamendua onesten duen azaroaren 13ko 68/2013 Foru Dekretua eta foru dekretu honetan xedatutakoaren kontra dauden maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

Azken xedapenetako lehena.–Arauak emateko gaikuntza.

Kulturaren arloan eskuduna den departamentuko titularrari ahalmena ematen zaio behar diren xedapenak eman ditzan foru dekretu honen bidez onesten den erregelamendua bete, gauzatu eta garatu dadin.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2020ko azaroaren 25ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

NAFARROAKO KULTURAREN ETA ARTEEN KONTSEILUAREN OSAERA, ANTOLAKETA ETA FUNTZIONAMENDUA ARAUTZEN DITUEN ERREGELAMENDUA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Erregelamendu honen xedea da Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluaren osaera, antolaketa eta funtzionamendua arautzea.

2. artikulua. Izaera juridikoa.

Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseilua Foru Komunitateko Administrazioak kulturaren eta arteen arloan duen partaidetza, kontsulta eta aholkularitzarako kide anitzeko organoa da.

3. artikulua. Atxikipena eta baliabideak.

Kulturaren arloan eskuduna den departamentuari atxikiko zaio Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseilua; behar bezala aritzeko behar dituen bitarteko materialak eta giza baliabideak emanen dizkio hark.

4. artikulua. Lurralde-eremua eta egoitza.

Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluaren lurralde-eremua Nafarroako Foru Komunitate osoa da, eta haren egoitza kulturaren arloan eskuduna den departamentuaren egoitzaren barnean dago, ezertan ukatu gabe bilkurak beste edozein herritan egiteko aukera.

5. artikulua. Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluaren eginkizunak.

Hauek izanen dira Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluaren eginkizunak:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari aholku ematea kulturaren arloan.

b) Kulturaren arloan eskuduna den departamentuarekin elkarlanean aritzea haren kultura politikak zehazten, gauzatzen eta ebaluatzen kulturaren eta arteen esparruetan.

c) Kulturari eta arteei buruzko eztabaida eta jakintza piztea Nafarroako Foru Komunitateko kultura politiken esparruan.

d) Kulturaren eta kultura politikaren arloan azterlanak eta txostenak egitea eta gomendioak helaraztea, bere ekimenez edo Foru Komunitateko Administrazioak eskatuta.

e) Informazioa jasotzea eta aholku ematea Nafarroako Kulturaren Plan Estrategikoa prestatu, aplikatu eta ebaluatzeko, baita kulturaren arloan eskuduna den departamentuaren plan sektorialak eta zeharkakoak prestatu, aplikatu eta ebaluatzeko ere.

f) Aginduzko txostenak ematea kulturaren eta arteen arloko arauen proiektuei buruz, baita kulturaren arloan eskuduna den departamentuaren plan estrategiko, sektorial eta zeharkakoei buruz ere.

g) Nafarroako Gobernuari proposatzea Vianako Printzea Kulturaren Saria nori eman.

h) Informazioa jasotzea kulturaren arloko eskumena duen departamentuaren aurrekontu proiektua egiteko prozesuari eta haren betearazpenari buruz.

i) Kultura ondarea babestu eta ugaritzeko ekimenak plazaratu eta egoki iruditzen zaizkion neurriak proposatzea.

j) Aginduzko txostenak ematea kulturaren arloan eskuduna den departamentuak sustatzen dituen kultura ekipamendu berri guztiei buruz.

k) Ordenamendu juridikoak ematen dizkion gainerako eginkizunak betetzea, bai eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak haren esku uzten dituenak ere.

II. KAPITULUA

Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluaren osaera eta antolaketa

1. ATALA

Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluaren osaera

6. artikulua. Osaera.

1. Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluak kide hauek izanen ditu:

1.1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren izenean:

a) Kulturaren arloan eskuduna den departamentuko titularra, kontseiluko buru izanen dena.

b) Kulturaren arloan eskuduna den zuzendaritza nagusiko titularra.

1.2. Nafarroako toki entitateen izenean: Nafarroako Udalen eta Kontzejuen Federazioak izendatutako bi pertsona, udaletako kultura zerbitzuetan teknikari aritzen direnak.

1.3. Nafarroako Gazteriaren Kontseiluaren izenean: Batzorde Betearazleak izendatutako pertsona bat.

1.4. Kontseiluaren eginkizunen esparruan prestigio handia, ezagutza espezializatua edo presentzia frogatua duten hamabi pertsona.

1.5. Nafarroan erregistratuak dauden eta gutxienez bi urteko funtzionamendua duten lanbide entitate eta elkarteen sei ordezkari, Nafarroako Eskubide Kulturalei buruzko urtarrilaren 15eko 1/2019 Foru Legean aipatutako kultura sektoreetakoak.

Kultura sektore bakoitzeko, lanbide entitate edo elkarteen ordezkari bakarra izanen da.

Bai lanbide entitate eta elkarte horien zehaztapena, bai proposamena egiteko prozedura, hurrengo artikuluan xedatutakoaren arabera eginen dira.

2. Kulturaren arloan eskuduna den departamentuko titularraren foru agindu baten bidez izendatuko dira aurreko apartatuko 2., 3., 4. eta 5. zenbakiek aipatzen dituzten pertsonak.

3. Kontseiluaren osaeran genero parekotasuna bermatuko da.

7. artikulua. Lanbide entitate eta elkarteen ordezkarien proposamena.

Kulturaren arloan eskuduna den departamentuko titularrak izendatuko ditu sektore kulturalen lanbide entitate eta elkarteen ordezkariak, entitate eta elkarte horiek proposatuta, haien estatutuetan ezarritakoarekin bat. Proposamen hori egiteari begira, kulturaren arloan eskuduna den departamentuak epe bat ezarriko du hautagaiak aurkezteko.

Epea bukatuta sektore bakoitzeko hautagai bakarra badago, edo osotara ez badago sei hautagai baino gehiago, zuzenean izendatuko dira. Sektore bakoitzeko hautagai bat baino gehiago badago, edo, osotara, sei baino gehiago, kulturaren arloan eskuduna den departamentuak eguna eta ordua jarriko ditu, gehienez ere hirutan, haien artean hautaketa egin dezaten. Aukera hori agortu ondoren, baita epean hautagaitza nahikorik aurkezten ez bada ere, kulturaren arloan eskuduna den departamentuko titularrak berak izendatuko ditu lanbide entitate eta elkarteen ordezkariak, izendatuek onartu ondoren.

8. artikulua. Kideen agintaldiaren iraupena eta kargua uztea.

1. Kontseilua erabat berrituko da legegintzaldi bakoitzean, Nafarroako Gobernu berria eratu eta gehienez ere bederatzi hilabetera.

2. 6. artikuluko 1.1 apartatuan aipatzen diren kontseiluko kideek kargu publikoak betetzeari uzten diotenean utziko dute beren kargua.

3. Kontseiluko gainerako kideek honako arrazoi hauengatik utziko dute kargua:

a) Desgaikuntza edo ezgaitze judizialagatik edo heriotzagatik.

b) Uko egiteagatik.

c) Osoko bilkuraren erabakiz, gehiengo osoz, lehendakariak edo kideen heren batek proposaturik, eginkizunak behin eta berriz bete gabe uzteagatik.

9. artikulua. Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluko kideen estatutua.

1. Hauek izanen dira Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluko kideen eginkizunak:

a) Bilkuretako deia eta gai-zerrenda jasotzea garaiz, behar den informazioarekin batera.

b) Kontseiluko osoko bilkuraren bileretara joatea, eta horietan aztertzen diren gaien inguruko eztabaidetan parte hartzea eta horiei buruzko botoa ematea; eta gauza bera parte hartzen duten batzorde eta lan taldeetan ere.

c) Osoko bilkurari edo batzordeei egokitzat jotzen dituzten proposamenak egitea.

d) Karguari berez dagozkion gainerako eginkizunak gauzatzea.

2. Kulturaren arloan eskuduna den departamentuko titularrak foru agindu baten bidez ezarriko ditu Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluko kideek beren eginkizunak gauzatzeagatik jasoko dituzten konpentsazioak.

3. Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluak jardunbide egokien barne erregelamendu bat prestatuko du.

2. ATALA

Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluaren antolaketa

10. artikulua. Kontseiluko organoak.

Hauek izanen dira Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluko organoak:

a) Lehendakaria.

b) Osoko bilkura.

c) Batzordeak.

11. artikulua. Lehendakaria.

1. Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluko lehendakariak kontseiluaren ordezkaritza du, eta, kide gisa dituen eginkizunez gain, ondokoak ere bete beharko ditu:

a) Kontseiluko osoko bilkuraren bileren deialdia egitea eta gai-zerrenda finkatzea.

b) Kontseiluko osoko bilkuraren bileretan buru izatea, eztabaiden garapena moderatzea eta bilerak bideratzea.

c) Batzordeek edo osoko bilkurak aztertu beharreko gaiak banatzea.

d) Osoko bilkuraren bozketetan egon daitezkeen berdinketak haustea, bere kalitateko botoa erabiliz.

e) Gai zehatzak aztertzeko lantaldeak sortzea. Osaerari dagokionez, lehendakariak ezartzen dituen kontseiluko kideez gain, behar den gaiarekin lotutako adituak ere gonbida ditzake parte hartzera.

f) Kontseilukoak ez diren adituei txostenak agintzea, beharrezkotzat jotzen denean.

g) Kontseiluko osoko bilkurak hartzen dituen erabakien aktak eta ziurtagiriak ikus-onestea.

h) Kontseiluko organoek hartutako erabakiak behar bezala bideratzea.

i) Lehendakari izateak berez dakartzan gainerako eginkizun guztiak betetzea.

2. Lehendakariaren kargua hutsik badago, kanpoan edo eri badago eta justifikatutako beste arrazoi bat badago, kulturaren arloan eskuduna den zuzendaritza nagusiko titularra arituko da haren ordez.

12. artikulua. Osoko bilkura.

Honako hauek osatuko dute Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluko osoko bilkura:

a) Kulturaren arloan eskuduna den departamentuko titularra, buru izanen dena.

b) Kulturaren arloan eskuduna den zuzendaritza nagusiko titularra.

c) Kontseiluko kideen artean izendatutakoak, 6. artikuluan xedatutakoaren arabera.

13. artikulua. Batzordeak.

1. Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluak batzorde batzuk izanen ditu, hain zuzen ere, kulturaren arloan eskuduna den departamentuak atxikirik dituen kultura arloko eskumenak gauzatzen dituzten zerbitzuak adina.

2. Batzorde bakoitzak horri dagokion zerbitzuaren izen bera hartuko du, eta bere eskumenen eremuari dagozkion eginkizunak beteko ditu, kontseiluaren berezko eskudantzien esparruan.

3. Kontseiluko lehendakariak beste batzorde batzuk sortzea erabakitzen ahalko du, komenigarritzat jotzen bada berari esleitutako eginkizunak hobeki garatzeko.

4. Kontseiluko hiru kidek osatuko dute batzorde bakoitza, gutxienez, eta horiek izendatuko dira osoko bilkuraren erabaki baten bidez, interesdunei entzun ondoren.

5. Kontseiluko lehendakaria izan ezik, kontseiluko kide bakoitza aldi berean gehienez ere hiru batzordeko kide izanen da, salbu kontseiluko osoko bilkurak espresuki besterik baimentzen badu.

6. Batzorde bakoitzak burua eta idazkaria izendatuko ditu bere kideen artean.

14. artikulua. Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluko idazkaria.

1. Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluko idazkaria izanen da Administrazio Publikoko teknikariaren izendapena (arlo juridikoa) duen norbait, kulturaren arloan eskuduna den departamentuko titularrak izendatutakoa.

2. Idazkaria ez da kontseiluko kidetzat joko, eta honako eginkizun hauek gauzatuko ditu:

a) Kontseiluko osoko bilkuraren bileretarako deia egitea, lehendakariak aginduta.

b) Kontseiluko osoko bilkuraren bileretarako behar diren agiriak prestatzea.

c) Kontseiluko osoko bilkuraren bileretara joatea eta karguari dagozkion eginkizunak gauzatzea, hitzarekin baina botorik gabe.

d) Kontseiluko osoko bilkuraren bileren aktak idaztea.

e) Kontseiluko osoko bilkurak edo horretan buru aritzen denak hartzen dituen kontsulten, irizpenen edo erabakien ziurtagiriak egitea.

f) Kontseiluaren jarduketen legezkotasuna zaintzea, eta eratze- nahiz erabaki-hartze prozedurak eta erregelak errespetatzen direla bermatzea.

g) Idazkaritzako titularra izateagatik berezko dituen beste eginkizunak betetzea, edo lehendakariak esleitzen dizkionak.

3. Idazkariaren kargua hutsik badago, kanpoan edo eri badago eta justifikatutako beste arrazoi bat badago, kulturaren arloan eskuduna den departamentuari atxikitako beste norbait arituko da haren ordez,departamentuko titularrak izendatutakoa.

III. KAPITULUA

Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluaren funtzionamendua

15. artikulua. Gaiak osoko bilkuraren eta batzordeen artean banatzea.

1. Oro har, arloaren arabera eskuduna den batzordeak edo batzordeek eginen ditu edo dituzte Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluaren menpe jartzen diren gaiei buruzko txostenak.

2. Kontseiluko idazkariak igorriko dizkie gaiak batzordeei, lehendakariaren jarraibideei jarraikiz.

3. Kontseiluko osoko bilkurari dagokio xedapen orokorrei buruzko txostena egitea, baita lehendakariak ezartzen dituen gainerako gai garrantzitsuei buruzko txostenak ere.

16. artikulua. Osoko bilkuraren bilerak.

1. Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluak urtean bitan gutxienez eginen du osoko bilkuraren bilera arrunta, eta bilera berezia, berriz, lehendakariak deitzen duenean, bere ekimenez edo kideen heren batek eskaturik.

2. Bilera arruntetarako deia kontseiluko idazkariak eginen du, lehendakariak agindurik. Gutxienez ere hamar egun natural lehenago eginen da, eta gai-zerrenda jasotzen duen deialdiarekin batera, gai horiek aztertzeko behar den dokumentazioa igorriko da.

3. Aurreko apartatuan ezarritako formalitateekin bat eginen da bilkura berezietarako deia, bilkura baino hiru egun natural lehenago gutxienez.

17. artikulua. Osoko bilkuraren funtzionamendua.

1. Kontseiluko osoko bilkura modu baliozkoan eratu eta batzarrak egiteko, eztabaidak izateko eta erabakiak hartzeko, beharrezkoa izanen da lehendakaria eta idazkaria bertaraturik egotea –edo, kasua denean, haien ordezkoak–, bai eta kontseiluko kide kopuruaren erdiak gutxienez ere.

2. Osoko bilkurak kontseiluaren barne funtzionamendurako behar diren arauak edo erabakiak onesten ahalko ditu.

18. artikulua. Osoko bilkurak erabakiak hartzea.

1. Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluko osoko bilkuraren erabakiak bileran dauden kideen gehiengo soilez hartuko dira.

Aurreko paragrafoaren ondorioetarako, ulertzen da gehiengo soila lortzen dela aldeko botoak kontrakoak baino gehiago direnean, zenbatu gabe abstentzioak, boto baliogabeak eta zuriak. Lehendakariak hautsiko ditu berdinketak.

2. Osoko bilkurako kideetako batek hala eskatzen badu, bozketak sekretuak izanen dira.

3. Ezin eztabaidatu edo erabakiko da gai-zerrendan sartua ez dagoen deus, salbu, osoko bilkurako kide guztiak bildurik daudela, gaia presazko deklaratzen bada gehiengoak horren aldeko botoa emanda.

4. Osoko bilkurako kideek hartu den erabakiaren aurka bozkatu dutela agerraraz dezakete aktan, baita horretarako arrazoiak ere.

19. artikulua. Osoko bilkuraren bileren akta.

1. Bilera bakoitzaren akta eginen da, eta, hartan, agertuko da nor bertaratu den, zein izan den gai-zerrenda, noiz eta non egin den, deliberazioko punturik garrantzitsuenak, bozketa modua eta emaitza, eta hartutako erabakien edukia.

2. Lehendakariak eta idazkariak sinatuko dituzte aktak, eta horiek onetsiko dira bilera horretan bertan edo hurrengoan.

3. Aktak kulturaren arloan eskuduna den departamentuko idazkaritza tekniko nagusian gordeko dira, Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluko kide guztien eskura egonen dira eta, onetsi ondoren, kulturaren arloan eskuduna den departamentuaren web-orrian argitaratuko dira.

20. artikulua. Batzordeen bilerak.

1. Batzordeek sei hilean behin bilera bat eginen dute, gutxienez.

2. Batzordeko idazkariak eginen du batzordearen bileretarako deia, batzordeburuaren aginduz.

3. Bileretarako deia gutxienez ere bost egun natural lehenago eginen da, eta gai-zerrenda eta bidezko agiriak batzordeko kide guztiei igorriko zaizkie.

4. Bilerak ezin dira egin, ez baldin badaude batzordeburua edo hark eskuordetzen duen batzordekidea, idazkaria eta batzordekide bat, gutxienez.

21. artikulua. Batzordeek erabakiak hartzea.

1. Batzordeen erabakiak bileran dauden kideen gehiengo soilez hartuko dira.

Aurreko paragrafoaren ondorioetarako, ulertzen da gehiengo soila lortzen dela aldeko botoak kontrakoak baino gehiago direnean, zenbatu gabe abstentzioak, boto baliogabeak eta zuriak. Batzordeburuak hautsiko ditu berdinketak.

2. Batzordeko kideetako batek hala eskatzen badu, bozketak sekretuak izanen dira.

3. Ezin eztabaidatu edo erabakiko da gai-zerrendan sartua ez dagoen deus, salbu, batzordeko kide guztiak bildurik daudela, gaia presazko deklaratzen bada gehiengoak horren aldeko botoa emanda.

4. Batzordekideek hartu den erabakiaren aurka bozkatu dutela agerraraz dezakete aktan, baita horretarako arrazoiak ere.

22. artikulua. Batzordeen bileren aktak.

1. Batzordeen bilera bakoitzean akta jasoko da; batzordeko idazkariak idatziko du, eta berak eta batzordeburuak sinatuko.

2. Batzordeak onetsiko ditu aktak, hurrengo bilkuran.

3. Aktak kulturaren arloan eskuduna den departamentuko idazkaritza tekniko nagusian gordeko dira, eta Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluko kide guztien eskura egonen dira.

4. Bileretan hartutako erabakiei buruzko ziurtagiriak eginen ditu batzorde horretako idazkariak, eta erabakiak igorriko dizkie zerbitzu, unitate edo erakunde eskudunei, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iragarkiaren kodea: F2014297