277. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

NOAIN (ELORTZIBAR)

Lizentziak etetea lurzoru urbanizaezinean eguzki-instalazio fotovoltaikoak jartzeko

Noain Elortzibarko Udalak, 2020ko azaroaren 10ean egin bilkuran, erabaki hau hartu zuen:

Ikusi da udal arkitektoak 2020ko urriaren 29an eman zuen txostena eguzki-instalazio fotovoltaikoek Noaingo Udal Planean daukaten arauketari buruz.

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 70.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, Udalak, hirigintza planak hasiera batez onesteko eskumena duen administrazioa den aldetik, ahalmena du urtebetez eteteko partzelazio, eraikitze, eraiste edo bestelako erabileretarako lizentziak, horien eraketa edo berritzea aztertzeko.

Noain Elortzibarko Udal Plana indarrean dago 2001az geroztik, eta txostenean jasotakoaren arabera, plan horretan ez dago araututa bateragarria ote den lurzoru urbanizaezinean energia berriztagarrien instalazioak (instalazio fotovoltaikoak edo antzekoak) jartzea. Hortaz, horrelako arauketa orokor eta lausoak interpretazio arazoak sor ditzake antolamenduan. Batetik, ez dago argi zer araubide aplikatu behar zaien proiektu mota horiei lurzoru urbanizaezinean baimengarriak edo debekatuak diren jarduketei dagokienez, eta, bestetik, ez dago argi planean egun definituta dauden lurzoru urbanizaezineko azpikategorietatik zeinekin diren bateragarriak. Azpikategoria horiek, halaber, ez dira sekula egokitu lurralde antolamenduko planetara.

Hirigintza, Agenda 21 eta Mugikortasuneko Batzordearen irizpena ikusita, bada, honako hau erabaki dute, aho batez, bertaratutako udalkideek:

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 70.1 artikuluarekin bat, dekretatzea eten egiten direla lurzoru urbanizaezinean eguzki-instalazio fotovoltaikoak jartzeko proiektuetarako lizentziak, zenbait alderdi aztertu nahi dira-eta: lurraldea, ingurumen, etnografia eta konektibitate ezaugarriak eta abar. Alderdi horiek kontuan hartuta, bada, erabakiko da zein diren mota horretako instalazioak hartzeko eremu egokienak lurzoru urbanizaezinaren barruan eta zein izango den aplikatuko zaien araudi partikularra. Horretarako, hain zuzen, aldaketa bat izapidetu beharko da Planean.

Eteteak iraunen du Hirigintzako Udal Plana aldatzeko hartu beharreko denboran, hori aztertu, prestatu eta tramitatzeko behar den epean, alegia, gehienez urtebetez (goian adierazitako testu bateginaren 70.3 artikuluari jarraikiz), asmoa baita lurzoru urbanizaezina egoki arautzea.

Erabaki honen kontra, errekurtso hauetariko bat aurkez daiteke, hautara:

1.–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabaki hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

2.–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazten denetik aitzina.

3.–Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

Noain Elortzibarren, 2020ko azaroaren 12an.–Alkate udalburua, Sebastián Marco Zaratiegui.

Iragarkiaren kodea: L2013600