277. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

42/2020 EBAZPENA, azaroaren 17koa, Nafarroako Foru Ogasuneko Lur-ondasunen eta Ondarearen gaineko Tributuen Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez onesten baitira Lur-ondasunen Erregistroan 2020ko azaroaren 30ean inskribatuta dauden ondasun higiezinen balioak.

Hala xedatzen baitute beren 42. artikuluan Nafarroako Foru Ogasuna erakunde autonomoaren estatutuek, azaroaren 6ko 300/2019 Foru Dekretuaren bitartez onetsitakoek, Lur-ondasunen eta Ondarearen gaineko Tributuen Zerbitzuari dagokio, besteak beste, ondasun higiezinak karakterizatu eta baloratzeko jarduketak egitea.

Bestalde, hala ezartzen baitu bere 21.4 artikuluan azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legeak, Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzkoak, Nafarroako Foru Ogasunean ondasun higiezinak baloratzeko eginkizunak dituen zerbitzuko zuzendariak ebazpena emanen du urtero, Lur-ondasunen Erregistroan azaroaren 30ean inskribatuta dauden ondasun guztien balioak onesteko.

Aipatutako foru legearen 21.5 artikuluak agintzen du Nafarroako Foru Ogasunak ebazpen horri buruzko iragarkia jarriko duela Nafarroako Aldizkari Ofizialean, horrela foru lege horren 5.1 artikuluan ezarritako eskubideen titularrak udal bakoitzeko administrazio bulegoetan agertu ahal daitezen abenduko lehen hogei egun naturaleko epean, beren ondasun higiezinei emandako balioa zein den jakiteko.

Azkenik, lege beraren 21.6 artikuluak ezartzen duenez, agertzeko ezarritako epea bukatu eta biharamunetik hasita, ulertuko da interesdun guztiek beren ondasunen balioen berri nahikoa izan dutela.

Horrenbestez, aipatu aginduetan xedatutakoaren arabera,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Onestea Lur-ondasunen Erregistroan 2020ko azaroaren 30ean inskribatuta dauden ondasun higiezinen balioak.

Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea eta onetsitako balioak Nafarroako udaletara igortzea, horrela Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 5.1 artikuluan ezarritako eskubideen titularrak udal bakoitzeko administrazio bulegoetan agertu ahal daitezen, abenduko lehen hogei egun naturaleko epean, beren ondasun higiezinei emandako balioa zein den jakiteko.

Hirugarrena.–Adieraztea ezen, bat etorriz Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 21.7 artikuluan xedatutakoarekin, foru lege horren 5.1 artikuluan ezarritako eskubideen titularrek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dutela Ekonomia eta Ogasuneko kontseilari zuzendua, hilabeteko epean, titularrek beren ondasunei esleitutako balioa egiaz jakiten duten egunetik hasita, eta, betiere, 2020ko abenduaren 21etik aurrera, baldin eta balio hori aldatuta badago aurreko zergaldian hartu zen katastroko balioaren aldean.

Laugarrena.–Nafarroako Ataria prestatzea onetsitako balioak kontsultatu ahal izateko.

Iruñean, 2020ko azaroaren 17an.–Lur-ondasunen eta Ondarearen gaineko Tributuen Zerbitzuko zuzendaria, Sergio Osés Amézqueta.

Iragarkiaren kodea: F2013839