277. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

150E/2020 EBAZPENA, urriaren 30ekoa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariarena, ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena «Orkoiengo TAko “Irurtzun 2” 66 kilovolteko zirkuitu bakuneko linea berriaren proiektua» gauzatzeko, Orkoiengo udal mugartean. Sustatzailea I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU da.

2020ko maiatzaren 7an, Biodibertsitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimen eskaera. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I) epigrafean jasotzen direnetakoa da. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duena) 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektatuko jarduketan, aireko eta lurpeko linea berri bat eginen da, 66 kilovolteko zirkuitu bakunekoa, Orkoiengo TAtik “Irurtzun 2” 66 kilovolteko zirkuitu bakuneko aireko lineara (gaur egun, Orkoiengo TArekin dago konektatuta, zirkuitu bikoitzeko linean). Helburua da zirkuitu bikoitzetik bereizi ahal izatea.

Linea berriaren hasierako zatia lurzoru urbanizaezinean egonen da, lurpean, transformazio azpiestazioaren instalazioen inguruan; 35 metro luze izanen da, eta NA-700 errepidearen (PA-30) hegoaldeko ertzean dagoen airetik lurpera igarotzeko beste euskarri bateraino iritsiko da. Hortik, proiektuak 450 m inguruko aireko linean jarraitzen du, 3 baorekin, Orkoiengo lur urbanizagarrietan bi euskarri instalatuta (aipatutako errepidearen eta A-15aren artean daude), eta euskarri berri bat «Irurtzun 2» linearekin lotzeko, A-15 errepidea gurutzatuta, Orkoiengo 1. poligonoko 281. lurzatian, Urtxikia ibaiaren ezkerreko ertzetik 5-10 m ingurura.

Proiektuak abifauna babesteko neurriak barne hartzen ditu, hala nola metro bateko konpositezko isolamendu kateak instalatzea (U70YB66 AL loturetarako, eta U70AB66 esekidura euskarrietarako), lotura eta konexio zubiak forratzea, eroaleen eta pausatze edo tentsio elementuen arteko distantziak ezartzea, eta gurutzeten azpian zubiak eta babes edo maniobra elementuak jartzea.

Era berean, katalogatutako abifaunako espezieen talka arriskua minimizatzeko, hegaztiak babesteko balizak jarriko dira linea osoan. Balizak ukitutako bilbaduraren bao osoetan jarriko dira. Seinaleen arteko distantzia bisuala, alboetatik begiratuta, 5 metrokoa edo txikiagoa izateko moduan antolatu beharko dira balizak.

Lurraldearen Antolamenduaren Atalak aldeko txostena egin du, ebazpen honetan biltzen diren baldintzekin, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Ingurumen Eraginaren Atalak proiektuaren bi zatietako ingurumen alderdiak balioetsi ditu, lurzoru urbanizaezina ukitzen dutenak, bereziki Urtxikia ibaian, eta proiektuaren aldeko txostena egin du, baita ingurumen neurriak indartzea proposatu ere.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz, honako hau,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea “Orkoiengo TAko “Irurtzun 2” 66 kilovolteko zirkuitu bakuneko linea berriaren proiektua” gauzatzeko, Orkoiengo udal mugartean. Sustatzailea I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Hirigintzaren eta lurraldearen arlokoak:

  • Baimen honek lurzoru urbanizaezinetik igarotzen den linea elektrikoaren tartea baino ez du barne hartzen.
  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren (LAHFLTB) 112.2 artikuluaren arabera, instalazioaren edo azpiegituraren elementuek hiru metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoaren kanpoko ertzetik neurtuta.
  • Herri Lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiaren 2020ko ekainaren 3ko txostenean ezarritako zehaztapenak bete beharko dira:
  • Bide azpiegiturei dagokienez:
  • “Orkoiengo TAko “Irurtzun 2” 66 kilovolteko zirkuitu bakuneko linea elektriko berria, “Orkoiengo” TAren eta 4. euskarriaren artean, Orkoiengo udal mugartean (Nafarroa)” delako proiektuak, PA-30 errepideko (Iruñeko ingurabidea) linea elektrikoaren gurutzaketa zehazteko orduan, kontuan hartu beharko du “Orkoien-Arazuriko lotunea saihesbidea banatzeko eraikuntza proiektua”.
  • Nafarroako Errepideei buruzko martxoaren 23ko 5/2007 Foru Legeari eta aplikatzen ahal diren gainerako xedapenei dagokienez:
  • Errepide Sareko bideetako babes guneak, eraikuntza lerroa eta publizitatearen debeku gunea foru lege horri jarraikiz mugatuko dira, Bide Azpiegiturei buruzko a) oharrean zehaztuta duen kategoriaren arabera.
  • Foru lege horren 36.1 artikuluaren arabera, edozein eraikuntza, baita lurpekoa ere, galtzada mugatzen duen kanpoko lerrotik 50 metrora kokatu behar da, gutxienez, A-15 autobidearen kasuan (Iruñeko mendebaldeko ingurabidea), eta 25 metrora Foru Komunitatearen interes orokorreko PA-30 errepidearen kasuan (Iruñeko ingurabidea).
  • Mota guztietako kanalizazioak eta kutxatilak zortasun eremuan kokatuko dira, ahal dela, eremu horren kanpoko aldean. Muga lur berdinketaren kanpoko lerrotik 25 metrora dago ezarrita, A-15 autobidearen kasuan (Iruñeko mendebaldeko ingurabidea), eta 8 metrora Foru Komunitatearen interes orokorreko PA-30 errepidearen kasuan (Iruñeko ingurabidea).
  • Instalazioko dorreak edo sostengu zutabeak galtzada mugatzen duen kanpoko lerrotik gutxieneko tarte batera kokatuko dira: dorre horien adinako altueran eta, gutxienez, 50 metrora, A-15 autobidearen kasuan (Iruñeko mendebaldeko ingurabidea), eta 25 metrora Foru Komunitatearen interes orokorreko PA-30 errepidearen kasuan (Iruñeko ingurabidea), erortzen badira, errepidearen galtzadari eragin ez diezaion.
  • Errepidearen plataformaren eta kablerik baxuenaren artean geratu beharreko gutxieneko garaiera ez da inola ere 7 metro baino gutxiagokoa izanen.
  • Zehaztutako distantzia guztiak Proiektu Zerbitzuak ezarritako zehaztapenaren arabera egokituko dira; izan ere, bertan aurreikusten da ukitutako errepidean (PA-30, Iruñeko ingurabidea) etorkizunean egin beharreko jarduketa.
  • Sustatzaileak, A-15 autobideari (Iruñeko mendebaldeko ingurabidea) eta Foru Komunitatearen interes orokorreko PA-30 errepideari (Iruñeko ingurabidea) eragiten dienez, baimena lortzeko, egin beharreko obrak behar bezala zehazten dituen dokumentazio teknikoa aurkeztu beharko du Herri Lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusian, baimen eskaerarekin batera.
  • Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak leheneratu eginen dira.
  • Baimen honek ez du barne hartzen lurzoru urbanizaezinean dauden edo ezarriko diren beste jarduera zehatz batzuk sare elektrikora konektatzea edo handik lotura hodirik ateratzea.
  • Eginen den jarduketak ukitzen ahal dituen edo jardueraren trabagarri izaten ahal diren azpiegiturei eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Bereziki, Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren baimena lortu beharko da, 4. euskarria Urtxikia ibaiaren polizia eremuan baitago; bai eta Herri Lan Zuzendaritza Nagusiarena ere, 2020ko ekainaren 3ko txostenean ezarritakoaren arabera.
  • LAHFLTBren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen babespeko jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak iraungiko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen. Jarduera uzten bada, jardueraren titularrak ukitutako lurrak leheneratu beharko ditu bost urteko epean, gehienez ere, eraikuntzak eraitsita eta/edo kenduta. LAHFLTBren 119. artikuluarekin bat eginez, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua leheneratzeko.

–Ingurumenaren arlokoak:

  • Abifauna elektrokutatzeko arriskua saihesteko proposatutako neurriak beteko dira: eroaleen eta tentsioan dauden elementuen distantziak; konexio eta lotura zubiak zinta termorretraktilez forratzea (Raychem etxearen Olit motakoa edo antzekoa), eta eroaleak isolatzea kakoaren gunearen alde banatan (grapa barne), euskarriak gurutzetekin edo ganga motako armatuak jarriz gero.
  • Gainera, airetik lur azpira igarotzeko 1. euskarrian, tentsioan dauden elementu guztiak babestuko dira: autobalbulak, tximistorratzak, konexioak, etab. Horretarako, estalkiak, aurrez eratutako karpetak eta grapak estaltzekoak jarriko dira.
  • 4. euskarria, ahal den neurrian, Urtxikia ibaiaren ertzetik urrun jarriko da (10 m ingurura), eta «Irantzu 2» 66 kilovolteko zirkuitu bakuneko aireko linearen aurreko euskarrira hurbilduko da.

3. Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 3.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu, eremua leheneratu edo kalteak gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duena) 117. artikuluko ondorioak izanen ditu, bertan ezartzen baita lurzoru urbanizaezineko jarduketak baimentzeko prozedura.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Azpiegitura Energetikoen Atalari, Orkoiengo Udalari, Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari, Ingurumena Zaintzeko Atalari (Iruñeko Koordinazio Unitatea) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko urriaren 30ean.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2013448