280. ALDIZKARIA - 2020ko abenduaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2020ko azaroaren 18an hartua, Gardentasunerako eta Gobernu Irekirako Departamentuarteko Batzordea sortu, eta haren osaera ezartzen duena.

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legeak hauxe ezartzen du bigarren xedapen gehigarrian: “Nafarroako Gobernuak Gardentasunerako eta Gobernu Irekirako Departamentuarteko Batzordea sortuko du, zeregin hauetaz arduratzeko unitate gisa: oro har, foru lege honetatik sortzen diren neurrien ezarpena bultzatu eta koordinatzea, haien ezarpen maila baloratzea, eta, kasua bada, behar diren neurri zuzentzaileak sustatzea foru lege honetan jasotako xedapen guztiak guztiz eraginkorrak izan eta bete daitezela lortzeko”.

Era berean, xedatzen du Jarraipen Batzordeko burua gardentasunaren arloko eskumena duen departamentuko titularra izanen dela, eta horrez gainera, kide hauek ere izanen direla batzordean: lehendakaritzaren eta gobernu irekiaren, teknologia berrien, administrazio elektronikoaren eta herritarrentzako arretaren arloetan eskumenak dituzten zuzendaritza nagusietako titularrak, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentu-arlo bakoitzetik ordezkari bat bederen, gutxienez zuzendari nagusi izanen direnak.

Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezarri zen.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentu guztiek behar den proposamena egin dute Gardentasunerako eta Gobernu Irekirako Departamentuarteko Batzordean izanen duten ordezkaria izendatzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Gardentasunerako eta Gobernu Irekirako Departamentuarteko Batzordea sortzea. Kide hauek izanen ditu:

–Batzordeburua:

  • Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko kontseilaria.

–Batzordekideak:

  • Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko zuzendari nagusia eta Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako zuzendari nagusia, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuaren ordezkari gisa.
  • Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren ordezkari gisa.
  • Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusia, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren ordezkari gisa.
  • Nafarroako Foru Ogasuneko zuzendari kudeatzailea, Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren ordezkari gisa.
  • Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusia, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuaren ordezkari gisa.
  • Migrazio Politiketako zuzendari nagusia, Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuaren ordezkari gisa.
  • Lanbide Heziketaren zuzendari nagusia, Hezkuntza Departamentuaren ordezkari gisa.
  • Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren zuzendari nagusia, Eskubide Sozialetako Departamentuaren ordezkari gisa.
  • Osasuneko zuzendari nagusia, Osasun Departamentuaren ordezkari gisa.
  • Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailea, Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren ordezkari gisa.
  • Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko zuzendari nagusia, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren ordezkari gisa.
  • Landa Garapeneko zuzendari nagusia, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren ordezkari gisa.
  • Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusia, Kultura eta Kirol Departamentuaren ordezkari gisa.

Batzordeko idazkari lanak Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuko zuzendariak eginen ditu.

2. Erabaki hau interesdunei jakinaraztea.

3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2020ko azaroaren 18an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2013911