279. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

138E/2020 EBAZPENA, urriaren 27koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez aldatzen baita Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariaren maiatzaren 29ko 127E/2018 Ebazpena. Ebazpen horren bidez, ingurumen ukipenetarako baimena eman zitzaion zirkuitu bikoitzeko linea elektriko baten proiektuari, “Agoitz-Nagore” 20 kV-eko aireko linea ordezteko Orotz-Beteluko, Garaioako eta Aribeko udal mugarteetan. Sustatzailea Iberdrola Distribución Eléctrica SAU zen.

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariaren maiatzaren 29ko 127E/2018 Ebazpenaren bidez, ingurumen ukipenetarako baimena eman zitzaion zirkuitu bikoitzeko linea elektriko baten proiektuari, “Agoitz-Nagore” 20 kV-eko aireko linea ordezteko Orotz-Beteluko, Garaioako eta Aribeko udal mugarteetan. Sustatzailea Iberdrola Distribución Eléctrica SAU zen. Ebazpen horren ingurumen arloko baldintzetako zazpigarren puntuak ezartzen zuenez, aurkeztutako dokumentazioarekin bat eta kontuan harturik ukipen handiak egin lekizkiola kontserbazio egoera apartan zegoen zuhaizti misto bati, non haritza (Quercus petraea) baitzen nagusi, hasiera batean 21. euskarrirako proiektatutako bidea ez da eginen, eta helikoptero bidez egin beharko da materialen pilaketa eta sarbidea.

2020ko urriaren 6ko idazki baten bidez, Redes Eléctricas Inteligentes SAUk baimena eskatu zuen beste sarbide batetik iristeko “Agoitz-Nagore” zirkuitu bikoitzeko goi tentsioko aireko linea berriaren 21. euskarri horretara (71. euskarria oraingo zenbaketan), Orotz-Beteluren eta Ariberen arteko tartean, obra hasitakoan izan baitute haren berri. Sarbide horretarako, landabide bat eta oraingo basoko bidezidor bat erabiliko lirateke, eta 50 bat metroko sarbide berri bat eginen litzateke basoan, dagoen bidexka bat zabalduz; beraz, ukipen txikia eginez muntatuko litzateke euskarria, helikoptero bat erabiltzeak dakartzan zailtasunak izan gabe.

Orotz-Beteluko Udalak eta Ingurumena Zaintzeko Atalak berrikusi dute proposamena. Adierazi dute proposamena bideragarria dela, eta eragin txikia duela ingurumenaren aldetik.

Lurraldearen Antolamenduaren Atalak egin txostenean, adierazten da ez dela beharrezkoa lurzoru urbanizaezineko jardueren baimenik izatea erantsitako dokumentazioan deskribatzen den jarduketa egiteko, jarduera onartutzat jotzen baita bideak irekitzea.

Ingurumen Eraginaren Atalak proposamenaren aldeko txostena egin du, eta segimendu eta kontrol neurri berriak proposatu ditu sarbide hori egiteko, baldintzetatik kentzen den puntuaz bestelakoak.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 109. artikuluak aukera ematen die administrazio publikoei haien ekintzak aldatzeko, baldin eta aldaketa hori antolamendu juridikoaren kontrakoa ez bada.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariaren maiatzaren 29ko 127E/2018 Ebazpena aldatzea. Ebazpen horren bidez, ingurumen ukipenetarako baimena eman zitzaion zirkuitu bikoitzeko linea elektrikoaren proiektu bati, “Agoitz-Nagore” 20 kV-eko aireko linea ordezteko Orotz-Beteluko, Garaioako eta Aribeko udal mugarteetan. Sustatzailea Iberdrola Distribución Eléctrica SAU zen. Horretarako, zazpigarren puntua kentzen da ebazpenaren ingurumen arloko baldintzetatik, eta haren ordez neurri hauek ezartzen dira:

• 71. euskarrirako sarbidea egiteko (21.a 2018an tramitatutako dokumentazioan), 2020ko urriaren 6an aurkeztutako dokumentazioari jarraituko zaio: landabide batetik abiatuta (Arostegi etxea, La Cruz bidea), 450 bat metroko basoko bidezidorra egokituko da, Orotz-Beteluko 1. poligonoko 188. lurzatitik, eta 50 metroko bidexka zabalduko da bidezidorraren bukaeratik aipatutako 71. euskarriraino.

• 71. euskarri horretarako sarbidea egiteko lanen zuinketan, ahalik eta gutxien ukituko dira bidezidorraren ondoko zuhaitzak, eta horretarako, bidezidorra ahal bezain estua izanen da. Dagoen bidexka 50 metroan zabaltzeko, ez bada justifikatutako arrazoiengatik, ez da 2 metrotik gorako zabalera gaindituko, sustatzaileak zehaztu bezala, eta ahal dela ez da zuhaitzik botako.

• Obrak egin ondoan, sarbideko azken tartea leheneratuko da (bidexkan zabaldutako 50 metroak), eta lurrak berreskuratuko ditu obren aurretik zituen topografia eta erabilera. Tarte horretan artekak edo lur-erauzketak egin behar badira, lortzen diren materialak bazter batean metatuko dira, eta obrak bukatu ondoren berriz jarriko, materia organiko gehien duten lurrak eta landareen hondarrak gainazalean utziz.

• Bidezidorra egokitzeko eta bidexka zabaltzeko lanen zuinketa Ingurumena Zaintzeko Atalak (Aezkoa-Kintoa 2. barrutia) gainbegiratuko du, aurreko neurriak betetzen direla bermatzeko.

2. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau igortzea Orotz-Beteluko Udalera, Ingurumena Zaintzeko Atalera (Aezkoa-Kintoko Koordinazio Unitatea) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko urriaren 27an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2013699