277. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1129E/2020 EBAZPENA, azaroaren 9koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez Ezkabako eskualdeko parkearen Udalez gaindiko Plan Sektorialaren (UPS) ingurumen adierazpen estrategikoa egiten baita, Berriobeiti, Berriozar, Antsoain, Txulapain, Ezkabarte, Iruña, Atarrabia eta Uharteko udalek sustatuta eta Iruñerriko Mankomunitateak koordinatuta.

Udalez gaindiko Plan Sektorial honen xedea da oinarri batzuk eta araudi bat ematea Ezkaba, Oihana eta Urbizkain mendiak eskualdeko parke bilakatu ahal izan daitezen.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 3. eranskinean (3.A puntua) ezarritakoarekin eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6. artikuluarekin (Ingurumen ebaluazio estrategikoaren aplikazio eremua) bat etorriz, administrazio publiko batek ezarri edo onetsitako planei ingurumen ebaluazio estrategikoa egin behar zaie eta ingurumen adierazpen estrategikoaren xede izan behar dira, plana onetsi aurretik edo onestearekin batera.

Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak, organo eskuduna denez gero, Ingurumen Zuzendaritza Nagusian aurkeztu zuen 2017ko uztailaren 5ean Ezkabako eskualdeko parkearen UPSa, ingurumen azterlanarekin batera, ingurumen ebaluazio estrategiko arrunta izapidetzen hasteko, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak araututako prozeduraren arabera.

UPSaren izapidetzean mugarri hauek izan dira:

2016ko bigarren seihilekoan kolektiboek eta herritarrek parte hartzeko prozesu bat egin zen. Horren baitan egin ziren 7 bilera publiko, 23 kolektiboren parte hartzea izan zuten 2 tailer eta parte hartzeko plataforma bat interneten. Horren emaitza bezala, herritarren balioespen eta proposamen ugari bildu ziren. Parte hartzeko prozesu horretan, paisaiaren esperientzia soziala txertatu da plangintzan.

2017ko uztailaren 17an, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak beren eskumeneko gaiei buruzko txosten sektorialak eskatu zizkien beste departamentu, zerbitzu eta organismo publiko batzuei. Kontsulta horien laburpena Udalez gaindiko Plan Sektorialaren espedientea amaitzean zehaztuko da.

Ingurumen ebaluazio estrategikoaren txosten honetan aipatu behar da, ingurumeneko edukia duelako, Babes Zibilerako Zerbitzuak 2017ko abuztuaren 1ean emandako txostena. Horren arabera, gomendagarria litzateke herriguneen eta baso eremuen artean interfaze eremuak sortzeko azterketa bat jasotzea, alegia, zuhaitzez garbi egonen diren eta landare lehorrik izanen ez duten eremuak, eta horiek suteen prebentziorako lurzoru ez urbanizagarri gisa sartzea. Komunikazio antenei dagokienez, aditzera ematen du Nafarroako Gobernuko Larrialdi Zerbitzuek badituztela, besteak beste, hedagailu bat eta bestelako ekipamendu batzuk gailurrean. Bateraezintasunak daudenez transmisio ekipamendu ezberdinen artean, ezinezkoa da euskarri bakarra jartzea instalatutako sistema guztietarako; dena dela, posible da daudenak taldekatzea edota desegokiak direnak kentzea.

2017ko uztailaren 28an, Ingurumenaren Eraginaren Atalak dokumentazio osagarria eskatu zuen. Horren ondorioz, Iruñerriko Mankomunitateak dokumentazio berrikusia entregatu zuen (“2017ko otsaila-2017ko iraileko BER”).

Jasotako dokumentazioa aztertuta, Ingurumen Eraginaren Atalak txosten berri bat eman zuen 2018ko martxoaren 16an, adieraziz aurreko errekerimenduan aipatutako hirigintzako eta ingurumeneko gogoetak jaso direla. Alabaina, gehiago zehaztu beharreko xehetasun batzuk aipatzen dira:

a) neurri zehatzak gehitzea paisaia leheneratu eta hobetzeko, barnean sartuta behatzaile kontzentrazio fokuak dauden tokietatik eginiko analisia (herriak, komunikazio bideak, ibilbideak...).

b) bideak hierarkizatzeko irizpideak eta banatutako bideak ixtera bideratutako ekintzak, horrelako asko baitaude Ezkaba mendiaren hegoaldeko hegalean.

c) mendi ibilaldiak eta BTTen jarduera bateragarri egitea, Planean bertan aitortzen baita bide batzuetan bi jarduerak egiten direla.

Nolanahi ere, eta aurretik aipatutako alderdiak salbuespen, eta martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 33.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen IV. Eranskinean (“Ingurumen azterketa estrategikoaren edukia”) ezarritakoari jarraikiz, Ingurumen Eraginaren Atalak aditzera ematen du Planak araudian aurreikusitako eduki guztiak jaso dituela. Ondorio gisa, espedientea jendaurrean jartzen ahal da, Ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozeduraren ondorioetarako, eta, aldi berean, lurralde antolamenduaren ondorioetarako.

2018ko apirilaren 25ean, Nafarroako Gobernuaren ERABAKI bidez, Ezkabako eskualdeko parkearen Udalez gaindiko Plan Sektorialaren espedientea izapidetzen hasi zen, eta aldi berean egin zitzaizkion jendaurreko informazioaren eta ukitutako udalen entzunaldiaren izapideak (2018ko 119. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 21ean). Orobat, espedientea jendaurrean jarri zen, berrogeita bost eguneko epe berean, ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozeduraren ondorioetarako, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoarekin bat.

Jendaurreko informazioaren prozesuan zortzi alegazio jaso ziren hiru ekarpenetan: partikular batek, Iruñeko Udalak eta Defentsa Ministerioak aurkeztu zituzten ekarpen horiek. Alegazio horietan ez da espresuki aipatzen ingurumen ebaluazioaren xede den gairik –espedientea amaitzean eta Udalez gaindiko Plan Sektorialean erantzunen zaie–, Iruñeko Udalaren alegazio batean izan ezik. A.2 aisialdi eremuari buruzkoa da, baietsi da eta ingurumen adierazpen estrategiko honen I. eranskinean laburbiltzen da.

Alegazio horiek ebatzi ondoren, Iruñerriko Mankomunitateak Udalez gaindiko Plan Sektorialaren (UPS) testu bategina aurkeztu zuen Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren aurrean, 2020ko ekainaren 3an.

Planaren laburpena:

Planaren xede den eremuak 1.009 hektarea ditu eta 8 udalerritan dago banatua: Antsoain, Berriobeiti, Berriozar, Txulapain, Ezkabarte, Atarrabia, Iruña eta Uharte. Funtsezko determinazioetako bat parkearen eremua mugatzea da, babesteko eta etorkizunean proiektu koordinatuak aurkezteko lekune natural gisa kontserbatzeko.

Planaren helburu nagusia da ingurune naturala mantentzen dela bermatzea, espezieak suspertzea eta udalerri guztietatik bertara iritsi ahal izatea, beharrezko bide zaharrak edo ordezko ibilbideak (bideak, zidorrak) berreskuratuta. Horrela, natur ondarea errespetatuko duten bideen sare bat osatuko da. Ezkaba, Oihana eta Urbizkain mendietan hiri eta landa eremuen ikuspegiak daude, eta eremu horietatik iristen ahal da mendietara. Paisaia erakargarria dute, eta gotorleku bat dago. Ezaugarri horiek direla eta, leku egokia da kirol turismoarekin lotutako jarduerak egiteko eta, batik bat, mendi ibilaldietarako.

Hauek dira planean jasotako helburuak:

–Landaredi naturala kontserbatzea eta leheneratzea: hariztien eta artadien bilakaera erraztuko da hego magalean, bai eta bertako zuhaitzak eta belar eta zuhaixka espezieak pixkanaka berreskuratzea ere.

–Basoko suteen aurkako babesa, bai eta eragin negatiboak sortzen ahal dituzten erabilerena ere (eraikuntza berriak altxatzea, pistak irekitzea, azpiegiturak garatzea...).

–Mendi hauetaz egiten diren erabilerak mantentzea, tradizionalak eta gaur egungoak.

–Ibilbide jarraituak definitzea, aurretik zeuden trazadurak baliatuz eta jarraitutasunik ez dutenak kenduz; aisialdi eremuak eta begiratokiak sortzea eta eremu andeatuak leheneratzea.

–Bideen izaera desberdintzea, horiek birgaitu edo eraikitzeko baldintzak ezartze aldera, eta baldintzak ere finkatzea urbanizazioa eta seinaleak berdin tratatzeko.

–Lurzoruaren jabetza definitzea ibilbideei jarraitutasuna emanen dieten horien jabetza eskuratze aldera, horien erabilera publikoa bermatzeko.

–Planaren ingurumen ondorioak kontrolatzea, bai eta neurri zuzentzaile edo minimizatzaileak ere.

–Motorizatu gabeko irisgarritasuna hobetzea eta ibilgailu motordunen sarrera eragoztea.

–Gotorlekuko monumentu multzoa mendian integratzen den osotasun bat bezala ulertzea, bai paisaiaren aldetik bai funtzionaltasunaren aldetik, eta gizarteak ondare historiko kulturalarekin lotuta egindako eskaerak jasotzea.

–Oinarriak eta esparru orokorra ezartzea etorkizunean gotorlekua leheneratzeko edozein planteamendu egiteko.

–Ingurumenari buruzko hezkuntza sustatzea.

Parkearen helburuak hamar jarduketa ildoren diseinura bideratu dira:

–1. ildoa: Basoen kudeaketa jasangarria bermatzea.

–2. ildoa: Ekosistema naturalak kontserbatzea eta hobetzea.

–3. ildoa: Ipar magaleko pinudien ugaltzeko gaitasuna mantentzea.

–4. ildoa: Basoko suteen arriskua murriztea eta itzaltzeko lanak erraztea.

–5. ildoa: Basafauna eta basafloraren habitata hobetzea.

–6. ildoa: Eremu andeatuak leheneratzea eta inpaktuak minimizatzea.

–7. ildoa: Parkeko bide sarea hautatu eta hobetzea.

–8. ildoa: Mendiarekin lotutako kirol eta aisialdiko jarduerak sustatzea.

–9. ildoa: Sentsibilizazioa eta hezkuntza.

–10. ildoa: Mendietako kultur ondarearen balioa aitortzea.

Hamar ildo horien barnean sartzen dira 4 plan eta 40 proiektu espezifiko.

Azkenik, UPSak lurzoru urbanizaezinaren kategoria hauek ezartzen ditu: Ingurumen balioa, Paisaia balioa, Ustiatze naturalerako balioa eta Jarduera berezietarako lurzorua (azken honetan sartzen dira aisialdi eremuak eta azpiegiturak).

Ondorioa:

Ingurumen Eraginaren Atalak 2020ko uztailaren 27an jakinarazi zuen UPSak ez duela kontrako eragin nabarmenik izanen ingurumenean, Ingurumen ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen 25. artikulua aplikatuta. Ondorioz, aldeko ingurumen adierazpen estrategikoa ematea proposatzen du, Ebazpen honetan jasotako baldintzekin.

Adierazitakoarekin bat, eta eskudantziak ematen dizkidatenez bai Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, bai Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuak, eta bai Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak,

EBAZTEN DUT:

1. Ezkabako eskualdeko parkearen Udalez gaindiko Plan Sektorialaren (UPS) ingurumen adierazpen estrategikoa egiten da, Berriobeiti, Berriozar, Antsoain, Txulapain, Ezkabarte, Iruña, Atarrabia eta Uharteko udalek sustatuta eta Iruñerriko Mankomunitateak koordinatuta.

2. UPSa garatu beharko da ingurumen azterlanean dauden ingurumena babesteko irizpideei jarraituta eta hartan ezarritako neurri zuzentzaileak eta zaintza plana aplikatuta. Gainera, kontuan izanen dira ingurumen baldintza hauek:

–“Ekosistema naturalak kontserbatzea eta hobetzea”ri buruzko 2. jarduketa ildoari dagokionez:

  • Hego magalean landatutako pinudien ordez hostozabalak (artadiak eta erkameztiak) ezartzean kontuan izanen da espezie horiek Ezkabako mendietan duten banaketa naturala, litologiaren arabera: erkametzak tuparrietan jarriko dira, eta arteak kalkareniten eta hareharrien gainean.
  • Ezkabako kanaleko hondakindegi zaharra leheneratzean sartu zen isats espainiarra (Spartium junceum) ez hedatzeko jarduketak eginen dira. Planaren tarteko fase batean espezie hori desagerraraztea gomendatzen da.

–“Ipar magaleko pinudien ugaltzeko gaitasuna mantentzea”ri buruzko 3. jarduketa ildoari dagokionez:

  • Ipar magalean ekoizpen jarduera lehenetsiko da baina, batik bat Garrues inguruko baso-masa zabalean, 4 hektarea inguruko eremu bat bideratuko da habitat eta baso autoktonoa berreskuratzeko, ibarraren sakonetik tontorrera bitarteko konektagarritasun ekologikoa hobetzeko (2. jarduketa ildoan sartzeko).
  • Pinu sail horietako biodibertsitatea handitzeko neurriak ere hartuko dira (1. eta 2. jarduketa ildoetan adierazitakoak eta beste batzuk), hala nola ekotonoak sortzea (pinudien ertzean, sare hidrografikoan edo bide bazterretan), pinudien mehazketa egitea zuhaixka geruza bat ahalbidetzeko, egur hila mantentzea, zuhaitz helduak mantentzea...

–“Eremu andeatuak leheneratzea eta inpaktuak minimizatzea”ri buruzko 6. jarduketa ildoari dagokionez:

  • UPSan adierazten denez, “jarduketa edo alternatiben ebaluazioa behar duten eremuen inbentarioa eginen da, hala nola Antsoain, Uharte eta inguruko harrobi zaharrak”. Harrobi zaharrak leheneratzeko aukerari buruz, txosten geologikoa egin beharko da aldez aurretik (kontuan izan behar da Ezkabako bi harrobi interes geologikoko puntu gisa sailkatuak daudela, eta beste batzuek ere balioa izaten ahal dutela). Inbentarioan kontuan izanen da bertan dagoen naturalizazioa, balio geologiko-kulturala eta eskaladarako izaten ahal duen interesa, alderdi horiek erabakigarriak izaten ahal baitira leheneratzea edo esku ez hartzea erabakitzeko orduan (bideen gertutasunaren ondoriozko istripu arriskua ahaztu gabe; hori ere kontuan izan behar da inbentarioa egitean).
  • Bestalde, 6. jarduketa ildo horretan, linea elektrikoak aztertzean, kontuan izanen dira, bideen trazadurak landaredian eta paisaian dituen inpaktuez gain, abifaunaren gaineko eraginak (elektrokuzio edo talka arriskua dakarten oinarrien identifikazioa).

–“Parkeko bide sarea hautatu eta hobetzea”ri buruzko 7. jarduketa ildoari dagokionez:

  • Bide eta zidorren ondoriozko higadura zuzentzeko jarduketak lehenetsiko dira (egun bide zati ugari daude narriatuta tuparrizko substratuaren higadura handia dela eta): euri urak desbideratzea, zoladura berrezartzea, deskatalogatutako bideak itxi eta landareak ereitea...
  • Era berean, bide batzuk estuago eginen dira, zabalegiak direlako. Horretarako, bidea destrinkotuko dira, belarrak eta zurezko landareak ereinen dira eta zuhaixkak landatuko dira. Proposamen zehatzak Oihanak Kudeatzeko Atalaren oniritzia jaso beharko du.
  • Aurreko bi puntuei dagokienez, edozer jarduketaren aurretik landu beharreko bide zatien inbentarioa eginen da.
  • Eskualdeko parkeak ekialde-mendebalde norabidean Ultzama eta Arga ibaiek sortutako mendateekin lotzeko oinezko bideak berrikusiko dira, hobetzeko (mendateek errepide bidegurutzeekin egiten dute bat).

–“Mendiarekin lotutako kirol eta aisialdiko jarduerak sustatzea”ri buruzko 8. jarduketa ildoari dagokionez:

  • A1 “Gotorlekuko belardia (gailurra)” aisialdi eremua oso andeatua dago. Ondorioz,ingurumena leheneratzeko ekintzak eginen dira, eremuaren zati bat euntze gisa berreskuratzeko.
  • A2 “Ezkabako kanala” aisialdi eremuaren azalera Planean jasotako kirol erabilerak (arku tiroa eta bizikleta zirkuitua edo Pump Track) gauzatzeko ahalik eta txikiena izanen da. Diseinuan ez da eraikin berririk sartuko, ez eta auto aparkalekurik ere, baina bai maila apalagoko ekipamenduak, hala nola piknik guneak, jolas eremuak eta komunak.

–Araudiari dagokionez: 35. artikulua.–Argiteria.

Honako hau gehituko zaio Planaren 35.1 artikuluari:

Argi-kutsadura, argi arrotza eta fauna-espezieen (batez ere saguzarrak eta gaueko intsektuak) kaltea ahalik eta gehien murrizteko, eskualdeko parkea naturagunetzat hartuko da (E1 eremua) kanpoko argiteriaren antolamenduaren ondorioetarako. Horretarako, honako hauek beteko dira batik bat:

–Argi-puntuek igorritako gehieneko goi hemisferioaren fluxua (GHF) % 1ekoa baino gutxiago izanen da argi-puntu guztietarako eta kanpoko argiteriaren edozein erabileratarako (irailaren 17ko 199/2007 Foru Dekretuaren 2.1 artikulua).

–Lanparetan 440 nm-tik beherako uhin luzera duen erradiazioa iragaziko da (Gaueko argitasuna, argi arrotza edo gogaikarria arautzen duen azaroaren 14ko 1890/2008 Errege Dekretuaren 6. artikulua).

Honako hau gehituko zaio Planaren 35.4 artikuluari:

Argiztapena eremu oso zehatzetan baino ez da erabiliko, mendiaren izaera naturala ez aldatzeko, eta itzali eginen da jarduera amaitzerakoan. Aisialdi eremuetan kanpoko argiteria behar bada, balizak erabiliko dira eta ez argi paldoak.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau jakinaraztea Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuari; Berriobeiti, Berriozar, Antsoain, Txulapain, Ezkabarte, Iruña, Atarrabia eta Uharteko udalei eta Iruñerriko Mankomunitateari, beharrezko ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko azaroaren 9an.– Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA

Alegazioen laburpena

Iruñeko Udalaren alegazioa: aparkaleku erabilera lurzoru urbanizaezinean A.2 aisialdi eremuan.

Iruñeko Udalaren alegazioan adierazten da A.2 aisialdi eremuan (Ezkabako kanala) planteatzen den aparkaleku erabilera ez dagoela ingurumen, baso edo natura balioko lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren eraikuntzaz kanpoko jardueren artean eta ez litzatekeela Iruñeko Udal Planarekin bateragarria izanen honako hau ekarriko lukeelako: “paisaiaren erliebearen aldakuntza, higadura handituko luketen eta lurzoruen kalitatea murriztuko luketen lur mugimenduekin; horiek guztiak eraikuntzaz kanpoko jarduera debekatu gisa ageri dira udal Planaren 73. artikuluan. Bestalde, eta mugikortasun jasangarriaren ikuspegitik, ez dugu uste egokiena denik ibilgailu pribatuan iristeko aukera erraztea, bitarteko alternatiboak erabiltzen ahal direnean...”

Erantzuna:

A2 aisialdi eremua (Ezkabako kanala) leku horretan proposatu da hiritik gertu dagoelako eta, batik bat, dagoeneko eraldatua dagoen eremua delako. Izan ere, hondakindegi zahar leheneratu bat da eta espazio oso antropizatuak ditu inguruan (elektrizitatearen transformazio estazio bat eta Iruñe iparraldeari zerbitzua ematen dion ur depositua). Bestalde, eremuarekin lotu nahi da bolborategi zaharra, oinezkoendako lotura bidez bakarrik bada ere.

Alabaina, ingurumen balio txikiagoko espazioan egin arren, jarduketa eztabaidagarria da. Izan ere, azalera handienekoa da, ibilgailuak iristeko aukera dakar eta aparkaleku bat eta funtzio anitzeko eraikin berri bat altxatzea dakar (Planean adierazten da “eskola taldeendako hezkuntza egonaldietarako edo Parkearen informazio gune gisa” erabiltzen ahal dela). Funtzio anitzeko eraikin hori eta “Ezkabako kanala” aisialdi eremua aurreikusita dauden moduan garatu aurretik, Planaren beste jarduketa ildo batzuetan aurrera egin beharko litzateke, eta aztertu egun badauden eraikinetako batean ematen ahal diren erabilera horietako batzuk (bolborategian, gotorlekuaren zati batean...).

Hortaz, baietsi egiten da Iruñeko Udalaren alegazioa. A2 “Ezkabako kanala” aisialdi eremuaren azalera Planean jasotako kirol erabilerak (arku tiroa eta bizikleta zirkuitua edo Pump Track) gauzatzeko ahalik eta txikiena izanen da. Diseinuan ez da eraikin berririk sartuko, ez eta auto aparkalekurik ere, baina bai maila apalagoko ekipamenduak, hala nola piknik guneak, jolas eremuak eta komunak.

Iragarkiaren kodea: F2013451