272. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

BURLATA

Deialdia, Udaltzaingoko inspektoreordearen oposizio-lehiaketarena

2018ko urtarrilaren 14ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean (8. zk.), Burlatako Udalaren 2019ko lan-eskaintza publikoa onartu zen, eta bertan 11.1 zenbakiko lanpostua sartu zen, ezaugarri hauekin:

“Inspektoreordea; Araubide juridikoa: funtzionarioa; sarrera-sistema: oposizio-lehiaketa; B maila; hizkuntza-eskakizuna: %10; lanpostuaren osagarria: %19,24; berariazko osagarria: %45.”

Abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onartzen duenak, 15.6 artikuluan xedatzen duena kontuan hartuta, bidezkoa da lanpostu hori hautaproben bidez betetzea onartzea.

Lege honek ematen dizkidan eskumenak erabiliz, honako hau,

EBAZTEN DUT:

1.–Onestea Burlatako Udalaren Udaltzaingoko inspektoreorde izateko lanpostu bat, B mailakoa eta plantilla organikoan 11.1 zenbakia duena, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdiaren oinarriak, xedapen zatian ezartzen denari jarraituz.

2.–Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Udalaren ediktuen taulan eta web-orriko egoitza elektronikoan argitara dadila agintzea.

Burlatan, 2020ko urriaren 21ean.–Jarduneko alkatea, Ander Carrascón Erice.

DEIALDIA, BURLATAKO UDALERAKO UDALTZAINGOKO INSPEKTOREORDE IZATEKO LANPOSTU BAT OPOSIZIO-LEHIAKETA BIDEZ BETETZEKO

1. oinarria.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da 11.1 zenbakidun plantillako inspektoreordearen lanpostu hutsa oposizio-lehiaketa bidez betetzea, ezaugarri hauekin:

“Inspektoreordea; Araubide juridikoa: funtzionarioa; sarrera-sistema: oposizio-lehiaketa; B maila; hizkuntza-eskakizuna: %10; lanpostuaren osagarria: %19,24; berariazko osagarria: %45.”

Deialdi hau gauzatuko da gaiari buruz honako arau hauetan ezarritakoari jarraituz: Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legea, Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamendua onartzen duen abenduaren 29ko 718/2003 Foru Dekretua, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua (Administrazioen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onartzen duena), Nafarroako Herri Administrazioetan lanpostuak betetzeko araudia onartzen duen azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretua eta gainerako arau aplikagarriak. Orobat, Burlatako Udaltzaingoko inspektoreorde izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdiaren oinarrietan ezarritakoari jarraituko zaio.

Foru lege horren lehenengo xedapen iragankorrean ezarritakoaren arabera: foru lege honetan aipatzen diren garapen-erregelamenduak onartzen ez diren bitartean, gaur egun indarrean dauden erregelamenduak aplikatuko dira. Zehazki, foru lege honetan jasotako erregulazioaren ondoriozko lanaldien, ordutegien eta ordainsarien araubide berria 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatuko da, eta, bien bitartean, indarrean jarraituko du irailaren 28ko 79/2016 Foru Dekretuak, Foruzaingoaren lanaldien eta ordainsarien Erregelamendua onartzen duenak.

1.2. Lanpostu hutsa, 11.1 kodea duena, barne igoera txandakoa da, eta bete gabe deklaratuko da, baldin eta hutsik gelditzen bada, izangaiek hautaprobak gainditzeko eskatzen den gutxieneko puntuazioa ez iristeagatik.

1.3. Burlatako Udaleko langile finkoek, prestakuntza ikastarora sartzen badira, kontuko diote gizarte aurreikuspenerako duten araubideari eta beren jatorrizko lanpostuko lansariak jasoko dituzte, horiek praktiketako funtzionarioari dagozkionak baino handiagoak direnean.

1.4. Izendatzen den izangaiak azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legean eta hori garatzen duten arauetan ezarritako eginkizunak, eskubideak eta betebeharrak izanen ditu, eta Foru Lege horretan ezartzen diren mailetako B mailaren barnean geldituko da sailkaturik.

1.5. Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara egokituko da.

2. oinarria.–Betekizunak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Gutxienez ere 3 urteko antzinatasuna izatea Burlatako Udalaren Udaltzaingoko agente lehenaren (kaboa) enpleguan.

b) Eskaerak aurkezteko epea bururatzen den egunean Unibertsitateko Diplomadun titulua, Ingeniari Teknikoarena, Arkitekto Teknikoarena, hirugarren mailako Lanbide Heziketakoa edo baliokidea deklaratutakoa izatea edo eskuratzeko baldintzetan egotea.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioa frogatzen duen agiria eduki beharko da.

c) Jatorrizko lanpostuan jarduneko zerbitzuan, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egotea.

2.2. Betebehar horiek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzean eta lanpostuaz jabetu arte.

3. oinarria.–Eskabideak aurkeztea.

3.1. Eskabideak.

Eskabideak hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Eskabideak III. eranskineko ereduaren araberakoak izango dira.

Deialdian parte hartu ahal izateko eskabideak Erregistro Telematikoaren bidez (https://sedeelectronica.burlada.es) edo ziurtagiri digitalaren bidez aurkeztu ahal izango dira, aurrez aurre, Burlatako Udaleko Erregistro Orokorrean, Herritarren Arretarako Bulegoan (Larrañeta plaza, z.g.), edo 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan aurreikusitako beste edozein bitartekoren bidez.

Eskabideak 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoarenak eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, 16. artikuluan ezarritakoaren babesean aurkezten badira Burlatako Udaleko Erregistro Orokorra ez den beste edozein erregistrotan, eskatzaileek eskabideak aurkezteko epearen barruan bidali beharko dituzte honako helbide elektroniko honetara: oac@burlada.es, sartzeko baldintzak, dagokion zigilua eta sarrera-data egiaztatuta.

3.2. Eskabideari erantsi beharreko dokumentazioa.

a) Udaltzaingoko agente lehenaren enpleguan gutxienez hiru urteko antzinatasuna izatearen eta interesdunaren administrazio-egoeraren egiaztagiriak, bai eta emandako eta aitortutako zerbitzuenak ere.

b) Deialdi honen 2. oinarrian eskatutako titulu akademikoaren kopia konpultsatua.

c) Deialdiaren I. eranskinean ezarritako baremoaren arabera alegatutako merezimenduen frogagirien jatorrizkoak edo kopia konpultsatuak edo behar bezala kautotuak, indarrean den legediarekin bat.

d) Euskararen ezagutza baloratzea nahi dutenek ziurtagiri ofiziala aurkeztu beharko dute, edo eskabidean maila-proba egiteko eskatu.

Epaimahaiak argibideak edo bere esku ez dagoen dokumentazioa eskatu ahal izango dio izangaiari.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

4. oinarria.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, alkate udalburuak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du. Ezarritako epean eskaerarik aurkeztu ezean, oposizio-lehiaketa bete gabe gelditu dela deklaratzen duen ebazpena emanen du.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik bada, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea amaitutakoan eta haiek ebatzi ondoan, alkate udalburuak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da onartuen behin betiko zerrenda, eta aginduko da argitaratzeko Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Burladako Udalaren iragarki-taulan eta udal web-orrian.

4.4. Aurreko apartatuetan aipatzen diren behin-behineko eta behin betiko zerrendetan izangaien plaka zenbakia agertuko da soilik.

5. oinarria.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoa.

5.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara 220 puntura iritsi arte.

Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean zehaztuko da oposizio-lehiaketa osatzen duten probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren. Gainerako proben hurrenez hurreneko iragarkiak Udaletxeko iragarki-taulan eta Udalaren web-orrian emanen dira argitara, gutxienez 48 ordu lehenago.

5.2. Lehiaketaldia (60 puntu gehienez).

Lehiaketaldian baloratuko dira izangaiek alegatu eta behar bezala frogaturiko merezimenduak, eta gehienez ere 60 puntu emanen dira:

a) Administrazio Publikoetan egindako zerbitzuak: 30 puntu gehienez.

b) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta beste merezimendu batzuk: 20 puntu gehienez.

c) Hizkuntzak jakitea: frantsesa, ingelesa eta alemana: 5 puntu gehienez.

d) Sariak: 5 puntu gehienez.

Aurreko ataletan alegatu eta frogaturiko merezimenduak epaimahaiak kalifikatu eta puntuatuko ditu, deialdiko I. eranskineko baremoaren arabera. Izangaiek lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkezten duten unean alegatu eta agiri bidez frogatu beharko dituzte beren merezimenduak.

Epaimahaiak ez du inolaz ere kontuan hartuko alegatu ez den eta agiri bidez frogatu ez den merezimendurik, eta ez du adierazitako puntuazioa baino altuagorik emanen merezimenduen atal bakoitzean.

Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu, lehiatzaileek alegatutako merezimenduei buruz.

5.3. Oposizioaldia (138 puntu gehienez).

5.3.1. Oposizioaldian honako hauek sartuko dira:

a) Ezagutzen proba: 100 puntu gehienez.

b) Proba psikoteknikoak: hasta 38 puntos.

Proba guztiak deialdi bakarrean eginen dira. Bazterturik geldituko dira haietako edozeinetara agertzen ez diren izangaiak.

A) Ezagutza-proba: 100 puntu, gehienez.

A.1) Ezagutza teknikoen proba (95 puntu, gehienez).

Idatzizko proba bat egitea. Ariketa bat edo batzuk egingo dira, eta probari esleitutako puntuazioaren erdia gainditzen ez duten pertsonak baztertuko dira. Probak honako gai hauei buruzkoak izango dira: lanpostuaren berezko funtzioak, Udaltzaingoaren zerbitzuaren zuzendaritza, baliabide materialen eta giza baliabideen kudeaketa, protokoloak eta Buruzagitzari laguntzea, plangintza, erakunde polizial eta judizialekiko koordinazioa.

A.2) Hizkera ez-diskriminatzailea erabiltzea (5 puntu)

5 puntu emango dira Bigarren Proban hizkuntza ez-diskriminatzailea erabiltzeagatik. Puntuazio hori gainerako atalak batu ondoren lortutako guztizko puntuazioari gehituko zaio.

B) Proba psikoteknikoak: 38 puntu, gehienez.

Proba psikoteknikoen helburua izangaiak lanpostuaren profil profesiografikoaren eskakizunetara zenbateraino egokitzen diren zehaztea da. Proba hori Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuko Zerbitzuak egingo du.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuaren Zerbitzuak, probak egin ondoren, txosten psikotekniko bat emanen du lehiatzaile bakoitzari buruz. Hartan, norbera deialdiaren xedeko lanpostuaren izaera eta ezaugarriei nola egokitzen zaien baloratuko da. Zerbitzu horrek txosten psikoteknikoan izangai bakoitzari ematen dion puntuazioa loteslea izanen da epaimahaiarentzat.

Proba psikotekniko hau ez da baztertzailea izango.

Euskararen ezagutzaren balorazioa: 22 puntu, gehienez.

Euskararen ezagutza baloratuko da, egiaztapen ofizialaren edo borondatezko proba ez-baztertzailearen bidez. Gehienez ere 22 puntu lortu ahal izango dira (oposizio-lehiaketaren guztizko puntuazioaren % 10), eta C1 ahozko eta idatzizko ezagutza-maila egiaztatzen duten pertsonek lortuko dute. Beheko mailak (B2, B1, A2 eta A1) proportzionalki baloratuko dira. Euskara-proba egin edo titulazioa aurkeztu nahi duten izangaiek eskabide-orrian adierazi beharko dute. Eskabidearen laukitxoan titulazioa aurkezteko aukera adierazten bada, eskabideari jatorrizkoa edo haren kopia konpultsatua erantsi beharko zaio. Izangaiak titulazioa erantsi edo proba egiteko eskatu beharko du, eta ezin izango dira bi aukerak adierazi.

5.3.3. Mailaz igotzeko trebakuntza-ikastaroa:

Proba psikoteknikoak amaitu ondoren, epaimahaiak iragarki-taulan argitaratuko du.

Burlatako Udalean, azken proba egingo den tokian, eta udalaren webgunean, lortutako puntuazioaren arabera gainditutako izangaien behin-behineko zerrenda eta trebakuntza-ikastarorako onartutako izangaien zerrenda, bi baino gehiago izan gabe.

Trebakuntza-ikastaroa Nafarroako Segurtasun Eskolak emango du, selektiboa izango da, eta balorazio egokia edo ez-baztertzailea izango du.

Epaimahaiak trebakuntza-ikastaroa egiteko onartutakoen behin-behineko zerrendarekin batera adieraziko du ikastaroa zein toki, egun eta ordutan hasiko den.

Trebakuntza-ikastaroa egin bitartean izangaiak zerbitzu berezietako egoeran deklaratuko ditu Burladako Udalak deialdi honetako trebakuntza-ikastaroa egiteko, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 24.2 artikuluan ezarritakoaren arabera.

Ikastaroa bukatutakoan, langilea jarduneko egoerara itzuliko da berehala, zerbitzu berezietako egoeran deklaratu zenean zuen lanpostura.

Zerbitzu berezietan deklaratzeak ez du aldaketarik sortuko izangaiaren gizarte aurreikuspeneko sisteman, jatorrizko lanpostuan zuenarekin segituko baitu.

Baztertu eginen dira ikastaroa osatzen duten arloetakoren bat gainditzen ez duten izangaiak.

6. oinarria.–Epaimahaiaren osaera, eraketa eta jarduketa.

6.1. Epaimahaia honako hauek osatuko dute:

Mahaiburua: Burlatako Udaleko alkatea

Ordezkoa: Burlatako Udaleko zinegotzia.

1. bokala: Javier Lizarraga, Burlatako udaltzainburua.

Ordezkoa: Rubén Antúnez Elvas, Atarrabiako udaltzainburua

2. bokala: Juan Luis Urrestarazu Ondarra. Iruñeko Udaltzaingoko inspektorea.

Ordezkoa: Cesar Valencia. Iruñeko Udaltzaingoko inspektorea.

3. bokala: ordezkari sindikala.

Ordezkoa: ordezkari sindikala.

Idazkaria: Burlatako Udaleko idazkaria

Ordezkoa: Burlatako Udaleko giza baliabideen teknikaria

6.2. Epaimahaia probak hasi baino lehenago eratuko da, mahaiburuak deituta.

6.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bertan ez bada.

Epaimahaiaren eraketak balioa izan dezan, mahaiburuak eta idazkari gisa izendatutakoak bertan egon behar dute edo, hala ez bada, haien ordezkoek.

6.4. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errekusatzea, aipatu diren egoera horietakoren bat gertatzen denean (urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikulua).

6.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honetako oinarrien interpretazio eta aplikazioari buruzko arazo guztiak.

Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza jaso ahalko du proba guztietan edo haietako batzuetan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

7. oinarria.–Probak gainditu dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

Trebakuntza-ikastaroa bukatutakoan, Nafarroako Segurtasun Eskolak epaimahaiari igorriko dizkio ikastaroko puntuazioak, bai eta arlo bakoitzerako eta haren azken kalifikaziorako proposamena ere. Izangai bakoitzaren azken kalifikazioa ateratzeko, lehiaketaldiko eta oposizioaldiko puntuazioak batuko dira. Epaimahaiak izendapen proposamena eginen du, deialdiko lanpostua betetzeko probak gainditu dituen izangaiaren alde.

8. oinarria.–Izendapena eta jabetza hartzea.

8.1. Alkatetzak Burladako Udaltzaingoko inspektoreorde izendatuko du aitzineko apartatuan aipatu proposamenean sartutako izangaia, eta izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

8.2. Izangai izendatuak deialdia egin duen organoak zehazten duen egunean jabetu beharko du lanpostuaz. Egiten ez dutenek, deialdia egin duen organoak aintzat hartzen dituen ezinbesteko kasuetan izan ezik, mailaz igotzeko eskubidea galduko dute.

9. oinarria.–Aurkeztutako agiriak.

Izangaiek, lanpostua eskuratu dutenek izan ezik, aurkeztu dituzten agiriak berreskuratzen ahalko dituzte, halaxe eskatu ondotik, baldin eta erreklamazio edo errekurtsorik jartzen ez bada. Agiriak berreskuratzeko eskaera hiru hilabeteko epean aurkezten ahalko da. Epe hori izendapenaren ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hiru hilabetera hasiko da. Baldin aurreko atalean ezarritako epea bukatzen bada agiriak eraman gabe, ulertuko da izangaiak agiriak berreskuratzeari uko egin diola, eta, beraz, horretarako eskubidea galduko du eta agiriak suntsitu eginen dira.

Erreklamazio edo errekurtsoren bat aurkezten baldin bada, aurkeztutako agiriak gorde eginen dira, ikuskatu eta aztertzeko. Agiriak berreskuratzen ahalko dira erreklamazioaren edo errekurtsoaren tramitazioak horretarako aukera ematen duenean.

10. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka ondoko errekurtsoetako bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, Burlatako Udaleko alkatetzari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

a) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: 30 puntu gehienez.

–Nafarroako Polizia Kidego batean, lanpostu finkoan egindako zerbitzu urte bakoitzeko: 1,50 puntu, agente lehenaren (lehen, kaboa) lanpostuan; 1,25 puntu, polizia lanpostuan.

–Nafarroako Polizia Kidego batean, bitarteko gisa eta deialdiko lanpostuan egindako urte bakoitzeko: 1,65 puntu.

–Administrazio publiko baten bestelako Segurtasun Indar eta Kidegoetan, lanpostu finkoan, egindako zerbitzuak: 1,50 puntu, agente lehenaren (lehen, kaboa) lanpostuan; 1,25 puntu, polizia lanpostuan.

–Edozein administrazio publikotan, lanpostu finkoan, polizia kidego batekoak ez diren lanpostuetan egindako zerbitzuak: 0,25 puntu, urte bakoitzeko.

Oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.

2. Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.

3. Deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.

4. Funtzionarioa zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon bada edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan aritu, egoera horietan sartu aitzin zuen lanpostuan egindako zerbitzuak bezala kontatuko dira.

b) Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa eta beste merezimendu batzuk: 20 puntu gehienez.

1.–Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza ekintzetan parte hartzea: 0,10 puntu emanen dira kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 eskola-ordu), eta gehienez ere 15 puntu.

Oharrak:

1. Baloratu beharreko prestakuntza jardueretan, irakastorduen zatikiak hainbanatu eginen dira.

2 Eskola-orduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.

3. Ikasturte akademiko bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituko balorazioa emanen zaie.

4. Ikastaro bakoitzeko gehienez puntu 1 emango da.

5. Erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak betetzen ez badituzte ere, Administrazioak agindurik edo oniritzirik eginak diren prestakuntza ekintzetan parte hartzea puntuazio berarekin baloratuko da. Horien artean, espresuki sartuko dira sindikatuek Administrazio Publikoetako etengabeko prestakuntzarako itunen barrenean antolatuak.

6. Agente lehenaren lanpostuaz jabetu ondoren egindako prestakuntza-ekintzak bakarrik kontabilizatuko dira.

2.–Biltzar edo jardunaldietan txostenak edo komunikazioak aurkeztea, beka edo saria jaso duten zientzia edo ikerketa lanak egitea eta aldizkari espezializatuetan lanak argitaratzea: 3 puntu, gehienez ere, epaimahaiak baloratu beharrekoa, kontuan hartuz lana edo jarduera bakar batek edo taldean egina den eta biltzarra edo argitalpena zein mailatakoa den, tokikoa, eskualdekoa, naziokoa edo nazioartekoa.

Oharra: Agente lehenaren lanpostuaz jabetu ondoren egindako aurreko paragrafoko akzioak bakarrik kontabilizatuko dira.

3.–Sektore publikoan prestakuntza ekintzak antolatzea eta/edo halakoetan irakasle gisa parte hartzea: gehienez ere 2 puntu, epaimahaiak haien iraupenaren arabera baloratu beharrekoak.

Oharra: Agente lehenaren lanpostuaz jabetu ondoren egindako aurreko paragrafoko akzioak bakarrik kontabilizatuko dira.

4.–Titulazio eta espezialitate akademikoak, deialdian eskatu ez direnak: gehienez ere 4 puntu.

5.–Doktore edo lizentziatu gradua, deialdian eskatutako titulazioari buruzkoa: gehienez ere 2 puntu.

6.–Beste merezimendu batzuk, epaimahaiak baloratu beharrekoak: sektore pribatuko lanak, prestakuntzarako bekak edo egonaldiak, edo kontsulta, aholkularitza, partaidetza edo ordezkaritza organoetan parte hartzea: gehienez ere 4 puntu.

Oharrak b) atal guztirako:

1. Atal honetan aipatutako merezimenduak soilik baloratuko dira deialdiko lanpostuarekin zerikusia izanez gero. Ez dira inolaz ere baloratuko kidegoan sartzeko edo gora egiteko prestakuntza ikastaroak.

c) Hizkuntzen ezagutza: gehienez 5 puntu.

1.–Frantsesa, ingelesa edo alemana jakitea; gehienez 2 puntu emango dira horietako bakoitzeko, eta gehienez 5.

2.–Hizkuntza Eskola Ofizial batek emandako Gaitasun Agiria edo ofizialki baliokidetzat onartutako titulazioa izanez gero, aurreko paragrafoetan hizkuntza bakoitzerako adierazitako baloraziorik altuena jasoko da. Titulazio hori izan ezean, Hizkuntza Eskola Ofizial batean onartutako ikasturte bakoitzeko gehieneko puntuazioaren 1/5 baloratuko da.

d) Sariak: gehienez ere 5 puntu.

1.–Zerbitzu Goraipagarrien Plakagatik: 1,25 puntu.

2.–Zerbitzu Goraipagarrien Dominagatik: 0,75 puntu.

3.–Jendaurreko esker onagatik: 0,50 puntu.

4.–Esker on pribatuagatik: 0,25 puntu.

II. ERANSKINA

Gai-zerrenda

1.–23/2018 Foru Legea, azaroaren 19koa, Nafarroako Poliziei buruzkoa.

2.–718/2003 Foru Dekretua, abenduaren 29koa, Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamendua onesten duena.

3.–4/2015 Lege Organikoa, martxoaren 30ekoa, Herritarren Segurtasuna Babesteari buruzkoa.

4.–Prozedura Kriminalari buruzko Legea. Prozedura Kriminalaren Legea: I. liburua: IV. titulua: Nori dagokion delitu eta falten ondoriozko akzioak egikaritzea. II. liburua: I. titulua: Salaketa, III. titulua: Polizia judiziala, V. titulua: Delitua egiaztatzea eta delitugilea nor den ikertzea. VI. titulua: II. kapitulua: Atxiloketa eta IV. kapitulua: Defentsa-eskubidearen egikaritza, abokatuaren laguntza, eta atxilotuei eta presoei eman beharreko tratua. VIII. titulua: Toki itxian sartu eta hori miatzea; liburuak eta paperak miatzea; eta idatzizko posta eta posta telegrafikoa geldiarazi eta irekitzea.

5.–Zigor Kodea: III. titulua: Lesioak. VI. titulua: Askatasunaren aurkako delituak; II. kapitulua: Mehatxuak; III. kapitulua: Derrigortzeak. VII. titulua: Sexu-askatasunaren eta ukigabetasunaren aurkako delituak. IX. titulua. Sorospen-eginbeharra ez betetzea. XIII. titulua: Ondarearen, eta gizarte eta ekonomiaren ordenaren aurkako delituak: Ebasketak, Lapurretak, Ibilgailua erabiltzeko lapurreta eta ebasketa, Usurpazioa, Iruzur egitea. XVII. titulua. Segurtasun kolektiboaren aurkako delituak; III. kapitulua: Herri-osasunaren aurkako delituak; IV. kapitulua: Trafiko-segurtasunaren aurkako delituak. XVIII. titulua: Faltsutzeak; II. kapitulua: Agiri-faltsutzeak, 1. atala: Agiri publikoak, ofizialak, merkataritza-agiriak eta telekomunikazio-zerbitzuen bidez bidalitako idatz-agiriak faltsifikatzea. XXII. titulua: Ordena publikoaren aurkako delituak; II. kapitulua: Agintaritzaren aurkako atentatuak, agintaritzaren agenteen eta funtzionario publikoen aurkako atentatuak, eta jarkitzea eta desobeditzea.

6.–5/2000 Lege Organikoa, urtarrilaren 12koa, Adingabeen Erantzukizun Penala arautzen duena.

7.–4/1997 Lege Organikoa, abuztuaren 4koa, Segurtasun Indar eta Kidegoek eremu publikoetan bideokamerak erabiltzea arautzen duena.

8.–6/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina onesten duena.

9.–1428/2003 Errege Dekretua, azaroaren 21ekoa, Zirkulazioaren Erregelamendu Orokorra.

10.–10/1991 Foru Legea, martxoaren 16koa, adingabeei edari alkoholdunak kontsumitzea galarazi eta mugatzeari buruzkoa. 6/2003 Foru Legea, otsailaren 14koa, Tabako kontsumoaren prebentzioari, arnasteko airea babesteari eta tabakoaren aurrean osasuna sustatzeari buruzkoa. Abenduaren 30eko 42/2010 Legearen testu bategina eta 28/2005 Legea, abenduaren 26koa, Tabakismoaren kontrako osasun neurriak finkatu eta tabako-produktuen salmenta, hornidura, kontsumoa eta publizitatea arautzen dituena.

11.–2/1989 Foru Legea, martxoaren 13koa, Nafarroako ikuskizun publikoak eta josteta jarduerak arautzen dituena. (201/2002, 202/2002 Foru Dekretuak, irailaren 23koak).

12.–11/2009 Foru Dekretua, otsailaren 9koa, Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen erregelamendua onesten duena.

13.–Burlatako udalerriko aisialdiko bilera-zentro iraunkor eta aldi baterakoetarako lokalak arautzen dituen udal-ordenantza (2016/05/09ko NAO)

14.–Desgaitasuna duten pertsonentzako aparkatzeko txartelen emakida arautzen duen udal ordenantza.

15.–Burlatako udalerrian animaliak edukitzeari buruzko udal-ordenantza.

16.–Burlatako merkataritza ez-sedentarioa arautzen duen udal-ordenantza.

Oharra: deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarrean dagoen legeriaren arabera galdatuko dira gai guztiak; nolanahi ere, Epaimahaiak aukera izango du data horren ondoren onartutako arau-aldaketen ekarpena baloratzeko.

III. ERANSKINA

Eskabide eredua (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L2013395