273. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

37/2020 FORU AGINDUA, azaroaren 11koa, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak emana, Doneztebeko hirigune historikoa lehentasunez birgaitu beharreko eremu izendatzen duena.

Doneztebeko Udalak eskatu du herriko hiri-jarduketarako plan bereziaren esparru osoa izenda dezatela lehentasunez birgaitu beharreko eremu. Esparru hori bat dator herriko hirigune historikoarekin, zeina interes kulturaleko ondasuntzat hartua baitago.

Horretarako, hirigune historikoko eraikuntza lanetarako laguntzak arautzen dituen ordenantza onetsi du.

Nafarroako Gobernuak ere, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren bidez, herri horretako hirigune historikoko bizitegien birgaitzea sustatzeko asmoa du, balio historiko eta artistiko aipagarriak baititu, eta tresna egokitzat jotzen du lehentasunez birgaitu beharreko eremu deklaratzea.

Hori horrela, eta Baztan-Bidaso aldeko Birgaitze Bulegoaren txostena ikusirik, aldekoa baita, betetzat jotzen dira irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuaren 54. artikuluan eskatzen diren baldintzak, eta, hortaz, bidezko da Doneztebeko hirigune historikoaren esparrua lehentasunez gaitu beharreko eremu deklaratzea. Foru dekretu horrek Nafarroan etxebizitzaren arloan babestekoak diren jarduketak arautzen ditu.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Doneztebeko hirigune historikoaren esparrua lehentasunez birgaitu beharreko eremu deklaratzea, irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuan ezarritako ondorioetarako.

2. Foru agindu hau Doneztebeko Udalari, Etxebizitza Zerbitzuari eta Baztan-Bidasoko Lurralde Bulegoari jakinaraztea, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea; bestetik, aditzera ematen da haren kontra, ez baitu administrazio bidea amaitzen, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindu hau jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2020ko azaroaren 11n.–Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilaria, José María Ayerdi Fernández de Barrena.

Iragarkiaren kodea: F2013437