280. ALDIZKARIA - 2020ko abenduaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

84/2020 FORU DEKRETUA, azaroaren 18koa, Nafarroako Urrezko Domina Nafarroako osasun arloko eta arlo soziosanitarioko langileei ematen diena.

Maiatzaren 23ko 38/2018 Foru Dekretuak Nafarroako Urrezko Domina emateko arauak ezartzen ditu. Urrezko Domina Nafarroako Gobernuak ematen duen ohorezko sari gorena da, gizartea hobetzen, balio demokratikoak sendotzen eta Nafarroa kanpoan proiektatzen nabarmendu diren pertsona, erakunde, entitate eta kolektiboen lana aitortzeko helburua duena. Arau horrek ezartzen du, domina emateko, aurretik deialdi publikoa eginen dela, instituzioek, entitateek, elkarteek eta pertsona fisikoek zein juridikoek beren hautagaitzak aurkez ditzaten.

2020ko 171. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abuztuaren 4koan, argitaratutako Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren uztailaren 1eko 73/2020 Foru Aginduaren bidez, proposamenak aurkezteko deialdi publikoa onetsi zen, eta aurkeztutako hautagaitzak aztertzeko eta baloratzeko epaimahaia izendatu. Epaimahaiari lehenengo hautaketa egitea dagokio, Nafarroako Gobernuari gehienez ere hiru hautagaitza aurkezteko.

Aipatu foru dekretuaren 7.2 artikuluak ezartzen du Nafarroako Gobernuak epaimahaiak aurkezten dizkion hiru hautagaitzen artean bat aukeratu, eta domina hari ematea onetsiko duela.

Epaimahaiak aurkeztutako hautagaitzak ikusirik, Nafarroako osasun arloko eta arlo soziosanitarioko langileei dagokiena nabarmendu du Nafarroako Gobernuak.

2020. urtean, Nafarroak, Estatuko gainerako eskualdeek eta munduko herrialde guztiek bezala, gure garaian ezagutu gabeko hedadura izan duen pandemia bat jasan behar izan du. Lehenengo kasuak urteko lehenengo hilabeteetan agertu ziren, eta, denbora laburrean, halako hazkundea izan zuten non gizarteak oso neurri zorrotzak onartu behar izan zituen, are konfinamendua ere, eritasun berriari aurre egiteko. Une honetan, infekzioaren bigarren oldarraldian sartuak gaude bete-betean, eta oraindik denbora igaro beharko da garai lazgarri hau bukatutzat eman ahal izateko.

Denbora honetan guztian, lehenengo hilabeteetatik hasi eta gaur arte, osasun arloko eta arlo soziosanitarioko langileek inork baino hobeki pertsonifikatu dute eritasunaren aurkako borroka. Kontuan harturik pazienteei lehenengo lerroan arreta emateko erakutsitako jokabide sakrifikatua, haiek beraiek edo inguruko ahaide eta lagunak kutsatzeko arriskuaren aurreko jarrera, oraindik ere bere horretan irauten duten baldintza gogor-gogorretan izandako dedikazioa eta egindako ahalegina, eta, horrez gainera, haien eguneroko lana gure erkidego osoaren osasuna bermatzea denez, Nafarroako gizarte osoaren esker ona eta aitortza merezi dute, Nafarroako Urrezko Domina jasoz.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Gobernuak erabaki du ohorezko erakusgarri gorena ematea Nafarroako osasun arloko eta arlo soziosanitarioko langileei.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak 2020ko azaroaren 18an egindako bilkuran harturiko Erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. Nafarroako Urrezko Domina Nafarroako osasun arloko eta arlo soziosanitarioko langileei ematea.

2. Domina emateko ekitaldia Nafarroaren Egunaren aurtengo ospakizunen barruan eginen da.

3. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2020ko azaroaren 18an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2013944