277. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

144E/2020 EBAZPENA, urriaren 30ekoa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariarena, ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona proiektu honi: “Caparroso-Santakara eta Zarrakaztelu-Zarrakaztelu 13,2 kilovolteko goi tentsioko aireko lineak lotzeko proiektua, Santakara eta Murillo el Fruto udal mugarteetan”. Sustatzailea I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU da.

2019ko abenduaren 20an, Biodibertsitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimen eskaera. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I) epigrafean jasotzen direnetakoa da. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duena) 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko Foru Legea (martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea) garatzen duen Erregelamenduaren 35. artikuluari jarraikiz, jendaurrean jarri zen hogeita hamar egun baliodunez, 2020ko otsailaren 24ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean (37. zk.) iragarkia argitaratuta. Epe hori igarota, Santakarako Udalaren alegazio bat jaso da, baina ez du ingurumen edukirik.

Proiektuko jarduketak helburu du eremu horretako hornidura elektrikoaren kalitatea bermatzea. Horretarako, 13,2 kilovolteko zirkuitu bakuneko aireko linea berri bat eraikiko da. Linea horrek Santakarako hiri lurzorutik ipar-ekialdera dagoen puntu batean lotuko ditu “Caparroso-Santakara” 13,2 kilovolteko goi tentsioko aireko linea eta “Zarrakaztelu-Zarrakaztelu” goi tentsioko aireko linea, Santakararen eta Murillo el Frutoren arteko mugan.

Bi aukera proposatu dira (1A eta 1B). Hiru kilometro ingurukoak dira biak, eta trazadura bera dute, azken zatian izan ezik. Azkenean, KBE honetan sartutako ibai horren ertzei ahalik eta gutxien eragiteko, baztertu egin da 1B aukera.

Hautatu den aukeran (1A), linea deribazio euskarri berri batean hasten da, zeina “Caparroso-Santakara” aireko linearen egungo azken baoan instalatuko baita, lurpera igaro aurretik, Santakarako kirolgunetik gertu. Handik ekialderantz eginen du, La Huesera sakana zeharkatuko du –“Ramal 14” abelbidearekin bat egiten duena– eta paraleloan eta NA-1240 errepidearen iparralderantz jarraituko du, Murillo el Frutoko norabidean. Errepidearen ondoko zati hori soro ureztatuetatik igaroko da, El Saso idoitik gertu, eta beste abelbide bat gurutzatuko du (“Ramal del Rinconar”). Ondoren, lineak errepide hori gurutzatuko du 11+900 KPren inguruan, 519. euskarrian “Zarrakaztelu-Zarrakaztelu” linearekin konektatu arte (linea berriaren 25. euskarria). Desbideratze berria hartzeko aldatuko da linea.

Ez da sarbide berririk behar, lehenengo baoan (hiri inguruko eremu degradatutik doa) eta larre muino baten gainean dagoen 4. euskarrirako tarte labur batean izan ezik (La Huesera sakanaren ezkerraldean dago).

Abifauna linea berriaren elektrokuzio eta talka arriskutik babesteko neurriei dagokienez, zubi ahulak, deribazioak eta konexioak forratuko dira, eta metro batetik gorako isolatzaileak jarri; U70AB66P AL loturetan, eta U70YB20P, esekidura euskarrietan. Era berean, linearen bi zatitan hegaztiak babesteko balizak jartzea aurreikusten da (La Hueserako sakana eta KBEaren ondoan dagoen ekialdeko azken baoa gurutzatzen diren tokian). Halaber, habien aurkako neurriak ezarriko dira gurutzeta zuzenak dituzten euskarrietan.

Espedientean jasota daude Santakarako Udalaren aldeko txostena, 2020ko maiatzaren 26koa, eta Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalaren aldeko txosten baldintzatua, 2020ko abuztuaren 11koa, abelbideak babesteari buruzkoa.

Lurraldearen Antolamenduaren Atalak txostena egin du, 2020ko ekainaren 25ean, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Ingurumen Eraginaren Atalak espedientearen aldeko txostena eman du, baina baldintza batzuk ezarri ditu.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz, honako hau,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea proiektu honi: “Caparroso-Santakara eta Zarrakaztelu-Zarrakaztelu 13,2 kilovolteko goi tentsioko aireko lineak lotzeko proiektua, Santakara eta Murillo el Fruto udal mugarteetan”. Sustatzailea I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Hirigintzaren eta lurraldearen arlokoak:

  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren (LAHFLTB) 112.2 artikuluaren arabera, instalazioaren elementuek hiru metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoen kanpoko ertzetik neurtuta.
  • Baimen honek ez du barne hartzen lurzoru urbanizaezinean dauden edo ezarriko diren beste jarduera zehatz batzuk sare elektrikora konektatzea edo handik lotura hodirik ateratzea.
  • Herri-lurren Atalak bere txostenean adierazitakoaren arabera (2020ko otsailaren 10ekoa):
  • “(...) eroaleek herri-lurrekiko eta bide publikoekiko altuera nahikoa izanen da ibilgailuen pasabidea eta nekazaritza eta abeltzaintza jarduera ez mugatzeko”.
  • “Herri-lurren Atalaren 2019ko urriaren 14ko txostenean ezarritakoari jarraituko zaio, beharrezkoa izan baitaiteke Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateak, instalazioa egin baino lehen, Santakarako Udalari eskatzea ukitutako herri-lurrak okupatzeko espediente bat abiarazteko, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 172. artikuluarekin eta urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren 215. artikuluarekin bat, Nafarroako Gobernuak nahitaez onets dezala eskatze aldera”.
  • Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiaren txostenean adierazitakoaren arabera (2020ko otsailaren 26koa), NA-1240 tokiko errepideari eragiten dionez (linea elektriko berria 45 graduko angelua eratuz gurutzatzen da airean, 11+946 KPren parean), honako hau beteko da:
  • “a) NA-1240 errepidearekin paraleloan (Traibuenas-Santakara-Zarrakaztelu errepidearen ezkerreko ertzean, 9+600 eta 12+000 kilometro puntuen artean, gutxi gorabehera) eginen den aireko linearen sostengu dorreek errepidearen galtzada mugatzen duen kanpoko lerrotik bereizita egon beharko dute, gutxienez, dorreen adinako altueran. Ezinen dira inola ere jarri eraikuntza lerrorako ezarritako distantzia txikiagora, alegia, 18 metrora, erortzen badira, errepidearen galtzadari eragin ez diezaion”.
  • “b) 11+946 KPren inguruan eginen den aireko gurutzaketan, errepidearen plataformaren eta kablerik baxuenaren artean geratu behar den gutxieneko altuera librea ez da, inola ere, 7 metro baino gutxiagokoa izanen”.
  • “c) Sustatzaileak, lanak gauzatu aurretik, eta haietarako behar den baimen eskaerarekin batera, egin beharreko obrak zehazten dituen dokumentazio teknikoa aurkeztu beharko du Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusian, hala badagokio, baimena eman dezan”.
  • “d) Sustatzailearen kargura izanen dira dokumentazio teknikoa prestatzeari, lanak egiteari eta proiektatutako instalazioek behar bezala funtzionatzeko behar diren kontsumoei eta mantentze lanei dagozkien gastuak”.
  • Eginen den jarduketak ukitzen ahal dituen edo jardueraren trabagarri izaten ahal diren azpiegiturei eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.
  • Obrak egitean aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du horren berri eman behar zaiola lehenbailehen Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari (helbide elektronikoa: registrobmarqueologia@navarra.es), hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau hauste astuntzat hartuko dira, aipatutako foru lege horren 101.h artikulua aplikatuz.
  • LAHFLTBren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen babespeko jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak iraungiko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen. Jarduera uzten bada, jardueraren titularrak ukitutako lurrak leheneratu beharko ditu bost urteko epean, gehienez ere, eraikuntzak eraitsita eta/edo kenduta. Ildo horretan, eta bat etorriz LAHFLTBren 119. artikuluarekin, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua leheneratzeko.

–Ingurumenaren arlokoak:

  • Santakarako El Sasoko ureztatze ponpaketa zaharra erabiltzen ez bada, “Zarrakaztelu-Zarrakaztelu” goi tentsioko aireko linearen zatia eraitsiko da, egungo 519. euskarritik aipatutako ponpaketaraino.

Horrela, proiektuan aurreikusitako 25. euskarria (egungo 519. euskarriaren ordez jarriko da) sinplifikatzen ahal izanen da –erabiltzen ez den ponpaketarako deribazioa saihestuta–, eta kendu eginen dira “Aragoi eta Arga ibaien beheko tarteak” kontserbazio bereziko eremuko (KBE) intrusioak.

Edonola ere, 25. euskarria zenbait metro atzeratuko da, Santakarako 6. poligonoko 316. lurzatiaren barrualderantz, KBEan dagoen ezpondari kalterik ez eragiteko eta lursaila erortzeko arriskurik ez izateko.

  • Zuhaitzak –hasierako tartean dauden pinuak– moztu aurretik, Oihanak Kudeatzeko Atalaren baimena lortu beharko da (Basoen eta Ehizaren Zerbitzua).
  • Eremuko abelbideen babesari dagokionez, Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalak 2020ko abuztuaren 11n eman zuen txostenean adierazitakoa beteko da:
  • Ahal dela, ez zaio “Ramal de El Rinconar” abelbidearen zortasunari eragin behar; beraz, aireko linea elektrikoaren 13. euskarria Santakarako 5. poligonoko 85. lurzatiaren ekialdeko mugatik 3 metrora baino gehiagora instalatuko da (Santakarako 5. poligonoko 27. lurzatiarekin batera, altxonbide horrekin bat dator proiektuko eremuan).
  • Obrak gauzatzeko fasean, ezin izanen dira erabat oztopatu linea berria zeharkatzen duten abelbideak; bestela, abereentzako ordezko pasabide bat gaitu beharko da.
  • Abifauna elektrokutatzeko arriskua saihesteko aurreikusitako neurriak ezarriko dira proiektuko euskarrietan: U70AB66P AL motako lotura isolatzaileak, metro batetik gorakoak, eta U70YB20P motakoak, esekidura euskarrietarako. Horrez gain, eroaleen euste grapak babestuko dira esekidura euskarrietan eta esekidura euskarrietako erdiko zubian; tentsioan dauden beste elementu batzuk estaliko dira, hala nola autobalbulak eta ebakigailuetako konektoreak; eta eroaleak forratuko dira esekidura euskarrietan, metro batera graparen alde banatan.
  • Balizak proiektuan adierazitakoaren arabera jarriko dira; hau da, ukitutako bilbadurako bao osoetan jarriko diren hegaztiak babesteko balizen bidez seinaleztatuko dira linearen hiru faseak. Fase bereko ondoz ondoko bi balizen artean 15 m utziko dira, gutxienez, eta, lateralki, seinaleen arteko distantzia bisuala 5 m-koa edo txikiagoa izanen da.

Hala ere, linea, tarte jakin batzuetan, ingurumen balioa duten espazio edo elementuetatik gertu dagoenez (adibidez, El Saso hezegunea, Santakarako 5. poligonoko 40. lurzatian) eta “Aragoi eta Arga ibaien beheko tarteak” KBEtik gertu dagoenez, linean hegaztiak babesteko balizak jarriko dira 3. eta 8. euskarrien artean eta 19. eta 25. euskarrien artean, eta izapidetutako dokumentazioan proposatzen diren bi tarteak luzatuko dira.

  • Obrak egin bitartean aldi baterako aldatzen diren lursailak leheneratu eginen dira, obrak egin aurretik zuten egoerara, eta berriro landatzeko edo landareztatzeko ahaleginak eginen dira. Obren ondoren, zaborrak eta hondarrak behar bezala garbituko dira.
  • Obrak egiten diren bitartean sortzen diren hondakinak haien izaeraren arabera kudeatuko ditu horretarako baimena duen kudeatzaileak, hondakinei buruz indarrean dagoen legeria betez.

3. Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 15.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalteak sortzen baditu eremua leheneratzeko edo kalteak gutxitzeko.

4. Baimen honek, gainera, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duena) 117. artikuluko ondorioak izanen ditu, bertan ezartzen baita lurzoru urbanizaezineko jarduketak baimentzeko prozedura.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea Azpiegitura Energetikoen Atalari, Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Santakarako Udalari, Murillo el Frutoko Udalari, Herri Lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiari, Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuari, Ingurumena Zaintzeko Atalari (Tafalla-Zangozako Koordinazio Unitatea) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko urriaren 30ean.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2013447