273. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

446/2020 EBAZPENA, urriaren 26koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez dirulaguntza deialdi bat onesten baita desgaitasunari lotutako hezkuntza premia bereziak dituzten eskola adineko seme-alaben (3 eta 21 urte bitartekoak) familientzat, laguntza izan dezaten 2020ko Eguberrietako eta 2021eko Aste Santuko eta udako eskola oporraldietan hezkuntza jardueretan izena emateagatik eta parte hartzeagatik sortzen zaizkien gastuak ordaintzeko, jarduera horiek izan administrazio publikoek antolatuak, izan irabazi asmorik gabeko erakunde pribatuek antolatuak. DDBN identifikazioa: 530297.

Deialdi honen helburua da aukera berdintasunaren printzipioa sustatzen laguntzea, honelako laguntzak ematea bitartekorik eraginkorrenetako bat baita printzipio hori gauzatzeko.

Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuak, aurkeztu duen txostenean, proposatu du dirulaguntza deialdi bat onets dadila desgaitasunari lotutako hezkuntza premia bereziak dituzten eskola adineko seme-alaben (3 eta 21 urte bitartekoak) familientzat, laguntza izan dezaten 2020ko Eguberrietako eta 2021eko Aste Santuko eta udako eskola oporraldietan hezkuntza jardueretan izena emateagatik eta parte hartzeagatik sortzen zaizkien gastuak ordaintzeko, jarduera horiek izan administrazio publikoek antolatuak, izan erakunde pribatuek antolatuak.

Erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak,

EBAZTEN DUT:

1. Dirulaguntza deialdi bat onestea desgaitasunari lotutako hezkuntza premia bereziak dituzten eskola adineko seme-alaben (3 eta 21 urte bitartekoak) familientzat, laguntza izan dezaten 2020ko Eguberrietako eta 2021eko Aste Santuko eta udako eskola oporraldietan hezkuntza jardueretan izena emateagatik eta parte hartzeagatik sortzen zaizkien gastuak ordaintzeko, izan administrazio publikoek antolatuak, jarduera horiek izan irabazi asmorik gabeko erakunde pribatuek antolatuak, I. eranskineko oinarriekin bat.

2. Gehienez ere 70.000 euroko gastua baimentzea 2021ean horretarako gaitzen den partidaren kargura; hots, 2020ko gastu aurrekontuko “Oporraldiko eskolara joateko laguntzak desgaitasuna duten ikasleentzat” izeneko 420002-42770-4809-322402 partidaren baliokide izateko sortzen den partidaren kargura, betiere horretarako kreditu nahikoa eta egokia badago.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau igortzea Hezkuntza Departamentuan dagoen kontu-hartzailetza delegatura, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzura, Inklusio Atalera, Aurrekontuen eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalera, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora, Beka Bulegora, Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentrora eta Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegora, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko urriaren 26an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

I. ERANSKINA

Deialdiaren oinarriak

Lehen oinarria.–Laguntzaren xedea.

Deialdi honen xedea da seme-alabak eskola adinean dituzten familientzako laguntza ekonomikoak arautzea laguntza izan dezaten 2020ko Eguberrietako eta 2021eko Aste Santuko eta udako eskola oporraldietan hezkuntza jardueretan izena emateagatik sortzen zaizkien gastuak ordaintzeko, izan administrazio publikoek antolatuak, jarduera horiek izan irabazi asmorik gabeko erakunde pribatuek antolatuak.

Laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da.

Bigarren oinarria.–Irabazi asmorik gabeko elkarte eta erakunde pribatuen betebeharrak.

Hezkuntza jarduera bat irabazi asmorik gabeko elkarte edo erakunde pribatu batek antolatzen duela jotzeko, beharrezkoa izanen da erakundea edo elkartea horretarako dagoen erregistroan izena emanda egotea.

Hirugarren oinarria.–Hezkuntza jardueratzat hartzeko baldintzak eta baztertzeko irizpideak.

Desgaitasunari lotutako hezkuntza premia bereziak dauzkaten pertsonen garapen osoa errazten duten jarduerak hartuko dira hezkuntza jardueratzat, eta beren ezaugarri nagusia izanen da pertsona horien autonomia, bizi kalitatea eta gizarte inklusioa hobetzea.

Kasu guztietan justifikatu beharko da, deialdi honetan aipatzen diren dokumentuen bidez.

Kanpoan gelditzen dira, espresuki:

–Banakako tratamendu hauek: logopedia, psikoterapia, psikomotrizitatea, fisioterapia, optometria edo eskolaz kanpoko beste hainbat tratamendu.

Laugarren oinarria.–Onuradunek bete beharreko baldintzak.

–Hiru eta hogeita bat urte bitarteko ikasleak izatea (urteak 2021eko abenduaren 31rako beteak izan behar dituzte) eta eskolaturik egotea.

–Desgaitasunaren egiaztagiria izatea edo EDUCAn erroldatua egotea hezkuntza premia bereziak izateagatik (desgaitasunari lotutako ardatzarekin), edo hori berresteko edo baztertzeko prozesu diagnostiko batean egotea.

–Nafarroan bizitzea.

–Horretarako prestakuntza duen profesional batek adierazi izana komeni dela ikaslea eskola oporraldietako hezkuntza jarduerara joatea.

–Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debeku egoeretako batean ere ez egotea.

Bosgarren oinarria.–Aurkeztu beharreko eskaera eta agiriak.

1. www.nafarroa.eus webgunean dagoen eskaera eredua bete beharko da (online eskaera). Kredentzial hauen bidezko identifikazioak ematen du hartarako sarbidea: NANa + Nafarroako Ogasuneko PINa edo, bestela, erabiltzaile ziurtagiria (ziurtagiri digitala edo NAN elektronikoa).

Laguntza eskaera aurkezteak berekin dakar hezkuntza administrazioei baimena ematea beste administrazio publiko batzuei edo edozein erakunderi informazioa eskatzeko, beka eskaera ebazteko beharrezkoak diren datu guztiak zehaztu, ezagutu eta egiazta ditzaten (identifikazio datuak, inguruabar pertsonalak, akademikoak eta familiakoak, eta errentari eta ondareari buruzko datuak).

Inprimaki horietan jarritako datu pertsonalak, eta laguntzak emateko eskatzen diren gainerako agiriak, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuaren ardurapeko fitxategi automatizatu batean sartuko dira.

Aipatu unitate organikoak edozein unetan erabil ditzake fitxategi horretako datuak, egiazkoak diren baieztatzeko.

Hezkuntza Departamentuak familia unitateko kide konputagarrien datu ekonomikoak eta finantzarioak eskura ditzake Ogasun Departamentutik, transmisio elektronikoz, paperean edo euskarri informatikoan, betebehar ekonomikoen gaineko ezagutza osatzeko.

Datu guztiak Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoaren arabera tratatuko dira.

Eskaera bete eta ezarritako prozedura telematikoaren bidez igorri ondoren, aurkeztuta eta sinatuta geldituko da, ondorio guztietarako, eta ez da beharrezkoa izanen eskaera eredu hori (PDF fitxategia) paperean inprimatzea, ezta fisikoki inon aurkeztea ere.

Ez dira kontuan hartuko ezarritako aurkezpen prozesua betetzen ez duten eskaerak, telematika bidez beteta badaude ere.

Laguntza aurkez daiteke, halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein baliatuz, paperean. Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, gutun azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek eskabideari data eta zigilua jar diezazkioten, ziurtatu eta Hezkuntza Departamentuko Erregistrora igorri baino lehen.

Edozein dela ere aurkezteko erabili den bidea, eskatzailearen ardura baino ez da eskaera behar bezala betetzea eta epe barruan aurkeztea.

Eskaera aurkezteko 20 egun balioduneko epea izanen da kasu guztietan, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, eta epe hori ezin izanen da luzatu.

Eskaerarekin batera, jatorrizko dokumentuak aurkeztuko dira, kalitate egokian eskaneatuta, ongi irakurtzeko moduan.

2. Laguntzen eskaerei agiri hauek erantsi behar zaizkie, ongi irakurtzeko moduan:

–Eskatzailearen (aita/ama/legezko tutorea) NANaren fotokopia. NANik edo AIZrik ez duten eskatzaileen kasuan, pasaportearen fotokopia.

–Familia liburu osoaren fotokopia. Ikaslearen gurasoak bereizirik edo dibortziaturik baldin badaude edo tutoreak baldin badauzka, ikaslea eskaera egin duenaren mende dagoela ziurtatzen duen agiria erantsiko zaio. Dibortzio kasuetan, edo zaintza guraso bakar bati dagokionean, dibortzioaren epaia. Tutorea edo legezko beste ordezkari bat izanez gero, horren frogagiria.

–Desgaitasunaren ziurtagiriaren edo orientatzailearen ziurtagiriaren fotokopia (bigarren kasuan, EDUCAren barrenean zein ardatzetan erroldatua dagoen adierazita), edo txosten medikoa, irizpen klinikoa edo susmo diagnostikoa azaltzen duena.

–Ikaslea hezkuntza jardueran parte hartu baino lehenagoko bi urteetan Nafarroako Foru Komunitatean bizi izan dela frogatzen duen egiaztagiri ofiziala (erroldatzea).

–Eskatzailearen familia unitateko kideek 2019an aurkezturiko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenen fotokopia osoa. Zaintza partekatua denean, bi gurasoen aitorpenen fotokopia.

Eskatzailearen familia unitateak ez baldin badu egin 2019. urteari dagokion pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, legez beharturik ez dagoelako, honako hau erantsi beharko zaio eskabideari:

1) Besteren konturako langileen, pentsiodunen edo langabeen kasuan, 2019. urtean izandako diru sarreren frogagiria, kasuan kasuko enpresak edo erakundeak egina.

2) Enpresaburuen, nekazarien eta profesional liberalen kasuan, 2019. urtean izandako diru sarrera gordinen aitorpena.

Edonola ere, eskatzen diren betebeharrak justifikatzeko beharrezkotzat jotzen diren agiri osagarriak eskatzen ahalko zaizkie eskatzaileei.

–Ziurtapen ofizial baten fotokopia, deialdi honen 7.3 puntuan azaldutako egoeretako batean dagoela adierazteko.

–Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean onuradun izateko ezarritako ezein debekutan ez dagoela dioen aitorpena (II. eranskina).

–Honako hauen gaineko erantzukizunpeko adierazpena: jarduera bat edo gehiago eginen dela eta horretarako prestakuntza duen profesional batek adieraziko duela komeni dela ikaslea hezkuntza jarduerara joatea (II. eranksina).

Seigarren oinarria.–Eskaerak aurkezteko modua, tokia eta epeak.

6.1. Ebazpen honen bosgarren oinarrian ezarritako moduan, tokian eta epeetan aurkeztuko dira eskaerak.

6.2. Hezkuntza jardueraren kostua ordaintzen duen gurasoak, tutoreak edo ikaslearen legezko ordezkariak eskatzen ahalko ditu deialdi honetan ezartzen diren laguntzak.

6.3. Laguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

Zazpigarren oinarria.–Eskaeren balorazioa.

7.1. Eskaeren balorazioa honela eginen da:

a) Familiaren diru sarrera gordinak hartuko dira kontuan (zerga aitorpenaren 507 eta 8841 laukitxoen zenbatekoen batura, ken 511 laukitxoaren zenbatekoa), eta hortik ateratzen dena familia unitateko kideen artean zatituko da.

b) Hori egiaztatzeko, familiako kideek 2019ko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenaren edo aitorpenen fotokopia aurkeztu beharko dute. Eskatzailearen familia unitateak legez beharturik ez egoteagatik ez baldin badu egin 2019. urteari dagokion pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, eskabidearekin batera deialdi honen bosgarren oinarrian adierazten den dokumentazioa aurkeztu beharko da.

7.2. Laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, taula honetan adierazten den ehunekoa aplikatuko zaio justifikatzen den ordainketari, familia bakoitzaren per capita errentaren arabera (PCE), baremo ekonomiko honi segituz:

–PCE < 5.000 euro: %90.

–PCE 5.001 eurotik 8.000 eurora bitarte: %80.

–PCE 8.001 eurotik 10.000 eurora bitarte: %70.

–PCE 10.001 eurotik 15.000 eurora bitarte: %60.

–PCE 15.001 eurotik 20.000 eurora bitarte: %55.

–PCE > 20.000 euro: %50.

7.3. Dirulaguntza jasotzeko orduan berdintasuna bermatzearren, egindako gastuaren hainbanaketa egin aurretik, %5eko igoera aplikatuko da honako egoera hauetako bat edo gehiago gertatzen badira:

–Familia ugaria edo guraso bakarrekoa. Hori frogatzeko, familia ugariaren tituluaren fotokopia edo guraso bakarreko familia izatearen ziurtagiria aurkeztu beharko da, hurrenez hurren.

–Parte hartzaileaz aparte, %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duen seme edo alabaren bat izatea. Minusbaliotasuna izatearen ziurtagiri bidez frogatuko da.

–Errenta Bermatua jasotzen duen familia. Errenta Bermatuaren emakidaren ebazpen bidez frogatuko da.

–Eskatzailea genero-indarkeriaren biktima izatea. Genero-indarkeriaren biktima izatearen ziurtagiri bidez frogatuko da. Nafarroako Berdintasunerako Institutuak edo Nafarroako Delituen Biktimen Arretarako Bulegoak emanen dute ziurtagiri hori.

7.4. Dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, onuradun bakoitzaren inskripzioaren kostuari begiratuko zaio, xede bererako jasotako beste laguntza batzuk deskontatu eta gero, halakorik bada.

7.5. Eskatutako zenbatekoen baturak dagoen aurrekontu erabilgarria gainditzen badu, dirua hainbanatu eginen da, onuradun bakoitzak jaso dezan egindako gastuaren gaineko portzentaje bera.

Zortzigarren oinarria.–Organo eskudunak.

8.1. Hezkuntzako zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez emanen dira desgaitasunari lotutako hezkuntza premia bereziak dituzten eskola-adineko seme-alaben (3 eta 21 urte bitartekoak) familientzako laguntza ekonomikoak, 2020ko Eguberrietako eta 2021eko Aste Santuko eta udako eskola oporraldietan hezkuntza jardueretan izena emateagatik eta parte hartzeagatik sortzen zaizkien gastuak ordaintzeko, jarduera horiek izan administrazio publikoek antolatuak, izan irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuek antolatuak, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko zuzendariak hala proposaturik, ebaluazio batzordeak egiten duen txostenaren arabera.

Batzorde horrek kide hauek izanen ditu:

a) Inklusio Ataleko burua.

b) Orientazio Bulegoko burua.

c) Hezkuntza Premien Bulegoko burua.

d) Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroko zuzendaria.

e) Komunitatearentzako Zerbitzuetako irakasle bat, Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroari atxikia.

f) Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko APT bat (arlo juridikoa).

Bederatzigarren oinarria.–Prozedura eta erreklamazioak.

9.1. Behin dokumentazioa egiaztatuta eta eskaeren balorazioa egin eta gero, Hezkuntzako zuzendari nagusiak, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko zuzendariak proposaturik, ebazpen baten bidez onetsiko du emandako eta ukatutako laguntzen behin-behineko zerrenda. Ebazpen hori Nafarroako Gobernuaren webgunean argitaratuko da, jakinarazpen ondorioetarako, eta eskatzaileei posta elektronikoaren bidez jakinaraziko zaie, informazioaren ondorioetarako.

9.2. Zuzenketak eta erreklamazioak.

9.2.1. Ebaluazio batzordeak hala erabakitzen duenean, interesdunei eskatuko zaizkie beharrekotzat jotzen diren zuzenketak, eta behar den dokumentazioa aurkezteko 10 egun balioduneko epea emanen zaie, behin-behineko ebazpena Nafarroako Gobernuaren webgunean argitaratzen den biharamunetik. Bestela, eskaerak bertan behera gelditu direla ulertuko da.

9.2.2. Behin-behineko balorazioarekin ados ez dauden eskatzaileek espedienteak berrikus ditzala eskatzen ahalko diote Hezkuntza Departamentuko Inklusio Atalari. Horretarako, 10 egun balioduneko epea izanen da alegazioak egiteko, behin-behineko ebazpena Nafarroako Gobernuaren webgunean argitaratu eta biharamunetik hasita.

9.2.3. Zuzenketak eta erreklamazioak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein baliatuz aurkezten ahal dira.

9.3. Ondoren, Hezkuntzako zuzendari nagusiak, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko zuzendariak proposatuta, ebazpen baten bidez onetsiko du onartutako eta baztertutako eskaeren behin betiko zerrenda, bai eta aurkeztutako eta baietsitako zuzenketen eta erreklamazioen ondorioz egiten diren aldaketak ere. Ebazpena Nafarroako Gobernuaren webgunean emanen da argitara, jakinarazpen ondorioetarako.

9.4. Onartutako eta baztertutako eskaeren behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenaren kontra, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Hamargarren oinarria.–Laguntzen justifikazioa eta ordainketa.

10.1. Laguntza jasotzeko, onuradunek frogagiri hauek aurkeztu beharko dituzte 2021eko irailaren 1etik 10era (biak barne):

–Profesional akreditatu baten ziurtagiria, hezkuntza jarduera komenigarria dela dioena eta haren helburuak adierazten dituena (III. eranskina).

–Hezkuntza jarduerara joan dela eta ordainketa egin duela frogatzen duen ziurtagiria. Bertan adieraziko da kuotaren %100 ordaindu dela, eta datu hauek emanen dira, gutxienez (IV. eranskina):

  • Semearen edo alabaren izena.
  • Hezkuntza jarduera antolatu duen entitatea edo pertsona.
  • Familiak guztira ordaindutako zenbatekoa.

–Hezkuntza jarduera antolatu duen entitatearen ziurtagiria, jardueraren ezaugarriak azaltzen dituena: iraupen egunak, jardueren programa edo esku-orria.

–Erantzukizunpeko adierazpen bat, xede bererako beste administrazio publiko batzuen, erakunde publiko edo pribatuen nahiz partikularren, Estatukoen edo nazioartekoen laguntzaren bat jaso den ala ez adierazteko. Jasoz gero, haren zenbatekoa ere aipatu beharko da (V. eranskina).

Halaber, irabazi asmorik gabeko entitate pribatuei eskatzen ahalko zaie beharrezkotzat jotzen den dokumentazio osagarria, eskatzen diren baldintzak justifikatze aldera.

Justifikatzeko dokumentuak aurkezteko, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako bideetako edozein erabiliko da.

10.2. Laguntza Hezkuntzako zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez ordainduko da, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko zuzendariak proposaturik.

10.3. Nolanahi ere, laguntzen azken ordainketa egiteko, oinarri honetan zehazten diren frogagiriak aurkeztu behar dira.

Hamaikagarren oinarria.–Bateragarritasuna.

Laguntza hauek bateragarriak dira bestelako dirulaguntza edo laguntzekin, baina ematen den guztirako zenbatekoak ez du inoiz gaindituko familiak edo legezko tutoreak ordaindu beharreko hezkuntza jardueraren guztirako kostua.

Eskatzaileek lehen aipatutako erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute (V. eranskina), xede bererako beste administrazio publiko batzuen, erakunde publiko edo pribatuen nahiz partikularren, Estatukoen edo nazioartekoen laguntzaren bat jaso duten ala ez adierazteko. Jasoz gero, haren zenbatekoa ere aipatu beharko da.

Horren ondotik laguntzaren bat jasotzen bada, laguntza eman dela jakin eta 15 egun naturaleko epean komunikatu beharko da.

Hamabigarren oinarria.–Eskatzaileen betebeharrak.

Eskatzaileek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean aipatzen diren gainerako betebeharrak bete beharko dituzte.

Hamahirugarren oinarria.–Itzulketa.

Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, baldin laguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira.

Legez ezarritako kasuetan eta, bereziki, xede bererako beste dirulaguntzaren bat kobratzeagatik tratamenduaren kostua gainditu duela komunikatzen ez den kasuetan, kostu horren gainetiko diru-zenbatekoa itzultzeko eskatuko da, eta berandutze-interesa ere bai, hain zuzen ere dirulaguntza ordaintzen denetik itzuli beharraren gaineko ebazpena eman arte sortutakoa.

Hamalaugarren oinarria.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen araubidearen mende egonen dira deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak eskatzen dituztenak, eta hartan ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

Dirulaguntzen arloko zehapenak erregelamenduz zehazten den prozeduraren bidez ezarriko dira, eta, halakorik ezean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

Hamabosgarren oinarria.–Aplikatu beharreko arauak.

Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dagoen guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak aplikatuko dira.

Hamaseigarren oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.

II. eranskina

Ezein debekutan ez dagoela dioen erantzukizunpeko aitorpena.

III. eranskina

Profesional baten egiaztapena: desgaitasuna duten ikasleek eskola oporretan hezkuntza jardueretan parte hartzeko beharraren egiaztagiria.

IV. eranskina

Hezkuntza jardueretara joan dela eta ordaindu direla justifikatzen duen dokumentazioa.

V. eranskina

Bestelako laguntzei buruzko erantzukizunpeko adierazpena.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F2012550