273. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

151E/2020 EBAZPENA, azaroaren 2koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ingurumen-ukipenetarako baimena ematen baitzaio proiektu honi: “Nafarroako Errege Bardean uraskak eta ur hornidura egiteko (II. fasea) 2. proiektu aldatua (2020ko maiatza)”. Sustatzailea Nafarroako Errege Bardearen Komunitatea da.

2020ko martxoaren 9an, Biodibertsitatearen Zerbitzuan sartu zen aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimen eskaera. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko P) epigrafean jasotzen direnetakoa da. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta haren ondorioak izanen dira uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritakoak.

2020ko apirilaren 8an, Ingurumen Eraginaren Atalak errekerimendu bat igorri zion sustatzaileari, proiektua berrazter dezan eta proiektuarentzat egokia den eranskin bat egin diezaion ingurumen-ukipenen azterlanari. 2020ko uztailaren 14an, Ingurumen Eraginaren Atalean jaso ziren “Nafarroako Errege Bardean uraskak eta ur hornidura egiteko (II. fasea) 2. proiektu aldatua (2020ko maiatza)” eta “Ingurumen-ukipenen azterlanaren eranskina, abeltzaintza xedeetarako ur horniduraren sarea ezartzeko (II. fasea) Nafarroako Errege Bardean”.

Proiektua garatzen da Errege Bardeako parke naturalean eta izen bereko kontserbazio bereziko eremuan. Partzialki bada ere, proiektua garatzen da, era berean, Rincón del Bu natura erreserbaren inguruko babes eremuaren barruan eta Rincón del Bu-La Nasa HBBEren barruan.

Proiektuko jarduketaren helburua da ura banatzeko sarea gauzatzea La Abejarica putzuko balbulen etxolatik. Proiektuari ingurumen ukipenetarako baimena eman zitzaion Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariaren uztailaren 19ko 295E/2013 Ebazpenaren bidez. Banaketa eta hornikuntza sarearen hoditeria 29 kilometro luze da. Ilara nagusiak eraztun baten forma du, eta bertatik adarrak ateratzen dira urasken 17 harguneetaraino, Errege Bardeako 31.etik 47.era bitarteko abeltzaintza-barrutietan, baita suteetako 3 ur-harguneak ere.

Hodien sekzioa ezberdina da hodi motaren arabera: 110 mm-koa hodi nagusian, 90 eta 75 mm-koa bigarren mailako hodietan eta 63 mm-koa uraska bakoitzaren hargunea hornitzen duten hodietan. Suteetako 3 ur-harguneak 110 mm-koak dira. Hodi guztiak lurpekoak dira. Hodiak kanalizatzeko, oinarrian 0,60 metroko zabalera duten zangak eta 1H:5V hondeaketa-ezpondak eginen dira. Zangen sakontasunak aski izan behar du hodiaren sortzailea sestratik 1,20 metro beherago egon dadin.

Uraska bakoitzak hormigoizko hainbat kanal aurrefabrikatu ditu, mahukatxoz loturik, eta hormigoi armatuko zolata baten gainean dago. Kanal bakoitza 4,7 metro luze da, 0,86 metro zabal eta 0,52 metro garai. Zolatak 20 cm-ko lodiera du, eta 23 bider 1,5 metroko azalera. Uraskako hargunea 1ekoa da”.

Suteetako ur-harguneak 6 m²-ko esparru batean kokatuko dira, zeinak itxitura izanen baitu (sarea 2 metro garai, eta zurezko zutoinak) inor sartu ez dadin. Ur-hargune horiek ATLAS C PLUS motako zutabea edo horren baliokidea izanen dute, Ø 100 mm-koa, baita hargune zentral bat, Ø 100 mm-koa, eta alboko bi hargune ere, Ø 70 mm-koak eta Barcelona motakoak.

Espedientean Lurraldearen Antolamenduaren Atalaren aldeko txostena dago. Ingurumen Eraginaren Atalak espedientearen aldeko txostena eman du, baina baldintza batzuk ezarrita.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen-ukipenetarako baimena ematea proiektu honi: “Nafarroako Errege Bardean uraskak eta ur hornidura egiteko (II. fasea) 2. proiektu aldatua (2020ko maiatza)”. Sustatzailea Nafarroako Errege Bardearen Komunitatea da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Ingurumen arlokoak:

  • hargune honetako ura ezin izanen da erabili ureztatzeko.
  • Hodiak kanalizatzeko zangaren trazadurak zuhaitz eta zuhaixken gaineko ukipena minimizatuko du, trazadura egokituta eta inausketa eta seinalizazio lanak kemenduta.
  • Zanga irekitzean, landare lurra gordeko da geroago zangaren azaleko partea betetzeko.
  • Soberan geratzen diren materialak eta obra-hondarrak hondakindegi baimendu batera eraman behar dira, edo kudeatzaile baimendu baten eskura jarri, hondakinak nolakoak diren kontuan hartuta.
  • Zangak zabalik gelditzen badira egun batetik bestera, arrapalak kokatu beharko dira, hara ezustean eror daitezkeen animaliak atera ahal izateko. Zangak ireki eta ahal den lasterren bete beharko dira, barnean animaliarik harrapatuta ez dagoela egiaztatu ondoren.
  • Uraskek sistemaren bat izan behar dute barruan sartzen diren animaliak bertatik atera daitezen.
  • Proiektuak eremu horretako animaliei eragozpenak sortuko dizkie, bereziki honako hauei: ganga azpizuria, ganga azpibeltza, atalarra, mirotz urdina, mirotz zuria eta Naumann belatza. Horregatik, espezie horien eta haien ugaltokien jarraipena egin beharko da ugal-garaian ugaltokietan lanak ez egiteko.
  • Belar-sastrakak garbitu, lurrak mugitu eta hodiak paratu aurretik, eremua ikuskatu beharko da beste animalia-espezie batzuei eragozpenak ez sortzeko.
  • Ur hodiek altxonbide hauek zeharkatuko dituzte: erronkariarren errege altxonbidea (CRR); 3. zeharbidea (T-3); Corellako El Villarretik Ejea de los Caballerosko Portillo de Santa Margaritara doan errege altxonbidea (CRVE), katastroko 38/92, 40/352 eta 44/286 lurzatietan; eta 1. zeharbidea (T-1), katastroko 37/148, 40/352 eta 43/455 lurzatietan. Altxonbideekiko eta haien zortasun-eremuarekiko gurutzaguneetan eragina minimizatzeko, bideetatik edo laborantza-azaleretatik jardun beharko da, ahal den neurrian, eta saihestuko da materiala metatzea berezko landaredia duten altxonbideko azaleretan. Kutxatilek lurraren sestrarekin berdinduta gelditu beharko dute.
  • Lanak gauzatzeko fasean ezin izanen da altxonbidea erabat oztopatu; bestela, abereentzako iraganbide alternatiboa prestatu beharko da.
  • Hodiak jartzeko lanak egindakoan, ukitutako altxonbidearen eremua leheneratuko da, halako moduan non egindako lanen ondorioz inola ere ez diren kaltetuko abereen bidea eta horrekin bateragarriak diren erabilerak.
  • Jarduera hasi baino 72 ordu lehenago, Tuterako barrutiko Ingurumena Zaintzeko Atalari abisua eman beharko zaio telefonoz (948847033 / 629362174). Barrutiko Ingurumena Zaintzeko Atalak denbora edo tokiaren gaineko mugak jartzen ahalko ditu jardueraren garapenaren arabera.
  • Ez da txostenik non adierazten den badela arriskurik ondare arkeologikoa ukitzeko. Nolanahi ere, kontuan izan beharra dago obrak irauten duen bitartean aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, horren berri emanen zaiola kulturaren arloan eskumena duen departamentuari, Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 63. artikuluari jarraikiz.

–Hirigintza arlokoak:

  • Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak leheneratu eginen dira.
  • Baimen honek ez du babesten hornidura sarera konektatzea edo handik lotura hodirik ateratzea lurzoru urbanizaezinean dauden edo ezarri gogo diren beste jarduera zehatz batzuk, baimendu direnaz bestelakoak.
  • Egin gogo diren lanek uki ditzaketen edo lanen trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Sustatzaileak aurkeztu beharko ditu, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusian, egin beharreko obrak definitzen dituzten agiri teknikoak, baimena eman diezaioten; halaxe xedatu baita zuzendaritza nagusi horren beraren 2020ko apirilaren 21eko txostenean, NA-125 errepidearen ukipenari buruzkoan (Tutera-Ejea de los Caballeros).
  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluaren arabera, zeina onetsi baitzen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez, uraskek eta azpiegituratik kanpora ateratzen diren elementuek 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoen kanpoko bazterretatik neurtuta.
  • Uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, gehienez bi urteko epea ezartzen da ebazpen honen babespeko jarduketak egin edo abian jartzeko, baimena ematen denetik hasita. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak iraungiko dira zuzenean, eta baliorik gabe geldituko da. Jarduera edota jarduera horri lotutako erabilera uzteak ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak leheneratu beharko dituela gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsita edota kenduta.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Ingurumena Zaintzeko Atalera (Tuterako barrutia) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko azaroaren 2an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2013031