272. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

TEBAS

Deialdia, oposizio-lehiaketa bidez zerbitzu anitzetako enplegatua izateko lanpostu bat betetzeko, aldi baterakoa, eta izangai zerrenda bat osatzeko, sortzen diren beharrei erantzutearren

Tebasko Kontzejuko Batzarrak, 2020ko urriaren 5ean egin bilkuran, ondoko deialdia onetsi zuen; haren oinarriak jarraian ematen dira:

DEIALDIA, OPOSIZIO-LEHIAKETA BIDEZ ZERBITZU ANITZETAKO ENPLEGATUA IZATEKO LANPOSTU BAT BETETZEKO, ALDI BATERAKOA, TEBASKO KONTZEJUAREN ZERBITZUAN, ETA IZANGAI ZERRENDA BAT OSATZEKO, SORTZEN DIREN BEHARREI ERANTZUTEARREN

Oinarriak

1.–Deialdia.

Deialdia iragartzen da, hautaproba bidez betetzeko zerbitzu anitzetako enplegatua izateko lanpostu bat, aldi baterakoa, instalazio eta espazio publikoetako mantentze, zainketa eta garbiketa lanak eta lorezaintza lanak egiteko eginkizunak izanen dituena, bai eta izangai zerrenda bat osatzeko ere, Tebasko Kontzejuan sortzen diren beharrei aldi baterako erantzutearren.

Lanpostu honetarako hautapen sistema oposizio-lehiaketa izanen da.

Kontratazio hau lan araubidekoa, lanaldi osokoa eta aldi baterakoa izanen da, lanpostua legez ezarritako prozeduraren bidez behin betiko betetzen ez den edo amortizatzen ez den bitartean, eta lanpostua sorrarazi zuen beharrak iraun bitartean.

1.1. Lanpostua eta haren eginkizunak sartzen dira abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan ezarritako D mailan, egikaritze zereginak edo antzekoak eginez (LFD horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina).

Izendatzen den izangaiak zerbitzu anitzetako enplegatuaren berezko eginkizunak beteko ditu, Kontzejuak hari agindutako mantentze, zainketa eta garbiketa lanak eta lorezaintza lanak egiteko instalazio eta espazio publikoetan.

Oro har, eginkizun hauek izanen ditu lanpostuak, besteak beste:

–Zerbitzu anitzak, instalazio eta obretako mantentze lan orokorren lantaldearen jarduerekin lotutakoak, eta halakoen jarraipena egitea, egokiak izan daitezen haien funtzionamendua, kontserbazioa eta mantentzea.

–Tebasko Kontzejuaren bulego, instalazio eta biltegietako igeltserotza lanak, oro har, eta horien mantentze lanak, bai eta pintura lanak ere.

–Lorezaintza lanak eta espazio publikoetako mantentze lanak: belarra ebakitzea, zuhaixketan eta zuhaitzetan inausketak egitea, sastrakak eta belar txarrak kentzea, ureztatze-sistemak instalatu eta programatzea, fitosanitarioak erabiltzea, zapaldak eta parterrak prestatzea eta abar.

–Mekanika. Udal makineria, lanabesak eta tresnak maneiatu, mantendu eta konpontzea. Biltegiko kontrola.

–Hiri altzariak paratzea eta haiei dagozkien mantentze lanak egitea: zutoinak, seinaleak, kale-argiak, bankuak, iturriak eta abar.

–Altzariak eta gauzak lekualdatzea eta paratzea. Jai eta ekitaldi publikoetan, muntatzea eta desmuntatzea agertokiak, hesiak eta gainerakoak.

–Ibilgailuak gidatzea eta makinak maneiatzea.

–Kontzejuaren azpiegitura eta lokaletan mantentze eta konpontze lanak egitea: iturgintza, elektrizitatea, pintura, igeltserotza, soldadura, zurgintza, mekanika, garbiketa, zangak ireki eta ixtea.

–Dagokion mailaren barnean, eskatzen zaizkion instalazio berriak eta hobekuntzako jarduketak egitea.

–Eskatzen zaion bide garbiketa egitea, Tebasko Kontzejuak dauzkan baliabideak erabiliz horretarako.

–Tebasko Kontzejuak programatzen dituen festetarako eta kultur ekitaldietarako prestakuntzan eta garbiketan laguntzea, bai eta Kontzejuak lagundu edo babestuetako ekitaldietan ere.

–Kontzejuko beste zerbitzu batzuei laguntzea, hala eskatzen zaionean, eta kanpoko zerbitzuekin koordinatzea, langile espezializatuak behar direnean.

Halaber, zerbitzu anitzetako lanpostuaren eginkizun izanen dira honako eginkizun orokor hauek, besteak beste:

–Segurtasun eta higiene arauak betetzea, behar bezala baliatuz lan bakoitzean erabiltzen diren babes-ekipamendu egokiak.

–Udal azpiegitura, lokal eta ekipamenduetan atzemandako gabezia, matxura eta akatsen berri ematea arduradunari hala behar denean, eta zerbitzuen hobekuntza bultzatzea eta horretan laguntzea, ekintza eta aldaketa lagungarriak proposatuz hobekuntza horretarako.

–Ezagutzea eta aplikatzea bere lanerako ezarritako arau, prozedura eta zehaztapen guztiak.

–Kasuren batean behar izanez gero, egoerara egokitzea, lanorduekin malgutasunez jokatuz, ezarritako lan programa eta zerbitzuaren beharrak betetzeko.

–Kontrola eta jarraipena egitea Kontzejuaren ordenantzak bete daitezen, eta ikuskapenak egitea Kontzejuaren eskumenen arloan, bide publikoaren okupazioaren, isurien eta abarren inguruan.

–Begiratzea ea egoera onean dauden bide eta espazio publikoak, bai eta Tebasko Kontzejuaren eraikinak eta instalazioak ere, eta haiek mantentzeko nahiz hobetzeko proposamenak egitea.

–Kontzejuaren arloko denetariko zerbitzuak ematea eta beste zernahi lan egitea, Kontzejuko buruak edo Batzarrak –edo horretarako eskumena eskuordetzan duenak– hala eskatuta, betiere dagokion eskumen, maila eta kategoriaren barnean.

–Kontzejuaren instalazio publikoetan instalazioak mantentzeko lanak egitea eta sarbideak garbitzea eta kontrolatzea, Tebasko Kontzejuko Batzarrak hala agintzen duenean.

1.2. Kontrataziorik egin behar bada Tebasko Kontzejuko beste lanpostu baterako, loturik zerbitzu anitzetako eginkizunekin edo instalazio eta espazio publikoetako mantentze, zainketa eta garbiketa lanak eta lorezaintza lanak egiteko eginkizunekin, zerrenda honetako dagokion izangaiari deitzen ahalko zaio, eta kontratuaren maila izanen da beteko den lanpostuari dagokiona, baldin eta ez badago berariazko izangai zerrendarik lanpostu horretarako.

1.3. Aldi baterako kontrataziorako izangai zerrenda honek indarrik gabe uzten du mota bereko beste edozein zerrenda Tebasko Kontzejuaren zerbitzuan eginkizun horietan eta zerbitzu anitzetan aritzeko, eta bost urtez egonen da indarrean. Zerrenda kudeatuko da Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak abenduaren 31n emandako 814/2010 Foru Aginduari jarraikiz, zeinaren bidez onetsi baitziren aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak.

1.4. Deialdi honen bidez egiten diren kontratazioetarako, bi hilabeteko probaldia ezartzen da, eta epe horretan edozein alderdik hutsaltzen ahalko du kontratua, aldebakarreko erabakiz.

1.5. Lanaldiaren araubidea lanaldi osokoa izanen da eta zerbitzuaren beharretara egokituko da, betiere urtero onesten den egutegia errespetatuz; dena dela, administrazio organo eskudunek noiznahi aldatzen ahal dituzte biak.

1.6. Deialdiko lanpostuak D mailako oinarrizko ordainsariak izanen ditu, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan xedatutakoaren arabera, bai eta, halakorik bada, Tebasko Kontzejuko plantilla organikoan lanpostu horretarako ezartzen diren osagarriak ere.

2.–Parte-hartzaileek bete beharreko baldintzak.

Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea.

b) Hamasei urte beteak izatea eta ez izatea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina.

c) Lanpostuaren egitekoa betetzeko gai egiten duen titulazioa izatea (edo hura eskuratzeko moduan egotea eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean); titulu hori, gutxienez ere, Lanbide Heziketako lehen mailakoa izanen da, honako arlo hauetako batean:

–Iturgintza, elektrizitatea edo antzekoa.

–Lorezaintza edo antzekoa.

–Mantentze lanak, produkzio zerbitzuak, eta instalazio elektrikoak eta automatikoak edo antzekoa.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.

d) B motako ibilgailuen gidabaimena izatea.

e) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

f) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea bereizia administrazio publikoren baten zerbitzutik.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira aurreko baldintzak, eta hautapen-prozesuak eta kontratazioak iraun bitartean ere bete beharko dira.

3.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Tebasko Kontzejuaren erregistroan aurkeztu beharko dira, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 6. artikuluan jasotzen diren bitartekoetako bat erabiliz.

Eskabideak I. eranskineko ereduaren arabera bete beharko dira. Eredu hori eskuratzen ahalko da Tebasko Kontzejuaren bulegoetan edo Internet bidez, www.concejodetiebas.com helbidean, edo, bestela, aldizkari ofizialetik bertatik hartuta, argitaratzen denean.

Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Parte hartzeko eskabidearekin batera, eskatutako tituluaren eta nortasun agiri nazionalaren fotokopia aurkeztuko dute izangaiek, eta lehiaketaldian alegatutako merezimenduak frogatzeko agiriak. Esperientzia baloratzeari begira, ezinbestekoa izanen da entitate kontratatzaileen ziurtagiriak aurkeztea, non agertuko baita egindako lan mota, maila, lanaldi mota eta lanaldiaren iraupena, eta zerbitzu horien iraupena.

3.2. Minusbaliotasuna duten izangaiek, parte hartzeko eskabidearekin batera, minusbaliatuak direla frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana. Halaber, ariketak egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte eskabidean bertan, horien beharrik izanez gero. Aparteko orri batean, zer minusbaliotasun duten eta zer egokitzapen eskatzen duten adierazi beharko dute.

4.–Eskabideak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5.–Behin-behineko zerrenda.

Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Tebasko Kontzejuko buruak argitara emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda Tebasko Kontzejuaren iragarki-taulan, bai eta Kontzejuaren webgunean ere.

Egun horretatik aurrera eta ondoko bost egun baliodunetan, izangaiek erreklamazioak egiten ahalko dituzte edo eskabidean egindako akatsak zuzendu.

6.–Behin betiko zerrenda.

Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta haiek ebatzi ondoan, Tebasko Kontzejuko buruaren ebazpen baten bidez, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi eta argitara emanen da Tebasko Kontzejuaren iragarki-taulan eta webgunean. Aldi berean emanen dira aditzera deialdi honen zortzigarren oinarrian aipatzen diren hautaprobak egiteko eguna eta tokia.

7.–Kalifikazio epaimahaia.

7.1. Kalifikazio epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

–Epaimahaiburua: Leire Martínez Carneiro, Tebasko Kontzejuko burua.

Ordezkoa: Josu Ibáñez Ardanaz, Tebasko Kontzejuko batzarkidea.

–Epaimahaikidea: Alfredo García Guerra, Albarrada SA eraikuntza-enpresako aparejadorea.

Ordezkoa: Enpresa horretako beste teknikari bat, titulu bera edo goragokoa duena.

–Epaimahaikidea: EIS Ilundain Empresa de Inserción SLU entitateak izendaturiko pertsona bat.

–Epaimahaikidea: Fermín Izco Cabezón, Ekilan SL enpresako basogintzako ingeniaria, zeinak Tebasko Kontzejuari aholkularitzako zerbitzuak ematen baitizkio basogintzaren alorrean.

Ordezkoa: Ekilan SL enpresak izendaturiko beste pertsona bat, titulu egokia duena.

–Kide-idazkaria: Alfonso Araujo Guardamino, Tebasko Kontzejuko Batzarraren aholkulari juridikoa.

7.2. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, gertatzen direnean Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Foru Legean abstentziorako aurreikusiak dauden arrazoiak.

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horiek gertatzen direnean.

Epaimahaia aldatzen bada, abstenitzeko edo errekusatzeko ezarritako arrazoiak direla eta, izangai onartuen eta baztertuen zerrendekin batera emanen da horren berri.

7.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez ere kideen gehiengo osoa bertan ez bada.

Halaber, epaimahaiaren eraketak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak egon beharko dute bertan.

7.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzeko garaian sortzen diren arazoak.

7.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eskatzen ahalko du probarako. Aipatu aholkulariak beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan oinarriturik bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

8.–Hautaproben bilakaera eta balorazioa

Oposizio-lehiaketako gehieneko balorazioa 100 puntu izanen da osotara; haietarik, 20 puntu lehiaketaldiari dagozkio eta 80 puntu oposizioaldiari.

8.1. Lehiaketaldia.

Lehiaketaldia ez da baztergarria izanen eta gehienez ere 20 puntu izanen ditu, baremo honen arabera:

A.–Laneko esperientzia (15 puntu gehienez):

A.1.–Beste udal edo toki entitate batzuetan, zerbitzu anitzetako enplegatu lanean edo instalazioetako mantentze lanetan (C edo D maila) edo lanpostuarekin zerikusia duten beste lanpostu batzuetan emandako urte bakoitzeko: 3 puntu, eta gehienez ere 15 puntu.

A.2.–Entitate pribatuetan, instalazioetako mantentze lanak egiten dituen zerbitzu anitzetako enplegatu gisa edo lanpostuarekin zerikusia duten beste lanpostu batzuetan emandako urte bakoitzeko: 2 puntu, eta gehienez ere 15 puntu.

B.–Prestakuntza osagarria (5 puntu):

B.1.–LHII-ko, goi mailako zikloko edo baliokide bateko titulu gehigarriak, lanpostuaren eginkizunekin zerikusia duten espezialitateetan: 2 puntu, eta gehienez ere 2 puntu.

B.2.–LHI-eko, erdi mailako zikloko edo baliokide bateko titulu gehigarriak, lanpostuaren eginkizunekin zerikusia duten espezialitateetan: puntu bat (1), eta gehienez ere 2 puntu.

B.3.–Lanpostuaren eginkizunei dagozkien gaietan espezializatzeko edo hobetzeko ikastaroak edo prestakuntza zikloak, 30 ordu edo gehiagokoak: puntu bat (1) ikastaro bakoitzeko, eta gehienez ere 3 puntu apartatu honetan.

Zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostuan bete beharreko eginkizunekin zerikusia duten gaiei buruzko gaitasun edo aprobetxamendu ziurtagiriak baloratuko dira. Batzuk aipatzearren, eta besteak beste: egitura-muntaketa, lorezaintza, igeltserotza, iturgintza, soldadura eta instalazio elektrikoak, etab. Aurreikusitako espezialitateetan akreditatutako ikastaroak 30 ordutik gorakoak direnean, 30 orduko frakzioak baino ez dira baloratuko ikastaro bererako, eta gehienez 2 puntu emanen dira ikastaro bakoitzeko (adib., 150 ordu edo gehiagoko ikastaro akreditatu batek 2 puntuko balorazioa lortuko luke gehienez). Ez dira kontuan hartuko 60 ordutik beherako ikastaroak edo prestakuntza zikloak.

Aurreko apartatuetako merezimenduak frogatzeko, lehiatzaileak lan egindako administrazio publikoaren edo legez eratutako enpresa pribatuaren ziurtagiriak aurkeztuko dira; merezimendu horiek kontatzeko, berriz, aintzat hartuko dira bai lan araubidean, behin-behineko nahiz finko gisa, bai administrazio araubidean, bitarteko gisa nahiz lanpostuaren jabe izanik, egindako zerbitzuak.

Frogaturiko esperientzia-aldiak ez badu urte osorik hartzen, dagokion proportzioa aterako da hilabete osoak kontuan hartuta. Kontratu bat kontuan hartzeko, hilabete bat osorik beharko da gutxienez.

Lanaldia osoa ez bada, orduan ere kasuan kasuko proportzioaren arabera kalkulatuko da.

Merezimendu hauek frogatzeko, entitate kontratatzaile publiko nahiz pribatuen ziurtagiriak aurkeztu beharko dira, non agertuko baita zer lan mota egin den, lanpostuaren maila, lanaldi mota eta lanaldiaren iraupena, eta kontratu horren iraupena.

Lehiaketaldia burututakoan, izangai bakoitzak lortutako puntuazioa emanen da argitara Tebasko Kontzejuaren iragarki-taulan.

8.2. Oposizioaldia.

Oposizioan 80 puntu lortzen ahalko dira gehienez, eta ariketa hauek izanen ditu:

8.2.1. Probak.

Proba teorikoa: hiru aukera emanen dituen test motako ariketa idatzia, lanpostuan bete beharreko eginkizunekin lotutako gaiei buruzkoa (II. eranskina). Galderen artean, orobat, batzuek eskatuko dute Tebas-Muru Artederretako udalerriaren gaineko ezagutza (Udala, Tebasko Kontzejua, geografia, herriak, alderdiak, parajeak). Epaimahaiak erabakiko du probaren iraupena eta, gehienez ere, 36 puntu lortzen ahalko dira; baztertu eginen dira gutxienez 18 puntu eskuratzen ez dituzten izangaiak. Erantzun oker bakoitzeko 0,25 kenduko dira. Proba teorikoan puntuaziorik hoberena erdietsi duten lehen 12 izangaiek eginen dute proba praktikoa.

Puntuaziorik hobereneko 12. tokian dauden izangaien artean berdinketarik gertatuz gero, berdinketa-egoera horretan puntuazio berdina duten izangai guztiek egiten ahalko dute proba praktikoa.

Plika itxien sistema erabiliz eginen da oposizioa.

Proba teorikoa gainditu duten izangaiek baino ez dute egiten ahalko proba praktikoa.

Proba praktikoa: Proba praktikoa: 4 proba egitea, Tebasko Kontzejuko zerbitzu anitzetako enplegatuen ohiko lanen gainekoak.

Gehienez ere 40 puntu emanen dira.

Epaimahaiak zehaztuko du ariketen iraupena, ariketa bakoitza egiterakoan.

Proba praktikoak lau fasetan eginen dira:

1. fasea.–Proba praktiko bat egitea lorezaintzako ohiko lanekin lotuta (makinak ezagutzea eta maneiatzea, landareak inaustea, landatzea, belar-sastrakak kentzea, ureztatze-sistemak instalatu eta programatzea, etab.), eta beste proba praktiko bat, makinak eta instalazioak mantentzeko ohiko lanekin lotuta. Proba praktiko bakoitzean gehienez ere 10 puntu emanen dira. Baztertuta geldituko dira, bi probak batuta, gutxienez 10 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

2. fasea.–Proba praktiko bat egitea elektrizitateko ohiko lanekin lotuta (lanabesak eta materialak ezagutu eta maneiatzea, etab.), eta beste proba praktiko bat, iturgintzako ohiko lanekin lotuta (lanabesak eta materialak ezagutu eta maneiatzea, etab.). Proba praktiko bakoitzean gehienez ere 10 puntu emanen dira. 1. fasea gainditu dutenek baino ez dituzte egiten ahalko 2. faseko probak. Baztertuta geldituko dira, bi probak batuta, gutxienez 10 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

Proba praktikoen prozesua gainditzeko, bi faseak gainditu beharko dira, eta gutxienez 20 puntu lortu, egindako praktika guztiak batuta. Proba praktikoak gainditu dituzten izangaiei buruz buruko elkarrizketa eginen zaie, eta agiri bidez egiaztatu dituzten merezimenduak baloratuko ditu epaimahaiak, 8.1. oinarrian ezarritakoari jarraikiz.

8.2.2. Buruz buruko elkarrizketa:

Buruz buruko elkarrizketa: proba teorikoa eta praktikoa gainditu dituzten izangaiek buruz buruko elkarrizketa eginen dute, gehienez ere 4 punturekin baloratzekoa. Aldean curriculuma eta egoki iritzitako agiri eta/edo egiaztagiriak dakartzatela agertu beharko dute. Buruz buruko elkarrizketa ez da baztertzailea izanen.

8.3. Probak egiteko eguna eta tokia iragarriko dira Tebasko Kontzejuaren iragarki-taulan eta webgunean (www.concejodetiebas.com), probak egin baino gutxienez 4 egun lehenago.

8.4. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek nortasun agiri nazionala edo epaimahaiak nahikotzat jotzen duen beste identifikazio agiri bat aldean dutela agertu beharko dute, eta oposiziotik baztertuta geldituko dira agertzen ez diren izangaiak nahiz nortasuna frogatzeko dokumentaziorik gabe agertzen direnak.

8.5. Hautaprobetan, denboren eta baliabideen egokitzapenak eginen dira, ahal den neurrian, elbarritasunik dutenentzat, halaxe eskatzen badute eta eskabidean azaltzen dutenaren arabera.

9.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta lanean hasteko deia.

9.1. Behin proben kalifikazioa burutuz gero, epaimahaiak argitara emanen du, Tebasko Kontzejuaren iragarki-taulan eta webgunean, probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, puntuazio handienetik txikienera ordenatua, eta zerrenda helaraziko dio Kontzejuko buruari, hautapen prozesuaren espediente osoarekin batera, hark onespena eman diezaion.

Berdinketarik gertatuz gero, bigarren ariketaren proba praktikoan puntu gehien lortu duen izangaiaren alde joko da.

9.2. Gainditu duten izangaiei Tebasko Kontzejuan gertatzen diren beharren arabera eginen zaie dei, deialdi honen oinarrietan ezarritakoari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraikiz.

9.3. Deia egiterakoan, kontuan hartuko da ezarrita dagoena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriaren 4. apartatuan; horren bidez, hain zuzen, desgaitasunen bat duten pertsonak Nafarroako Administrazio Publikoetan lanean sartzeko xehetasunak arautzen dira. Horretarako, %33ko edo maila handiagoko desgaitasun aitortua dutenek egoera hori frogatu beharko dute, organo eskudunak berariaz emaniko agiri jatorrizkoaren edo kopia konpultsatuaren bidez.

9.4. Kontratudunari alta emanen zaio Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean, eta bertan afiliatuko da; beraz, haren kontura izanen dira dagokion kuota eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren atxikipena, bidezko diren kopuruetan.

10.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, haren oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka ondoko errekurtsoetako bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Tebasen, 2020ko urriaren 5ean.–Kontzejuko burua, Leire Martínez Carneiro.

I. ERANSKINA

Eskabidea (PDFa).

II. ERANSKINA

Proba teorikorako gai-zerrenda (36 puntu)

1. gaia.–Aritmetikako eta geometriako oinarrizko erregelak.

2. gaia.–Idazketako eta ortografiako oinarrizko arauak.

3. gaia.–Laneko segurtasun eta higienearen gaineko arauen eta oztopo arkitektonikoen gaineko arauen oinarrizko ezagutzak.

4. gaia.–Soldaduraren ezagutza eta doitze-makineriaren oinarrizko maneiuarena.

5. gaia.–Igeltserotzako kontzeptu orokorrak. Erremintak. Materialak. Zolatzea eta alikatatzea. Enkofratuak eta hormak egitea.

6. gaia.–Eraikinetako banaketa koadroak, potentzia kontrolatzeko etengailua, magnetotermikoak eta diferentzialak.

7. gaia.–Oinarrizko argi zirkuituak: etengailuak, kommutadoreak, entxufe-oinak, lanparak, pitzarazgailuak eta erreaktantziak.

8. gaia–Iturgintzako eta berokuntzako instalazioen gaineko mantentze lana: aparatu sanitarioak, txorrotak, zisternak, sifoiak, berokuntza zirkuituak, zirkuitua betetzea eta airez purgatzea, galdara-gelak eta haien osagai bereziak.

9. gaia.–Elektrizitateko eta iturgintzako eskemen ezagutza.

10. gaia.–Mekanika. Udal makineria, ibilgailuak, lanabesak eta tresnak maneiatu, mantendu eta konpontzea. Biltegiko kontrola.

11. gaia.–Eraikinen eta hiri altzarien mantentze lanak. Pintura.

12. gaia.–Lorezaintzako oinarrizko ezagutzak (erremintak, inausketa, fitosanitarioen erabilera, sastrakak kentzeko makinaren maneiua, ureztatzeko sistemak).

13. gaia.–Tebas-Muru Artederretako Udalaren eta Tebasko Kontzejuaren geografiari eta administrazioari buruzko oinarrizko ezagutzak (Kontzejua, Udala, ibaiak, paraje eta alderdi nagusiak, biztanleria...).

14. gaia.–Nafarroako toki entitateen ondasunak. Ezagutza orokorrak (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legea).

Iragarkiaren kodea: L2013045