277. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

Epea irekitzea elikagaiak prozesatzeko sektoreko Nafarroako eta Indiako enpresen arteko B2B topaketa birtualetan parte hartzeko.

Nafarroako Nazioarteko Plana 2017-2020 (PIN3) Nafarroako Gobernuaren tresna bat da, Nafarroako enpresei laguntza ematen diena nazioartera ateratzeko, eta plan horren barruan, India identifikatu da, besteak beste, lehentasunezko herrialde gisa, nekazaritzako industriaren sektorea lantzeari begira; izan ere, aukerak izan baditu.

Indiako elikagaigintzaren balio-katearen segmentuak zer-nolako egoeran dauden sakon aztertuta, elikagaiak prozesatzeko teknologiak, ontziratzeko eta paketatzeko makineria, hotz katea eta HORECA ekipamendua barne, ikusten da, sektoreak dituen ezaugarriengatik, Nafarroako enpresentzat aukeraz beteriko nitxoa dela:

–Herrialdean, gaur egun, txikia da oso prozesatzen den elikagai kopurua, eta zifra hori esponentzialki handitu behar da denbora epe oso laburrean. Izan ere, Indiako gobernua arlo horretako enpresen inbertsioa sustatzen ari da.

–Eskaria biziki hazten ari da sektorean, herrialdean gertatzen ari diren egiturazko aldaketak direla-eta, esate baterako, kontsumo ohituren bilakaera, kontsumitzaileen erosahalmenaren handitzea eta, batez ere, elikagaiak prozesatzeko azpiegiturak maila guztietan modernizatzeko beharra.

–Indian handia da desoreka teknologikoa, eta prozesatze teknologiaren arloko profesionalek ez dute prestakuntza nahikorik; horregatik, atzerriko enpresek negozio aukera onak dituzte bertan, hala ekipamenduak zein ezagutzak esportatzeko, nola herrialdean posizionatzeko, dela zuzenean dela bertako kideen eskutik.

–Indiak balantza komertzial negatiboa dauka sektoreko makineria eta ekipamenduaren salerosketari loturik aztertu diren muga-zergazko partida guztietan.

–Indiak kanpoko inbertsioei ateak zabaldu dizkienez zenbait sektoretan, multinazional handiak iritsi dira herrialdera, hala ekoizpenera nola banaketara bideratuak. Enpresa horiek bertako industria eta profesionalak modernizatzeko eragile izan ez ezik, eskari handia ere ekarriko dute makinerian eta ekipamenduetan, herrialde horretako lantokiak hornitzeko.

–Halaber, kontsumitzaileak jabetu dira elikadura ohitura higienikoak edukitzearen garrantziaz, bai erosketa prozesuan, bai elikagaiak manipulatu, prestatu eta kontsumitzerakoan, eta aldaketa hori oso garrantzitsua izan da. Indiako gobernuak joera aldaketa hori babestu egin du, zorroztu baititu elikagaien segurtasun eta higieneari loturiko betebeharrak, sektoreko eragile gehienek orain arte bazter uzten zituztenak. Betebeharrak zorroztu beharra pizgarria izanen da sektorea modernizatzeko eta nazioarteko estandarrekin bat datozen ekoizpen praktikak eta kalitate kontrolak ezartzeko.

Horregatik, lehentasunezko merkatuen eta Nazioarteko Plana nazioartean zabaltzeko laguntzaren ardatzen barnean, Nafarroako Gobernuak gonbit egiten die nekazaritza industriako sektoreko balio-kateko Nafarroako enpresei, bereziki elikagaien prozesatzeari lotutakoei, parte har dezaten sektorean diharduten Indiako enpresekin eginen diren topaketetan. Otsailean eta martxoan izanen dira topaketak, eta egungo osasun egoera dela-eta, online antolatuko dira.

Indiako ordezkaritza sektore horretako 20 enpresa inguruk osatuko dute.

Ekintzaren helburua da, Indiako eragileen artean Nafarroako nekazaritza industriaren sektorea bultzatzeaz gain, Nafarroako eta Indiako enpresen arteko hartu-emanak erraztea, zehazki beren jarduera honako alor hauetan garatzen dutenen artean, harreman komertzialak eta/edo lankidetza teknologikoa sustatzeari begira:

–Elikagaiak prozesatzearen sektorea.

–Elikagaiak prozesatzeko teknologia.

–Paketatzearen teknologia.

–Hotz-katearen teknologia.

–HORECA (hotelak, jatetxeak, kafetegiak) kanalaren teknologia.

Horrenbestez, helburua da aztertzea zein aukera dauden produktuak elkarrekin garatu eta fabrikatzeko, teknologia transferitzeko akordioak egiteko, lankidetzarako aliantzak sortzeko, ezagutza trukeak egiteko, etab.

Ekintzaren edukia:

Finantzatutako ekitaldiak honako jarduera hauek bilduko ditu:

–B2B delakoak prestatzeko bilerak, topaketen aurretik.

–Nafarroako eskaintza teknologikoari buruzko katalogo birtualaren prestaketa.

–B2B meeting-bilera birtualak, banakakoak, Indiako eta Nafarroako enpresen artean. Zoom, Teams, Skype, Webex edo tankera horretako plataformak erabiliko dira.

Enpresa parte-hartzaileek bete beharreko baldintzak:

Ekintza honetan parte hartzen duten enpresek bete behar dituzten baldintzak honako hauek dira:

–Nekazaritza industriaren sektoreko balio-kateko faseren bateko enpresak edo zentro teknologikoak izatea.

–Nafarroan egoitza edo helbide soziala izatea eta bertan garapen eta/edo ekoizpen lanak gauzatzea.

Eskaera aurkezteko epea:

Eskaerak nahitaez telematika bidez aurkeztuko dira, 2021eko urtarrilaren 30eko 14:00ak baino lehen, Nafarroako Gobernuaren Atariaren zerbitzuen katalogoko dagokion fitxa erabiliz (www.nafarroa.eus). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Ekitaldian parte hartuko duten Nafarroako enpresen katalogoa eginen da. Formularioan eskatutako informazioa urtarrilaren 15a baino lehen aurkezten duten enpresek ziurtatua izanen dute katalogo horretan agertzea.

Gehienez parte har dezaketen enpresen kopurua:

Jardunaldian 30 enpresak parte har dezakete, gehienez. Eskaerak aurkezten diren ordenaren arabera hautatuko dira enpresa parte-hartzaileak, gehieneko kopurura heldu arte.

Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak eskaera onartu dela jakinaraziko die inskripzio-fitxan adierazitako helbide elektronikora mezua bidalita, eta ekintzarako prestatzeko bilera baterako dei eginen die.

Enpresa parte-hartzaileen betebeharrak:

–Enpresaren datuak jakinaraztea, ekintzan parte hartzeko eskaeran zehazten direnak.

–Ekintza egiten denetik 15 eguneko epean, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak igorriko dien balorazio inkesta betetzea.

Iruñean, 2020ko azaroaren 10ean.–Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko zuzendaria, Miren Ausín Lecuna.

ERANSKINA

Eskabide inprimakia, elikagaiak prozesatzeko sektoreko Indiako enpresekin B2B topaketa birtualetan parte hartzeko (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2013506