273. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

153E/2020 EBAZPENA, azaroaren 6koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Errege Bardeako “La Negra” alderdian ura baltsa batetik abeltzaintzako biltegi batzuetara eramateko proiekturako. Sustatzailea Errege Bardearen Komunitatea da.

2020ko martxoaren 9an, Biodibertsitatearen Zerbitzuan sartu zen aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimen eskaera. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2.C eranskineko N) eta P) apartatuetan sartuta dago. Beraz, ingurumen ukipenetarako baimena behar du. Dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko duela lurzoru urbanizaezinean baimen daitezkeen jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektatutako jarduketan, hodi bat lurperatu gogo da, 9.109 metroko luzera duena, urez hornitzeko abereen asketarako zenbait biltegi, eta, horretaz gain, suteen aurka aritzeko, Plana de La Negra alderdian (Errege Bardea). “La Abejarica” alderdian dagoen baltsako hargune etxolan hasiko da ponpaketa (150.000 m³-ko edukiera du baltsak). Baltsatik Plana de la Negra alderdira dagoen desnibel handia dela eta (190 bat metro), hodiaren lehendabiziko tartea (0+000 KPtik 1+740 KPra) galdaketazkoa izanen da, 80 mm-ko diametrokoa; goiko aldean, hodiak polietilenozkoak izanen dira, 90 mm-ko diametrokoak. Hodiak zangetan egonen dira. Gutxieneko sakonera, proiektuaren arabera, halakoa izanen da non hodiaren goiko sortzailea azaleratik metro batera geldituko baita gutxienez.

Proiektu guztia “Nafarroako Errege Bardea”(PN-3) natura-parkean kokatzen da, zeina kontserbazio bereziko eremutzat (ES2200037) sailkaturik baitago, baita “Errege Bardea” estepako abifauna kontserbatzeko garrantzi handiko eremuan ere. Orobat, mugakide da “Caídas de la Negra” (RN-37) natura erreserbarekin, eta tarteren batean ukitzen du haren inguruko babes eremua.

2020ko maiatzaren 6an, Ingurumen Eraginaren Atalak dokumentazio errekerimendu bat egin zuen zazpi gairen inguruan: bestelako aukeren deskribapena, landaredia naturalaren kartografia, “Askak paratzea eta ur hornidura egitea (II. fasea) Errege Bardean” proiektuarekin metatutako inpaktua; klima aldaketaren gainean izan ditzakeen ondorioen ebaluazioa, estepako abifaunaren gaineko ukipenak, lurren kudeaketa eta uraren erabilera.

2020ko uztailaren 17an, sustatzaileak dokumentazio berria igorri du (Ingurumen-ukipenen azterlanaren eranskina). Hauek dira berritasunak:

–Diseinuko emaria doitzen da 3 litrora segundo bakoitzeko.

–Energia sortzeko sistema ordezten da: lehenago proiektatzen zen gasolioaren ekipo elektrogenoaren ordez, eguzki sorgailu fotovoltaiko bat. Modulu fotovoltaikoei eusten dien egitura 32,50 x 4,20 metrokoa izanen da, eta baltsa ondoan kokatuko da, hesitutako esparruaren barnean.

–Aldaketa txiki batzuk egin dira trazaduran, landaredia naturalaren gaineko inpaktua murrizteko:

LUZERA (m)

AZALERA (m²)

Obra proiektatua

9.109

36.436

Landaredia naturala ukitzen duen obra proiektatua

1.937

7.748

Landaredia naturala ukitzen duen obra aldatua

1.377

5.508

Dokumentazio berriak erantzun egokia ematen dio maiatzaren 6ko errekerimenduari. Beste bi alderdi –bestelako aukeren deskripzioa eta ingurumenaren eta paisaiaren aldetik ukipenak dituzten bi tarteren azterlana–, 2020ko urriaren 29an aurkeztu zituen idazketa taldeak.

Dokumentazio guztia aztertuta, Ingurumen Eraginaren Atalak aldeko txostena egin du 2020ko azaroaren 5ean, baina ebazpen honetan biltzen diren baldintzak ezarrita.

Espedientean jasota dago Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalaren aldeko txostena, 2020ko ekainaren 10ean zenbait baldintzarekin emandakoa abelbideei dagokienez, zehazki Erronkariarren errege altxonbideari dagokionez.

Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak aldeko txostena eman du 2020ko apirilaren 15ean, ebazpen honetan jasotako baldintzekin, bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoarekin.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Errege Bardeako “La Negra” alderdian ura baltsa batetik abeltzaintzako biltegi batzuetara eramateko proiekturako. Sustatzailea Errege Bardearen Komunitatea da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Baimen honen babespean, ura erabil daiteke, soilik, abereen asketarako eta suteen aurka aritzeko. Ezin izanen da ureztatzeko erabili hargune honetako ura.

–Hodiaren trazadura izanen da 2020ko uztailaren 17ko proiektuan eta haren eranskinean aurkeztutakoa.

–Bete beharko dira prebentzio neurriak (7. kapitulua) eta ingurumena hobetzeko neurriak (8. kapitulua), ingurumen-ukipenen azterlanean (2020ko otsaila) zehaztu direnak, honako hauek bereziki: obra egutegia (estepako hegaztien ugalketa garaitik kanpo), asketara iristeko arrapalak (lurreko fauna haietan sartu edo haietatik atera dadin), hidroereintzak, obrako jardunbide egokiak, etab. Horretaz gain, Ingurumena Zaintzeko Plana ere beteko da.

–Ingurumenaren eta paisaiaren aldetik dauden ukipenak murrizteko inpaktu handieneko bi tarteetan, neurri zuzentzaile hauek hartuko dira:

• Altoko artegiko aldapa (0+700 KPtik 0+900 KPra): idazketa taldeak proposatutako neurri zuzentzaileak aplikatuko dira (2020ko urriaren 29ko agiriaren 17. eta 18. orriak): funtsean, hondeamakina txiki bat erabiltzea, zangaren sakonera murriztea eta lehengoratze neurriak.

• Malda pikoko ezponda Plana de la Negra alderdira igotzeko suebakitik (1+400 KPtik 1+740 KPra): hornidura proiektuarekin, hegal horretan duen eragina murriztea ez ezik, trazadura honek lubakietan duen higadura lehengoratzea ere lortu behar da. Horretarako, proiektu bat prestatuko da higadura zuzentzeko bioingeniaritza tekniken bidez (barnean hartuko du tarte horren luzera eta, gutxienez, 5 metroko zabalera). Idazketa taldeak proposatutako neurri zuzentzaileak hartuko dira (2020ko urriaren 29ko agiriko 23. eta 24. orrialdeak).

Tarte hori egin baino lehen aurkeztuko da higadura zuzentzeko bioingeniaritza proiektua Ingurumen Eraginaren Atalean (trazaduraren gainerako obrak ingurumen baimen hau ematen denetik aurrera egiten ahal dira).

Tarte horretan segurtasuna lehenetsita, hori izanen baita zailtasun tekniko nagusia, aztertuko da, dena dela, posible den makina astunik ez erabiltzea edo ahalik eta gutxien erabiltzea (buldozer bat erabili beharrean, aztertuko da ea erabil daitekeen atzerako hondeamakina bat, ezpondako buruan kateekin estekatua, edo beste baliabide batzuk).

Plana de la Negra alderdira igotzeko ezpondan lanak (suebakia) hasi baino 72 ordu lehenago, Ingurumen Jarraipenaren Bulegoari gaztigatuko zaio (seguimiento.ambiental@navarra.es), lanak gainbegira ditzan.

–Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalaren 2020ko ekainaren 10eko txosteneko baldintzak beteko dira, “Erronkariarren errege altxonbidea” abelbideari dagokionez:

• Bidegurutzeen eta zangen zabalerari dagokionez, teknikoki posible den txikiena izanen da, eta kutxatilak lurzoru mailarekin zehatz-mehatz berdinduko dira.

• Lanak gauzatzeko fasean ezin izanen da altxonbidea erabat oztopatu; bestela, abereentzako eta ibiltarientzako iraganbide alternatiboa prestatu beharko da. Zangak irekitzearen ondorioz soberan geratutako material eta/edo landare lurra ezin izanen dira inolaz ere gaur egun larreak diren horietan utzi, ezta behin-behinekoz egiten bada ere.

• Obrak bukatutakoan, inolaz ere ezin izanen da bidearen zoladura aldatu, ez eta lurzatietara sartzeko bideena ere, abelbide batean baitaude, txosten honetan baimendutakoak salbu.

• Proiekturako beharrezkoak diren zangak eta obrak egiteko exekuzio fasearen ondoren, ukitutako eremua lehengoratuko da altxonbideetan edo zortasun-eremuetan (lur mugimenduak, jatorrizko bide zoruak lehengoratzea, landareztatzea eta ereitea eta abar) makinek jatorrizko landaredian eragindako kalteak konpontzeko eta pilarik eta obra-hondakindegirik ez geratzeko, halako moduan non egindako lanen ondorioz inola ere ez diren kaltetuko abereen igarotzea eta horrekin bateragarriak eta osagarriak diren erabilerak.

Lurralde arlokoak:

–Baimen honen babespean hodi bat lurperatzen ahal da urez hornitzeko suteen kontrako zenbait hargune eta abereentzako zenbait aska, eremuan egiten den abeltzaintza estentsiboko jarduerari lotuak, aurkeztutako dokumentazioarekin bat eta baimen honetan ezartzen diren determinazioak betez. Baimen honek ez du babesten hornidura sarera konektatzea edo handik lotura hodirik ateratzea lurzoru urbanizaezinean dauden edo ezarri gogo diren beste jarduera zehatz batzuk, baimendu direnaz bestelakoak.

–Jarraituko zaio egin diren eta espedientean jaso diren txosten sektorialetan xedatutakoari, eta/edo kasuan kasuko baimenetan xedatzen denari.

–Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak leheneratu eginen dira.

–Egin gogo diren lanek uki ditzaketen edo lanen trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

–Uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluaren arabera, askek eta azpiegituratik kanpora ateratzen diren elementuek 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoen kanpoko bazterretik neurtuta.

–Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du Arkeologia Atalari horren berri eman behar zaiola berehalakoan, hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Aditzera ematen da, hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaion edozein ukipen arau-hauste astuntzat joko dela, aipatu foru legearen 101.h artikulua aplikatuz.

–Ekainaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, gehienez bi urteko epea ezartzen da ebazpen honen babespeko jarduketak egin edo abian jartzeko, baimena ematen denetik hasita. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak iraungiko dira zuzenean, eta baliorik gabe geldituko da. Jarduera eta/edo jarduera horri lotutako erabilera uzteak ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharko dituela gehienez ere bortz urteko epean, eraikuntzak eraitsiz eta/edo kenduz.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Ingurumena Zaintzeko Atalera (Tuterako Koordinazio Unitatea) eta interesdunari.

Iruñean, 2020ko azaroaren 6an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2013325