277. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZIZUR NAGUSIA

Mugikortasuna eta trafikoa arautzen dituen udal ordenantzaren aldaketaren behin betiko onespena

Zizur Nagusiko Udalak, 2020ko urriaren 29an egindako osoko bilkuran, erabaki zuen behin betiko onestea Zizur Nagusian mugikortasuna eta trafikoa arautzen dituen udal ordenantzaren gaineko aldaketa.

Argitara ematen da, orok jakin dezan.

Zizur Nagusian, 2020ko azaroaren 4an.–Alkatea, Jon Gondán Cabrera.

MUGIKORTASUNA ETA TRAFIKOA ARAUTZEN DITUEN UDAL ORDENANTZAREN ALDAKETA

Aldaketa honek mugikortasuna eta trafikoa arautzen dituen udal ordenantzaren III. eta IV. kapituluetan, 3., 4., 14., 19., 20., 21., 29., 30., 32., 34., 42., 52. eta 53. artikuluetan eta I. eranskinean du eragina.

Artikulu bakarra.

III. eta IV. kapituluetan, 3., 4., 14., 19., 20., 21., 29., 30., 32., 34., 42., 52. eta 53. artikuluak eta I. eranskina gehitu dira. Hona hemen egindako gehikuntzak:

III. KAPITULUA.–Beste idazketa bat eman zaio.

III. KAPITULUA

Mugikortasun pertsonaleko ibilgailuen joan-etorria

IV. KAPITULUA.–Beste idazketa bat eman zaio.

IV. KAPITULUA

Mugikortasun pertsonaleko ibilgailu elektrikoen eta bi gurpiletik gorako zikloen zirkulazioa eta erabilera

3. artikulua.–Beste idazketa bat eman zaio.

3. artikulua. Aparkatzea eta zirkulazioa antolatzea.

1.–Udal agintaritzari dagokio, eta hari baizik ez, erabilera publikoko bideetan, jabetza pribatukoak izanik ere, aparkatzearen eta zirkulazioaren antolamendua baimentzea.

2.–Horren ondorioz, Udalaren baimena izan ezean partikularrek debeku dute aparkatzea antolatzea, espazioak erreserbatzea, zirkulazioa moztea eta seinaleak paratu edo kentzea, arau hauste larritzat hartuko baitira.

3.–Zizur Nagusiko Udaltzaingoak eskumena izanen du hiriko eremuren bateko zirkulazioaren antolamendua aldi baterako aldatzeko edo/eta pertsonak edo ibilgailuak tokiren batera sartzea debekatzeko; horretarako, behin-behinean dagozkion seinaleak paratzen edo kentzen ahalko ditu, eta beharrezko neurriak hartu, segurtasuna eta zirkulazio egokia bermatzeko.

4.–Udal agintaritzak aldi baterako debekatzen ahal izanen du ibilgailuak aparkatzea jarduera baimenduek okupatu beharreko eremuetan eta konpondu, seinalatu, mantendu edo garbitu behar diren tokietan. Halako kasuetan eremu horiek mugatuko dira, debekua 24 ordu lehenagotik adieraziz, neurriari hasiera noiz emanen zaion adierazten duten seinaleen bidez.

5.–Oro har, oinezkoen segurtasuna bermatzeko, debekatuta dago ikastetxe eta zerbitzuetatik hurbil dauden oinezkoen pasabide guztietan bidearen noranzkoa baino bost metro aurreragoko tartean geratu edo aparkatzea, bai eta beren joan-etorri bereziagatik edo arazoren batengatik arau hau aplikatzea gomendatzen duten guneetan ere, segurtasunaren eta ikusgarritasunaren ikuspegitik.

Salbuespen kasuetan, udal agintaritzak aparkaleku plazak gaitzen ahal izanen ditu bizikletentzat, mugikortasun pertsonaleko ibilgailuentzat edo ziklomotor nahiz motozikletentzat, baldin eta aparkaleku plaza horiek segurtasun espazio bat uzten badute libre, oinezkoa pasabidean geratu behar den lerroa baino lehen. Segurtasun espazio hori bi metrokoa izan beharko da gutxienez.

4. artikulua.–Artikuluaren izenburua aldatu da.

4. artikulua. Erabiltzaileen betebeharrak.

14. artikulua.–Beste idazketa bat eman zaio.

14. artikulua. Oinezkoendako eremuak.

1.–Oinezkoendako eremua da igota edo beste nolabait mugarrituta dagoen bide zatia, oinezkoen zirkulaziorako bereizita dagoena eta espaloia, nasa eta pasealekuak barne hartzen dituena.

2.–Debeku da ibilgailuekin oinezkoendako eremuetan zirkulatzea eta bertan aparkatzea.

3.–Oinezkoendako eremuetan ibilgailuekin sartzea eta aparkatzea orokorrean debeku bada ere, udal organo eskudunak baimen espezifikoak ematen ahal ditu ibilgailu jakin batzuek oinezkoendako eremuetan zirkula dezaten, betiere ezinbesteak bultzatuta. Salbuespenezko kasu horietan, ibilgailuen gehieneko abiadura 10 km/h izanen da, eta lehentasuna oinezkoek izanen dute beti.

4.–Oinezkoendako eremuak zutikako seinaleen bidez mugatuko dira, edo haietan ibilgailuak sartzea eta ibiltzea eragozten edo murrizten duten balizatzeko elementu mugigarriak edo finkoak erabiliz.

5.–Bizikletekin pasealekuetan zirkulatzeari eta bertan aparkatzeari dagokionez, ordenantza honen 26. artikuluak (Mugikortasun urriko pertsonen bizikleta, aulki eta trizikloen zirkulazioa parke eta pasealekuetan) xedatutakoa beteko da.

19. artikulua.–Beste idazketa bat eman zaio.

19. artikulua. Patinen, patineteen eta monopatinen nahiz gizakiaren ahaleginak beste inolako laguntzarik gabe bultzatzen dituen antzekoen zirkulazioa.

1.–Patin, patinete edo antzeko gailuak toki hauetan ibil daitezke:

a) Oinezkoendako eremuak.

b) Bizitegi kaleak.

c) Espaloiak.

d) Bidegorri babestua.

e) Bizikleta espaloia.

f) Bizikleta bidexkak.

g) Parke eta pasealekuak.

2.–Patin, patinete, monopatin edo antzeko gailuak inoiz ere ezin izanen dira ibili toki hauetan:

a) Galtzadan, salbu eta hura gurutzatzeko, horretarako seinalatutako tokietan.

b) Bidegorri banandu gabean.

3.–Patinatzaileek, bidegorrietan barna doazenean, bizikleten abiadurara egokituko dute berea. Espaloietan barna doazenean, berriz, ez dute oinezkoen abiadura gaindituko eta egokituko dituzte beren mugimenduak oinez dabiltzanen mugimenduen arabera, betiere haiei trabarik edo arriskurik eragin gabe.

4.–Patin, monopatin, patinete edo antzeko gailuetan doazen pertsonak oinezkotzat joko dira, ordenantza honetan ezarritako baldintzekin.

5.–Monopatinak honako eremu hauetan ibil daitezke, betiere ordenantza honetan bide mota bakoitzerako aurreikusitakoa errespetatuz:

a) Oinezkoendako eremuak.

b) Bizitegi kaleak.

c) Espaloiak.

d) Bizikleta espaloia.

e) Bizikleta bidexkak.

f) Parke eta pasealekuak.

Oro har, ez dute baimenik bidegorrietan barna zirkulatzeko.

6.–Monopatinak eta gisako tramankuluak horretarako berariaz seinalatu diren eremuetan baizik ez dira erabiltzen ahalko, kirol moduan erabili ere.

7.–Ezin dira ezein kasutan ere beste ibilgailuei lotuta edo atoian eraman.

20. artikulua.–Beste idazketa bat eman zaio.

20. artikulua. Mugikortasun pertsonaleko ibilgailu elektrikoen eta bi gurpiletik gorako zikloen erabilera.

1.–Kontzeptua, arauaren izaera eta aplikazio esparrua.

Mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak (MPI) dira estatuko araudian izaera hori dutenak. Zizur Nagusiko espazio eta bideetan mugikortasun pertsonaleko ibilgailuen zirkulazioa arautzea da arau honen helburua. Araudi honetatik kanpo daude:

h) Duten eraikuntzaren zioz 6 km/h-ko abiadura gainditzen ez duten ibilgailuak eta patineteak.

i) Degaitasun fisikoren bat duten pertsonek erabiltzeko baino ez diren ibilgailuak.

–Desgaitasunen bat duten pertsonak, motor elektrikoz bultzatutako aulkietan edo scooter elektrikoetan badoaz, “OINEZKOTZAT” joko dira (I. Eranskina, Bide Segurtasunaren Legea).

2.–Udal araudia.

2016ko azaroaren 3ko 16/V-124 Instrukzioaren bidez, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak Mugikortasun Pertsonaleko Ibilgailuak edo MPIak katalogatzeko irizpide batzuk proposatu ditu, baina, orokorrean, udalen esku uzten du horien erabilera eta zirkulazioa arautzeko erantzukizuna.

3.–MPIen sailkapena.

Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak 16/V-124 Instrukzioan egindako tipifikazioa ezarri da. Bertan, A, B eta C taldeetan ezartzen da sailkapena:

a) A motan honako ezaugarri hauek dituzten MPIak sartzen dira:

–Gehieneko abiadura 20 km/h-tik beherakoa.

–Bere masa ezin da izan 25 kg-tik gorakoa.

–Pertsona bakarreko gehieneko edukiera, inolako bidaiaririk eramateko aukerarik gabe.

–Gehieneko dimentsioak: zabalera 0,6 m, luzera metro 1, altuera 2,1 m.

–Gehieneko biraketa erradioa: metro bat.

–Tinbrerik edo balaztarik ez izatea zilegi da.

–Ez dira egokiak salgaiak banatzeko.

Talde honetan sartuko lirateke dimentsio txikieneko MPIak, besteak beste hoverboard plataformak, monozikloak eta patineteak, aurreko ezaugarriak betetzen dituztenak.

b) B motan honako ezaugarri hauek dituzten MPIak sartzen dira:

–Gehieneko abiadura 30 km/h-tik beherakoa.

–Bere masa ezin da izan 50 kg-tik gorakoa.

–Pertsona bakarreko gehieneko edukiera, inolako bidaiaririk eramateko aukerarik gabe.

–Gehieneko dimentsioak: zabalera 0,8 m, luzera 1,9 m, eta altuera 2,1 m.

–Gehieneko biraketa erradioa: 2 metro.

–Tinbrea edo balazta eduki behar ditu.

–Ez dira egokiak salgaiak banatzeko.

Talde honetan sartuko lirateke segwayak eta patinete handiagoak, lehen aipatutako ezaugarriak betetzen dituztenak.

c) C mota:

1.–C0 mota: bi gurpiletik gorako zikloak dira, erabilera pertsonalerako erabiltzen direnak eta honako ezaugarri hauek dituztenak:

–Gehieneko abiadura 45 km/h-tik beherakoa.

–Bere masa ezin da izan 300 kg-tik gorakoa.

–Pertsona bakarreko gehieneko edukiera, inolako bidaiaririk eramateko aukerarik gabe.

–Gehieneko dimentsioak: zabalera 1,5 m, luzera 1,9 m eta altuera 2,1 m.

–Gehieneko biraketa erradioa: 2 metro.

–Tinbrea edo balazta eduki behar ditu.

–Ez dira egokiak salgaiak banatzeko.

2.–C1 mota: bi gurpiletik gorako zikloak dira, jarduera ekonomikoren bat edo aisialdiko jardueraren bat egiteko erabiltzen direnak eta honako ezaugarri hauek dituztenak:

–Gehieneko abiadura 45 km/h-tik beherakoa.

–Bere masa ezin da izan 300 kg-tik gorakoa.

–Gehieneko dimentsioak: zabalera 1,5 m, luzera 1,9 m eta altuera 2,1 m.

–Gehieneko biraketa erradioa: 2 metro.

–Tinbrea edo balazta eduki behar ditu.

–Gehienez ere 3 pertsonako edukiera du, gidaria barne (horregatik prezio bat kobratu dezakete).

–Ez dira egokiak salgaiak banatzeko.

3.–C2 mota: bi gurpiletik gorako zikloak dira, salgaiak garraiatzeko erabiltzen direnak eta honako ezaugarri hauek dituztenak:

–Gehieneko abiadura 45 km/h-tik beherakoa.

–Bere masa ezin da izan 300 kg-tik gorakoa.

–Gehieneko dimentsioak: zabalera 1,5 m, luzera 1,9 m eta altuera 2,1 m.

–Gehieneko biraketa erradioa: 2 metro.

–Tinbrea edo balazta eduki behar ditu.

–Egokiak dira salgaiak banatzeko.

–Gehienez ere 3 pertsonako edukiera du, gidaria barne, eta ezin du preziorik kobratu bidaiariak garraiatzeagatik.

Mota horiez gain, kontuan hartu beharko dira MPI ez elektrikoen beste mota batzuk, merkatuan ager daitezkeenak eta Europako, Estatuko nahiz tokiko araudiaren bidez araututa egonen direnak.

4.–Zirkulazio arau orokorrak.

a) Oro har, debeku da mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak espaloietan barna ibiltzea.

b) MPI batekin bide eta espazio publikoetan barna ibiltzeko gutxienez 14 urte eduki beharko dira. 14 urtetik beherakoek ibilgailu horiek erabiltzen ahal izanen dituzte, soilik pasabideetan, zirkulaziorik gabeko guneetan, trafikoari itxitako espazioetan eta lagunduta, beren guraso edo tutoreen erantzukizun pean. MPIak behar bezala homologatuta egon behar dira, eta egokiak izan behar dira beren adin, altuera eta pisurako.

c) Derrigorra da gidariak kaskoa erabiltzea bai eta, hala badagokio, ibilgailuko bidaiariek ere, halakorik baimenduta dagoen kasuetan. Gainera, ilunabarraren eta egunsentiaren artean eta ikusgarritasun eskaseko baldintzetan, derrigorrezkoa da txaleko islatzailea erabiltzea eta aurreko eta atzeko argia edukitzea, Zirkulazioaren Araudi Orokorrean eta Ibilgailuen Araudi Orokorrean ezarritako arauen arabera.

d) Tinbrea eduki beharko dute eskulekua duten horiek.

e) Kontuz eta arretaz ibili beharko da, norberaren edo hirugarrenen gaineko kalteak saihesteko, eta bidea erabiltzen duten gainerako pertsonak arriskuan jartzea saihesteko.

f) Debekatuta dago hotsa hartu edo berriz sortzen duen aparaturen bati loturiko kasko edo aurikularrak jarrita gidatzea.

g) Debekatuta dago telefono mugikorra esku moduan erabiliz gidatzea, nahiz gidatzean etengabeko nahitaezko arreta ezintzen duen beste edozein gailu erabiltzea.

h) Debeku da MPIetan ibiltzea uhalez loturiko animaliekin batera.

i) MPIen gidariek, edari alkoholdunak, sorgorgarriak, psikotropikoak, estimulatzaileak edo gisako beste gai batzuk hartzeari dagokionez, gainerako gidariek dituzten betebehar eta muga berberak dituzte, Zirkulazioaren Araudi Orokorrean ezarritakoaren arabera.

j) Ibilgailua pertsonak garraiatzeko homologatuta badago (C1 eta C2 motak), gidariak adinez nagusiak izan behar dira.

k) Une oro errespetatuko dira ordenantza honetan ezarritako zirkulazio arau orokorrak nahiz trafikoaren, motordun ibilgailuen zirkulazioaren eta bide segurtasunaren gaineko indarreko gainerako arau eta legeak.

l) Mugikortasun pertsonaleko ibilgailuen gidariek trafikoa zaintzeaz arduratzen diren agintaritzako agenteen esku eduki beharko dituzte honako agiri hauek gidatzen duten bitartean:

1. Ibilgailu horien erabiltzaileek beren adina egiaztatzeko aukera ematen duen agiri pertsonalen bat eraman beharko dute.

2. Ibilgailu horien erabiltzaileei edo/eta jabeei eska dakieken dokumentazio teknikoak (ziurtagiriak, homologazioak, zehaztapen teknikoak eta abar) gaiaren gaineko estatuko araudian ezarritakoa bete beharko du.

5.–MPIen (A, B eta C motak) zirkulazio arau zehatzak.

1) A eta B motako MPIen zirkulazioa:

Ezin da espaloietatik eta oinezkoendako eremuetatik ibili. Honako leku hauetatik soilik gidatzen ahalko da:

–Bidegorria eta bizikleta pista.

–Espaloiko bidegorriak: Baimenduta dago, baldin eta halakoak guratzen dituzten oinezko pertsonen lehentasunezko joan-etorriak errespetatzen badira eta abiadura moteltzen bada.

–S-28rekin seinaleztatutako bizitegi kaleak: Bertan ibiltzea baimenduta dago, baldin eta gailuak balaztak eta eskulekua baditu, norabidea zehazteko. Oinezkoen lehentasuna errespetatuko da, eta abiadura bidearen inguruabarren arabera egokituko da. Ahal dela, galtzadaren erdialdetik ibiliko dira, fatxadatik gutxienez 2 metroko tartea gorderik.

Jendetza bildu denean, ezin bada oinezkoak aitzinatzeko 1,5 metroko tartea gorde, gidariek MPItik jaitsi eta, hura eskuekin helduta, oinez segitu beharko dute.

Kale horietan bi noranzkoetan ibiltzen ahal dira, baldin eta berariaz baimentzen bada seinale egokien bidez.

–Parkeak eta ibaiko pasealekuak: Oinezkoen lehentasuna errespetatuz ibili daiteke, baldin eta abiadura oinezkoenera egokitzen bada eta oinezkoarekiko 1,5 metroko tartea uzten bada gutxienez, betiere bideak horretarako aukera ematen badu. Jendetza bildu delako ezin bada oinezkoak aitzinatzeko segurtasun tartea gorde, gidariek MPItik jaitsi eta, hura eskuekin helduta, oinez segitu beharko dute. Zolatutako guneetatik ibili beharko dira eta inoiz ez lorategi guneetatik.

2) C motako MPIen zirkulazioa (C0, C1, C2):

A eta B motako MPIetarako ezarritakoaz gain, honako leku hauetan ibiltzen ahal dira:

–Bide guztien galtzada.

–Bidegorrietatik ibiltzen ahal dira, baldin eta azpiegituraren zabalerak aukera hori ematen badu.

–Espaloiak 4 metrotik gora baditu eta 3 metroko tartea badago libre, C2 motako ibilgailuak bertara sar daitezke lokal eta dendetara iristeko, salgaien zamalanetarako hertsiki beharrezkoa den denboran.

–C2 motako MPIek ezin dute parkeetatik ibili, parkearen barruan dauden establezimenduetara salgaiak banatzeko erabiltzen diren horiek izan ezik.

6.–MPIen aparkalekua.

Ordenantza honen 36. artikuluan xedatutakoa beteko da bizikletak aparkatzean.

Salgaiak garraiatzen dituzten C2 ibilgailuak, 4 metrotik gorako zabalera duen espaloitik dabiltzanean, bertara sartzen ahalko dira lokal eta dendetara iristeko, salgaien zamalanetarako hertsiki beharrezkoa den denboran. Ibilgailurik handienek galtzadako aparkaleku bandetan aparkatzen ahal dute.

7.–MPIen erregistroa. Homologazio ziurtagiria.

Zizur Nagusitik dabiltzan MPI guztiek eduki behar dute beren ibilgailuaren informazio teknikoa edo homologazio ziurtagiria, udal agintaritzan aurkezteko, halakorik eskatzen baldin bada.

21. artikulua.–1. apartatuari beste idazketa bat eman zaio.

21. artikulua. Bizikleten zirkulazioa galtzadan.

1.–Ziklistak, aukeran, galtzadaren eskuineko erreian ibiliko dira, eta, ahal dela, erreiaren edo bidearen erdialdea erabiliko dute.

29. artikulua.–1. apartatuari beste idazketa bat eman zaio.

29. artikulua. Pertsona eta salgaien garraioa.

1.–Adinez nagusiek pertsonak eta salgaiak garraiatzen ahalko dituzte bizikletetan eta zikloetan (29. artikulu honen 6. apartatuan deskribatutako baldintzekin bat).

30. artikulua.–1. apartatuari beste idazketa bat eman zaio.

30. artikulua. Bizikletak aparkatzea.

1.–Bizikletak horretarako berariaz ezarri eta seinalatu diren tokietan aparkatu behar dira, eta behar bezala segurtatuak utzi. Toki horiek beste zikloen erabiltzaileek ere erabil ditzakete, barne harturik mugikortasun murriztuko ibilgailuenek.

32. artikulua.–Beste idazketa bat eman zaio.

32. artikulua. Abiadura mugak.

Ibilgailuek hiri bideetan eta zeharkaleetan ezin izanen dute orokorrean 40 km/h-tik gorako abiaduran ibili. Gainera, ordenantza honen I. eranskinean ezarritako muga zehatzak errespetatu beharko dituzte, honako salbuespen hauekin:

a) Ibilgailu bereziak, balaztatze seinalerik ez dutenak, atoiak eramaten dituztenak edo motokultoreak edo haiekin parekaturiko makinak direnak: 25 km/h-ko muga.

b) Adierazitako mugak jaisten ahal izanen dira oinezko trafikoaren edo bestelako inguruabarren ondorioz hala komeni dela uste bada. Halakoetan, udaleko organo eskudunak hartuko du erabakia.

34. artikulua.–Beste idazketa bat eman zaio.

34. artikulua. Neurriko abiadura.

Neurriko abiaduran ibiliko da eta, beharrezkoa bada, ibilgailua geldituko da, inguruabarrek hartaratzen dutenean, bereziki halakoetan:

a) Erabiltzen ari den bide zatian oinezkorik ala bizikletarik bada, edo aurreikusten ahal bada oinezkoak sartuko direla, bereziki adingabeak, adineko pertsonak, itsuak edo modu nabarmenean ezindurik daudenak.

b) Erabiltzen ari den bide zatian animaliarik bada, edo aurreikusten ahal bada animaliak sartuko direla.

21. artikuluan (bizikleten zirkulazioa galtzadan) zehaztutakoaren arabera, motordun ibilgailuek beren abiadura bizikleta eta zikloen abiadurara egokitu beharko dute. Ezin izanen dira bizikletak aurreratu, artikulu honetan zehaztutako baldintzetan salbu, eta motordun ibilgailuen gidariek ezin izanen dituzte bizikleten gidariak zirikatu.

c) Oinezkoendako edo ziklistendako pasabideetara hurbiltzean, semaforoak edo bidezainak arautu gabe daudenean, eta orobat ikastetxeetara edo oinezko anitz dauden tokietara hurbiltzean.

Bidean mugikortasun murriztuko pertsonak badaude, bizikletek eta ibilgailuek beren abiadura horien arabera egokitu beharko dute.

d) Geralekuan dagoen autobus batera hurbiltzean, erabiltzaileak jaitsi edo igo baitaitezke.

e) Zoladura irristakorretan ibiltzean edo bidea erabiltzen ari diren gainerako pertsonak urez, hartxintxarrez, lokatzez edo beste elementuren batez zipriztintzeko arriskua dagoenean.

f) Biribilguneetara, lehentasunik gabeko bidegurutzeetara, obretan dauden lekuetara edo galtzadaren meharguneetara hurbiltzean.

g) Laino trinkoa, euri handia, elurra, horma, errauts lainoak edo ke adarrak direnean.

42. artikulua.–Beste idazketa bat eman zaio.

42. artikulua. Seinaleztapena.

Pasabideetan seinale zutikako nahiz etzanak paratu beharko dira, artikulu honetan jasotzen den gisan.

Zutikako seinaleak erregelamenduzko debeku plakak izanen dira, lokal edo espazio pribatuko sarbidearen bi aldeetara ezarriko direnak; ordutegia eta aparkatzeko debeku gau eta egunekoa agertuko dituzte.

Pasatzeko zabalera baimenduak dakarren tartearekin paratuko dira plakak, tolerantzia ±%20 dutela. Plaken beheko aldea zorutik 1,50etik 2 metro bitarteko garaierara egonen da, Udaleko zerbitzu teknikoek salbuespenez besterik baimentzen dutenetan izan ezik.

Plakak tasa baten truke Udalak ematen duen eredu ofizialekoa izan behar du.

Gainera, pasatzeko lizentzia halako ordu jakin batzuetarako denean, hori erraz ikusteko maneran agertuko da seinaleetan.

Seinale etzanak paratzeko, pasabidea edo zintarriko oketsa horiz eta beltzez pintatuko da, kolore bakoitzari 50 zentimetroko zabalera emanen zaiola. Bestalde, galtzadan pasabidea mugatzeko bi marra hori elkarzutak pintatuko dira, 2 metro luze eta 15 zentimetro zabal izanen direnak, kolore eta zabalera bereko marra hautsiak baturik, edo marra eten bat, aparkatzeko tokirik ez dagoenean.

Pasatzeko lizentzia berrietan eta zaharretan aldaketak egin behar direnean, gailu argidun izarniatzailea erantsi beharko da, oinezkoek aise ikusteko bezain beherean paratua, garajeko atea abian dela ohartaraz diezaien. Gailua paratu aitzin aurkeztuko zaio udalari, onets dezan.

Seinaleak okerrak badira, aipatutako elementuren bat falta bada edo seinaleak ez badira behar bezala mantendu, pasatzeko lizentziak indarrean egoteari utziko dio eta ordenantza honekiko arau hauste larritzat hartuko da.

52. artikulua.–13. apartatua gehitzen da.

52. artikulua. Arau orokorrak.

13.–Orokorrean, debeku da 5,5 metroko luzera edo/eta 2,5 metroko altuera gainditzen duten ibilgailuak aparkatzea, berariazko baimenik eduki ezean, betiere agintari eskudunak halakoak aparkatzeko gune bat ezartzen badu.

Era horretako ibilgailuetarako zilegi da zamalanetarako hertsiki beharrezkoa den denboran geratzea, arau orokorrak, eta, bereziki, ordenantza honen 35. eta 54. artikuluak betez.

53. artikulua.–Beste idazketa bat eman zaio.

53. artikulua. Autobusak, kamioiak, atoiak, karabanak eta autokarabanak.

1.–Debeku da gehieneko pisu baimendua 5.000 kg-tik gorakoa duten ibilgailuak aparkatzea udal mugapeko bide guztietan, seinalatutako lekuetan zamalanak egiteko ez bada.

2.–Debeku da gehieneko pisu baimendua 3.500 kg-tik gorakoa duten kamioiak bizitegi eremuetan eta, orokorrean, hirigunean barna ibiltzea eta aparkatzea, non eta eremu horietako arau espezifikoetan gehieneko pisu baimendu desberdina jasorik ez dagoen edo berariazko baimen bat ez duen.

3.–Debeku da 21 bidaiari baino gehiagorendako tokia duten autobusak udal mugapeko bide guztietan aparkatzea.

4.–Debeku horiek ez dira beteko behar bezala justifikaturiko salbuespen kasuetan, betiere aitzinetik agintari eskudunaren baimena eskuratu baldin bada.

5.–Udalak eremu espezifikoak ezartzen ahal ditu, inolaz ere ez direnak udal mugapeko bideak izanen, gehieneko pisu baimendua 5.000 kilotik gorakoa duten ibilgailuak edo 21 bidaiari baino gehiagorendako tokia duten autobusak aparkatzeko.

Eremu gaituetan aparkatzeko baimena txartel baten bidez emanen da, eta txartel hori lortzeko honako baldintza hauek bete beharko dira ezinbestean:

a) Pertsona fisikoa izatea, gehieneko pisu baimendua 5.000 kilotik gorakoa duen ibilgailu baten edo 21 bidaiari baino gehiagorendako tokia duen autobus baten titularra izatea, familia unitatearekin batera Zizur Nagusian kokatutako etxebizitza batean erroldatuta egotea, urtebetez baino gehiagoz, eta hura izatea haren ohiko bizilekua. Orobat, ibilgailua toki berean helbideraturik egonen da eta haren ohiko gidariak titularrak bete beharreko baldintza berak bete beharko ditu.

b) Zizur Nagusiko Udalarekin zorrik ez izatea derrigorrezko diru bilketaren epean, bereziki baimen-txartela behar duten ibilgailuen zirkulazioaren gaineko zergarekin zerikusia badute.

c) Zizur Nagusiko Udalari baimen-txartela eskatu izana, eskabide eta inprimaki ofizialarekin batera agiri hauek aurkeztuta:

–Nortasun agiri nazionalaren kopia konpultsatua.

–Ohiko gidariaren gidatzeko baimenaren kopia.

–Ibilgailuaren zirkulazio baimenaren fotokopia.

–Autoaren indarreko aseguru polizaren kopia eta ibilgailuen ikuskapen teknikoaren adostasun txostenarena, hura aginduzkoa bada.

d) Bizilagun txartela eskuratuz geroztik egoera aldatu ez eta, beraz, hura lortzeko eskatzen diren baldintza guztiak betetzen jarraitzea.

Gaitutako eremuetan 13:00etatik 15:00etara aparkatzea baimentzen duen txartela lortzeko, aurrez aipatutako baldintza berak bete beharko dira, a) atala izan ezik. Horren ordez, hau da bete beharreko baldintza:

Gehieneko pisu baimendua 5.000 kilotik gorakoa duen ibilgailu baten edo 21 bidaiari baino gehiagorendako tokia duen autobus baten gidaria izatea, familia unitatearekin batera Zizur Nagusian kokatutako etxebizitza batean erroldatuta egotea, urtebetez baino gehiagoz, eta hura izatea haren ohiko bizilekua.

Txartela ibilgailuen aitzineko haizetakoen barne aldean paratuko da, kanpotik garbi ikusteko maneran. Urtebeterako balioko du eta eskatzailearena izanen da, ez beste inorena, eta zer ibilgailutarako eskatzen den, haretxena.

Txartela eskuratzen duten eskatzaileak haren erantzule izanen dira, eta etxez edo ibilgailuz aldatzen direnean, edo hartarako eskubidea ematen duen edozein baldintza aldatzen denean, horren berri eman beharko diote Udalari, gehienez ere astebetean. Hartara, txartel berria eskuratuko dute, horretarako eskubidea izanez gero, edo anarteraino indarra izan duen txartela indargabetuko zaie.

Egoera edonola aldatu bada eta, beraz, txartela lortzeko eskatzen diren baldintzetariko bat betetzen ez bada, txartela besterik gabe baliogabetuko da eta une horretatik aitzina aparkatzeko eskubidea galduko du interesdunak.

Baimen-txartel berria eskuratzeko, nahitaezkoa izanen da zaharra itzultzea interesdunari berria ematen zaionean.

Halaber, txartela itzuli beharko da helbidez aldatu edota baldintzaren bat ez betetzeagatik txartel berria lortzeko eskubidea galtzen bada, Udalari horren berri ematen zaion unean berean, edo hartarako eskubidea izanik ere hura berritu nahi ez denean itzuli ere.

Txartela ebatsi edo galduz gero, berehalakoan eman behar zaio horren berri Udalari.

Udalak noiznahi egiaztatzen ahal du ofizioz txartelak emateko ezarritako baldintzak betetzen ote diren, eta betetzen ez dituztenei baliorik gabe utziko dizkie, bidezkoak izan daitezkeen beste neurri edo zehapenez aparte.

Gaitutako eremuetan ez da inola ere aparkatzen ahalko ibilgailu motordunetik bereizitako atoirik.

Era berean, ibilgailu bat 7 egun gehienez egoten ahalko da toki berean mugitu gabe. Denbora hori gainditu ondoan, baimenak eragina galduko du eta ezeztaturik uzten ahal da behin betiko.

Udalak leku batzuk egokitzen ahal izanen ditu 5,5 metroko luzera edo/eta 2,5 metroko altuera gainditzen duten ibilgailuak aparkatzeko. Leku horiek, behar bezala seinaleztatuta egon beharko direnak, denbora mugatuan nahiz mugagabean aparkatzeko izaten ahal dira. Agintari eskudunak erabakiko du, kasuan kasu.

Denbora mugagabean aparkatzea baimentzeko, horretarako baimena ematen duen txartela baliatuko da. Txartel hori eskuratzeko, honako baldintza hauek bete beharko dira:

a) Pertsona fisikoa izatea, 5,5 metroko luzera eta 2,5 metroko altuera gainditzen dituen ibilgailu baten titularra izatea, eta familia unitatearekin batera Zizur Nagusian erroldatuta egotea, urtebetez baino gehiagoz, eta hura izatea haren ohiko bizilekua. Orobat, ibilgailua toki berean helbideraturik egonen da, indarrean den aseguru eta guzti, eta haren ohiko gidariak titularrak bete beharreko baldintza berak bete beharko ditu.

b) Ez edukitzea zorrik Zizur Nagusiko Udalarekin, derrigorrezko diru bilketaren epean.

c) Txartela eskatu izana, nahitaezko dokumentazioa aurkeztuta.

d) Bizilagun txartela eskuratuz geroztik egoera aldatu ez eta, beraz, hura lortzeko eskatzen diren baldintza guztiak betetzen jarraitzea.

Txartela ibilgailuen aitzineko haizetakoen barne aldean paratuko da, kanpotik garbi ikusteko maneran. Urtebeterako balioko du eta eskatzailearena izanen da, ez beste inorena, eta zer ibilgailutarako eskatzen den, haretxena.

Txartela eskuratzen duten eskatzaileak haren erantzule izanen dira, eta etxez edo ibilgailuz aldatzen direnean, edo hartarako eskubidea ematen duen edozein baldintza aldatzen denean, horren berri eman beharko diote Udalari, gehienez ere astebetean. Hartara, txartel berria eskuratuko dute, horretarako eskubidea izanez gero, edo anarteraino indarra izan duen txartela indargabetuko zaie.

Egoera edonola aldatu bada eta, beraz, txartela lortzeko eskatzen diren baldintzetariko bat betetzen ez bada, txartela besterik gabe baliogabetuko da eta une horretatik aitzina aparkatzeko eskubidea galduko du interesdunak.

Baimen-txartel berria eskuratzeko, nahitaezkoa izanen da zaharra itzultzea interesdunari berria ematen zaionean.

Halaber, txartela itzuli beharko da helbidez aldatu edota baldintzaren bat ez betetzeagatik txartel berria lortzeko eskubidea galtzen bada, Udalari horren berri ematen zaion unean berean, edo hartarako eskubidea izanik ere hura berritu nahi ez denean itzuli ere.

Txartela ebatsi edo galduz gero, berehalakoan eman behar zaio horren berri Udalari.

Udalak noiznahi egiaztatzen ahal du ofizioz txartelak emateko ezarritako baldintzak betetzen ote diren, eta betetzen ez dituztenei baliorik gabe utziko dizkie, bidezkoak izan daitezkeen beste neurri edo zehapenez aparte.

Udalerriaren barruan kanpatzea debeku da, berariazko baimena eduki ezean.

Ordenantza hau aditzera emate aldera, honelakoetan ulertzen da autokarabana edo etxebizitza-ibilgailu bat aparkatua dagoela eta ez kanpatua:

a) Zorua gurpilekin edo segurtasun altxagarriekin baizik ukitzen ez duelarik.

b) Autokarabana itxia baino espazio gehiagorik okupatzen ez duelarik, hau da, ibilgailuaren perimetroa gainezkatzen duten elementurik hedaturik ez dagoelarik.

c) Kutsagarria izan ala ez, inolako isurkiren igorpenik gertatzen ez bada, salbu eta motorraren errekuntzak ihes-hodiaren bitartez berezkoak dituenak, edo jendetasunaren eta/edo osasunaren kontrako portaerak agertzen ez badira, hala nola erabilitako urak eremu publikoan hustea.

d) Asots gogaikarriak ateratzen ez direlarik, hala nola argindar sorgailu bat piztuz, edo ekipamendu akustikoak sobera ozen edukiz pausatzeko ohiko ordutegian edo, egunez, sobera luze jotzen duen denboran.

I. ERANSKINA.–Beste idazketa bat eman zaio.

I. ERANSKINA

Abiadura mugak

Zizur Nagusiko bideetan honako abiadura muga hauek ezartzen dira:

–Gehieneko abiadura 40 km/h:

  • San Kristobal ingurubidea (1-7 atalondoetarako sarbidean izan ezik).
  • Santiago Bidea kalea.
  • NA-7015 bidea, A-12arekin duen gurutzagunetik Gazolatzeko mugaraino.
  • Saguesgaña kalea.
  • Arrobia kalea.

–Gehieneko abiadura 30 km/h:

  • Mendikoa Kalea.
  • Mendikoa zeharbidea.
  • Iturpea kalea.
  • Bidegaina kalea.
  • Bidegaina zeharbidea.
  • Zizurrertea zeharbidea.
  • Zizurrertea kalea.
  • Bidepea kalea.
  • Eriete kalea.
  • Muga kalea.
  • Istizu kalea.
  • Istizu zeharbidea.
  • Sario kalea.
  • Fazeria kalea.
  • Aranegi kalea.
  • Iturbarren kalea.
  • Lurbeltzeta kalea.
  • Erreniega parkea.
  • Talluntze parkea.
  • Talluntze kalea.
  • Talluntze zeharbidea.
  • Zarikiegi kalea.
  • Zarikiegi zeharbidea.
  • Asterain kalea.
  • Zumardi parkea.
  • Paternain kalea.
  • Muru-Asterain kalea.
  • Undio kalea.
  • Larraia kalea.
  • Sagues kalea.
  • Tablada kalea.
  • Beraskoaingo etorbidea (Nafarroako Foruen Plazarekin muga egiten duen zatia eta planoan zehaztutako beste batzuk izan ezik).
  • Victor Baraibar kalea (1-3 eta 2-16 atalondoen arteko zatia).
  • San Isidro kalea.
  • Ixurmendi kalea.
  • Putzubidea kalea (1-15 eta 2-10 atalondoen arteko zatia).
  • Etxesakan kalea.
  • Lakuntzea kalea.
  • Julio Paternain kalea.
  • Errondoa kalea.
  • Euntzemearra kalea.
  • Euntzemearra plaza.
  • Ardoi kalea.
  • Mirador kalea.
  • San Andres kalea.
  • San Francisco kalea.
  • San Francisco zeharbidea.
  • Ardoiko Pinudi kalea.
  • Etxegibela kalea (1-7 eta 2-4 atalondoen arteko zatia).
  • Arridia kalea.
  • Zubiondoa kalea.
  • Gazolatz bidea (igotako zatiak izan ezik).
  • Morea kalea.
  • Ikortebidea kalea.
  • Zerradopea kalea.
  • Garzabala kalea.
  • Boluntze kalea.

–Gehieneko abiadura 20 km/h:

  • Gendulain kalea.
  • San Kristobal ingurubidea (1-7 atalondoetarako sarbidean).
  • Lizarra etorbidea.
  • San Miguel kalea.
  • Victor Baraibar kalea.
  • Putzubidea kalea (19-33 eta 14-16 atalondoen arteko zatia).
  • Victor Baraibar kalea (3 eta 21 atalondoen arteko zatia).
  • Nafarroako Foruen Plaza.
  • Beraskoaingo etorbidea (Nafarroako Foruen Plazarekin bat egiten duen zatia eta planoan zehaztutako beste batzuk).
  • Etxegibela kalea (6-28 eta 13-21 atalondoen arteko zatia).
  • Euntzeluzea kalea.
  • Errotaxar kalea.
  • Zubibidea kalea.
  • Mindegi kalea.
  • Bideburu kalea.
  • Boltxoko kalea.
  • Barga kalea.
  • Arrieta kalea.

Azken xedapena.–Ordenantzaren aldaketa honek ez du ondorio juridikorik izanen harik eta oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamabost egun iragan arte, epe hori baitute Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateei errekerimendua egiteko, haien egintzak edo erabakiak deuseztatzeari begira.

Iragarkiaren kodea: L2013183