28. ALDIZKARIA - 2020ko otsailaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

8/2020 FORU AGINDUA, urtarrilaren 24koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez 2020. urterako eguneratzen baitira Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 68. artikuluan ezarritako zenbatekoak, alargun- eta erretiro-pentsioengatiko kenkariei dagozkienak.

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginak, zeina ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi baitzen, bere 68. artikuluan, alargun- eta erretiro-pentsioengatiko kenkariak arautzen ditu, eta A).4.3 eta B).4.4 apartatuetan jasotzen ditu, hurrenez hurren, zer zenbatekorekin kalkulatzen ahal den kasu bakoitzean aplikagarria den kenkaria eta zer zenbateko hartu behar den kontuan kenkaria aplikatzea dakarren errenta muga kalkulatzeko.

Bat etorrita 2018rako eta 2019rako egindako eguneraketekin eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen 68. artikuluko B).4.4 apartatuan ezarritakoarekin, kotizaziopeko erretiro-pentsioengatiko kenkariaren oinarri diren zenbatekoak eta kenkari horretako errenta muga kalkulatzeko kontuan hartu beharreko zenbatekoak parekatzen dira, 2019an, alargun-pentsioengatiko kenkarietan kontuan hartzen diren kasuan kasuko zenbatekoekin.

Hurrengo urteetan, zenbatekoa lortuko da aurreko urteko zenbatekoari aplikatuz Nafarroako KPIaren igoeraren eta Nafarroako batez besteko soldaten arteko balio handiena, erregelamenduz ezartzen den moduan. Modu berean eguneratuko dira errenta muga kalkulatzeko kontuan hartu beharreko zenbatekoak.

Maiatzaren 24ko 174/1999 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren 57.bis.2 artikuluak ezartzen duenez, Zergari buruzko Foru Legearen 68. A) 4.3 eta 68.B) 4.4 artikuluetan aurreikusitako zenbatekoak zerga arloko eskumena duen departamentuko titularrak eguneratuko ditu foru agindu bidez, eta eguneratzen den urteko urtarriletik aurrera izanen ditu ondorioak. Eguneratze portzentajea balio hauetako handiena izanen da: Nafarroan aurreko urtean Kontsumoko Prezioen Indizeak izandako urteko batez besteko igoera eta Nafarroako batez besteko soldatek izandakoa, lan kostuen gaineko hiru hilean behingo inkestan jasotzen den soldaten kostu arruntaren arabera kalkulatua, kontuan izanik urte horren aurreko urteko lehenbiziko hiru hiruhilekoetan eta aurreko urteko azken hiruhilekoan izandakoa, Estatistikako Institutu Nazionalaren datuen arabera. Bi adierazle horien bariazio tasak negatiboak diren aldietarako, eguneratze portzentajea zero izanen da.

Estatistikako Institutu Nazionalak 2020ko urtarrilaren 15ean argitaratutako datuen arabera, Nafarroako KPIaren urteko igoeraren batezbestekoa %1,2koa izan da 2019an.

Bestalde, lan kostuen gaineko hiru hilean behingo inkestaren datuen arabera, soldaten kostu arrunta, 2019ko lehendabiziko hiru hiruhilekoak eta 2018ko azkena kontuan hartuta, %2,1 handitu da. Datu horiek Estatistikako Institutu Nazionalak argitaratu ditu.

Horrenbestez, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen 68. artikuluan jasotako zenbatekoak eguneratu beharra dago 2020. urterako. Horretarako, artikulu horretan eta Zergaren Erregelamenduaren 57.bis artikuluan ezarritakoaren arabera, Nafarroako batez besteko soldaten igoera aplikatuko da, hau da, aipatu bi indizeen artean balio handiena.

Horrenbestez,

AGINTZEN DUT:

1. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren (ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia) 68. artikuluan ezarritako zenbatekoak eguneratzea, Nafarroako batez besteko soldatek 2019an izandako igoerari dagokion %2,1eko igoera aplikatuz. Eguneratzea taula honi jarraikiz eginen da:

2019KO
ZENBATEKOAK

IGOERA

2020KO
ZENBATEKOAK

Kenkaria kalkulatzeko zenbatekoa

10.296,47

%2,1

10.512,70

Banakako errenta muga

17.693,00

%2,1

18.065,00

Taldeko errenta muga

20.593,00

%2,1

21.025,00

2. Foru agindu hau Eskubide Sozialetako Departamentuko Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusiari igortzea.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko urtarrilaren 24an.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

Iragarkiaren kodea: F2001145