277. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CORELLA

Fede publiko elektronikoa arautzen duen udal erregelamendu organikoaren onespena

Corellako Udalak, 2020ko ekainaren 11n egindako osoko bilkuran, fede publiko elektronikoa arautzen duen udal erregelamendu organiko hau onartu zuen, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.4. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

FEDE PUBLIKO ELEKTRONIKOA ARAUTZEN DUEN UDAL ERREGELAMENDU ORGANIKOA

Zioen azalpena

Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen zioen azalpenean ezarritakoaren arabera, 40/2015 Legearen Hitzaurreak arautzen du, zehatz-mehatz, administrazio organoen araubidea, eta, nabarmentzen duenez, bitarteko elektronikoen erabilera orokortu behar da, organo horiek eratu daitezen, bilerak egin ditzaten, erabakiak hartu ditzaten, eta bileren aktak egin nahiz igor ditzaten. Hala, aipatu Legearen 18. artikuluak honako hau ezartzen du:

1. Kide anitzeko organoaren saio bakoitzean, idazkariak akta eginen du, non nahitaez zehaztuko baitira agertu direnen izenak, bilerako gai zerrenda, tokia eta egun-orduak, eztabaidaturiko gai nagusiak eta harturiko erabakien edukia.

Kide anitzeko organoak egindako bilkurak grabatzen ahalko dira. Grabaketaren fitxategia, idazkariak hura egiazkoa eta osoa dela egiaztatzeko egiten duen ziurtagiria eta bilkuran zehar erabiltzen diren beste agiri elektroniko guztiak bilkuren aktarekin batera eransten ahal dira, eta ez da beharrezkoa izanen aktan deliberamenduen alderdi nagusiak jasotzea.

2. Bilkura bakoitzeko akta bilkuran bertan onartzen ahalko da edo hurrengo bilkuran. Idazkariak akta eginen du, lehendakariaren oniritziarekin, eta kide anitzeko organoko kideei baliabide elektronikoen bitartez bidaliko zaie akta. Kide horiek bide horiexen bidez adierazten ahalko dute testuarekiko adostasuna edo eragozpenak, testuaren onespena bideratzeko; baiezkoa emanez gero, bileran bertan onartutzat joko da.

Bilkurak grabatzea edo euskarri elektronikoko agiriak erabiltzea erabakitzen bada, dagozkien fitxategi elektronikoen osotasuna eta egiazkotasuna bermatzeko moduan gorde behar dira; orobat, kide anitzeko organoaren kideek horiek eskuratu ahal izatea ere bermatu behar da.

Hala ere, 40/2015 Legearen 18. artikuluan ezarritako araubidea (kide anitzeko organoei buruzkoa) ezin da aplikatu toki erakundeetako gobernu organoetan, Lege horren hogeita batgarren xedapen gehigarriaren arabera.

Toki Erakundeen Antolaketa, Funtzionamendu eta Araubide Juridikoaren Erregelamendua onartzen duen azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuak (aurrerantzean, AJA) ezartzen du, argi eta garbi, zein den udaletako akten edukia eta forma (AJAren 109. eta 110. artikuluak, AJAren 198. artikuluarekin eta hurrengoekin lotuta). Sistema hori aldatu nahi bada, arau orokor bat hartu behar da, gai horiek zehaztuko dituena. Hartara, sistema eta modu desberdin bat ezarriko da.

Arau hori Foru Komunitatean ez da eman; ondorioz, Udal Erregelamendu Organikoaren bidez arautu beharko da, eta, bertan, zehazki arautu beharko dira akta berri horien forma eta edukia, Corellako Udalean ere aplikatu beharrekoak. Erregelamendu honek, zehazki, beharrizan hori asetzea du helburu.

1. artikulua. Corellako Udalaren kide anitzeko organoen bilkurak grabatzen ahal dira. Aipatutako grabaketa audio akta izanen da, audio agiria bada, eta bideo akta, berriz, ikus-entzunezko agiria bada. Osoko bilkuren aktek agiri motaren arabera hartuko dute audio akta edo bideo akta sistema.

2. artikulua. Grabaketa kasuetan, bileraren akta “ikus-entzunezko akta” deituko da, eta hurrengo artikuluetan zehaztutako forma eta edukia izanen ditu.

3. artikulua. Ikus-entzunezko akta agiri publikoa eta ofiziala da, sinatua eta idazkaritzaren titularra den pertsonak baliozkotua, fede publikoa emateko bere eginkizunean.

4. artikulua. Ikus-entzunezko akta multimedia agiri elektronikoa da, eta elementu hauek osatzen dute gutxienez:

• Akta laburbildua: kide anitzeko organo baten bilkuraren gai zerrendaren puntuak eta hartutako erabakiak jasotzen dituen agiri elektronikoa. Bilkura motaren arabera, akta laburbilduak formatu zehatza izaten ahal du, eta, kasu batzuetan, indarreko legeriak ezarriko du hori; hala gertatzen da, adibidez, osoko bilkuren aktekin, honako datu hauek jasoko baitituzte:

a) Bileraren lekua, hau da, udalerriaren izena eta lokala.

b) Eguna, hilabetea eta urtea.

c) Hasiera ordua.

d) Lehendakariaren izen-deiturak, bertaratutako udalbatzako kideenak, ez zirela bertaratuko adierazi zutenenak eta abisurik eman gabe azaldu ez zirenenak.

e) Bilkura ohikoa edo ohiz kanpokoa den eta lehenbiziko edo bigarren deialdian egin den.

f) Idazkaria egon dela, edo legez bere ordezkoa dena, eta kontu-hartzailea egon dela, beharrezkoa denean.

g) Aztertutako gaiak.

h) Egiaztatzen diren bozketak, eta izendunak direnen kasuan, kide bakoitzak bozka zein zentzutan eman duen. Ohiko bozketetan aldeko eta aurkako bozka kopurua eta abstentzio kopurua adieraziko da. Bozka izendunen kasuan zein zentzutan eman den adieraziko da, interesatuak hala eskatzen badu.

i) Hartzen diren erabakien xedapenen atala.

j) Lehendakariak zein ordutan eman duen amaitutzat bilkura.

• Audio edo bideo agiria: bilkuran gertatu denaren audio edo bideo grabaketa da, eta audioa edo audioak eta irudiak ditu. Agiri horrek hizlari bakoitzak esandakoa hitzez hitz jasotzen du, eta agiri elektronikoan txertatzen da, esteka bidez.

• Sinadura elektronikoa: bilkuran idazkari kargua duen pertsonaren legezko sinadura elektronikoa da, eta agiria fede emaile bihurtzen du eta zuzenbide ondorioak ematen dizkio. Sinadura hori pertsona horren sinadura ziurtagiriaren bitartez egiten da. Osoko bilkuren kasuan, lehendakariak ere sinatuko du akta.

5. artikulua. Ikus-entzunezko aktak dagozkien fitxategi elektronikoen osotasuna eta egiazkotasuna bermatzeko moduan gorde behar dira; orobat, kide anitzeko organoaren kideek horiek eskuratu ahal izatea ere bermatu behar da.

6. artikulua. Ikus-entzunezko akta erabiliko da lehentasunez, ahal dela, osoko bilkuren eta Tokiko Gobernu Batzarraren osoko bilkuretarako.

7. artikulua. Ikus-entzunezko akta agiri publiko eta ofiziala denez eta sinatuta eta idazkariaren titularra den pertsonak baliozkotuta dagoenez, azken horren fede publikoaren eginkizuna betez, hura erabiltzean eta tratatzean, tentuz jokatu behar da, eta komenigarria da osorik edo zati batean jaistea eta berrargitaratzea ekiditea, kontuan izanik publizitatea eduki behar duten aktetan nahikoa dela audioa edo bideoa ikustearekin gardentasun eta publizitate printzipioak babesteko eta fitxategia pertsona guztien eskura dagoela, gune ofizialean, erreprodukzio mugarik gabe. Artikulu honetan aurreikusi bezala tentuz jokatzeko betebeharra hautsiz gero, erantzukizunak sortuko dira, ikus-entzunezko aktaren trafikoak edo berriz hedatzeak udalaren irudia edo interesak kaltetzen baditu.

8. artikulua. Datuak babesteko erregelamenduaren ondoreetarako, datu pertsonen tratamendua bete behar da osoko bilkurak grabatzean. Udalak tratamendu hori zehaztuko du, eta jardueren erregistroan sartuko du, honako arau honetan ezarritakoaren arabera: 2016/679 Erregelamendua (EB), 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena; 30. artikulua.

Tratamendu jardueren erregistroa udal webguneko gardentasun atarian kontsultatzen ahalko da.

9. artikulua. Xedapen honek aurreikusten ez dituen kasuetan, akten gaineko indarreko araubide juridikoa aplikatuko zaie ikus-entzunezko aktei.

Corellan, 2020ko azaroaren 10ean.–Alkatea, Gorka García Izal.

Iragarkiaren kodea: L2013436